2026-10-01
HomeIndustriaMetalgintzaEuskal Herrian industria politika propioa behar dugu. Altzairugintza ez dago salgai!

Euskal Herrian industria politika propioa behar dugu. Altzairugintza ez dago salgai!

“Euskal Herriak industria politika propioa behar du. El acero no está en venta” kanpaina aurkeztu dugu gaur Basauriko Gerdau enpresaren aurrean. Kanpaina honekin Altzairugintzan ematen ari den prekariezazioarekin amaitu nahi dugu. Alternatiba badago eta bide horretan Nafarroa eta EAEko Gobernuei Hego Euskal Herriko altzairugintzaren jarraipenerako mahaia osa dezaten eskatzen diegu, bertako ekonomiaren interesak babestu eta langileen partehartzea bermatuko dituena.

Altzairugintza, altzairuaren eraldaketa determinantea izan da eta da Euskal Herriko garapen industrialean. Metalaren eraldaketa enpresen ondoan eta enpresen zerbitzura egon da. Labe garaien itxierak inflexio puntu bat markatu zuen arren, garrantzia hori gaur egunera arte heldu da. Euskal Herrian produkzio gaitasuna eta jakintza dago jarduera honekin jarraitzeko. Eredu industrial honi esker biderkatu egiten dira zerbitzuetako lanpostuak. Adibide gisa, EAEn, 2014an 2.261 miloi euro esportatzen ditugu portu, tren eta errepideetatik.


Gaur egun produkzioa gora doa, 2014an 4,2 milio tona ekoiztu dira EAEn. Datuak positiboak izan arren, ez dira inondik inora altzairugintzan dauden arazoen adierazle. Sektore honen eraldaketa iraunkorra da eta ezin esan eraldaketa positiboa denik.

Guretzat, bi gako determinante daude egoera hau azaltzeari begira. Euskal Herrian altzairugintza enpresa haundiak, bertoko enpresariek sortutakoak dira, bertoko jabetza zutenak. Enpresari hauek, bere garaian, dirutza handiak irabazteko, multinazional haundiei euren enpresak saltzea erabaki zuten. Multinazional haundi hauen helburu bakarra, edozein baldintzetan, edonon, euren irabaziak haundiagotzea da. Langileen gainetik, jendartearen gainetik eta ingurumenaren gainetik. Eta bigarrenez, azken lan erreformek aukera ematen diete enpresariei langileei beraien dibidendoetarako nahi dutena lapurtzeko.

Honek enpresaz enpresa forma ezberdina hartu du, guztietan langileen gainean jarriz euren irabazi nahien ardura, mehatxua eta txantaia orokorra da. Adibide gisa, hauxe da enpresa haundienetako egoera:

Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasao: itxita, Gallardo taldearen erabakiz.
Condesa: salduta, baina salmenta gauzatu gabe, informaziorik gabe, Enplegu Erregulazio Espedienteak. 5 lantoki ditu Euskal Herrian.
Celsa Taldea: Laminaciones Arregiko gatazka konpondu barik. 3 lantoki ditu Euskal Herrian.
Arcelor: etengabeko txantaia egoeran, produkzio eteteekin. 8 lantegi ditu Euskal Herrian.
Tubos Reunidos eta Tubacex: emaitzak hobetu dituzte, Tubacex Cantabrian deslokalizatu zen, Tubosen eskubide murrizketa planteamenduak eman dira.
Gerdau: salmenta mehatxupean, informazio gabe, honezkero 23 kaleratze burutu dira. 3 lantoki ditu Euskal Herrian

Guzti honengatik, altzairugintzan diharduten langileen lan baldintzak gogor salatu nahi ditugu. Altzairugintzako langileen prekarietate egoera salatu nahi dugu. Ez, zuzeneko langileen soldatei dagokienean, baina bai, aldi baterako kontratu kopuruei dagokienean, azpikontratetan lan egiten duten langileei dagokienean, kontratazio berriek pairatzen duten diskriminazio egoeran, eta batez ere, lan osasunari dagokionean. Onartezina da euren lanpostuan, azken 3 urteotan Hego Euskal Herrian, 11 langile hiltzea altzairugintzaren sektorean.

LABen ALTERNATIBA altzairugintzan

• Enpresen txantaiari stop! Ezin da langileon bizkar jarri egoeraren ardura, enpresa askotan egiten ari den bezala, mehatxuak egun batean bai eta hurrengoan ere bai, irabaziak haunditzeko. Hitzarmen duinak behar ditugu enpresa guztietan, erreformetatik blindatuta, eta eskubideak bermatzen dituzten klausula sozialak azpikontratazioan. Hemen lan egiten dugunok hemen erabaki behar dugu.

• Eremu publikoaren bultzada, estrategikoa den sektorea delako, beti ere zuzeneko nahiz zeharkako enpleguaren sorrera eta kalitatea baldintzatuz. Berrikuntza eta inbertsioa bultzatu behar dira enpresetan. Baina ezin dute ahaztu sektoreko langileetan inbertsioa egitea, Euskal Herriak mundu mailan lehiatuko badu, langileen gaitasunean oinarritu beharko du.

• Ezin dugu onartu azken urteetan emandako heriotzen aurrean instituzio publikoek ezer ez egitea. Prebentzioa ez da ez gastu, ez inbertsio, prebentzioa ekoizteko baldintza da. Langile zuzenentzat bai, eta azpikontratatutako langileentzat ere bai.

• Burujabetza energia arloan: erreformen gainetik Euskal Herrian erabaki behar dugu gure energia eredua. Honek, egun inposatua zaigunaren kontrakoa izan behar du, interes pribatuak norbanako eta enpresen interesen gainetik jartzen baititu.

• Eta azkenik, guzti hau landu ahal izateko, Altzairugintza Euskal Herrian determinantea den heinean eta multinazionalen epe motzeko interesen gainetik kokatzeko, Nafarroa eta EAEko Gobernuek bultzatutako Hego Euskal Herriko altzairugintzaren jarraipenerako mahaia osatzea eskatzen dugu, bertako ekonomiaren interesak babestuko dituena eta langileen partehartzea bermatu. Baldintza politiko berriak langile eta gizartearen mesedetan kokatzeko aukera dago horretarako borondate politikoa badago.
 

 

 


AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak eskatu dizkiogu Osakidetzari

Osakidetzako Zuzendaritzak aurkeztu egin du Mahai Sektorialeko sindikatuei bidalitako proposamena. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborro bat da eta dokumentuak ez du barneratzen sakoneko gaiei buruzko proposamenik, hala nola ordainsariak, lanaldi murrizketa edo lan kargak.Gai horiek sindikatuon aldarrikapenen artean daude.

Ez dugu onartzen patronalek akordioak ez betetzeagatik langileak kaleratuak izatea

2024ko otsailean Greba Amaierako Akordioa (GAA) sinatu genuen. Hurrengo egunean langileok gure lanpostuetara bueltatu ginen. Baina patronalek ez zuten akordioa bete, fede txarrez negoziatu eta sinatu baitzuten, hau da, sinatutako akordioa beteko ez zutela jakinda. Lehenik eta behin, ez zituzten soldatak eguneratu nahi, gero ez zituzten sortutako atzerapenak ordaindu nahi, eta, ondoren, uko egin zioten ordu bateko eskola ordua murrizteari eta lan pertsonalerako ordu bateko igoera aplikatzeari. Horrenbestez, epaitegietara jotzera behartu gintuzten, sinatutakoa bete zezaten. Hiru aldiz jo behar izan dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira (EAEAN), eta hiruretan epaileek arrazoia eman digute, argi eta garbi utziz KEk (Kristau Eskolak), AICE-IZEAk eta ikastetxeek bete behar zuten akordioa urratzen zutela. Epaiek patronalek erabili dituzten argudioak desmuntatzen dituzte, honako baieztapen hauek jasotzen baitituzte: 1. Akordioak hitzarmen maila duela, sinatzaileek nahitaez bete behar dutela eta 2024ko otsailaren 5etik, hau da, sinatu zen egunetik aurrera, indarrean zegoela. 2. Itundutako soldata eta lan-baldintzak ez daude finantzaketa publikoari lotuta eta ez daude finantzaketa publikoaren menpe. Zehazki, eskola-orduak ordubetez murrizteko neurriak, adostua eta sinatua dagoenak, bi helburu zituen: 1. Langileen lan-karga izugarria murriztea. 2. Matrikulazioen jaitsieragatik ikasgelak galtzearen ondorioz hurrengo ikasturteetarako aurreikusitako inpaktua eta langileen kaleratzeak murriztea. Izan ere, horrela ahalbidetuko litzateke ikasgelaren bat ixten den ikastetxeetan kaleratzeak saihestea. Nola? Bada, eskola-ordu murrizketa aplikatzearen ondorioz egin beharko liratekeen kontratazio berriekin konpentsatuz. Gainera, ikasgelarik ixten ez den ikastetxeetan kontratazio berriak egongo lirateke, eta Birkokapen Akordioaren bidez, beste ikastetxe batzuetatik kaleratutako langileek lehentasuna izango lukete. Horrela egin behar zen, baina KEk eta AICE-IZEAk uko egin diote. Publikoki esaten dute kezkatuta daudela ikasgelak ixteagatik, baina ez da horrela, beren ez-betetzeekin eta fede txarrarekin 160 kaleratze baino gehiago eragin baitituzte. Joan den ikasturtean 100 langile inguru kaleratu zituzten, eta ikasturte honetan 160 baino gehiago. Ikasgela galtzearen ondoriozko kaleratze “objektiboak” salatuko ditugu, bidegabeko kaleratzeak direla argudiatuz; izan ere, kaleratzea ez da ikasgela galtzeagatik gertatu, baizik eta ikasgela galtzeagatik eta sinatutako irakastordu murrizketa ez aplikatzeagatik. Hau da, patronalek Greba Amaierako Akordioa bete ez izanaren ondorio zuzena da 160 langile baino gehiago kaleratzea, baita horiek birkokatzea oso zaila izatea ere. Gaur, irailak 30, arratsaldez, ikasturte berria ospatuko du KEk Gasteizko San Viator Ikastetxean. STEILASek, CCOOk, LABek eta UGTk garbi dugu ez-betetzeekin eta kaleratzeekin ez dugula ezer ospatzeko, eta bai asko aldarrikatzeko. Hori dela eta, arratsaldean ospakizunaren atarian esango diegu, argi eta ozen, sinatutako akordioa bete behar dutela eta negoziazio mahaira hitzarmen proposamen bat eraman behar dutela, atzerapausorik gabekoa eta GAAn sinatutako eskubide guzti-guztiak jasoko dituena. Eskola-orduen murrizketa eta lan pertsonalerako bost orduak jaso beharko ditu. Horrek, neurri handi batean, gelak ixteagatiko kaleratzeak murriztuko lituzke. 2026ko maiatzean, berriro ere, patronalek seriotasun faltaz eta fede txarrez jokatu zuten. Negoziazio mahaian hitzarmen-proposamen bat aurkeztu zuten, arreta zuzeneko orduak murriztea eta lan pertsonalerako bosgarren ordua ezartzea jasotzen zituena. Bost egun geroago erretiratu egin zuten, baina zer gertatuko litzateke sindikatuek proposamena sinatu izan balute? Jarrera hori errespetu falta ikaragarria da sektoreko 9000 langileekiko. Patronal serioak behar ditugu, sinatzen dutena betetzen dutenak. Horrenbestez, beste behin ere honakoa exigitzen diegu KEri, AICE-IZEAri eta ikastetxe guztiei, aplikazioaren azken arduradunak baitira: 1. Sinatutako GAA osorik betetzea, eskola-orduen murrizketa barne, dagokion konpentsazioarekin. 2. Atzerapausorik gabeko hitzarmen-proposamena aurkeztea eta GAAn adostutako guztia jasotzea. Bide batez, sektoreko ikastetxeen %20 inguru ari dira aplikatzen eskola-orduen murrizketa, Elizbarrutiko ikastetxe guztiak barne. Egin daiteke, baina ez dago horretarako borondaterik. STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok patronalen ez-betetzeak salatzen jarraituko dugu, GAAn jasotako eta sinatutako eskubide guztiak bete arte.

Enpresaren kudeaketa negargarriak hartzekodunen konkurtsora kondenatu du Olazabal y Huarte

Gasteizko enpresa historikoak itxierari eta 30 lanpostu suntsitzeari egin behar die aurre. Olazabal y Huarte enpresa txarto kudeatua izan da hainbat urtez. Duela urte batzuk,...