2025-12-21
Blog Page 1083

Prekarietatea normaltasun bilakatu nahi dute

Nekazaritza kanpaina eta aro turistikoaren amaierak langabeziaren gorakada ekarri du urrian; hau horrela izanda ere Hego Euskal Herrian 70 pertsona gutxiago daude paroan, hau da %0,04 gutxiago. Bilakaera hau posible izan da EAEn gertatu den fenomeno berezi batengatik: paroa jeitsi egin da (1.156 pertsona gutxiago) langabetuen kolektiboari dagokionean.

Gainera, EAEko paro zerrendetatik 1.427 gazte (25urte baino gutxiagokoak) desagertu dira. Hau ez da kasualitatea, gazteak lan merkatutik kanporatzen jarraitzen dutela adierazten digu. Aukera faltak gogo falta dakar, enplegu bilaketa bertan behera uztea eta arrazoi ekonomikoengatik kanpora joatea.

Bien bitartean, kotratazioan dagoen prekarietatea maila eskandalagarrietan kokatzen da, hain zuzen sinatzen diren kontratuen %93,6a aldi baterako kontratuak izan dira, eta gehienetan epe laburrerako.

Zehazki esanda, legeari iruzur eginez, aldi baterako kontratuen gehiegizko erabileraren ondorio dira lan arloan ematen diren ezberdintasunak eta izugarrizko dualtasuna. Honen aurrean, enplegu zerbitzu publikoak eta lan ikuskaritzak ez du inolako neurririk martxan jartzen praktika enpresarial hauek mugatzeko.

Enpresa elkarte eta interes ekonomiko indartsuei lotutako presio talde ezberdinak egoera hau erabiltzen ari dira “kontratu bakarra” ezarriko duen lan erreforma bat proposatzeko. Izan ere, proposamen hau indar politiko nagusien hauteskundeetako programetan azaltzen da. Kasu batzuetan modu esplizituan eta beste batzuetan agenda izkutu baten parte gisa.

Formula honen azken helburua ez da aldi baterako-mugagabe dikotomiarekin amaitzea, baizik eta aldi baterako kontratu eta kontratu mugagabeen kaleratze kostuak eta lan baldintzak beheko mailetan parekatu eta kaleratzeen aurrean izan dezakegun babes judiziala piskanaka desagerraraztea.

Azken finean, prekarietatea normalatasun bilakatu nahi dute, lan aldaketen ondorioak larriagotuz eta indar patronalaren aurrean sortzen diren indefentsio eta ahutasun egoerak orokortuz.
 

 

 

PNV-PP-PSEk prekarietatea zabaldu eta langileak kaleratzen dituzten enpresa handiak babesten dituzte

PP, PNV eta PSOE alderdiek SEA patronalarekin politika fiskalaren inguruan sinatu duten akordio berria dela eta, PNV, azken urte hauetan kontrolatzen dituen instituzioetatik, egiten ari den austeritateko politika ekonomikoak salatu behar ditugu beste behin. Botere ekonomikoekiko konplazientzia salatzeko konpromisoa gure egiten dugu LABen, eta hala, azaroaren 5ean, 11.30etan mobilizatuko gara.

Oraingoan, ohikoa den gestio kaxkarrraz gain, gure haserre eta harridurarako, enpresa lobby-en prepotentziarekin egin dugu topo. Alderdi hauei, eta jendarte osoari, argi utzi diote nor den herrialde honetan benetan agintzen duena, eta enpresa haundiei milioika euro barkatzea lortu dute. Ondorioz, Gasteizko herritarrak izango gara enpresa handiek utziko duten zuloa tapatu beharko dugunak, enpresak langileak kaleratu eta prekarietatea maila guztietan zabaltzen jarrituko duten bitartean.

LABi ez zaio arrotza egiten PNVren jarrera, eta hare gutxiago duela egun batzuk entzun ostean, alderdiko ordezkari bat lan erreforma —langile eta orohar herritar guztien eskubide sozial eta laboralekin amaitzeko tresna— egin zutenekin gobernatzeko prestutasuna azalduz.

Instituzioak, Udaletxea adibidez, krisi ekonomiko honen benetako biktimengatik benetan kezka daitezen itxoiten jarraitzen dugu. Hau da, kaleratuak izan diren horiengatik, arduradunak Urtarango bulegoetan, eroso eserita, beren aberastasunaren igoera eta gure eskubideen murrizketak sinatzen zituzten bitartean. PNVk argi du, nahiago du, gehiengoaren interesen gainetik, gutxi batzuen interesak defendatu, nahiz eta, honek, herritarrentzat izugarrizko koste soziala ekarriko duen.

LABek ere oso argi du, kalera irten eta botere ekonomikoekiko konplazientzia salatzeko konpromisoa gure egiten dugu. Hala, azaroaren 5ean, 11.30etan egingo dugun mobilizazioan parte hartzeko deia luzatzen dugu. Manifestazioa SEAren bulegoen aurretik (Correos plaza) irten eta PNVren egoitzan amaituko da (Andra Mari Zuria).
 

 

 


CORREOSek Lan Arriskuen Prebentzioaren Legea urratu egiten du

0

Urte honetan zehar, lan zamak eta kontratazio falta dela eta, LAB sindikatuak Lan Ikuskaritzan jarritako hainbat salaketak gure aldeko bi ebazpen oso argi jaso dituzte. Lan zama handiak eta etengabeko “errekargoak” ematen direla onartzen du, eta enpresari hiru hilabete ematen dizkio Gasteizko banaketa unitate guztien Lan Arriskuen Ebaluazioak berraztertzeko, lan erritmo berriek eragindako gorabeherek langileentzako arriskurik suposa ez dezaten.

Gainontzeko unitateetan bezala Arrisku Psikosozialen Ebaluaziorik ez dagoela baieztatzen du, eta Banaketa Unitate honetan Ebaluazioa egiteko sei hilabete ematen dizkio enpresari. Bi ebazpenok beteko ez balitu, isun ekonomiko handiak ordaindu beharko ditu enpresak.

Hau baino lehen Arabako Osasun eta Segurtasun Batzordean Lan Arriskuen Prebentzioaren Legea betete dadin eskatu dugu behin baino gehiagotan gure eskakizunak eta proposamenak luzatuz. Enpresak banaketa ezberdinetan gertatutakoa aztertzeko erakutsi duen interes ezak salaketak jartzera eraman gintuen.

Legea oso argia da, eta “enpresariak prebentzio lan etengabea egin beharko duela” dio, langileen osasuna eta segurtasuna bilatzeko. Datuek frogatzen dute banaketa unitate batzuetan, 2014ean lan istripuak %40a igo zirela 2013arekin alderatuta. Bestelako baja “ez laboralak” estresa, antsietatea, lan zamak eta abarrek eragindakoak baja arrunt moduan hartzen dira eta lanaren antolaketa txarrarekin daude zuzenean erlazionaturik.

Laneko osasuna eta segurtasuna, bai fisikoa zein psikikoa, oso garrantzitsua da langileon osasunerako. Laneko antolaketa desegokiak, talde eta ekoizpen metodo okerrek, komunikazio bide hierarkiko okerrek eta abarrek, eta batez ere hauen prebentzio edota azterketa ezak lehen aipatutako egoerara eraman gaituzte. Zentzu honetan LABek lanean jarraituko langileen osasuna eta segurtasuna prioritate izan dadin.
 

 

 

EAEko larrialdietako anbulantzia zerbitzuen esleipenetan ematen ari den kontrol eza erabatekoa da

LAB sindikatuak Eusko Jaurlaritzaren kontrol eza salatzen du Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Larrialdietako Garraio Sanitarioaren sarearen eta larrialdi eta asistentzia garraio zerbitzuetan diharduten enpresek, aipatu zerbitzua datorren hiru urteetarako (2016, 2017 eta 2018 urteetarako) esleitu dadin egingo den lehiaketaren lizitazioan aurkeztu duten agiriaren harira.

Zerbitzua EAE guztia hartzen duen lau ataletan banatzen da. Lehen atala Arabakoa, bigarren atala Bizkaikoa, eta 3. eta 4. atala Gipuzkoakoa; kontratu osoaren zenbatekoa 36,4 milioi eurotik gorakoa da.

Aipatu lizitazioari dagokionez, zerbitzua eskaintzen ari diren enpresek ez dute betetzen egun zerbitzua ematen duten langileen kontratu baldintzak ekartzeko derrigorrezkotasuna, ez eta zein langile subrogatu behar diren, haien hitzarmenek horrela agindu arren. Pertsonal-gastu gisa ekartzen diren kopuruak ez dira errealak.

Hou dela eta, LAB sindikatuak erreklamazioa aurkeztu du, aipatu puntuak zuzendu daitezen eskatuz, subrogatu behar diren langileen harira. Gehitzen den informazioa —langileen lan baldintzei eta hauen gastuei dagokiena— zuzendu dadila ere eskatu du.

Egoera hau Osasun Sailak dauzkan lehentasunen adibidea besterik ez da. Alderdi tekniko eta humanoa baino, ekonomikoa lehenesten du. Lehiaketak duen puntuazioaren %60a alderdi ekonomikoari esleitzen zaio, eta %40a teknikoari. LAB sindikatuaren iritziz, hau oso larria da, alderdi ekonomikoa lehenesten bada eta behar baino txikiagoa den aurrekontu batez lizitatzen uzten bada, enpresek bideratuko dituzten eskaintzak gero eta txikiagoak izango dira, lehiaketak eskuratzeko helburuarekin. Horrek, zalantzarik gabe, langileen lan baldintzei eta zerbitzu berari ere, eragingo die.

Aipatu egoera zuzendu dadin, administrazio berak, bere langileekin bete beharko luke gizartearentzat horren garrantzitsua den zerbitzua. Baina egoera hau gertatuko ez den bitartean, administrazioak gehiego kontrolatu behar ditu enpresek ze baldintzetan ematen duten zerbitzu hau. Lan baldintzak eta sektoreko langileen hitzarmenak betetzen diren zaindu behar da; lehiaketetan ez zaio horrenbesteko lehentasuna eman behar alderdi ekonomikoari. Honez gain, Osasun Sailari eskatzen diogu, Eusko Legebiltzarrak 2014ko apirilaren 7an onartu zuen ez legezko proposamenaren harira, eta sektoreko langile gehienen eta bertan ordezkaritza duten sindikatuen iritzia jasoz, Autonomia Erkideko Anbulatzien lehen hitzarmenaren alde egin dezala. Hitzarmen horrek, sektoreko langileen lan baldintzak hobetu eta duintzeko aukera emango luke, eta horrela funtsezko zerbitzu hau arautu ahal izango da. Horrek hiritar orori eskaintzen zaizkion baldintzetan izango du isla.

 

 

 

LABek Arabako Unibertsitate Ospitala arrartsaldez kanpo kontsultak ixtearen erabakia salatzen du

0

Arabako Unibertsitate Ospitalaren Zuzendaritzak datorren abenduaren 23tik urriaren 7a bitarte Kanpoko Kontsulteetako eraikina arratsaldez itxita egongo dela iragarri du, “antolakuntza” arrazoiak direla medio argudiatuz. Erabaki honek Osakidetzaren murrizketen politikari erantzuten dio eta ondorioz langileen prekariezazioa dakar.

Badirudi Gabonetako espirituak Arabako biztanleria gaixo jarri ez dadin eragiten duela eta gainera espezialitate ezberdinetako itxarote-zerrenda desagertarazi nahi dutela. Egun hauetako magia izango ote da?.

Gure ustez, errealitatea erabat ezberdina da eta ziur aski “ANTOLATZEKO ARRAZOIAK” delako argudio horren atzetik beste faltsuzko arrazoiak daude, arratsaldeko txandan kategoria ezberdinetako langileak ez kontratatzea hain zuzen ere. Hau da, Osakidetza murrizketaren politika jarraituz bere helburua betetzen du, eta honen ondorioa langilearen prekaritatea da.

LAB Sindikatuari egoera hau larria dela iruditzen zaigu. Denok ezagutzen dugun bezala eta itxarote-zerrendaren kudeaketa nolakoa den ikusita, arratsaldeko itxierarekin, bai espezialitate, bai proba batzuk egiteko itxarote-zerrenda handitu besterik ez da egingo eta ondo dakigu denbora luze itxaron behar dugula hitzordu bat lortu ahal izateko. Honetaz gain, Txagorritxu ospitalean, kirurgia orokorra, baskular, urologia eta traumatología zerbitzuetan oheak itxi egingo dituztela ABENDUAREN 21etik URRIAREN 6a arte.

Laburbilduz, Osakidetzak gizarteari bere ontasunak saldu nahi dizkio, baina kontratazio egin barik jarraitzen du, ordezkapenik egin gabe, langileen lan-zama areagotuz eta pazienteen itxarote-zerrenda handituz. Iragarritako itxiera hauek osasungintzako egoera hobetzeko ez dute ezertarako laguntzen eta Euskal osasunaren kalitatea kolokan jartzen dute Zuzendaritza honen erantzunkizun eza egiaztatuz.

 

 

 

Nafarroako Irakaskuntzako Mahai Sektorialaren funtzionamendua erabat desbideratua dago

0

Nafarroako irakaskuntzako oposaketen inguruan, erabat desbideratuta ikusten dugu Mahai Sektorialaren funtzionamendua eta dei egiten diogu gobernu berriari dinamika aldatzeko, guztion artean hezkuntzak behar duen kalitatea bermatzeko.

Ostiralean, hilak 30, irakaskuntzako sindikatuok, Langile Irakasle Batzordean elkartu ginen mahai sektorialaren deialdi ezaren eta oposaketen inguruan solas egiteko. Departamentuak adierazi zuen urrian mahai sektoriala deituko zuela eta ez du bere hitza bete.

Honen aurrean, LABek, ordezkapen handiena duen sindikatu bezala eta horrek suposatzen duen arduragatik, azpimarratu nahi du, alde batetik, aurreko astean argitaratutako artikuluan esan zen bezala, Mahai Sektorialaren funtzionamendua erabat desbideratuta ikusten dugula eta dei egiten diogu gobernu berriari dinamika aldatzeko, guztien artean hezkuntzak behar duen kalitatea bermatzeko. Horretarako, Administrazioari eskatzen diogu hurrengo mahai sektorialen deialdiak errespetatzea.

Beste aldetik, Administrazioak erakutsi duen ezintasuna ikusirik, LABek hasieratik defendatu zuen proposama berresten du. 2015-2016 Ikasturtean hezkuntza egoeraren diagnostiko sakon bat egitea, etorkizuneko beharrak identifikatzeko eta planifikazio baten bidez kudeatzeko. Besteak beste, murrizketak bertan behera geratzeko. Diagnostikoaren ondorioz Lan Enplegu Publikoaren (LEP) prozesuaren denboralizazioari dagokionez hau litzateke; 2016-2017 ikasturtean Haur eta Lehen hezkuntzako oposizioak eta 2017-2018 ikasturtean Bigarren Hezkuntzako oposizioak.

Bukatzeko LABek azpimarratutako lan ildoan jarraituko du, Lehentasuna Irakaskuntzan dauden beharrak identifikatzeko dignostikoari emanez. Benetako LEP duina aldarrikatzen dugu, plaza kopuru aldetik eta denboran egokia (berandu egin da LEP iragarkia burutzeko ) eta azkenik murrizketen aurreko egoerara itzultzea irakasleriaren lan baldintzak hobetzeko bidean eta kalitatezko benetako hezkuntza lortzeko.

 

 

 

Darponen Osasun Sailak Deustuko Unibertsitateko Masterretan gastatzen du guztion dirua

0

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Deustuko Unibertsitateak, “Osasun Kudeaketarako Masterra” sustatzeko akordioa berritu dute bigarren edizio honetan. Iaz 16 plaza eskaini ziren eta aurten 22 izango dira prestakuntza jasoko dutenak. Irailean hasi eta 2016ko uztaila bitartean burutuko da 9 hilabetez. Hiruileko batean prestakuntza teorikoa jasoko dute eta beste 6 hilabetetan praktikak burutuko dituzte Osakidetzako hainbat zerbitzu erakundetan, zein osasun sailean bertan. 

Deustuko Unibertsitateko webguneak adierazi bezala, Deustuko Unibertsitateak zein Osasun Sailak duten interes haudia dela eta, bi erakundeen kofinantzazioa dela eta, masterrak 6.000 euroko kostua izango du. Beste behin desbideratu egiten da diru publikoa, kasu honetan, unibertsitate pribatu batek osasun kudeaketari buruzko ikasketak diruz laguntzeko.

Lan aukera ugariak eskaintzen dituen eta “galdu ezin daitekeen” ikastaro bezala saltzen da masterra, “osasungintza eta sektore soziala hazten ari dira, aukera paregabeak eskeintzen dituztenak etorkizunerako zuzendaritza eta kudeaketa esparruetan”.

Masterraren edukiei erreparatuz, “osasun sistemen erronkak eta etorkizuneko osasun estrategien definizioan sakontzea” ageri dira. Helburua, osasun sektorearen eraldaketa prozesuetan lidergoa eramango duten kudeatzaileak prestatzea da.

LAB sindikatuak, lehenik eta behin, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egiten duen diru publikoaren kudeaketa salatu nahi du. Helburu enpresarialak asetzeko erabiltzen da diru publikoa, kasu honetan kostu haundiko masterrak finantzatuz. Bigarrenik, gure konbentzimendua, pertsona hauek, gastu arrazionalizazioaren ikuspegi horretatik izango direla trebatuak. Guztiz faltsua, errepikakorra eta denerako balio duen diskurtso horretan. Osasun sistemak iraungo badu, gastu gutxiagorekin izango dela alegia. Pertsona hauek, Kudeaketa Klinikorako Unitateek (KKU) osasun sistema bermatzeko duten bertuteetan heziak izango dira. Osakidetza, sare guztian integratzen ari den unitateen bertuteetan hain zuzen. Errealitatea, guztiz ezberdina da baina. KKU hauek, osasun publikoa berregituratzeko tresna dira, osasun publikoaren merkantilizaziorako giltza.

Gure sindikatuak, behin baino gehiagotan salatu izan du praktika hauekosasun sistemaren kalitatea kolokan jartzen dutela. Kudeaketa Klinikorako Unitateek, irizpide enpresarialak barne hartzen dituzte eta. Osasun Sailak, isilpean egiten ari da aldaketa hauek, medikuen eta erizainen sindikatuen laguntzarekin (SME eta SATSE). LABek, egungo osasun sistema merkatu libreak ordezkatua izan dadin tresna erabakigarria izango dena salatzen jarraituko du iritzi publikoaren aurrean.
 

 

 

Bizkaiko metalgintzako hitzarmena lortzeko borrokatzeko prest gaude

0


UGTk deituta, 2008-2011ko eragin mugatuko Bizkaiko metalgintzako hitzarmena indarrean dagoela berresteko bilera egin zen atzo Lan Harremanetarako kontseiluan (LHK). Bilera horretan Bizkaiko metalgintzako hitzarmena lortzeko borrokatzeko prest gaudela azaldu zuen LABek.

LABek adierazitakoa bileran:

1.- Deialdiaren aurrean gure harridura adierazi nahi dugu, ez baitago inongo ebazpenik 2008-2011ko metalgintzako hitzarmena aplikatzen den lekuetan aplikatzen jarraitu behar ez denik dioenik.

2.- Eragin mugatuko hitzarmenak, gehiengoa ez errespetatzeaz gain, langileentzat iruzurra eta kaltegarriak baino ez dira. Patronalarentzat, ordea, pagotxa, negoziazio kolektiboa faltsuan ixten baitute.

3.- UGTri gogoratu nahi diogu arazoa ez dela juridikoa, patronalaren aldetik lan eskubideak errespetatzeko borondate eza baizik. Bizkaiko metalgintzako patronalak, FVEMek alegia, Bizkaiko metalgintzako beharginen lan-baldintzak prekarizatzeko apustua argia egin du, besterik ez. Horrexegatik, akordioa erdiesteko LABek egindako proposamen guztiak baztertu ditu. 

4.- LABek sektoreko langile guztientzat eragin orokorreko hitzarmenaren aldeko apustua berretsi nahi du. Tamalez, egun ezin da mahai baten bueltan akordioa erdietsi patronalarekin, patronalak sektoreko langileen lan baldintzak prekarizatzeko bidea hartu baitu. Bide horretan, ez dute LAB bidelagun izango. LABek, metalgintzako hitzarmena hobetzeko baino ez du negoziatuko. 

5.- LAB Bizkaiko metalgintzako hitzarmen duina lortzeko borrokatzeko prest dago, gainerako sindikatuak? Hor dago koska, ez dago beste biderik edota bidezidorrik. 

6.- LAB, patronalaren boikotaren aurrean, ez da geldirik geldituko. Ez ditugu gure eskubideak patronalaren eskuetan utziko. Sektorean zein lantokietan defendatuko ditugu. Gure eskubideak borrokatuko ditugu.
 

 

 

2016an gastu sozialetara bideratutako partiden baturak %1,3 baino ez du egiten gora


EAEko 2016ko aurrekontuak: Kontzertu Ekonomikoa, Madrilgo gobernuarekin aurrekontu-egonkortasunari dagozkion gaietan helburu eta politikak koordinatzeko aldebiko mekanismoa dela dioen mitoa aienatu egiten da. 

EAJren gobernuak atzo goizean aurkeztu zuen Parlamentuan datorren urterako Aurrekontuetarako Lege Proiektua, baina egia esan, aurrekontuok ez darakuste 2015eko kontuekiko berritasunik. Salbuespen bakarra, zor publikoaren gastuaren ordainketak sortutako gastuak gora egingo duela 181 milioi eurotan, hau da, %25,4.

Honekin lotuta, nabarmentzeko da nolako aldea dagoen zorra eta kapital finantzieroaren exijentziak betetzeko egiten den aurrekontu-ahalegina eta legegintzaldi honetan zein PSEren agintepean ezarritako murrizketa sozialak atzera botatzeko interés falta argiaren artean.

Izan ere, 2016an gastu sozialetara bideratutako partiden baturak %1,3 baino ez du egiten gora. Gainera, igoera apal honen zati handia izaera sozialdun politika hauek egikaritu behar dituzten langileei dagozkien soldata-igoera apalek hartuko dute euren gain.

Hortaz, EAJren gobernuak disimulurik gabe erakusten du bere lehentasunak zorra itzultzea eta PPko gobernuak ezarritako defizitaren mugak betetzea direla. Muga hau BPGaren %0,3an dago zehaztuta eta berdina da autonomia erkidego guztientzat.

Modu honetara, Kontzertu Ekonomikoa, Madrilgo gobernuarekin aurrekontu-egonkortasunarri dagozkion gaietan helburu eta politikak koordinatzeko aldebiko mekanismoa dela dioen mitoa aienatzen da.

Hala ere, ziurrenik, datozen egunotan behin eta berriro entzungo ditugu Urkulluren gobernuari egiten zaizkion aldarrikapenak gastuaren muga gaindi dezan eta defizitaren muga gaindi dezan. Hori bai, garrantzitsua da kontziente izatea Estatuak bere esku dituela beharrezko tresna guztiak neurri koerzitiboak ezarri eta diziplina fiskaleko arauak indarrez betearazteko, Konstituzioaren 155. artikuluan jasotako autonomiaren interbentzioa barne.

Azken batean, defizitaren muga ez betetzeak desobedientzia eta Estatuarekiko deskonexio estrategia baten baitan soilik izango luke lekua, horrela gure politika ekonomiko eta sozialak erabaki ahal izateko, kanpo injerentziarik gabe. Urrun ikusten dugun helburua, kontuan hartzen badugu EAJk toki berean bueltaka jarraitzea aukeratu duelako, autonomismoaren gurpila etengabe biraraziz.