2026-10-02
HomeUncategorizedJaurlaritzak bestelako neurriak hartu ezean mobilizazio sendoekin erantzungo dugu

Jaurlaritzak bestelako neurriak hartu ezean mobilizazio sendoekin erantzungo dugu

Gaur, hilak 20, hezkuntzako sindikatu guztiek agerraldia eskaini dugu Jaurlaritzak aurrera daraman murrizketa pollitikak salatzeko. Horrez gain adierazi dugu Jaurlaritzak irakastorduak gehitu edota ordezkapenak atzeratzen baditu greba egun eta mobilizazio sendoekin erantzungo dugula.

Irakaskuntzako sindikatuen oharra:

Jaurlaritzak irakastorduak gehitu edota ordezkapenak atzeratzen baditu greba egun eta mobilizazio sendoekin erantzungo dugu
Azken urteetan murrizketa gogorrak inposatu dizkigu jaurlaritzak. Milaka lanpostu aurreztu ditu geletan ikasle gehiago pilatuz eta ordezkapenak atzeratuz edo ez eginez, erretiroa atzeratu eta oztopatu du, soldatak murriztu eta izoztu dizkigu, bajak zigortu… Honek gogor eraso dio lanpostuei, lan-baldintzen eta hezkuntza kalitateari, sindikatuok, familiek, ikasleek, hezkuntza eragileek eta beste hainbat eragilek behin eta berriro salatu dugun moduan.

Hau gutxi balitz, duela bi aste sindikatuok gobernuarekin planifikazio batzordean bilduta egon arren, pasa den astean komunikabideen bitartez jakin dugu Eusko Jaurlaritzak irakastorduak gehitzea eta ordezkapenak atzeratzea eskatzen duen Auzitegi Konstituzionalaren epaia betetzeko asmoa duela. Erantzun bateratu bat bilatu ordez, lehen momentutik epaiari men egingo diotela adierazi dute. Gainera, hau guztia argitara emateko ikasturtearen azken asteen zain egon dira, kontrako erantzuna ekidin asmoz.

Honek Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, bai irakaskuntza publikoan baita itunpekoan ere, Gizarte Ekimeneko ikastetxe zein Ikastoletan, 2 irakastordu gehiago ematea ekarriko luke, 23 ordutik 25ra pasatzea, alegia. Eta Bigarren Hezkuntzan, irakaskuntza publikoan, 17-18 ordutik 20ra pasatzea. Ordezkapenak, berriz, 10 egunera arte atzeratzea ekarriko luke erabakiak, praktikan bi aste pasa bitarte ordezkapenik ez eginez.

Hau honela ezarriz gero, irakaskuntza publikoan 2.300 lanpostutik gora desegingo lirateke eta itunpeko irakaskuntzan 600dik gora. Guztira 3.000 lanpostu inguru desegingo lirateke, lan-kargak biderkatu eta hezkuntza berdintasuna eta kalitatea kinka larrian jarriko lirateke. Izan ere, irakastorduak gehituz eta ordezkapenen zaintza lanak ikastetxe bereko irakasleen artean egin behar izateak eskola-saioak prestatzeko edota ikasleen jarraipena egiteko apenas utziko du denborarik. Honek, eragin larria izango du hezkuntza eskubidean, ikasleen arteko berdintasuna, heziketa integrala eta garapen pertsonal eta sozialean.

Kalte larri hauekin batera, erabakiak jaurlaritzak lehendik ere mugaturik dauden hezkuntza eskuduntzei eta autogobernu tresnei uko egitea esan nahi du, espainiar estatuaren menpe ezarriz. Are gehiago, jada beste erkidego batzuetan aurrez ezarri dituzten hainbat murrizketa itzultzen ari direnean edota bestelako hobetze neurriak ezartzen ari direnean.

Sindikatuok inola ere ez dugu jada kaltetuta dagoen hezkuntza sistema oraindik gehiago kolpatzen duten murrizketa neurri berri hauek ezartzerik onartuko, ez ikasturte honetan ezta hurrengoan ere. Justu kontrako bidean, gure hezkuntza sistema garatuko duten erabakiak hartu nahi ditugu. Euskal Herriko eragile guztion artean eta hemen erabaki eta eraiki behar dugu gure hezkuntza behar propioak asetzera etorriko den hezkuntza sistema.

Gobernuak murrizketa hauek bere osotasunean nahiz modu partzialean ezartzen baditu sindikatuok, gainerako eragileekin batera mobilizazioari ekingo diogu erabateko erantzuna emanez.
Ekainean jada, ostiral honetan, hainbat elkarretaratze burutuko ditugu eta irailean, ikasturte hasierarako, greba egunak eta mobilizazio indartsuak gauzatuko ditugu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.