2026-06-27
Blog Page 1072

Industrian prekarietate iturri diren egoerak agerian utzi ditugu


Nork ezagutzen du langileen egoera beraiek baino hobeto? Inork ez. Horregatik jo du sindikatuak zuzenean beraiengana. Industrian enpresa handi eta txikietako errealitatearen artean alde dago, beraz azken horiei begira lanketa espezifikoa egitea erabaki dugu. 300 enpresa txiki edo ertainetan izan gara langileen hitza jasotzen.

helburu honekin lanketa espezifikoa abiatu da enpresa txiki eta ertainetako langileek dituzten kezka eta lehentasunak aztertu eta berresteko asmoz. Galdezkatuek azaldu digutenez soldaten egoera da beraien kezka nagusia, atzetik datoz hitzarmenen aplikazioa, lan osasuna, convenio edo paktuen negoziazioa, laneko erritmoak, malgutasuna…

Prekarietatea iturri diren egoera guzti hauek gainditzeaz gain industrian arreta berezia jarri da kontratazio berrietan ematen den diskriminazioaren salaketan. Lanketa guzti honek isla izango du larunbat honetan Bilboko kaleetan egingo dugu mobilizazio nazionalean eta datorren asterako antolatu diren ekimenetan.
 

 

 

M28an bilbon izango gara lan osasun eskubidea ere aldarrikatzen


Lanera joatean gure bizitza arriskuan jartzen dugu. Gaixotasunak, istripuak, heriotzak ohiko kontu dira langileetzat. Hori da pairatzen dugun errealitate gordina eta aldatu behar duguna. Mobilizazioa sakonduz eta neurri eraginkorrak hartzera behartuz bestelako eredu bat eraikitzea lortuko dugu.

Sinesgaitza bezain onartezina bada ere, oraindik, lanera joatean gure bizitza arriskuan jartzen dugu. Datuak hor daude: egunero 267 lan istripu gertatzen dira, 5 minuturo bat. 2015ean 6 egunetik behin langile bat hil zen eta urtea hasi denetik beste 20 langilek bizi galdu dute lanean ari zirela. Egunero, 12 gaixotasun profesional kasu aurkitzen dira. Egoera honen atzean prekarietate asko eta prebentzio neurri gutxi aurkitzen ditugu.

Instituzioen aldetik ez dago benetako neurri eraginkorrik egoera hau konponbidean jartzeko, alderantziz, erakundeek azken hamakadetan hartu dituzten neurriek lan merkatua prekarizatu eta baliabideak murriztu dituzte gure osasunaren kaltetan. Beraz ezinbestekoa da politikak aldatu eta neurriak hartzea. Gobernuek behingoz begirale izateari utzi eta sakoneko neurriak hartu behar dituzte. Horrez gain enpresen gaineko kontrola handitzea behar beharrezkoa da lan-istripuekin zein gaixotasun profesionalekin amaitzeko.

Aldaketa horiek behartzeko mobilizazioan sakontzea dagokigu, arazoaren larritasuna jendarteratzen jarraitu behar dugu, lanera joatea ez dadin bizitza arriskuan jartzea izan.

 

 

 

Larunbatean gazteok #bideakBatuz Bilbora


Maiatzaren 28an 17:30ean prekarietatearen kontra Bilbon egingo dugun mobilizazioan parte hartzera deitu du Ernai gazte antolakundeak. 

Ernai gazte antolakundearen oharra:

"Azterketa garaia dugu maiatza. Milaka gaztek udaberriko lehen eguzki izpiekin batera liburutegi, ikasgela eta hamaika txoko betetzen ditugu liburuen artean murgilduta. Lan guztia, zenbaki batean kalifikatzeko, horren presioa bizkar gainean sentituz. Gero “saria”: gure lan indarra saldu eta azken izerdi tanta xurgatuko digun merkatu kapitalista.

Gutako askok ezaguna dugu “sari” hori. Full time deituriko ikasleok edo aspaldi ikasketak utzita ditugunok ere, handik hona gabiltza lau xox miserable lortzeko enplegurik ziztrinenak onartzen. Kontraturik gabe, praktikaldiekin lanpostuak ordezkatzen, aldi baterako enplegu bat, bi edo hiru elkarrekin uztartzen…Orainean biziraunarazi nahi gaituzte. Gazte sumiso, otzan eta isil, etorkizunik gabekoak.

Zurrunbiloaren erdian ordea, komeni da ikasgelatik irten, begiak itxi eta bizi dugun egoeraren zergatiei erreparatzea. Norbere buruari galdetu ea gauzak aldatzeko prest gauden. Eta baiezkoa bada erantzuna, egin dugunaren inguruan pentsatu beharko genuke. Azken hilabeteei erreparatu eta joder, uste baino gauza gehiago gertatu dira gure Herrian.

Aldaketa soziala aldarrikatu eta bizitza burujabea eraikitzeko gogoa, nahia eta gaitasuna bildu genituen urrian Alternatiben Herrian. Euskal Herritik kanpo sortutako borrokek ere oihartzuna izan dute, ezin ahaztu otsailaren amaieran Herrialde Katalanetako deialdiaren testigua hartu eta Movistar enpresaren aurkako borrokari lotu ginenekoa. Prekarietateak emakume aurpegia duelako mobilizatu ginen martxoaren 8an, baita borrokarako prest gaudela aldarrikatu Gasteizeko kaleetan apirilean. Ama lurra suntsituz aberasten direlako, eman genituen pedalkadak aurreko asteko Txirrinka martxan.

Berriz ikasgelara bueltatzen gara irratiko esatariak dioenarekin batera. Paper batzuk Panaman eta betiko kontua: aberatsen inpunitatea berriz ere agerian. Pribilejioak eta pribilegiatuak. Ilegala etxe desjabetzea gelditzen saiatzea da, edo banketxeak pinturaz zikintzea. Donostian etxerik gabeko herritarrak hotzak jota hiltzea edo patronalak aurten Euskal Herrian 96 litro odol isuri izana ez da arazo bat. Etika merkea, boteredunak aberasten jarraitzeko. Sistemak ederki funtzionatzen du.

Egoeraren krudeltasunarekin nahikoa ez, eta gorbatadun jauntxoak aurpegira barrezka. Semeei Lanbiden lanik ez bilatzeko aholkua ematen Blasco, Urkullu gazteoi kanpora joateko gonbidapenak luzatzen… Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ere ederki ezagutzen ditugu aspalditik hauen laguntxoak.

Herri mugimenduarekin batera, tokian tokiko borroketan murgildu gara gazteok. Nahiz eta argi dugun, gure problematika espezifikoa dela, eta gazte bezala borrokatu eta gure arazoei aurre egiteko tresnak eraiki behar ditugula. Guk egiten ez badugu inork ez digulako ezer oparituko, gure kabuz ala hil.

Sistemaren logika borrokatu eta gainditzeko prest dago Euskal Herriko gazte mugimendua, proiektuak sortuz bidean aurrera eginez. Firestone fabrika okupatuan bildu ginen urte amaieran, obretan dagoen mundu honetan gazteok ere eraikuntza lanetan gaudela erakutsiz. Apirilaren 30ean kaleak astindu genituen ehunka gaztek, baita langileon nazioarteko egunean ere.

Gazte askeak izan nahi dugulako aldarrikatzen dugu burujabetza prozesua, Euskal Herrian garatu beharreko aldaketa prozesua. Bide horretan, eguneroko iraultza txikien logikari helduz, bizi baldintzak duindu, balore iraultzaileak garatu, bizi eredu berriak eraiki, sistemaren logikatik kanpo proiektuak sortu… guzti hauen elkarrekintzaz lortuko dugu botere hegemonikoa zalantza jarri eta arrakalak sortzea.

Ernaiko kideok, gazte mugimenduarekin batera, eta herri mugimenduarekin elkarlanean, askapen prozesuaren baitan dugun onena emateko prest gaude. Maiatzaren 28an ere Bilboko kaleetan elkartuko gara, prekarietatearen aurkako borrokan pausu bat aurrera eginez eta bideak batuz. Obedientziaren aurrean, desobedientzia. Sumisioaren aurrean, intsumisioa. Burugabetasunaren aurrean, burujabetza eta dependentziaren aurrean, independentzia.

Independentzia, sozialismoa eta feminismoa ipar, gazte botereaz Euskal Herria askatu!"
 

 

 

Brasilgo estatu kolpeari ez!

0

Brasilgo impeachment (Estatu kolpea) salatzeko konzentrazioa burutuko dugu bihar, maiatzak 26, arratsaldeko 19:00etan Bilbon, Arriaga antzoki aurrean eta Donostian, Boulevard izango dira. Bertan, konzentrazio amaieran brasilgo kide batek, Frente Brasil Popularrek publiko egindako komunikatua irakurriko du.
 

 

Zerbitzu publikoetako langileen %86ak egoera prekarioak antzeman ditu


Zerbitzu publikoetako langileek zer esan handia dute prekarietatearen inguruan. Hiru astez eskuz eskuko dinamika baten baitan 1500 langileren iritzia jaso dugu. Inkesta bidez jasotako erantzunetan agerian geratu da zerbitzu publikoetan ere prekarietatearen inguruan kezka handia dagoela. Hain zuzen ere, duela urte batzuk ez bezala, langileen gehiengo zabal batek (%86a) egoera prekarioak antzematen ditu bere lanpostuan edo ingurukoetan.

Zerbitzu publikoetan ere prekarietatea gero eta indar handiagoz azaltzen den errealitatea da. Egoera honen atzean dauden arrazoiak ugariak dira: instituzioek bultzatutako politiken ondorioz sortutako behin behinekotasuna, soldatetan izandako murrizketak, lanaldi partzialak edo kontratazio zatikatuak, ordutegiak, lan kargak erratioak, arrisku laboral psikosozialak, azpikontratazioaren ondorio laboral prekarizatzaileak… Gainera prekarietateak zerbitzuaren kalitatean ere eragin negatiboa du, hala nola itxaron denborak luzatu dira, erratioak handitu eta hainbat zerbitzu kendu dituzte.

Pairatzen duten egoera salatzeaz gain zerbitzu publikoetako langileek badituzte proposamenak ere prekarietatea gainditzeko: behin behinekotasuna jaitsi, ordezkapenak bete, egonkortasuna sustatu, LEPak, azpikontratazioarekin amaitu, lanpostuak sortu, antolakuntza eta funtzioen banaketa egokia egin, … Eta horretarako bidea botere politikoa interpelatu eta borroka bateratuak sustatzea dela deritzote.

Argi dago ez gaudela gustora prekarietatearen aroan, eta egoera iraultzeko lerro oso bat jarri dugu martxan, ekintza sindkal berrituarekin. Borrokarik gabe ez dago ezer, eta borrokatzeko, ezinbestekoa da eskubideak aktibatzea, eta honekin lotuta, bideak batzea, aldaketarako aliantzak landuz. Mobilizazioa ezinbestekoa da aldaketa ekartzeko. Urrengo hitzordua jarrita dago: Bilbon ikusiko dugu elkar Maiatzaren 28an.
 

 

 

Kutxabankeko akzioen gaineko kontrola berreskuratzeko mobilizatzen


Euskal Sistema Finantziero Publikoaren aldeko eta Kutxen-Kutxabanken Pribatizazioaren kontrako Plataformako eragile sozial eta sindikalok, Kutxabanken akzioen kontrol osoa berreskuratzeko exijituz mozio-testuak helarazi genizkien hainbat erakunderi beraiek utzi baituzte fundazio bankarioen esku. Maiatzak 25 eta 26an, mozio hauek Donostia Bilbo eta Gasteizko udaletxeetan eztabaidatuko direla aitzakia hartuta elkarretaratzeak egingo ditugu.
 

 

 

LABek errekurtsoa aurkeztu du errauskailuaren plana gelditzeko

0


Datorren igandean, maiatzaren 29an, Errausketaren aurkako mugimenduak mobilizazioa deitu du Gipuzkoan. LABek mobilizazioa babesten du eta bertan parte hartzeko deia egiten die langileei. Errausketa jarduera kutsatzailea da, herritarren eta langileon osasunaren aurka jotzen du bete betean. Guztiz frogatuta dago errauskailuetatik hurbil bizitzeak minbizia izatearen aukera biderkatzen duela, beraz, zer esanik ez errauskailuan lan egiteak. Honen aurka kalera aterako gara igandean.

Errauskailuak badauzka alternatiba egingarriak, alternatiba horiek baztertu, eta errauskailuaren alde egiten bada, aukera politikoa da guztiz, kapital handien alde egiten duena herritarron eta langileon osasuna, ekonomia eta ingurumenaren alde egin beharrean.

LAB oposizioan izan da urte hauetan errauskailuaren proiektuaren aurrean. Gure aldarrikapen eta apostuak garbiak dira: hondakinen produkzioa gutxitzearen aldekoak gara, berziklatzea eta berrerabiltzea biderkatu behar dira, hondakinei beste trataera bat ematearen aldekoak gara, zabortegi toxikoen aurrean. Beste edozein alternatiba aztertu eta bilatzearen aldekoak gara. Beste alternatiba horiek enplegu sortzaileak direla frogatuta dago gainera.

Azkenik, jakinarazi nahi dugu LABek Zubietako errauskailuaren aldeko Eusko Jaurlaritzaren ebazpenari errekurtsoa jarri diola. Ingurumen Sailburuordeak 2016ko apirilaren 11n onartutako ebazpena legez kanpokoa da. Ebazpen honek Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketari onartu egiten dio Zubietako errauskailua egitea, errauskailu horrek indarrean dagoen legedia eta Europako zuzentarauak betetzen ez arren. Gainera, legeztatu nahi den baimena 2010ekoa da, eta, beraz, bere lege-indarra galdua du.
 

 

 

Etxebizitza eskubidea aztergai Eskubide Sozialen Kartak antolatutako hitzaldietan

Maiatzaren 25 eta 26an, “Etxebizitza eskubidearen alde, bizitza burujabea eskubide osoz” lemapean Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak hitzaldiak antolatu ditu Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. Bertan, beste eragile sozial ezberdinekin batera, parte hartuko dute Paris 365 jantoki solidarioak, Emantzipazio bulegoak eta Hernán Córdobak, La Ciutat Invisibleko bazkidea, La Borda Cooperativako sortzailetako bat eta Sants kooperatibismoaren inguruan gertatzen ari den arduradunetako bat.
 

 

 

CCOO eta UGT Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaibusen proposatu duen enplegu suntsiketa bermatzen ari dira

0

Honen bidez, LABek CCOOek eta UGTk a Bizkaibuseko emakidunetan agertu duten jokaera salatu gura du. Enpresa batzorde batzuetan dauzkaten gehiengoaz baliatuta, CCOO nahiz UGT Bizkaibusen gertatzen ari den enplegu suntsiketa berresten ari dira. Berriro ere, sindikatu hauek langileenak eta bizkaitarrenak ez diren bestelako interesei egiten diete men.

Bizkaiko Foru Aldundiarekin sinatu den ituna ez balioetsiz, ontzat ematen da enpresetako lanpostuen amortizazioa. Hori komeni zaio Aldundiari, hasiera hasieratik gainera. Jose Luis Bilbaok Raul Arzarekin batera, kafea edanez, egin zuen bilera hura “ederto hornitua” zegoen, eta horixe da hain zuzen, gaur egun, aipatu bi sindikatu hauek saldu guran dabiltzana.

Jazoera horrek onura dakarkie Aldundiari, horrela enplegua suntsitzen duelako, nahiz enpresei, enplegua suntsituz haien mozkinak areagotzen zaizkielako, kontratuz bermatzen den %6aren gainetik.

CCOOek eta UGTk, aurreakordio hauek sinatuta, Aldundiaren laguntzen diote, gainontzeko sindikatuekin eta langileekin lortutako konpromisoak ahaztuz. Aipatu konpromisoen artean, Bizkaibuseko enpleguari eutsiko zitzaiola ezartzen zen, eta hori hitzarmenetan adierazi behar zen.

Bi sindikatu horiek jasan behar izan dituzten presio politikoek ez dute justifikatzen, euren sinadurekin, enpleguari eusteari begira Aldundiak hartutako konpromisoak ahaztea.

CCOOk eta UGTk, hau guztia babestean, saldu egin dituzte Bizkaibuseko langileak eta Bizkaiko jendartea, aurreakordio horiek ez dutelako ziurtatzen lanpostuei eta zerbitzuaren kalitateari eutsiko zaienik.

Beste sindikatuei dei egiten diegu, egun lanuzteak egiten ari diren bi emakidunetako batean LABekin batera gehiengoa dutenak, aurreakordioak Aldundiak hartutako konpromisoak berma ditzan beharrezko dinamikak bermatzera.

LABek ez du Aldundiak hartutako konpromisoak jasoko ez dituen akordiorik sinatuko.