2026-06-27
Blog Page 1073

Ezetz esaten diogu isolamendu eta sakabanaketari



Gaur, Bilboko gehiengo sindikala osatzen dugun ELA, LAB, STEILAS, ESK, EHNE eta HIRU sindikatuok kontzentrazioa egin dugu gaur Fresnesen preso dagoen Itziar Moreno San Inazioko auzokidearen isolamendua salatu eta behingoz buka dadin eskatzeko asmoz.

Itziar, Fresneseko kartzelako beste kide batzuk bezala presondegi honetako oinarrizko eskubideen urraketengatik protestatzera behartua ikusi zuen bere burua: higiene falta, katxeoak biluztera behartuz, funtzionarioen aldetik behin eta berriz emandako errespetu falta, haurdun dauden presoen bizi-baldintza tamalgarriak… guzti hauek, besteak beste, bizi-baldintza duinak izatea galarazten dutelarik.

Salaketa hauen ondorioz, Itzar isolamendu ziegan zigortua izan da, bere kideak zigor ziegetan daude, eta Saul Curto Zorrotzako auzokideak, gose greba hasi zuen pasa den maiatzaren 11an egoera honekin amaitzeko.

Era berean, Itziar Moreno, Ekhiñe Izagirre Fresnesen dagoen euskal presoarekin batera, gose greban dagoela jakin dugu, atzotik, maiatzaren 23tik.

Sindikatu hauetatik, gaur Bilbon, Frantziar Kontsulatuaren aurrean, Itziar Morenori jarritako arrazoi gabeko zigorrarekin amaitzea eskatzen dugu.

Era berean, frantziar zein espainiar estatuei pertsona ororen oinarrizko giza eskubideak urratzen dituzten salbuespen neurriekin eta isolamendu zein dispertsioarekin buka dezaten eskatzen diegu.
 

 

 

Zalantzan jartzen dugu irakasleen kontrako erasoen aurreko protokoloaren eraginkortasuna

0

Gure kezka adierazi nahi dugu azken hilabeteetan irakasleen kontrako eraso ezberdinen berri jaso dugulako. Gainera, kezka areagotu egiten da gertakarien jakinarazpena irakasleek beraiek eman digutenean. Izan ere, sindikatuak EAEko Hezkuntza Sailetik inolako informaziorik ez jasotzeak eta langileengandik beraiengandik jasotzeak berretsi egiten du kasu gehiago egon badaudela.

Azken erasoak icebergaren tontorra izan daitezkeela pentsatzen dugu. Horregatik, eta icebergaren tamaina jakiteko, Hezkuntza Sailari azken urteotan irakasleek jasandako erasoen datuak sindikatuei heleraztea eskatzen diogu. Langileen ordezkariekin, datuak mahai gainean, azterketa sakona egin eta arazoari aurre egiteko neurri eraginkorrak bilatu behar dira.

Gaur egun erasoen aurrean jarraitzen den protokoloaren eraginkortasuna zalantzan jartzen dugu. Berau berrikusteaz gain, erasoak ez gertatzeko prebentzio neurriak aztertu behar dira.
 

 

 

3.370 inkesta zerbitzu sektoreko langileen egoera gainditzeko


Prekarietatearen aurkako borrokan ezinbestekoa da egoera hau pairatzen duten langileei hitza ematea. Helburu honekin LABek zerbitzu sektorean aritzen diren langileegana jo du bizi duten egoeraren argazkia egin eta bizi duten prekarietateari irtenbideak bilatzeko. Betetako 3370 inkestek agerian utzi dute langileen gehiengo zabalak uste duela baldintza prekarioak dituztela.

Prekarietatearen aroa bizi dugu, baina prekarietatea ez da soilik lan-baldintza kaxkarrak izatea, bizitza proiektu burujabe baterako dugun zailtasunen zerrenda amaigabea baino. Egoera honi aurre egiteko sindikatuak egokitu egin behar duela erabaki du. Eta horretan ari gara. Sektore prekarioetara hurbildu gara, borrokarako eta antolaketarako eskaintza berritua eskainiz.

Zentzu honetan garrantzia berezia eman diogu langileen iritzia eta egoera bertatik bertara jasotzeari, eta horretarako inkestak baliatu ditugu. Zerbitzu sektorean, beste arlo batzuen artean, garbiketa, merkataritza, jantoki eta telemarketingeko langileek LABekin hitz egin dute eta prkarietateak gogorki kolpatzen dituela jakinarazi digute.

Datuak zein baino zein argiagoak dira. Langileen %80 uste dute beraien lan baldintzak prekarioak direla. Gainera egoera honen arrazoi nagusiak, beste askoren artean, soldata, behin behinekotasuna eta ordutegia dira langileen iritziz. Egoeraren argazkia osatzeaz gain prekarietate hori gainditzeko neurriak ere plazaratu dituzte langileek. Galdezkatuen %90etik gorak 1200 €ko gutxienezko soldata, 35 lanorduko astea, erreformatik babestutako bertoko sektore hitzarmenak, jardunaldi partzialeko kontratuak egin al izateko gutxienezko ordu kopuru bat zehaztea, enpleguaren egonkortasuna bermatzen duten neurriak eta lan ikuskaritzak lan zentruetan dauden lan baldintza errealen kontrol zehatza egitea aldarrikatzen dute.

Inkesta hauek agerian utzi dute prekarietateak milaka aurpegi dituela eta guztiak borrokatu eta alternatibak aldarrikatzera goaz. Maiatzaren 28an Bilboko kaleetan langileon salaketak eta alternatibaren beharra ozen entzungo dira.

 

 

ONCEren produktuen externalizazioa ahalbidetzen duen akordioa atzera botatze eskatzen dugu

ONCEk, Correoseko bulegoetan, Coviran eta Opencor bezalako zenbait supermerkatu desberdinetan saltzen ditu bere produktuak. Akordio honek erakundearen irudi soziala eta lanpostuen egonkortasuna kolokan ikusten dituela iritzita ONCEko enpresa batzordeak akordioa berehala bertan behera gera dadin eskatzen du.

ONCEko enpresa batzordearen oharra

ONCE bere produktuak Correoseko bulegoetan saltzen hasi da, gaur egun estatu osoan 2.200 bulego dituena. Orain, Opencorri ere eman dio aukera hori.

Honek, kanpoan saltzen den, hau da, ONCEko langileetaz aparte saltzen denaren igoera nabarmena suposatzen du, eta lanpostuen suntsiketaren aldeko beste pausu garrantsitsua da. Zalantzarik gabe, ONCEko produktuen externalizazioa, langileen aurkako eraso larria da, aurrekaririk ez duena, ez bakarrik saltzaileentzat, bulegoetako langileentzat ere. Horregatik, ONCEko Euskadiko Lurralde Delegaritzako Enpresa Batzordetik, akordio honek lanpostuen egonkortasunerako eta erakundearen irudi sozialerako suposatzen duen eraso larri hau salatu nahi dugu. Organo honetatik, akordio hau berehala bertan behera gera dadin eskatzen dugu, langileoi eragingo digun konpetentzia zuzenarekin, langileen eskubideak urratuko direlako. Hau ez da berria, estanko, gasolindegi eta prentsa kioskoetan saltzen baitzen, baina erasoa eta kalteak areagotu egingo dira sinadura honekin.

ONCEren eginkizun nagusia, gizarteak gehien ikusten duena, ezgaitasunen bat duten pertsonak eta batez ere ikusmen ezgaitasuna duten pertsonak kupoia salduz eta lanaren bitartez gizarteratzea da. Enpresa Batzorde honek, akordio honek erakundearen eginkizun sozialari min handia egiten diola salatu nahi du, desargerpenaren eraginaren aukera sortuz. Ezin dugu ahaztu ONCE erakunde publikoa den heinean, onura eta laguntza garrantzitsuak jasotzen dituela urtero. Horregatik, Enpresa Batzorde honetatik, instituzioei deialdi bat luzatu nahi diegu, dagokien arduradunei, jakinaren gainean jar daitezen eta guzti hau kontrola dezaten. Hala ere gizarteak ere badu langileei eta eginkizun sozial honi bultzada bat emateko aukera eta etekina emango ziona; betiko saltzaileari erostea izango zan, kalean eta kioskoetan.

ONCEko Zuzendaritzak badaramatza dagoeneko bost urte politika hau bultzatzen, betiko saltzaileen sarea, diru-iturri nagusiena zapalduz, %95 fakturatzen duena, eta kanpo salmenta paralelo bat zabalduz. Astakeri honek, ONCEk ikusmen ezgaitasuna duten pertsonei bere zerbitzu espezilizatuak prestatzea baimentzen dio.

ONCEko Eukadiko Lurralde Delegaritzako Enpresa Batzordetik, ONCEko Zuzendaritzak markatutako helburuetara ez heltzeagatik saltzaileak kaleratzea edo eta zigortzea ez dela normala ez etikoa uste dugu, konpetentzia zuzena egiten zaien bitartean. Kupoia prentsa-kiosko, estanko, gasolindegi, Corresoeko bulegoetan saltzen denean, ezin dugu ahaztu saltoki hauek askotan, ONCEko saltzaileak lan egiten duen inguruan daudela, hauek bizitza aurrera ateratzen saiatzen ari den tokian.

Betiko saltzaileen saretik 23.000 familia bizi dira zuzenenan, eta zabaldu nahi duten kanpo salmenta sare berritik ez da familiarik bizi. Are gehiago ezgaitasuna duten pertsonen lanpostuen suntsiketa areagotzen da.

Aurreko guztiagatik, ONCEko Euskadiko Lurralde Delegaritzako Enpresa Batzordea, CCOO, ELA eta LABen babesarekin, akordio honen aurka kokatzen da erabat eta mobilizazioa burutuko du datorren Maiatzaren 24an eguerdiko 11,30tan Opencorrek duen dendaren aurrean, Bilbon (Alameda Rekalde 27 kalea).
 

 

 

Fresneseko kartzelan presoen eskubideak urratzen direla salatuko dugu

ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek kontzentrazioa egingo dugu bihar Bilboko frantses kontsulatuaren aurrean, “FRESNES SOS, isolamendurik ez, sakabanaketarik ez, euskal presoak etxera!” lemapean. Kontzentrazioan, Fresneseko kartzela frantziarrean Bilboko auzokide bik bizi duten egoera larriaren aurrean kezka adierazten duten idatzi bat helaraziko diote Frantziako kontsulari.

Itziar Moreno, isolamenduan dago Fresnesko kartzelan joan den maiatzaren 2tik hona. Zigor hau Fresnesen errespetatzen ez diren oinarrizko eskubideak defendatzeagatik inposatzen dioten zigorra, hala nola, garbitasunerako eskubidea, katxoetan biluztu behar ez izateko eskubidea, funtzionarioek errespetuz tratatua izateko eskubideak edo haurdun dauden presoek euren baldintzak hobetzeko eskubidea… Azken batean bizi-baldintza duinetarako eskubidea.

Euskal preso batek jasandako justfikaezinezko zigor honen aurrean, Saul Curto Bilboko auzokide eta kartzela berean preso dagoenak, elkartasunezko gose greba hasi zuen maiatzaren 11an protesta moduan.

Bilboko euskal gehiengo sindikalak kontsulari eskuhartzea eskatuko dio eskuduntza duen autoritate frantesen aurrean Itziar Morenoren isolamendu egoera larriarekin amaitzeko.
 

 

 

Maiatzaren 28an Bilbon dugu hitzordua

Prekarietatearen kontrako borrokan jauzi bat emango dugu. Prekarietatearen milaka aurpegi agerian jarriz, alternatibak aldarrikatu eta borrokatzera goaz. Helburu honekin datorren maiatzaren 28an, mobilizazio nazionala egingo dugu Bilboko kaleetan. Mobilizazio anitza eta dinamikoa izango da, prekarietatea gogorki pairatzen duten langileei hitza emango diena.

LABek gaur eskaini duen agerraldian, Ainhoa Etxaide, LABeko Idazkari Nagusiak, adierazi du “prekarietatea langileoi inposatu zaigun egoera dela. Langile guztion arazoa da, arazo sozial larria”. Egoera hau aldatzea posible da horretarako borondate politikoa egonez gero. Nola egin arazo honi irtenbidea aurkitzea alderdi eta instituzioetako agendaren erdigunean egon dadin? Guztion indarra eta borrokari esker.

“Testuinguru honek gure ekintza sindikala eraberritzera eraman gaitu” azaldu du Etxaidek. Konfrontazio garai berri bat irekitzen ari gara patronalaren aurrean, lan munduan eta lantokietatik at. Horrekin batera interpelazio instituzionala indartu dugu prekarietatera kondenatzen gaituen eredua alda dezaten.

Alternatiba badago, aldaketa posible da. 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko lanastearen aplikazioarekin, lan osasunerako eta euskaraz lan egiteko eskubidea aitortuz, eta neurri guzti hauek emakumeengana iristeko erabakiak hartuz lan mundua goitik behera aldatuko da.

Helburu hauek lortzeko egunerokoan aurrera daramatzagun borroka guztiek isla izango dute maiatzaren 28an Bilbon egingo dugu mobilizazio nazionalean. Aldarrikapen guztiek izango dute lekua, ekar ezazu zurea.

 

 

 

Industrian ematen den prekarietatea salatzeko ere M28an Bilbora

0

LAB sindikatuko Industria federazioko kideek parodia eta kontzentrazioa egin dute gaur, hilak 20, Donostiako SEPE ren egoitzaren aurrean “Kontratazio berrietan zabor kontraturik ez!” lemapean. Bertan industrain prekarietatea izugarri hedatzen ari dela salatu dute.

Agintari politikoei hamaika bat aldiz entzun izan diegu industriak gure ekonomian duen garrantziaz eta, gainera, industriak sortzen duen enplegua kalitatezko enplegua dela ohartarazten digute.

Aitzitik, industriako langileek pairatzen duten egoera bestelakoa da. Sortzen ari den enplegu berria apurra izateaz gain oso prekarioa da. Industrian egiten diren 10 kontratutik, 9 aldi baterako kontratuak dira. Gainera, sinatu diren aldi baterako kontratuen ia erdiak ez du hilabete bat baino gehiago iraun. Datu honek agerian uzten du sortzen den enpleguaren kalitate eskasa.

ETTak, autonomo faltsuak, lanaldi partzialak, praktiketako kontratuak, azpikontratak, estatu mailako hitzarmenen araberako kontratuak, soldata baxuagoak… eguneroko ogia dira Euskal Herriko industriako langileentzat. Krisiaren aitzakipean zabor kontratu hauek gutxitu beharrean, azken urteetan biderkatu dira gure industrian. Egun salbuespena da aldi osorako kontratua izatea. Industriako langileak, jendarte osoa bezalaxe, salbuespeneko lan egoera batean bizi dira. Ez dago etorkizuneko industriarik, kalitatezko enplegurik gabe. Ezin da enpresetan langileen partehartzeaz hitz egin, langileen lan eskubiderik gabe. Industrian langile pobreen kolektiboa igotzen ari da. Gero eta gehiago dira miseriazko soldaten truke lan egiten duen jendea. Eta hau guztia ez da krisiaren ondorio “natural” bat, erabaki politiko neoliberal batzuen emaitza baizik, lan erreformak tarteko.

Kalitatezko enplegua ez da luxu bat, eskubidea baizik. Kalitatezko enplegua aldarrikatzeko garaia da, langile guztien eskubideak defendatzeko garaia da. Horrela ez gara krisialditik aterako, krisi garaiko ondorioak betikotu egingo dira. Soldata duinak behar ditugu, lan baldintza duinak behar ditugu.

Honengatik guztiarengatik, Industriako federaziotik dei egiten diogu industriako langile guztiei maiatzaren 28an egingo den mobilizazioan parte hartzera.
 

 

 

EROSKIri konponbidea eskatuz, kontzentrazioa egin dute NANUKeko langileek lanpostuen defentsan

0

Transportes Nanuk likidazio prozesuan hasteko zorian dago. Enpresaren zuzendaritza, akordio batera iristen ahalegindu zen, horretarako langileon baldintzak kaxkartzeko eskatuz. Honi ezetz esan eta akordioa ezin izan zen lortu. LAB eta ELAk inposatzen diguten baldintzei eta honek dakarren prekaritateari gure ezezko borobila ematen diegu, hemen lan egin eta hemen erabaki nahi dugu.

LAB eta ELAren prentsa-oharra:

Transportes Nanuk likidazio prozesuan hasteko zorian dago. Enpresaren zuzendaritza, akordio batera iristera ahalegindu zen, horretarako langileok soldata murrizketa eta lan baldintzak kaskartzea onartu behar genuen, honi ezetz esan eta akordioa ezin izan zen lortu.

Beste aldi batzuetan ez bezala EROSKIk arazoan sartzea erabaki zuen kanpoko aholkularitza bat erabiliz enpresa-komitearekin negozia zezan. Enpresa komitea CCOOeko hiru partaide, ELAko bat eta LABeko beste kide batek osatzen dute.

Orain dela lau urte Trasnportes NANUKen 63 eguneko greba bat egon zen, eta non gatazkak kalte egin zien EROSKIri eta bere irudiari. Argi dugu EROSKI dela arazoaren erdian dagoen aktorea eta EROSKIk bere dendak hornituak izango dituela etorkizunean gaur egun NANUKek egiten duen ibilbideekin. Horregatik EROSKiren hornidura beharrak ez direnez desagertzen, ondorioz lana egoten jarraituko du.

Kontratatutako aholkularitza enpresaren ondorioz eta legalki datak oso murriztuak daudenez, NANUK derrigortuta dago hartzekodunen lehiaketa prozesu bat hastera. EROSKIk ondorioz, denbora galdu gabe, hirugarren enpresa bat topatzen hasi da, orain arte NANUKek egiten zuen zerbitzua ez faltatzeko.

Aholkularitza enpresak ipini duen aukera bakarra, konponbide bezala, honakoa da; estatu mailako garraio enpresa bat kontratatzea. Aukera honek ez du etorkizunean lan postu denak bermatzen eta lan baldintzen prekarizazioa ekarriko du. Gainera, langileek zor zaien diru guztitik galdutzat eman beharko dute zati bat.

Atzerriko enpresa handi batek langileek duten negoziatzeko boterea erabat baldintzatuko du. Ondorio zuzenak edukiko ditu honek, deslokalizazioa, prekaritatea. eta etorkizunean borroka gehiago baldin badaude, hauek Euskal Herritik urrun egongo dira, eta EROSKItik ere bai.

Honengatik guztiagatik, LAB eta ELAk inposatzen diguten baldintzei eta honek dakarren prekaritateari gure ezezko borobila ematen diegu, hemen lan egin eta hemen erabaki nahi dugulako. Gure eskubideetan oinarritzen den negoziazio prozesu bat nahi dugu, enpresa berria, EROSKI eta NANUKeko langileen parte hartzearekin.
 

 

 

Fresneseko espetxean isolamenduan eta gose greban diren euskal presoei elkartasuna adierazten diegu


LABek kezkaz ikusten ditu Fresneseko espetxetik datozkigun azken berriak. Agerian geratu da berriro ere, euskal preso politikoek espetxeetan pairatzen duten egoera oso larria dela. Honen aurrean LABek Espainiar eta frantziar estatuek euskal presoei ezartzen dieten mendekuzko eta salbuespenezko kartzela politika ankerra salatu nahi du eta datozen egunetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen du.

LABek kezkaz ikusten ditu Fresneseko espetxetik datozkigun azken berriak. Hain zuzen ere, Itziar Moreno isolaturik eta konfinaturik dago momentu honetan pairatzen dituzten giza eskubideen urraketak salatzeagatik. Era berean, elkartasuna adierazteagatik Ekhine Eizagirre eta Iratxe Sorzabal ere zigortuta daude. Horrekin batera, eta aipatutako presoak jasaten ari diren eskubideen urraketa hori salatu nahian, espetxe horretako gizonezkoen atalean preso dauden Ugaitz Errazkin Telleriak, Saul Curto Lópezek, Xabier Goienetxe Iragorrik, Oier Ibarguren Sarasolak eta Enrique López Junok 10 egun daramatzate gose greban.

Euskal preso politikoek espetxeetan pairatzen duten egoerak okerrera egin du. Honen aurrean LABek Espainiar eta frantziar estatuek euskal presoei ezartzen dieten mendekuzko eta salbuespenezko kartzela politika ankerra salatu nahi du eta bereziki, Fresneseko espetxean gertatzen ari dena. Euskal presoen oinarrizko eskubideen urraketa eta mendekua ohiko bilakatu dira eta gatazka politikoaren konponbidea eragoztea dute helburu.

Presoen afera konpontzea ezinbesteko urratsa da Euskal Herrian bake eta konponbide prozesuan aurrera egiteko. Baina beste behin, agerian geratu da Estatu espainiar eta frantziarrak hartutako norabidea: espetxe politika kriminala erabiltzen dute Euskal Herrian irekitako bake prozesua zapuztu eta euskal presoei etengabeko salbuespen neurriak ezartzeko. Ahots asko altxa dira dispertsioa eta salbuespeneko neurrien aurka, bada garaia beraz halako zigor neurriekin behin betikoz amaitzeko.

Giza eskubideen defentsan inoiz baino beharrezkoago da indarrak batzea eta egoera hau iraultzeko alderdi politiko eta eragile ezberdinen inplikazioa ezinbestekoa da. Horrez gain herri mobilizazioa indartuz soilik lortuko dugu espetxe politika anker honekin amaitzea eta euskal preso politiko guztiak etxera ekartzea. Zentzu honetan LABek eta dei egiten die langileei egoera hau salatzeko deitu diren mobilizazioetan parte hartzeko.