2026-05-02
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaInposaketei stop! Hezkuntza herritik herriarentzat

Inposaketei stop! Hezkuntza herritik herriarentzat


Euskal Herrian hezkuntza gatazka bat dago. Izan ere, Euskal Herriari Espainiako eta Frantziako hezkuntza sistemak inposatzen zaizkio eta bere hezkuntza sistema propioa egituratzeko aukera ukatzen zaio. 

Baina, gainera, oinarrizko inposizio horrek euskal herritarren hezkuntza eskubideen urraketa sistematikoa eta orokorra eragiten du. Hari honi tiraka,azken urteetako erasorik bortitzena jasaten ari gara LOMCE legea medio. Alta, lege hau Espainiako estatuak azken urteotan egiten ari den egiturazko aldaketen baitan kokatu behar dugu:lan erreforma, zerbitzu publikoen pribatizatzea, jubilatze adina atzeratzea,murrizketak…

Hartzen ari diren neurriok gordinki azaleratzen dute hezkuntzari ere ematen ari zaion erabilera politiko nahiz ekonomikoa. Estatuek zein Euskal Herria zatikatzen duten administrazioek jakin badakite jendarte eredu baten eraikuntzan hezkuntzak zer nolako garrantzia duen, eta apustu garbia egin dute beraien interesen araberako hezkuntza sistema bat osatze bidean. Isilpean, ttantaka-ttantaka, zirimiri moduan, Euskal Herriaren asimilazioaren bidean estrategia oso eta zuhur bat garatzen ari dira. Eredu sozio-ekonomiko liberal eta patriarkala sostengatuko duten pertsonak hezi nahi dituzte, eta bide horretan ikasleak adoktrinatzeko urratsak ematen dihardute. Murrizketak, egoera sozio-ekonomiko estu baten aurrean hartutako neurri logikotzat aurkeztuz edo plan zein erreformak hezkuntzaren garapenaren hitzekin apaintzen badizkigute ere, guztiak estrategia berean kokatu behar ditugu.

Egoera irauli beharra daukagu. Euskal Herriak premiazkoak ditu bere biziraupen eta garapena ziurtatuko dituzten tresna eraginkorrak eta horietako bat da Hezkuntza Sistema propioa antolatzea.Hezkuntza herritik herriarentzat sortzen da, belaunaldi berriei gure identitate kolektiboaren ikur diren ezagutzak, jakintzak eta balioak transmititzeko. Herri proiektua da herri baten biziraupen zein garapenaren bidean egiten dion ekarpenagatik. Herri baten zutabe garrantzitsuenetarikoa izaki, eta egoera hau kontuan hartuta, urrats praktikoak emateko tenorean gaude. Urteetako inposizioei stop esan eta hezkuntzaren gaineko erabakiak gure herrian hartzeko unean gaude, bertan erabakitzeko. Ezezkotik baiezkora saltoa eman behar dugu eta horretarako denon artean Euskal Herriak behar duen hezkuntza ereduaren gainean eztabaida egin eta adostasunak bildu behar ditugu. Hezkuntzaren afera lehentasun sozial eta politikoa izan behar du. Bide honetan, LABk historikoki aldarrikatu duen bezala, gure herriak marko normatibo propioa behar duela argi dugu. Horregatik, Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistema propioaren bidean eztabaida ireki, adostasunak eraiki eta horren araberako hezkuntza lege berriak osatzea premiazkoa da.

Eta gure ustez adostasun horiek eta horren araberako legeek, gutxienez, hiru oinarri hauek barnebildu beharko lituzkete:
Curriculum eta ebaluazio sistema propioa.

Euskaldun eleanitzak sortzeko planteamendua.

Euskal publikotasunaren definizio berria.

Zer egitearekin batera nola egiten dugun ere garrantzi berezia du. Horrela, LABen ustez,honako ezaugarriak bete beharko lituzke eztabaida eta legeak osatzeko prozesuek:

Prozesuek hezkuntza eragile eta alderdi guztien parte hartzearekin gauzatu behar da.

Elkarlanean denon adostasunak bilatu beharko ditu.

Legeen osaketak, ezinbestean, orain arte egindako lana kontutan hartu beharko du.

Era berean, ezin aipatu gabe utzi, Urriaren 24ko Alternatiben Herria. Bertan, argi geratu zen hezkuntzan ere badaudela alternatibak. Hainbat herritan hezkuntza komunitatea elkartu eta hezkuntza proiektuak garatzen ari dira; argi baitute euren seme-alaben,iloben, biloben,lagunen… heziketan erabaki nahi dutela. Esperientzia hauek saretu eta Euskal Herriko txoko guztietara zabaltzea premiazko dugu, ikastetxez-ikastetxe, auzoz-auzo, herriz-herri egindako lanarekin osatuko baitugu Hezkuntza Plataformen Topagunearen leloa gurea eginik guk, orain, hemen, behar dugun hezkuntza eredua.

LABk hezkuntza burujabetzaren bidean herri gisa elkarlanean adostasunak eraikitzeko determinazioa osoa du. Egungo markoa gainditu eta inposaketa orori aurre egiteko gure hezkuntza sistema urratsez- urrats eraikitzeko bidegurutzean gaude. Herritar guztioi dagokigu parez pare dugun egoera honetaz jabe egin eta Euskal Herriak behar duen Hezkuntza Sistema Propioa garatze bidean urrats praktikoak ematea. Bide honetan, Azaroaren 28an Hezkuntza Plataformen Topaguneak deituriko ekimenak aukera paregabeak dira hezkuntza propioaren norabidean beste urrats bat emateko. Ez dezagun aukera hau galdu.
 




GUK, ORAIN, HEMEN GURE HEZKUNTZA ERAIKI!

"Eraikuntzara salto egingo dugu 28an"

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

00:02:45

[ARGAZKI GALERIA]: Birbanaketa politikak eta langileen aldeko neurriak aldarrikatu ditugu Euskal Herri osoan egindako 26 manifestaziotan

Eskualdez eskualde mobilizatu da sindikatua Maiatzaren Lehenean, etxebizitza eskubidearen, kalitatezko zerbitzu publikoen eta soldata nahiz pentsio duinen aldarrikapenak ardatz hartuta.
00:13:27

Garbiñe Aranburu: “Inor atzean ez uztea da faxismoaren eta oldarraldi atzerakoiaren aurrean eman dezakegun erantzunik hoberena”

Langileok eragin da aurtengo leloa. Eragiten ari gara. Gaur berriro Euskal Herri osoan kalean gara, eskualdez eskualde. Aipamen berezia Ipar Euskal Herriko gure kideei. Urteetako lan nekaezinak emaitzak eman ditu, eta intersindikaleko sindikatuekin batera Baionan eta Maulen ere mobilizatu gara.

LABek sinatu du Nafarroako zahar egoitzetako lehen aurreakordioa, sei urteko borroka sindikalaren ostean

LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitzetako hitzarmen kolektiboaren lehen aurreakordioa sinatu du, sei urteko mobilizazio eta antolakuntza sindikala eta gero. Hitzarmenak hobekuntza nabarmenak izango ditu...