2025-12-14
Blog Page 1075

LABek EITBren kontratazio politika salatzeko kontzentrazioa egin du Bilbon

0


Gaur azaroaren 27an EITBko langile eta LABeko ordezkari ugarik kontzentrazioa egin dugu Bilboko egoitzaren aurrean kontratazio politika salatzeko eta Pertsonalgo Zuzendariaren kargu-uztea exijitzeko. 

Duela hilabete EITBko LABek «pertsonal politikaren azterketa eta salaketa» izeneko txostena argitaratu zuen (webgunean duzue). Bertan Zuzendaritzak duen kontratazio politikari buruz honako ondorioak azpimarratzen genituen:

Prekarietatean sakontzen du

Ilunkeria eta inposizioa

Lan poltsak gardenki kudeatzeko zailtasunak

Kontrol ideologikoari laguntzen dio

Jestore sistemaren Taifa erresumak: iluna, adiskidezale, garestia eta antzua

Txostenean ere kontratazio sistema hau kudeatzen duen zuzendaria den Javier Salcedoren kargu-uztea exijitzen genuen berriz. Horrek berez arazoa konponduko ez badu ere, ezinbesteko urratsa da Zuzendaritzak pertsonal politika aldatzea nahi badugu. Eta horretarako borroka guztiak ezinbestekoak dira, epaitegietan, instituzioetan eta kalean ere.

Kontzentrazioan erabilitako leloa hau izan da: EITBn kontratazioetan iruzurrik ez! Prekarietaterik ez! Salcedo kanpora!
 

 

 

Pentsionistak Martxan plataformak Herri Ekimen Legegilea aurkeztu dute

Euskal Herriko adineko pertsona eta pentsiodunak gure herriko populazioaren laurdena baino gehiago gara eta, hala ere, gure arteko asko eta asko gizartetik baztertuta bizi gara. Egoera hau gainditzeko asmoz Pentsionistak Martxan elkarteak Herri Ekimen Legegile bat eraman du Gasteiz eta Iruñeako Parlamentuetara. Astelehenean Gasteizen eta atzo Iruñean aurkeztutako Herri Ekimen Legegile honek helburu zehatza: pentsio duinak lortzea. 

Emandako urratsaz gain jendarteari iniziatiba honen alde egiteko deia luzatzen diogu. Hala Nafarroan hurrengo hilabeteotan 7.000 mila sinadura bildu nahi dira, besteak beste, Parlamentuak onar dezan lege bat bi neurriekin: pentsio guztiak 1.080ra eurora arte osatzea eta pentsioak kudeatuko duen gizarte segurantza propioa izatea.

Datuek egoera larritasuna erakusten digute. Nafarroan adibidez Ia 70.000 lagun bizi dira 700 euro baino gutxiagoko pentsioekin. Haien artean emakume helduak dira kaltetuenak eta prekarietate handiena pairatzen dutenak. 700 euro horiek Europak aholkatzen dituen 1.080 euroen oso azpitik daude, kontuan hartuta Nafarroako soldatak eta aberastasuna.

Pentsionistak Martxan elkarteak dei egiten die Nafarroako zein Gasteizko Parlamentuan diren alderdi politikoei ekimen hau ontzat jo dezaten. Horrela aukera izanen dute kalean hainbeste aldiz aldarrikatu denarekin: Euskal Herrian bizi diren pertsona heldu guztiak duintasunez bizi daitezela.

 

 

 

Adegik ez du negoziatzeko inongo borondaterik ezta beharrik ere, instituzioen babesa duelako

0

Gaur, LABek manifestazioa egin du Donostian “Metalgintzan prekarietaterik ez! Hitzarmen duinak borrokatu!” lemapean. Adegiren egoitza aurretik abiatu da manifestazioa eta bertan, Patronalak negoziazio kolektiboaren inguruan duen jarrera salatu dute langileek.

Jonan Goñi LABeko Industria Federazioko kideak azaldu du “gaurko mobilizazioarekin Adegik negoziatzeko inongo borondaterik ez duela salatu nahi izan dugula”. Metaleko hitzarmena oztopo bat da Adegirentzako, ezin baitituzte beraien poltsikoak nahi bezala diruz bete. Horregatik ez dute inolako asmorik negoziazioari ekiteko.

Instituzioek azken urteetan Patronalaren eskaera guztiak bete dituzte. Patronalak amestu eta eskatzen zuen lan erreforma eman zaie eta duela gutxi EAJren Foru Gobernuak aberastasunaren eta fortuna haundien inguruko zerga kendu du. “Beraz zertarako negoziatu dena baldin badaukate? Errealitatea bestelakoa litzateke Adegik instituzioen babesa izango ez balu” azpimarratu du Goñik. Horregatik gaurko salaketa Batzar Nagusietara eraman dugu.

Egoera honen aurrean LABek aurrera egitea erabaki du, metaleko langileek gutxieneko lan baldintzak izan ditzaten borrokatuko dugu. Gaurko mobilizazioa borroka horren isla da eta ez da azkena izango.
 

 

 

Esperientziak batu ditugu euskal osasun sistema publikoaren alde

0


Hamarnaka lagun elkartu dira gaur goizean LABek antolatutako jardunaldietan. Iñigo Bilbaok aurkezpenean adierazi bezala, bikoitza zen helburua. Batetik, osasungintza publikoaren defentsan sakontzea, eta bigarrenik, erronka honi begira, sektore desberdinetatik sor daitezkeen ekimenen indarrak batzea, hala nola, sektoreko langileak eta erabiltzaileak. 

Edurne Agirre LABeko Osakidetzako arduradunarena izan da lehen hitzartzea, eta EAEko osasungintza publikoan ematen ari den eraso pribatizatzailearen berri eman du. Txomin Gonzalezetk, bere aldetik, Nafarroako Osasunbidea izan du hizpide, Marta Vera kontseilariaren agintepean egindako politikak eta hauek sortutako erantzun herritarretan sakonduz. 

Hego Euskal Herriko ikuspegiaz gain, Catalunya eta Madrilgo ahotsak ere entzun ahal izan dira gaur goizean. IAC-Intersindical Catalanako Edu Lucasek Catalunyako esperientziaren berri eman du. Toño Gómezek, CASekoak, Madrilgo kasua konpartitu du bertaratutakoekin, PPren agintepean egindako pribatizazio saio bortitzak eta sektore ezberdinetatik emandako erantzunak, “marea” deitutakoetan amaitu direnak. 

Entzuleek jarraian egin dituzten galdera interesgarri eta zorrotzetan ikusi da hitzartzeek bertaratutakoengan sortutako interesa.

Atsedenaldiaren ondoren abiatu da bigarren blokea. Ikuspegi sektorialak azaldu zaizkigu oraingoan. Karlos Ibarguren Osasungintza Euskalduntzeko Erakundeko presidenteak euskalgintzaren ikuspegia eman du. Luis Galdos SAREko kideak gaixorik dauden presoen eskubideez hitz egin du. Begoña Zabalak, Emakume Internazionalistak eta Nafarroako Abortoaren aldeko Batzordeko kideak ikuspegi feminista eskaini digu eta Carlos Ruizek, pentsionistena. 

Amaieran, Mati Iturraldek jardunaldietako ondorio nagusiak laburtu ditu. 
 

 

 


Inposaketei stop! Hezkuntza herritik herriarentzat

0


Euskal Herrian hezkuntza gatazka bat dago. Izan ere, Euskal Herriari Espainiako eta Frantziako hezkuntza sistemak inposatzen zaizkio eta bere hezkuntza sistema propioa egituratzeko aukera ukatzen zaio. 

Baina, gainera, oinarrizko inposizio horrek euskal herritarren hezkuntza eskubideen urraketa sistematikoa eta orokorra eragiten du. Hari honi tiraka,azken urteetako erasorik bortitzena jasaten ari gara LOMCE legea medio. Alta, lege hau Espainiako estatuak azken urteotan egiten ari den egiturazko aldaketen baitan kokatu behar dugu:lan erreforma, zerbitzu publikoen pribatizatzea, jubilatze adina atzeratzea,murrizketak…

Hartzen ari diren neurriok gordinki azaleratzen dute hezkuntzari ere ematen ari zaion erabilera politiko nahiz ekonomikoa. Estatuek zein Euskal Herria zatikatzen duten administrazioek jakin badakite jendarte eredu baten eraikuntzan hezkuntzak zer nolako garrantzia duen, eta apustu garbia egin dute beraien interesen araberako hezkuntza sistema bat osatze bidean. Isilpean, ttantaka-ttantaka, zirimiri moduan, Euskal Herriaren asimilazioaren bidean estrategia oso eta zuhur bat garatzen ari dira. Eredu sozio-ekonomiko liberal eta patriarkala sostengatuko duten pertsonak hezi nahi dituzte, eta bide horretan ikasleak adoktrinatzeko urratsak ematen dihardute. Murrizketak, egoera sozio-ekonomiko estu baten aurrean hartutako neurri logikotzat aurkeztuz edo plan zein erreformak hezkuntzaren garapenaren hitzekin apaintzen badizkigute ere, guztiak estrategia berean kokatu behar ditugu.

Egoera irauli beharra daukagu. Euskal Herriak premiazkoak ditu bere biziraupen eta garapena ziurtatuko dituzten tresna eraginkorrak eta horietako bat da Hezkuntza Sistema propioa antolatzea.Hezkuntza herritik herriarentzat sortzen da, belaunaldi berriei gure identitate kolektiboaren ikur diren ezagutzak, jakintzak eta balioak transmititzeko. Herri proiektua da herri baten biziraupen zein garapenaren bidean egiten dion ekarpenagatik. Herri baten zutabe garrantzitsuenetarikoa izaki, eta egoera hau kontuan hartuta, urrats praktikoak emateko tenorean gaude. Urteetako inposizioei stop esan eta hezkuntzaren gaineko erabakiak gure herrian hartzeko unean gaude, bertan erabakitzeko. Ezezkotik baiezkora saltoa eman behar dugu eta horretarako denon artean Euskal Herriak behar duen hezkuntza ereduaren gainean eztabaida egin eta adostasunak bildu behar ditugu. Hezkuntzaren afera lehentasun sozial eta politikoa izan behar du. Bide honetan, LABk historikoki aldarrikatu duen bezala, gure herriak marko normatibo propioa behar duela argi dugu. Horregatik, Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistema propioaren bidean eztabaida ireki, adostasunak eraiki eta horren araberako hezkuntza lege berriak osatzea premiazkoa da.

Eta gure ustez adostasun horiek eta horren araberako legeek, gutxienez, hiru oinarri hauek barnebildu beharko lituzkete:
Curriculum eta ebaluazio sistema propioa.

Euskaldun eleanitzak sortzeko planteamendua.

Euskal publikotasunaren definizio berria.

Zer egitearekin batera nola egiten dugun ere garrantzi berezia du. Horrela, LABen ustez,honako ezaugarriak bete beharko lituzke eztabaida eta legeak osatzeko prozesuek:

Prozesuek hezkuntza eragile eta alderdi guztien parte hartzearekin gauzatu behar da.

Elkarlanean denon adostasunak bilatu beharko ditu.

Legeen osaketak, ezinbestean, orain arte egindako lana kontutan hartu beharko du.

Era berean, ezin aipatu gabe utzi, Urriaren 24ko Alternatiben Herria. Bertan, argi geratu zen hezkuntzan ere badaudela alternatibak. Hainbat herritan hezkuntza komunitatea elkartu eta hezkuntza proiektuak garatzen ari dira; argi baitute euren seme-alaben,iloben, biloben,lagunen… heziketan erabaki nahi dutela. Esperientzia hauek saretu eta Euskal Herriko txoko guztietara zabaltzea premiazko dugu, ikastetxez-ikastetxe, auzoz-auzo, herriz-herri egindako lanarekin osatuko baitugu Hezkuntza Plataformen Topagunearen leloa gurea eginik guk, orain, hemen, behar dugun hezkuntza eredua.

LABk hezkuntza burujabetzaren bidean herri gisa elkarlanean adostasunak eraikitzeko determinazioa osoa du. Egungo markoa gainditu eta inposaketa orori aurre egiteko gure hezkuntza sistema urratsez- urrats eraikitzeko bidegurutzean gaude. Herritar guztioi dagokigu parez pare dugun egoera honetaz jabe egin eta Euskal Herriak behar duen Hezkuntza Sistema Propioa garatze bidean urrats praktikoak ematea. Bide honetan, Azaroaren 28an Hezkuntza Plataformen Topaguneak deituriko ekimenak aukera paregabeak dira hezkuntza propioaren norabidean beste urrats bat emateko. Ez dezagun aukera hau galdu.
 




GUK, ORAIN, HEMEN GURE HEZKUNTZA ERAIKI!

"Eraikuntzara salto egingo dugu 28an"

 

 

Eraikuntzara salto egingo dugu 28an

0


HEZKUNTZA PLATAFORMEN TOPAGUNEA
.- Hamaika arrazoi ditugu datorren azaroaren 28an Euskal Herriko kaleak alaitasunez eta aldarriz betetzeko. Agerian da gaur egungo hezkuntza sistemak ez duela Euskal jendartearen beharrak asetzen. Agerian da ere, Euskal Herriko hezkuntza komunitateak ez duela inolako inposiziorik nahi eta ez duela egungo eredu atzerakoi, merkantilista eta segregatzailea jasango. Umeen interesei erreparatzen dien hezkuntza sistema behar dugu, aldiz, merkatuei begirakoa ezarri nahi izan dute. Eta honen aurrean gure apustua garbia da.

3 puntu batzen gaituzte:
1- LOMCEri aurre egiteko konpromisoa dugu.
2- INPOSAKETA ororen kontra gaude
3- Gure hezkuntza sistema propioaren bidean urratsak eman nahi ditugu.

Egun ilunak diren arren herri askotan argi izpi bat piztu da. Ozen esan dugu, ez dugula LOMCE nahi, ezta LOMCE aplikatzen duen Heziberririk nahi ere ez. Bide horretan, azaroaren 28an ERAIKUNTZARA SALTO EGINGO DUGU! Ilusioz, grinaz, elkarlanaz eta arduraz. Oraingoan, etorkizunera begiratzeko unea iritsi zaigu. Bakoitzaren ezaugarriak eta aniztasuna aberastasunean bihurtuz. Bide estuena ere aurrera doa, eta urratsez urrats jarraituko dugu, Euskal Herriko jendartea aske heziko duen hezkuntza sistema eraikitzeko bidea marrazten eta saltoa emanez.

Bide honetan aurrera egiteko, zuok guztion babesa eta elkarlana ezinbestekoa dugu. Horrexegatik, eskerrak eman nahi dizkizuegu atxikimendua eman duzuen eragile eta norbanako guztioi. Oraingoan, Hezkuntza Plataformen Topagunea osatzen dugunok hartu dugu lekukoa, baina gu zuek gara, ez gara inor ordezkatzeko sortu, gu; irakasle, ikasle, herritar zein familiak gara. Arduratuta eta erantzukizunez erantzun nahi dugunok. Hauxe da “hezkuntza plataformen topagunea”; Bakoitzak ahal duen apurraz eraikitzen ari den norbanakoz osatutako mugimendua. Eta bide horretan jasotako babesa, herriz herri ikastetxez ikastetxe aurrera joateko indarra ematen digu eta ahalduntzen gaitu.

Herriz herri, ikastetxez ikastetxe hezkuntza komunitateak LOMCEri aurre egiteko neurriak eta konpromisoak hartu ditugu. Behin eta berriz, eskertuko eta zorionduko ditugu iaz 3.mailako ebaluazioari aurre egiteko ausardia erakutsi zuten familia eta ikastetxe guztiak. MILA ESKER GUZTIOI! Posible zela erakutsi zeniguten eta aurten ere posible izango dela aldarrikatu nahi dugu.

Deialdi honetan parte hartzera batu garenok, inposaketen kontra eta gure hezkuntza sistema eraikitzeko bidea jorratu nahi dugun guztiok, ezinbesteko hitz ordua daukagu datorren azaroaren 28an. Egungo inposizioei aurre eginez eta etorkizunera begiratuz, Bilbo, Gasteiz , Donostia eta Iruñeko kaleak alaitasunez eta aldarriz beteko ditugu.

Datozen hilabeteetan jakingo dugu inposizioen kontrako bidea zaila izango bada ere, ziur gaude erronka komunei lotu eta txikitik handira lan eginez eta norbanako konpromisoetatik abiatuta, konpromiso kolektiboak hartuz, gauza handiak lor daitezkeela. Inposizioei aurre egiten jarraituko dugu. Harri ta oztopoen gainetik salto egiten jarraituko dugu eta saltoz salto Euskal Herriak merezi eta behar duen hezkuntza sistema propioa eraikitzen joango gara.

AZAROAREN 28AN BILBO, GASTEIZ, DONOSTIA ETA IRUÑEAN ERAIKUNTZARA SALTO EGINGO DUGU!
 

 

 

Langileak hiltzen dituzten lan-baldintzen aurrean erantzutera deitzen du LABek

Atzo, azaroak 25, Dantxarinean gertatutako lan istripua salatu behar dugu. Izan ere, lan istripu horretan ERRETI ERAIKUNTZAK SL enpresako langile bat hil zen eta beste 4 zauritu, hauetako 2 oso larri. LAB sindikatutik lehenik eta behin, elkartasuna adierazi nahi genieke hildakoaren senide eta gertukoei eta zaurituen lankide, lagun eta gertuko guztiei. 

Atzo arratsaldean jasotako informazioaren arabera, badirudi istripu honen atzean puntu ilunak daudela obra lizentzia eta baimenei dagokionean behintzat. Konkretuki prentsan atera denaren arabera, eta Urdazubi Elgarrekin udal taldeak errandakoaren arabera Nafarroako Administrazio Epaitegiak obra lizentzia baliogabetzat jo zuela dirudi. Informazio honek dioena egia balitz, obra geldirik egon beharko litzateke epaitegiko ebazpena konpondu bitartean behintzat.

Jasotako informazio hau egia balitz, gertakarien larritasuna biderkatu luke, gehiago kontutan hartuta lan istripu honen ondorioz langile bat hil egin dela, eta 3 langile zaurituta daudela, horietako bat larri.

LAB sindikatutik gertatutako guztia argitzea exijitzen dugu, eta ikerketa azken muturrera eramatea. Norabide honetan ere Urdazubiko udalari lizentziaren inguruko argipen guztiak ematea exijitzen diogu. Bukatzeko gertakari honen atzean erantzulerik dagoen ala ez argitzea eskatzen dugu. Uste dugu, egoeraren larritasunak eta argitaratutako infornazioek hau guztia eskatzen duela.

Osasuna galtzea, lan istripuak, ez dira lanaren ezaugarriak, lan eredu jakin baten emaitza ankerra baino. Ekidin zitekeen emaitza, baina batzuen utzikeriak eta besteen diru-gose aseezinak sortaratzen dutena, horrela langileok kondenatuz.

Modu berean gogor salatu nahi dugu heriotza berri honekin, Euskal Herrian 2015ean 54 langile hil direla gutxienez (Araban 02; Bizkaian 21; Gipuzkoan 13; Iparraldean 03 eta Nafarroan 15).

Non daude administrazioko arduradunak heriotza berri hau salatzeko. Zein aldaketa eta zein pausu emateko prest daude egoera eta eredu hau geldiarazteko. Langileok, bizi ahal izateko egiten dugu lan eta ez, saiakera horretan bizia galtzeko. Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak, langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarri bat. Ez, lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira.

Hau guztia dela eta, LAB sindikatutik eredu propio eta berriaren alde egitera dei egiten dugu eta guztien artean, langile zein jendartean odolhuste hau geldiarazi dezagun eta langileen osasuna eta bizitzeko eskubidea berma daitezen.

Aski da! Eredu ekonomikoa aldatzera goaz!
 


PREKARIETATEA HILTZAILEA 

MOBILIZAZIOAK
13:00etan Oiartzun (Gehingo Sindikala)

19:00etan Iruneko Zabaltza Plazan (Sortu, Ernai eta LAB)

 

 

Bergara eta Eskoriatzako zabor bilketaren aldaketa atzera pausoa da eta lanpostuen galera ekarri dezake

0


Debaldea eskualdeko LABek agerraldia egin du Bergarako Kultur Etxean, hurrengo igandean Bergaran eta Eskoriatzen zabor bilketa sistemaren inguruan egin behar den kontsultaren harira. LABek zabor bilketa sistemaren balizko aldaketarekin egon daitekeen lanpostuen galeraren gaineko kezka adierazi eta hondakinen bilketa selektiboa bultzatze eta egitearen aldeko apustua zuzena egin du, gehien birziklatzen duen sistema eta gutxien kutsatzen duen sistema delako.

GALDEKETA DELA ETA

Gure eskualdean hondakinen bilketa selektiboa martxan jarri zen, sistema desberdinekin eta emaitza oso onak ematen ditu birziklatze tasari dagokionez. Atez ateko sistemak (Eskoriatza) eta sistema mistoak (Bergara) gainera, lanpostuak sortzen ditu. Orain, eskualdeko bi herriotan, eta beranduago Aretxabaletan, herri galdeketak planteatzen dira, sistemokin jarraitu edo bostgarren kontenedorearen sistema ipini behar den erabakitzeko. Gure aburuz, erabakiko denak berebiziko garrantzia dauka; alde batetik erabakiko denak ondorio zuzenak izango dituelako ingurugiroan, eta bestetik, atez ateko sistemak eta sistema mistoak sortu dituzten hainbat lanpostu kolokan ipini daitezkelako. Hori dela eta, LAB sindikatutik gure ikuspegia jakinarazi nahi diogu iritzi publikoari, eta bereziki galdeketan parte hartu behar duten Bergarako zein Eskoriatzako herritarrei.

1- Hondakinen bilketa selektiboa bultzatzea eta egitea zuzena dela deritzogu, gehien birziklatzen duen sistema eta gutxien kutsatzen duen sistema delako. Gizakiok ingurumenaren parte gara eta berau ahalik eta gutxien kaltetzea guztion zeregina da.

2- Atez ateko sistemak, zein sistema mistoak, lanpostuak sortzen dituzte. Gai honekiko gure kezka adierazi nahi dugu, galdeketa egingo den herrietan sortu diren 8 lanpostu kolokan egon daitezkeelako. LAB sindikatuarentzat, lanpostuen mantentzea eta berauen defentsa, lehentasuna da. Une honetan, jakin badakigu egoera honek ezinegona sortzen duela atez ateko eta sistema mistoko langileen artean, inork ez bait die lanpostua mantenduko dutenik bermatu. Hori dela eta Debagoieneko Mankomunitateari egoera honekin bukatzeko eskatzen diogu. Langileak ezin dira egoera honetan eduki.

3- Herritarrei galdeketa egitea begi onez ikusten dugu, herritarren parte hartzea sustatzen duelako eta demokrazian sakontzen duelako.

4- Gai honen erabilpen politikoa egitea, ordea, ez dugu begi onez ikusten eta azken aldian gai honekiko ingurumen irizpideak erabili beharrean, irizpide politiko eta elektoralak lehenestea erabat arbuiagarria dela deritzogu.

5- Hurrengo urteotan Europar Batasunetik gutxien kutsatzen duen sistema ezartzeko agindua egongo da, partaide diren estatuentzako. Horregatik errauskailuaren aldeko apustua egitea zentzugabea, diru publikoaren xahuketa, eta biztanleon osasunarentzat kaltegarria dela deritzogu.

6- Hurrengo igandean, Bergaran eta Eskoriatzan ariketa demokratiko bat egitera deituak daude herritarrak. Horregatik, herritarrei mezu bat luzatu nahi diegu: atez ateko sistemak, zein sistema mistoak, gehiago birziklatu eta gutxiago kutsatzeaz ezezik, lanpostuak ere sortzen ditu. Une honetan, 8 lanpostu kolokan daude eta bozkatzeko orduan egitate hori ere kontutan hartzeko eskatzen diegu herritarrei. Enpleguak sortzea ez da bat ere gauza erreza. Urrats handia izan zen lanpostu hauek sortzea eta ikaragarrizko galera litzateke berauek desagertzea, batez ere kale gorrian geratu daitezkeen langileentzat.

 

 

 

Metalgintzako hitzarmen duin baten alde borrokan

0

LABek manifestazioa egingo du bihar “Metalgintzan prekarietaterik ez! Hitzarmen duinak borrokatu!” lemapean Donostian. Helburua negoziazio kolektiboaren inguruan patronalak duen jarrera salatzea. ADEGIko egoitzatik abiatuta goizeko 11:00etan.