2025-12-16
Blog Page 1090

LABek “Bakea, erabakia” lelopean urriaren 3an Donostian egingo den manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen die euskal langileei

0

Denbora darama euskal jendarteak urteetako sufrimenduari ateak itxi eta aro berri batean murgiltzeko nahia eta beharra aldarrikatzen. Espainiar zein frantziar Estatuen asmoak bestelakoak dira, ordea, independentzia nahi duen herria isilarazi nahian tematuak jarraitzen dute. Azken atxiloketekin errepresioaren bidean sakatu dute, gatazkaren konponbiderako itxaropenari eskuburdinak jartzeko. Ez du lortu, ezta lortuko ere, bere buruaren jabe izateko aurrera egin nahi duen herria geldiaraztea.

Herriak du konponbidearen giltza. Ez dago munduan Estaturik, herria protagonista duen nazio baten bake nahia isilduko duenik. Zain egon gabe, beraz, jarrai dezagun bakoitzak guretik dagokiguna eginez, herri bezala, bakea eraikitzeko konpromisoak eta urratsak ematen.

Estatuaren oldarraldiaren aurrean, konponbiderik nahi ez dutenen aurrean, gatazka etengabean aritu nahi dutenen aurrean kalera irten eta mobilizatzea ezinbestekoa da. Zentzu honetan, hitzordua jarrita dago, larunbat honetan, hilak 3, Donostiako kaleetan, “Bakea, Erabakia” lelopean egingo den manifestazioarekin bat egiten du LABek, eta bertan parte hartzeko deia egiten diogu gure militantziari eta euskal langileria osoari.

Bake eta konponbide prozesua burura eramateko dugun konpromisoan berresten gara. Bide horretan protagonista eta palanka izan behar duen euskal langileria eta euskal jendartea, orohar, aktibatzeko bidean lanean segitzen dugu. Gogoeta hori LABeko militantziarekin konpartitzen ari gara uneotan, eskualde ezberdinetan egiten ari garen delegatuen asanbladetan. Berriro diogu, herriak duelako konponbidearen giltza.
 

 

 

Prekarietateari eta esplotazioari aurre egiteko enplegu politika berria aldarrikatu du LABek Nafarroan

LAB sindikatuak Delegatuen Batzarra egin du gaur Iruñean, Nafarroan irekitako eskenatoki berria aztertu eta aldaketa politiko nahiz sozialerako ekintza sindikala berrindartzeko asmoz. Batzarraren ostean, kontzentrazioa egin dute LABeko ordezkariek Nafarroako Jauregiaren parean, Gobernuari "enplegu politika berri bat" eskatzeko.

Nafarroako bozeramaile Igor Arroyok adierazi duenez, "nola Akordio Programatikoan hala Gobernuko ordezkari gorenen adierazpenetan honako kontzeptuak azaltzen dira: kalitateko enplegua, lanaren banaketa edota lan erreformari aurre egiteko beharra. Kontzeptu horiek zehaztu beharra dagoela uste dugu, izen eta abizena jarri beharra dago. Kalitateko enpleguak badu abizena: 1200 euroko gutxieneko soldata sektore guztietan. Lanaren banaketak ere badu berea: 35 orduko lan astea soldata murrizketarik gabekoa. Eta lan erreformari aurre egiteko, negoziazio kolektiboa blindatu beharra dago. Gobernuari zehaztapenetara jotzea eskatzen diogu, nafar langileriak pairatzen duen prekarietate eta esplotazioari aurre egingo dion enplegu politika berria diseinatuz". 

1200 euroko gutxieneko soldata, 35 orduko lanastea eta negoziazio kolektiboaren blindajearekin batera, beste aldarrikapen hauek egin ditu LABek: aukera berdintasuna enplegurako sarbidean, lan osasuna mutuetatik Osasunbideara pasa dadila, 65 urterekin eta duintasunez jubilatzeko aukera eta lan munduan ere hizkuntzaren normalizazioa abian jartzea. 

LABek "kontzertazio sozialean" parte hartuko ote duen galdetuta, Gobernuaren proposamenen zain daudela adierazi du Arroyok. "Edozein kasutan ere, etorkizuneko erronkei aurre egingo duen lan harremanen eredu berriaz hitz egingo digutela suposatutzat ematen dugu. Izan ere, 1995an abiatutako eredua baztertzailea izateaz gain langileentzat kaltegarria izan da. Gaur egungo lan eta bizi baldintzak duela 20 urte baino okerragoak dira. 95eko eredua iruzur hutsa izan da, porrot egin du, iraganaren parte da. Orain eredu berri bat eraikitzeko unea da, denon artean, bazterketarik gabe, etorkizunari begira". 

Bestalde, LABeko ordezkariek urriaren 24an Bilbon egingo den "Alternatiben Herria" ekimenari babesa eman diote. Bost karpa, zazpi lokal eta beste bost erakusketekin, eredu kapitalistarekiko alternatibak jorratzeko azken aldiko topaketarik handiena izango da. Iruñetik autobusak abiatuko dira, goizeko 7:45etan Trinitariosen dagoen suhiltzaileen parketik (5 euro). 
  

 

 

LABeko ordezkariek urriaren 24an Bilbon egingo den “Alternatiben Herria” ekimenari babesa eman diote

Egunotan LAB sindikatua ikasturterako erronka eta lan ildoak eztabaidatu eta adosteko batzarrak burutzen ari da delegatuekin eskualdez esku. Gaur Oarso-Bidasoa, Iruñerria eta Busturialdeko txanda izan da. Bertan, delegatuek "Alternatiben Herria" ekimenari babesa eman diote.

Busturialdeako delegatuak

 

 

Emakume Mundu Martxaren karabana aurrera doa Euskal Herrian zehar

Martxoaren 6an Kurdistanen hasi eta urriaren 17an Lisboan amaituko den Emakume Mundu Martxaren ekimena ( IV. Nazioarteko Ekintza) Euskal Herria gurutzatzen ari da egunotan. Irailaren 28an Tafallara iritsi zen karabana eta urriaren 4a bitarte herri ezberdinak zeharkatuko ditu Bilbon izango den azken ekimen nazionalean amaitzeko. Atzo Baiona, Hondarribia eta Donostia igaro ondoren, gaur Orereta, Hernani, Tolosa eta Zumaia herriak astinduko ditu berdintasun haizeekin.

Atzokoan Donostiara iritsi zen Mundu Martxaren karabana, eta bertan LABeko kide izandako Maixabel Gaztañaga gogora ekarri zen emakume langileen eskubideen alde egindako lana goraipatuz eta eskertuz.

Gaurkoan Orereta iritsi denean batzarra burutzen ari ziren Oarso-Bidasoako delegatuak ongi-etorria ematera irten dira.

Martxak berebiziko garrantzia hartzen du munduko emakumeen artean sareak osatu eta indartzeko orduan. Horregatik eta berdintasunaren bidean lanean berretsiz, LABek antolatu diren ekimen ezberdinetan parte hartzeko deia luzatu nahi dugu.
 

 

 

Lanuztea Fumbarrin lan istripu gehiago eman ez daitezen neurriak eskatzeko

0

Fumbarriko Enpresa Komiteak deituta (3 LAB, 2 CCOO) datorren astelehenean, hilak 5, ordubeteko lanuztea izango da enpresan lan istripu gehiago eman ez daitezen neurriak eskatzeko. Lanuztea 12:15tatik 13:15tara izango da eta enpresa aurrean elkarretaratuko dira "Fumbarrin lan istripu gehiagorik ez! Gure Lan osasunaren alde!" lemapean. LABek babes osoa ematen dio ekimenari. 

Egoera hau jasangaitza izanik Funbarriko LABeko kideek enpresarekin bilera urgente bat eskatzeko asmoa erakutsi dute. LABek zuzendaritzari lan eta segurtasunari dagokion plangintza prebentibo integral bat osatzeko lan egutegi bat eskatuko dio, lan istripuak zein gaixotasun profesionalak ekiditeko bidean enpresa eta komitearen arteko elkarlana eta langile guztien partehartzea bermatuko duena,
 

 

 

LAB lehen indarra Edesa Industrialeko hauteskunde sindikaletan


CNA enpresak Fagor Electrodomésticos erosi zuenetik lehen aldiz burutu dira hauteskundeak eta langileek ondorengo ordezkaritza hautatu dute: LABeko 6 delegatu eta ELAko 3 delegatu. Bozketetan, LABek 105 bozka eskuratu ditu, eta ELAk 50 bozka. 

LABek emaitza honek Fagor Electrodomesticos enpresako porrotean izandako enpleguaren defentsarako lana isladatzen duela uste du. Aurrerantzean ere, enpleguaren aldeko eta langileon eskubideen defentsarako konpromisoa berrestu nahi du.
 

 

 

LABek Arraiotzeko HiperSimplyko langile baten kaleratzea salatu du

0


LABek Arraiotzeko HiperSimplyko langile baten kaleratzea salatu du eskubide sindikalak urratuak izan direlako. Hauteskunde sindikaletan LABen hautagaia izandakoa da langilea eta berriki lan hitzarmena betetzen ez zuelako enpresa salatu du.

LABetik uste dugu langile honen kaleratzea hauteskunde sindikaletan hautagaia izateaz gain bere eskubideak erreklamatzeagatik izan dela, langile honen portaera enpresarentzako oztopoa zelako eta paretik kendu nahi zutelako.

Ez dezagun ahantzi azkeneko hauteskunde sindikaletan enpresak hiru hautagai aurkeztu zituela, eta langileekiko mehatxuen bidez beraiek hautatzea lortu zuela, langileei erranez hautagai horien alde ez bozkatuz gero garesti ordainduko zutela, eta hau dena Naiarak ordezkatzen zuen LABen zerrenda aukeratua suertatu ez zedin.

Enpresak langileari ezezik, lanean gelditzen diren langileei atentzioa deitu nahi izan die kaleratze honekin, beldurra zabaltzeko eta jendeak sinestarazteko egoera aldatu nahi duenak eta mugitu egiten den langileak langile honen ondorio berdinak jasango dituela.

Onartezina da gaur egun oraindik ustez pasatako garaiatako praktika laboral hauek ematea, baino zoritxarrez egoera hauek maizegi gertatzen dira, jende gehiegi aprobetxatzen baita egoera hauetaz, eta horregatik LAB sindikatuak ez du amore emanen langile honen kaleratze bidegabearen salaketan eta langileen lan baldintzak urratuak ez izateko borrokan.

 

 

 


LABek LANBIDEko lan-baldintzak eta zerbitzu publikoaren baldintzak hobetzeko hitzarmena sinatu du

Gaurko mahaian Administrazio Orokorreko Mahai Sektorialaren aurreakordioa adostu da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoko langileen berariazko zenbait alderdi arautzeko. Prozesu luzea izan da, hiru urte baino gehiago iraun baitu, eta jatorria enplegu-politika aktiboen transferentzian du. Transferentzia hori Patxi Lopezen gobernuak negoziatu zuen, baina eskualdaketa oso modu lardatsean egin zen.

Transferentziak eta berori egin zen moduak, oso luze jo duen lan-gatazka bat sortzeaz gain, eztabaida sortu du enplegu-politiken transferentziaz (aktiboena eta pasiboena) eta zerbitzu hau gure herriaren beharren arabera kudeatzeko beharraz; are gehiago krisi garaietan.

Lan-arloari dagokionez, gogoan izan behar da Eusko Jaurlaritzak 918 lanpostuko plantilla onartu duela orain dela gutxi, hasierako proposamena 714koa izanik. Beraz, lanpostu berriak sortuko lirateke.

Langileek etengabeko mobilizazioak eta grebak egin dituzten aldi honetan, LABek bost errebindikazio-ardatz izan ditu une oro:

• Lan-baldintzak mantentzea.
• Zeuden lanpostuak bermatzea.
• Kaleratzerik ez egotea.
• Lanbide zerbitzua beharren arabera garatzea.
• Kalitatezko Zerbitzu Publikoa bermatzea.
 

Administrazioak mahai gainean jarri duen azken proposamenak hobekuntza hauek jasotzen ditu:

• Ordainsariak mantenduko dira; ez da soldatarik galduko.
• Ez da kaleratzerik egongo. Birkokatzeko akordioa.
• Orientazio eskalako lan-poltsa bat sortuko da.
• Atera irekitzen zaio lan-kontratudunen funtzionarizazioari, eta epea jartzen da akordio hori gauzatzeko. 
• Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren programako aldi baterako langileak mantenduko dira, eta, horrekin, aldi baterako enplegua bermatzen da. 
• Jarraipen Batzordea sortuko da, langileen ordezkari guztiekin. 
Gure iritziz, proposamen honek jasotzen ditu LABek eta langileek azken aldi honetan planteatutako oinarrizko eskakizunak eta, gainera, atea irekitzen du langileen ordariek parte har dezaten funtsezko eztabaida batean: Lanbideren berrantolaketa herri honen beharren arabera.

Akordio honek oinarriak jartzen ditu herri administrazioan azken aldian izan diren gatazka luze eta handienetako bat ixteko, baina gogoratu behar dugu langileen mobilizazioa ezinbestekoa izango dela akordioa inplementatzeko.
 

 

 


Adinekoek bizi duten egoera aldatzeko Erakundeen inplikazioa beharrezkoa da


Bihar, urriak 1, Adinekoen Nazioareteko Eguna da. Egun hau aitzaki hartuta LABeko pentsiodunen eta adineko pertsonen arlotik Erakundeei gure beharrei erantzun diezaiela exigitzen diegu. Garaia da erakundeak inplika daitezen eta ez daitezen mugatu adierazpenak, azterketak, liburuak… argitaratzera egun jakin batzuetan, beren burua zuritu asmoz. 

Hitzetatik ekintzetara pasatu eta medioak jarri behar dira gure arazoei irtenbidea emateko eta ez jarraitzeko, ohiko moduan, murrizketa bidez zigortzen (osasun-berrordainketa, pentsioak aldatzeko mehatxua, eros-ahalmena galtzea, egoitzetan eta eguneko zentroetan plaza gutxiago izatea,..).

Duela bi urte, Adineko eta Pentsiodunen Eskubideen Karta egin genuen, honen helburua baldintza duinetan bizi modu hobe bat aurrera eramatea ahalbidetuko zuten oinarriak jartzea zen. Erakundeei bere egitea exigitzen diegu.

Lanean jarraitzen dugu Karta honetan jasotzen dena errealitate egin dadin. Horren garrantzitsuak diren atalen alde lanean eta mobilizatzen dihardugu:

• Bizi duinerako eskubidea: norberaren independentzia, behar besteko diru-sarrerak, gure baldintza fisikoei egokituriko etxebizitza, elikagaien bermea, jantziak,… Baita gure kultura eta hizkuntza eskura izateko eskubidea ere.
• Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna eskubide eta betebeharrei dagokionean: atsedenaldirako eskubide ber-bera, etxeko betekizunak berdintasunez egiteko eskubidea eta adineko pertsonen kontrako tratu txarren aurka egitea.
• Babes eta Gizarte Segurantzako Euskal Sistema, doakoa eta kalitatekoa den osasungintza publikoa izateko eskubidea.
• Gure baldintza fisikoei egokitu etxebizitza; eskuragarritasuna eta mugikortasuna etxebizitzan eta haren inguruan.
• Gure pentsioak Euskal Herrian antolatu eta kudeatu behar dira. Bizi, lan eta kotizatu dugun lekuan adostu behar dira pentsioen inguruko gai guztiak.
• Zerga-sistemak progresiboa izan behar du: hartan, gehien daukatenek eta gehien irabazten dutenek gehiago ordainduko dute. Justizia sozialean oinarritutako sistema bat exigitzen dugu.
• Parte hartzeko eskubidea: eragiten diguten gai guztietan partaide izateko eta erabakitzeko dugun eskubidea errespetatu behar du. Gure problematika, gabeziak eta premiak ezagutzen ditugunok parte hartzeko eta kontsultatuak izateko eskubidea aldarrikatzen dugu.
• Gorago aipatu ditugun eskubideen alde egiteaz gain, egoerako bestelako dinamikak eskatzen ditu:, hala nola 1000 euroko gutxieneko pentsioa bermatze aldera, berrordainketari ezetz esatea eta kalitatezko sanitate publikoa ororentzat eskatzea.

Erakundeen aldetik ez ditugu hitz politak behar, gure erralitatea aldatzeko kompromisoak baizik. Eta hau lortzeko lan egin dugu, lanean ari gara, eta hala egiten jarraituko dugu, kalean izango gara.

Honengatik guztiarengatik, LABek, bihar, adineko pertsonei duintasunez bizitzeko dagokien eskubidea eta haien premiak bete daitezela aldarrikatuko du. Eta erakundeak interpelatuko ditugu Babes eta Gizarte Segurantzaren Euskal Sistema sortzeko behar diren urratsak eman ditzaten.