2025-12-13
Blog Page 1083

Urdulizko Ospitalea %100 publiko izatearen aldeko kontzentrazioa

0


Osakidetzako sindikatuok Alango-Getxoko CS-n, OSI Uribeko gerentziaren egoitzan, kontzentrazioa burutu dugu irekiko den Urdulizko Ospitalean eskainiko diren zerbitzuak erabat publikoak izan daitezen eskatzeko.

Ospitale berriaren inaugurazioa 2016ko urtarrilerako dago aurreikusita. Baina PNVk darabilen gardentasun faltaren ondorioz, oraindik orain ez sindikatuok, ez langileok, ezta erabiltzaileok ere ez dakigu zehatz-mehatz zein zerbitzu emango diren eta zelan kudeatuko den. PNVren osasun publikoa pribatizatzeko grinaz jabe garenez, gaurtik bertatik exijitu nahi dugu ospitale berria %100 publiko eta Osakidetzako langileek kudeaturik izatea, hauxe baita kalitatezko arreta emateko berme bakarra.

Era berean, LAB sindikatutik zera eskatzen dugu: bertoko herritarrok eskatzen ditugun zerbitzuak hasieratik eskainiak izatea, besteak beste, urgentzia pediatrikoak, erditzeak, onkologia eta hemodinamika. Azkenik, zentro berrirako langileen kudeaketari buruzko informazioa ere jaso nahi dugu.

{linkr:related;keywords:osakidetza;limit:5;title:Albiste+gehiago}
 

 

 

Hitzarmenaren alde CEN patronalaren aurrean izan gara

0

.


Gaur, azaroak 28, LABko metalgintzako delegatuak CEN patronalaren egoitzaren aurrean kontzentratu dira hitzarmenaren defentsan. " Urte bete joan da negoziaketak hasi zirenetik eta egoerari erreparatuta egoera txarra dela esan dezakegu". Adierazi du Aitor Elizalde ( LABeko Industria Federazioko arduradunak)

Sektoreko langileentzat lan baldintzen okertze nabarmenak proposatzen ari dituen Patronal bat aurkitzen dugu. Lanaldia 3 egunetan luzatzea, malgutasuna egungo 48 ordutik 90 ordutara haunditzea, kontratazio berrie egun gutxien kobratzen kategoria baino 1.100 euro urteko gutxiago ordaintzea, Lan erreforma bere horretan mantentzea. Hauxek dira Patronalaren errezetak beraien mozkinak areagotzeko. Enplegu suntsiketa eta lan baldintzen prekarizarioa hain zuzen ere.

Zoritxarrez bada sindikatu bat negoziaketa parametro hautan buru belarri murgildu dena, UGT hain zuzen.UGT jada lanaldia egun 1-tan luzatzea onartu du, malgutasuna 16 ordutan luzatzea edota kontratazio berrientzat egungo kategoria baxuena 18 hilabetetan haunditzea.Jarrera ulergaitza Patronalaren planteamenduei men egiten dietelako eta lan baldintzen okertzea onartzen duelako.

Honen aurrean LABek Patronalaren parametroetan negoziatzea "de facto" sektoreko langileen lan baldiltzen txartzea dakarrela deritzo.
" Ezinbestekoa da Patronalaren helburuak geldiarazteko sektoreko langileak aktibatzea". LABek eskua luzatzen dio Hitzarmen on bat langileen aktibazioaren oinarrituta egon behar duela sinesten duen orori".

 

 

 

Pauso bat harago eman dugu eredu sindikalaren inguruko eztabaidan

LABek eredu eta estrategia sindikala berritzeko martxan jarri duen gogoeta prozesuaren baitan Unibertsitate Sindikala antolatu du gaur Bilbon eta bertan sindikatuko 150 kidek hartu dugu parte. Euskal Herrian, mundu osoan bezala, zabaldu den egoera ekonomiko eta sozial berriari eta halaber gure herrian bizi dugun egoera eta prozesu politikoari begira, eragile guztiok -sindikatuok barne-, eraginkortasunez eta anbizioz erantzungo badiogu, gure buruaren eta eginkizunen gaineko gogoeta eta berrikuntzarekin aurre egin behar diogu. Garai berriei, erantzun berriak. 

Martxoan eta apirilean Ipar Hegoa Fundazioak antolatu “Eraldaketa sozialerako sindikalismo berria Birpentsatzen” jardunaldietan abiatu genuen eredu sindikalaren inguruko eztabadaidaren prozesua. Ordutik hona, LABek egitura eta maila guztietan jarraitu du hausnarketa hau lantzen. Gaurko Unibertsitate Sindikalean, zehazki, Euskal Herri osoko LABeko kideek sindikalismoak epe erdi eta luzera topatuko dituen testuinguruaren gaineko irakurketa egin dugu batetik eta, bestetik, horren ondorioz, sindikalismo berrituak zein erronka izango dituen asmatu eta definitzeko ariketa kolektiboa egin dugu.

Kapitalismoaren krisiaren egiturazko ondorioak aztertu dira batetik eta, krisiaren irtenbide posible bakar bezala mozorrotuz langileei eta herri sektore guztiei ezartzen ari zaigun prekarietate orokorreko egoera ezaugarrien gaineko eztabaida egin dugu. Halaber, Euskal Herrian ematen ari diren prozesu sozial eta politikoen analisia eta langileen esku hartzea mahai gainean egon da.

Gogoeta prozesua, borroka eta ekintza sindikalaren dinamika iraunkorrarekin batera egiten ari gara eta 2017an LABek burutuko duen Biltzar Nagusian izango du helmuga.
 

  








 

Metro Bilbaoko langileak elkarretaratzea egin dute pairatzen dituzten erasoak salatzeko

0

Metro Bilbaoko enpresa batzordeak elkarretaratze bateratua egin du azken egunetan lankideak erasotu, iraindu eta mahatxatu dituztela salatzeko. Era berean enpresaren zuzendaritzari gaiari heltzeko eskaera luzatu diote.

Metro Bilbaoko enpresa batzordearen oharra:

Metro Bilbaoko lantaldeak, Enpresa Batzordearen eta Prebentzio Ordezkarien bidez gizarteari jakinarazi nahi diogu kezkatuta gaudela bezero gutxi batzuek azkeneko egunetan gure lankideak eraso, iraindu eta mehatxatu dituztelako.

Guztira, 29 irain eta mehatxu egoera eta 2 eraso fisiko zenbatu ditugu hiru hilabetean. Urriaren 21ean San Mamesen izandako erasoak basoak berriro gainezka egitea eragin du. Iaz erasoek gora egin zutenean, salaketaren bidez, behera egin zuten liskarrek. Enpresa batzordeak portaera horiek gaitzesten ditugu eta arazo larri honi berehalako irtenbide egokiak emateko eskatzen dugu.

Enpresaren zuzendaritzari eskatzen diogu irmoki heltzea gaiari. Arazoa egiturazkoa da, gure ustez, ez unekoa eta, ondorioz, 2007an ezarritako protokolo eta neurriak aplikatzen jarraitu behar dugu, utzikeria eta lasaikeria alboratuta.

Langileoi, berriz, lasaitasuna eta profesionaltasuna eskatzen dizkizuegu, baita ideiak eta ekarpenak egin ditzazuen, irain, mehatxu eta erasoen gaitz hau mozteko bide eta neurririk egokienak aurkitzeko.

Gizarteari, oro har, gurekin errespetuz eta elkarlanean aritzeko eskatzen diogu, Metro Bilbao erabiltzen dutenen % 99ek egiten duen bezala. Ezin dugu onartu gutxi batzuen jokabideek gehien-gehienen portaera txukunari itzal egiterik.

Enpresa-batzordetik segituko dugu halakorik berriro gerta ez dadin lanean. Batetik, orain arteko erasoak aztertzen ari gara zelan aurre egin proposatzeko: prebentzio-neurriak, baliabideak, pertsonak eta dirua, balizko irtenbideak. Bestetik, halakorik gertatzen den guztietan salatu eta mobilizatzeko protokoloa martxan jarri dugu berriro.

Geltokietako langileak metroko erabiltzaileei laguntzeko eta informazioa emateko gaude. Iraina, mehatxua eta erasoak ez dira konponbidea. Jorratu dezagun denon artean errespetu eta elkarlanaren bidea.
 

 

 

ALTERNATIBEN HERRIA – BIDEOAK #alternatibaGara

Zorionak Euskal Herria! Alternatiben Herria abian da # alterHerria #alternatibaGara

Egun borobila izan da gaurkoa, mundu berri bat eraikitzea posible dela frogatu dugu. Kolore desberdinetako alternatiba praktiko ugari ezagutu eta saretu ditugu. Oinak lurrean, bai, baina begirada gora, piztu nahi dugun mundu berria amets eta gidari. Mundu hau errealitate bihurtzeko esku askoren beharra izango da. Eskubide Sozialen Kartaren Asanblada osatzen duten eragile sozial eta sindikalek hartu zuten Alternatiben Herria eraikitzeko iniziatiba, baina beste asko eta askok egin dute gaur bat gure ametsekin.

Festa giroa Bilboko kaleetan zabaldu da. Hala nola Sokole, ritmos y experienciasek, perkusio afrikarren laguntzaz, jarri du erritmoa Karpa Nagusian. Beste karpetan ere izan da zer entzun. Bizitza anitzak eta duinak auzoko karpan Puro luegok jarri du giroa—Musika estimulu desberdinez osaturiko nahasketa autokritika sozialaren zerbitzura jarririko letrez osatua— eta Arragoan Mintza poteo kulturala Plaza Berrian hasi eta Areatzaraino joan da Bilboko Berbalagunak eta trikitilarien musika doinuek lagunduta.

Antzerkiek ere lekua izan dute, Latidos del tribunal ek kale antzerki ikusgarria eskaini du indarkeria sexista eta emakumeen giza eskubideen urraketa salatuz. Bestalde, gaur egungo egoera larria bada ere irri egiteko tartea hartu dugu, Auzoekonomian adibidez Feminismo airlines. Las Kapritxosasek gauzak beste era batean egiteko eskubidea aldarrikatzen dute; elkarrekin, irriekin, horizontalki eta zergatik ez: kapritxoa dutelako. Arragoako karpan aldiz Kankaneok Ikuskizun dinamiko, dibertigarri eta zirikatzailea eskaini dute non ikusleek agintzen duten.

Goizean irekitako bideari jarraituz arratsaldean ere mahai inguruak ez dira falta izan. Karpa Nagusian Multinazionalen eta itun komertzialen aurrean Europa soziala izenburupean antolatu den mahai inguruan Frederic Viale (abokatua, ekonomilaria eta Attac Frantziako kidea), Juan Hernández (EHUko irakaslea eta Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiko kidea), Laura González de Txabarri (ELAko nazioarteko arduraduna) eta Bea Martxueta (LABeko politika sozialeko arduraduna) izan dira. Bea Martxuetaren iritziz “herrien arteko harremanetarako beste eredu bat beharrezkoa da”. Zentzu horretan ezinbesteko ikusten du “Botere finantzarioari aurre egitea, zerbitzu publikoak berreskuratzea, lana eta produkzioa demokratizatzea, elikadura-burujabetza eta nekazarien eskubideak defendatzea, ura izateko giza-eskubidea arautzea, burujabetza energetikoa bermatzea eta herri indigenen bizimodu egokiaren alde egitea”.

Auzkoekonomian ekintzailetasun soziala landu dute arratsalde hasieran eta ondoren Prekarietateari alternatibak aztertzeko tartea hartu dute Igor Mera (ESK), Ana Perez, (STEILAS), Garbiñe Aranburu, (LAB) eta Joseba Villarealek (ELA). Sistema kapitalistak gure bizitzaren arlo ezberdinak prekarizatzen ditu. Egoera honi eta botere ekonomiko eta finantziarioek inposatzen dizkiguten politikei aurre egiteko alternatiba eta ekintzen inguruan hitz egin dute. Garbiñe Aranburuk, ezberdintasunak ezberdintasun, sindikatuok azken urteetan egindako lanaren balio azpimarratu du. Ez du ukatu erronka “zailak” ditugula aurrean baina arduraz jokatu eta erronka hauei aurre egiteko LABek “sindikalgintza eredua birpentsatu eta ekintza sindikala indartzeko” hartu duen erabakiaren berri eman du.

Bestalde hitzaldi eta dokumentalen bidez esperientzia aberasgarriak ezagutzeko aukera izan da. This changes everithing (honek dena aladatzen du) Naomi Klein ikerlari eta idazle Kanadiarraren izen bereko azken liburuaren inguruko filma ikusgai izan da. Horren ondotik Sukaldetik plazara. Ipar Euskal Herriko emazteen askapen mugimenduaren historiaren ingurko ikus-entzunezkoa proiektatu dute. Trantsizio energetikoak abian, Ekuador, Brasil, Kuba, Alemania, Catalunya eta EHko trantsizio energetikoaren ereduak aztertzen dituen dokmentala ikusteko aukera ere izan da. Arrakala, Zer da heteroaraua? Nola egituratzen da bizi garen jendartean? Nola eragiten digu gure bizitzetan eta harremanetan? Galderei erantzuten dien proiektu komunikatikoak ere lekua izan du Alternatiben Herrian. Esperientzietatik asko ikasten delako Autogestioa eta alternatiben eraikuntzan zaintzekoak izenburuko hitzaldian autogestio eta autoantolakuntzan oinarritzen diren lau esperientzia ezagutzeaz gain, funtzionamendu egoki eta osasuntsua bermatzeko zeri erreparatu behar diogun identifikatzen saiatu gara.

Hau gutxi balitz Bilbora gerturatu direnek teoriatik praktikara jauzi egiteko aukera izan dute antolatutako hainbat taillerren bidez. Natura Gure Gaia karpan desobedientziari buruzko taillerrak landu dira (Faktura elektrikoa, Trantsizio energetikoa, haztegi autogestionatu bat nola egin, Hiriko ortuak, teoria eta praktika) eta Arragoan Hezkuntza esperientzien trukaketa izenburupean hainbat tailler landu dira Hezkuntza eremuan egun martxan dauden esperientziak eredu hartuta gure auzo zein herrietan hezkuntza proiektu bat egiteko gakoak eskuratzeko asmoz.

Gaur alternatiba errealitate bihurtu dugu. Gaur kolore eta esku asko elkartu ditugu mundu gris hau gaindituko duen mundu berria argitzeko. Gaurkoa hasiera baino ez da izan. Bihartik aurrera, gaur Bilbon ikusi eta ikasitakoak Euskal Herri osora zabaltzea denon eginkizuna izango da.

 

 

Alternatiben Herriaren lehen harriak jarri ditugu

Urriaren 24 honetan, Bilbo Alternatiben erakuslehio bilakatu da, handi zen txikientzako elkargunea. Hasiera ekitaldiak ospakizun egun bati ateak zabaldu dizkio eta bertara gerturatu diren herritarrek egun pasa aberasgarri bat egiteko elementu guztiak topatu dituzte. Egun honetarako prestatu diren 5 karpa, 7 lokal eta 5 auzoetan aurrera eta atzera ibiltzeko aukera paregabea izango da iluntzera arte.

Haurrek ere, herri honen etorkizuna diren heinean, zer esab handia dute eraiki nahi dugun alternatiba honen inguruan. Horregatik zer hobe asanblada antolatu eta haurrei zuzenean hitza ematea baino. Bertan haurrentzat garrantzitsuak diren gaiak eztabaidatu eta hauen inguruko erabakiak hartu dituzte.

Eredu bat eta bakarra dagoela diotenen aurrean eztabaida eta ideia trukaketa bultzatu beharra dagoela diogu. Helburu honekin gune ezberdinetan hainbat mahai inguru antolatu dira. Txiki Muñoz, ELAko idazkari nagusia eta Ainhoa Etxaide, LABeko idazkari nagusia izan dira mahai baten bueltan eseri diren lehenetarikoak. Egungo egoeraren diagnostikoa egin eta hemendik aurrera sindikalgintzak dituen lanen inguruan aritu dira. Zentzu honetan LABeko Idazkari Nagusiak azpimarratu du sindikalgintzak paper garrantzitsua bete behar duela Euskal Herriaren garapen sozialean, “sindikalismoak lan mundua aldatzeko ibilbide orria finkatu beharko luke, garapen sozial berri baterako funtsezko ardatza dela kontutan hartuz”. Aurrera begira jartzeko parada ere hartu du eta gaur Bilbon batu diren indarrak "aktibazio zein alternatibaren eraikuntzak eskatzen duen eztabaidara" bideratu beharko direla adierazi du.

Karpa nagusian Mario Zubiaga, (Politika zientzietako irakaslea), David Fernández (CUPeko legebiltzarkide ohia) eta Cat Boyd ("Scottish independence: a feminista response" lburuaren egilea eta "Radical Idependence Camping"aren sortzaileetako bat) bildu dira Eskozia, Catalunya eta Euskal Herriko adibideetatik partituz herri subirautza aldaketa sozialerako eta,aldaketa soziala herri subirautzen bermea diren eztabaidatzeko.

Era berean, kapitalismo heteropatriarkarraren alternatiben inguruko galderari erantzuten saiatu dira Cristina de la Cruz, (Deustuko Unibertsitateko ikerkuntza dekanordea) Patxi Zabalo, (HEGOAko ikerlaria (EHU)) eta Paul Nicholson, Vía Campesinako batzordeko kide fundatzailea). Ainhoa Larrañaga (berdin elkartea, MU), Naroa Elortza (Ereindajan elkartea, Arrasate) Paul Bilbao (Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua) eta Unai Fdz. de Betoño (EHU), beren aldetik, euskarak eraldaketa sozialean izan behar duen tokiaz eta egitekoaz aritu dira. Kartzela eta presoen egoera ere aztegai izan da Lohitzune Zuloaga, Estibaliz de Miguel, Kitxu preso politiko ohia, eta Jose Maria Villegas gizonezko preso arrunt ohiaren eskutik.

Batzuen eta besteen esperientzietatik ikasteko parada ere izan da goiz osoan zehar izan diren hitzaldietan (Autokontsumo eta demokrazia energetikoa, ur publikoaren aldeko borroka, Eskola jantoki ereduak, Eredu agroekologikoak, Erleak…). Eta nola ez, Alternartibak erakitzeko eguna izanik, ikasitakoa praktikara eramaten hasteko tailerrak ugariak eta modu askotakoak izan dira. Arte eszeniko eta plastikoen inguruko tailerra. Bertan guztiok ditugun gaitasun ezaberdinak azaleratzea izan da helburua. Zirika lokalean Elikadura Subirautza Euskal Herrian eta Erresistentzia tailerrak landu dira. Umeei ere merezi duten protagonismoa eman zaie eta tailer bereziak antolatu, hala nola Umeak herria eraikitzen —eskultura, pintura eta musika uztartuko duen tailerra, umeen eskuek imajinatzen dituzten herri edo auzoak eraikitzeko—.

Eztabaida serioen artean ongi pasatzeko uneak ez dira falta izan, jai giro bizia izan da nagusi. Alde batetik, goizean goizetik azokak zabalik izan dira (tokiko produktuen azoka, garagardo azoka, sorkuntza hezkuntza eta hizkuntza eremuko egitasmoak trukatu eta material didaktikoa eskuratzeko azoka, ekonomia sozial eta solidarioaren azoka). Baina ez hori bakarrik, Performanceak, Musika, Animazioa eta ekimen ludikoekin jantzi da egitaraua. Besteak beste, txotxongiloak konpostaren alde jarri dira Natura Gure Gaia karpan, eta Bank-bang antzerki taldearen eskutik Finanzas éticas y desigualdades de género antzezlana ikusi dugu.

Egin direnak eta arratsaldean etorriko direnak. Egun borobila ari gara izaten, milaka herritarren parte hartzeari esker. Biba zuek! Alternatiba eraikitzeko bidean lehen urratsak eman ditugu elkarlanean. Orain bazkaltzeko tartea harte eta arratsaldean gehiago.

 

 

 

Alternatiben Herriak ateak zabalik ditu #alterHerria

“Itsasoko eta erriberako haizeak, baita mendietako eta aranekoak ere, hemen, Bilbon, egin dute hitzordua. Gaurkoan haizeok, berba, amets eta alternatiba berriak dakarzkigute, alaitasunez beterik datoz”. Hitz hauekin zalbaldu ditu ateak Alternatiben Herriak, goizeko 10etan.

Ekitaldia aurkeztuz, Eskubide Sozialen Kartaren izenean, Edurne Larrañagak hartu du hitza eta duela 3 urte hasitako ibilbideak Bilbora ekarri gaituela adierazi du. Baina ibilbidea ez da hemen amaitzen, “gaurkoan urrats berria emango dugu, eta bihartik aurrera pauso berriak egiten jarraituko dugu”. Ondoren, Alternatiben Herria osatzen duten auzo ezberdinak eta bertan jorratuko diren gaiak, aurkeztu dituzte bertso antzerki eta olerki bidez.

Beste modu batera bizi nahi dugu, inposatu nahi diguten eredu neoliberal horretatik urrun. Gaur hori posible dela erakusteko eguna izango da. Bilbora heldu diren haizeak “aukerez, proiektuez, beste errealitate gauzagarriez, elkarrengandik ikasteko eta elkar hartuz jokatzeko, elkarri aditzeko beharraz mintzo zaizkigu. Indarra eta ziurtasuna ekartzen ari zaizkigu”. Bilbo, proposamen handi eta txikiren erakusleihoa izango da. Hemendik aurrera, guri, herritarron esku egongo da ongi aditu, ikasi eta aldaketaren bidea jorratzea.

Badira gure artean alternatibak egungo eredu soziala gainditzen joateko. Hauek guztiek aukera ematen digute Euskal Herri justu, solidario eta desiragarriagoa egiteko. Gai guzti hauen inguruan antolatuko da gaurko jaia. Egun osoan zear dokumental eta filmen inguruko eztabaidak, mahai-inguruak, esperientzien kontakizunak, azokak, ikuskizunak eta baita jan eta edateko aukera izanen da. Ateak zabalik dituzue.

 

 

 

Behin-behinekotasunaren gorakada eta lanaldi partzialeko kontratazioaren hedapena salatzen du LABek

Gaur Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratu duen Biztanleria Aktiboaren Inkestak dio 181.600 pertsona langabetu daudela Hego Euskal Herrian, duela zazpi urte baino bi aldiz gehiago. Beraz, 2015eko hirugarren hiruhileko langabezia tasa %13,7koa da.

Era berean, inkestaren emaitzen arabera, biztanleria okupatua %1 igo da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, hau da 11.000 lanpostu garbi. Hala ere, okupazio mailaren igoera txiki honek ez du berdin eragin gizon eta emakumeengan. Hain zuzen ere emakumeen okupazio maila puntu bat murriztu da, hots, 5.500 emakume gutxiagok egiten dute lan.

Dena dela, azpimarratu behar da Biztanleria Aktiboaren Inkestarentzat, dagokion astean (elkarrizketa egin den ondo-ondoko astean), ordu batez lan egitea nahiko da okupatu gisa kontsideratua izateko. Eta Hego Euskal Herrian intentsitate urriko enplegua jasaten duten familietan bizi direnen kopurua bikoiztu baino gehiago egin da krisia hasi zenetik. Lan merkatuaren jokaera honek okupazio-kopuruak “apaintzeko” bide ematen du.

Bestalde, egiaztatu dugu ere azken hamabi hilabetean soldatapeko biztanleria 19.600 pertsonetan areagotu dela; baina, aldi berean, 7.000 lanpostu finko inguru galdu dira.

Izatez, krisialdiaren lehen urteetan, aldi baterako enplegua bortizki suntsitu izanak behin-behinekotasun tasa %20aren azpitik kokatu zuen; halaz ere, egun, honezkero %25a gainditzen du. Horrek esan nahi du soldata duten lau pertsonetatik batek aldi baterako kontratua duela.

Beraz, behin-behinekotasunaren gorakada, lanaldi partzialeko kontratazioen hedapena eta soldaten kontrako etengabeko erasoaldiak langileriaren pobretze orokortua dakarrela salatu behar dugu.

Baina faktore hauen atzean erreformaz erreforma lan harremanen eredua jasaten ari den aldaketa sakona dago. Gainera erreforma hauek egungo lan pobrezia izugarrizko mailetan kokatu dute.