2026-01-28
Blog Page 1072

Osakidetzak Gurutzetako sukaldeko elikagaien horniketa pribatizatu nahi du

0

Osakidetzako zuzendaritzak urrats berria, hamaikagarrena, eman du gure Osasun sistema publikoa pribatizatzeko bidean. Oraingoan, Gurutzetako Ospitaleko sukaldeko elikagaien horniketa enpresa pribatu bati esleitzeko asmoa daukate, “hornitzaile bakarra” izeneko sistema ezarriz. Aipaturiko enpresak beharrezko diren elikagai guztiak eskuratuko lituzke eta sukaldeko biltegia kudeatuko.

Halako neurriek zuzenean eragiten diote ospitalean ematen den janariari, kalitate zein kantitate aldetik. Argi dago balizko enpresa pribatu horrek etekina bilatzen duela. Eta berau lortzeko bide bakarra elikagaien kalitatea eta kantitatea gutxitzea da, gastatzen den diru publikoa berdina edo gehiago den bitartetan.

EAJren erabakia salatu nahi dugu eta dagokion ardura politikoa argi utzi. Ospitaleko langileak hasiak dira dagoeneko neurria bertan behera uzteko mobilizatzen, eta LABetik deialdi bikoitza luzatu nahi dugu: ospitaleko langile guztiei, mobilizazioetan parte hartzera; eta erabiltzaileei, egoera ulertzera eta elkartasuna adieraztera. Sukaldeen pribatizazioaren kontrako borroka ere bada kalitatezko osasun publikoaren alde egitea.
 

 

 

Sindikatu eta eragile sozialak elkarrekin Barakaldon prekarietatearen kontra

0

Kontzentrazioa egin genuen atzo iluntzean Barakaldoko Bide Onera plazan, udalerriko eragile sozial eta sindikalek deituta. Astelehenean langile bat hil zuen istripua salatu dugu bertan. M. L. C. 55 urtetako langile autonomoa Barakaldoko Zuazo auzoko Gaudi kaleko boskarren pisu batetik erori zen, lanean ari zela. Gurutzetara eraman eta bertan hil zen, ordubiak aldera.

“Prekarietateak hil egiten du, lan istripurik ez!” lemapean egin da mobilizazioa. Azpikontratazioa, prekarietatea eta lan-istripuak eskutik datozela salatu da bertan. Ugariak dira oraindik istripuak eraikuntzan eta ez da benetako neurririk ezartzen sektoreko istripuak gutxitzeko, ez enpresen ez instituzioen aldetik. Osalanen arabera, lan-istripurik gehien duen sektorea da eraikuntza, 1.000 langileko 71,5 istripurekin.

Gaur, urtarrilak 13, kontzentrazioa egingo da leku berean, ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek deituta. 11:30ean izango da.
 

 

 

Nafarroako Ikastola eta itaundutako irakasleen erosteko ahalmena ia-ia %20 murriztu da

0

Txane Lizarraga Senar eta Iñigo Orella Altzueta, LAB Irakaskuntza

Nafarroako ikastola eta itaundutako irakasleen erosteko ahalmena ia-ia %20 murriztu da

Hilaren 10ean DIARIO DE NAVARRAn Nafarroako Ikastola eta itaundutako irakasleen soldatei buruz argitaratutako informazioa okerraren aurrean LAB Irakaskuntzak zera argitu nahi du:

Nafarroako Ikastoletan eta itaundutako zentroen irakasleek azken urteetan UPNrekin bi soldata murrizketa pairatu ditugu: lehenengoa 2010ean, administraziopeko lankideek bezala, %4,8 Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasle titularrek eta %6,7 DBHn, Batxilergoan eta langile teknikoek, eta bigarrena 2012an SEPNA sindikatuak sinatuta %2,5 dozente guztiek eta %2 ez dozenteek. Osotara %7,3 Haur eta Lehen Hezkuntzan eta %9,2 DBHn eta Batxilergoan. Honi gehitu behar diogu urte hauetan guztietan soldatak izoztuta egon direla eta KPI %9 pasata igo dela, beraz irakasle hauen erosteko ahalmena ia-ia % 20 murriztu da etaparen arabera.

Nafarroako ikastoletan, EAEko lankideek 2010eko soldata taulak berreskuratu duten bitartean, hilean 152 € gutxiago kobratzen ari da Haur eta Lehen Hezkuntzan eta 222 € gutxiago DBH eta Batxilergoan urte hartan baino.

Nafarroako itaunduan, soldata ikastoletan baino zertxobait txikiago daukatela, Haur eta Lehen Hezkuntzan hilean 1.943 € kobratzen ari dira eta 2.233 € DBH bigarren zikloan eta Batxilergoan (administrazioko irakasleen %92,6). Era injustuan bereziki kaltetuak ateratzen dira DBH lehenengo zikloko irakasleak, bigarren ziklokoen lan bera eta titulazio bera edukita, beraiek baino hilean 178 € gutxiago jasotzen baitute, hots, 2.055 €, Nafar Gobernuak administraziopekoen %85,25 besterik ez baitu finantziatzen.

Administrazio publikoko lankideek galdutako estra berreskuratzen ari diren eta soldataren %1eko igoera iragarri dieten bitartean, Nafarroako Ikastoletan eta itaunduan ez dugu inongo hobekuntzarik sumatu. Orain kobratzen ditugun soldaten antzekoak kobratzen genituen 2006an, honi gehitu behar diogu hamar urte hauetan bizitza %19 garestitu dela, ondorioz gure erosteko ahalmena pasa zen mendearen bukaerakoaren parekoa da. Hau guztia kontuan hartuta, profesional hauek, lan-ordu gehiago sartzen dituzte, gutxiago kobratzen dute eta murrizketarik handiena pairatu dute.

 

 

 

Mobilizazioak Barakaldon prekarietatearen aurka, istripuz hildako azken langilearen heriotzaren aurrean


Atzo, urtarrilaren 11an, Barakaldon gertatutako lan istripu hilgarria salatu behar dugu. Istripu horretan M.L.C. 55 urteko langile autonomoa hil da. LAB sindikatutik, lehenik eta behin, elkartasuna adierazi nahi diegu bere senide, zauritutako lankide, lagun eta gertuko guztiei. Heriotza istripuen kopuruak onartezinak izaten jarraitzen dute. Aurten lehenengo 11 egunetan bi lan istripu hilgarri izan dira. 

Lan istripuak, patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira. Horregatik salatzen dugu ozenki istripu gehien ematen diren sektoreetan, hau da, industria eta eraikuntzan are gehiago ari direla kaskartzen lan-baldintzak. Gaurko istripuak, honako hau baieztatu besterik ez du egiten. Hau da, sektore hauetan nagusi diren prekarietateak, esplotazioak, lan baldintza txarrek eta lan erritmoek hil egiten dute.

Enplegua suntsitzen ari den sasoiotan, enpresek, batetik prebentziorako inbertsioak murriztu dituzte, eta bestetik, lan osasuna eta segurtasuna galtzea eta kaltetzea eragiten duten egoerak sustatu dituzte. Gero eta ugariagoak dira enpresen jarduera irregularrak, ezbeharrak eta laneko gaixotasunak ez erregistratzeko.

Non daude administrazioko arduradunak heriotz berri hau salatzeko? Bai Osalanek bai administrazioek enpresen eta sektoreen benetako egoera ondo baino hobeto ezagutzen dute. Istripuak sortarazten dituzten segurtasun elementuak salatzeko geroz eta arazo gehiago dituzte langileek, prekarietatea dela eta, lanpostua galtzeko beldurra handia delako, bai salaketa egiteko, bai aldi baterako ezintasun-egoeran egon behar direnean.

Hau dela eta, LAB sindikatutik hurrengo deialdiak luzatzen ditugu.

• gaur, urtarrilak 12, arratsaldeko 19:30ean, Bide Onera Plazan, Barakaldon, sindikatu eta kolektibo sozialek deituta.

• Bihar, hilak 13, goizeko 11:30ean Bide Onera plazan, Barakaldon, ELA, LAB, STEILAS, EHNE, HIRU eta ESKk deituta.

Langileok laneko gaixotasunekiko eta lan istripuekiko ZERO TOLERANTZIA aldarrikatu eta adierazi behar dugu. Arazo horiekin bukatzeko eredu aldaketa bultzatu behar dugu, gure osasunerako eskubidea benetakoa izan dadin aldaketa politikoa, ekonomikoa eta soziala aldarrikatuz. Horrexegatik sustatu nahi du LAB sindikatuak lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrua sustatuko duen bestelako eredua.
 

 

 

Enplegu duina emakumeontzat, diskriminaziorik ez

0


Abenduaren 11an ELECNOR enpresak 5 emakumeei jakinarazi zien Madrileko lantokira joan behar zutela. 5ek seme-alabak dituzte eta lauek lanaldi murriztua dute haiek zaintzeko. Kaleratze izkutuen aurrean gaudela dudarik gabe; kargak familiarrak direla eta, leku aldatzea onartzea ezinezkoa da eta onartu ezean kontratua bukatzen zaie, indemnizazio txiki batekin. Gainera, Getafeko lantokian ez dago lanik beraientzat eta leku aldatzearen erabakia ez dute ezagutzen; beraz, argi dago enpresaren asmoa.

Neurria umeen legezko zaintzarako eskubidearen urraketa da eta EMAKUMEEKIKO DISKRIMINAZIO ARGIA suposatzen du, beraien tokian gizonezkoak geldituko ziren eta beraiek baino esperientzia gutxiago daukate.

Horren aurrean, LABeko ordezkariek eta emakumeek mobilizazioak deitu dituzte: lanuzteak, konzentrazioak, salaketa publikoa,.. eta plantilak bat egin du borroka honekin emakume hauen lanpostuen defentsan.

Lehenengo epaiketak finkatzen hasi dira: guk dakigula lehena otsailaren hasieran izango da.

Atzo, urtarrilak 12, lauk Getafen lanean hasi beharko ziren baina horren ordez, agerraldi batean parte hartu nahi izan zuten beraien egoera salatzeko. Gainera, bajan daude.

LABen jarrera egoeraren aurrean

LABek bere elkartasun eta babes osoa eskaini, eskaintzen eta eskainiko die 5 emakumeei. Aldi berean, zoriondu nahi ditugu aurrera eramaten ari diren borrokarengatik, eta zorionak ere ELECNORreko langileei borroka honetan parte hartzeagatik.

ELECNOR enpresari argi utzi nahi diogu horrelako erasoak onartezinak direla eta dei egiten diogu neurria atzera botatzeko. Aldi berean, dei egiten diogu MOVISTAR-TELEFONICAri, bere "enpresa kolaboratzailea" izanik, ELECNORrek atzera egiteko gestioak egin ditzan.

EMAKUNDEri eta beste INSTITUZIOEI dei egiten diegu emakumeekiko diskriminazio honen aurrean inplikatu daitezen eta eskura dituzten bitarteko guztiak martxan jar ditzaten. 

LABek jarraitzen du ARABAn ENPLEGU DUINA EMAKUMEENTZAT aldarrikatzen; hortaz, ELECNORek diskriminazio hau gauzatzen badu, eta balizko beste edozein diskriminazio edo erasoren aurrean ere, gure bitarteko guztiak, juridikoak zein sindikalak, erabiliko ditugu aurrre egiteko.

Atzo arratsaldeko arratsaldeko 18:15etan Andra Mari Zuriaren Plazan mobilizazioa egin genuen egoera salatzeko.

@miren_larrion

 

 

 


Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren IX. Asanblada urtarrilarren 23an

Urtarrilaren 23an Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak Asanblada deitu du gaurdaino egindako lanari begira eta batez ere, hemendik aurre hartu beharreko bidea zehazteko. Oraingoan Gernikako Astran bilduko gara goizeko 10:00etan.

Denbora pasatu da Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren Asanblada elkartu zenetik. Gauza asko gertatu dira 2014ko urri hartatik. Kartak bere burua antolatu du, geure burua antolatu dugu; eragile guztiek lekua duten Asanblada eta Koordinazio Nazional zabalarekin. Honetaz aparte, asanbladan iragarritako M14ko mobilizazioak eta urriaren 24ko Alternatiba, gerora Alternatiben Herria izango zena, eraman ditugu aurrera, beste eragile askorekin elkarlanean. Programa soziala ere osatu genuen, eta instituzioei aurkeztu.
 

 

 

Milaka lagun eta aldarrikapen bat, Euskal Presoak etxera!

L
Larunbatean, giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aldeko aldarriak Bilboko zein Baionako kaleak zeharkatu zituen. Milaka lagun gerturatu ginen bi hiriburuetara sakabanaketa eta salbuespen neurriekin amaitzeko exigitzera. Larunbateko manifestazioetan, berriro ere, argi geratu zen herri honetan badagoela nahiko indar arazo hau konpontzeko. LABen iritziz honelako indar erakustaldiekin soilik lortuko dugu eremu politikoak eta eremu instituzionalak presoen afera beraien agendetan kokatzea.

AINHOA ETXAIDE

BILBOKO MANIFESTAZIOA 

 

 

 

Eusko Irratian eta EITBNETen emandako soldaten %5aren murrizketa legez kanpokoa da

0

Eusko Irratiko eta EITBNETeko LABek soldataren %5aren murrizketa ekarri zuen «8/2010 Dekr. 3/2010 Leg. K. dekretuaren» aurkako salaketak jarri ditu Lan Ikuskaritzan eta PRECOn. Epaitegi Konstituzionalak arrazoia eman dio LABek ETBn jarri zuen salaketari, murrizketa legez kanpokotzat joz. Orain, lapurtutakoa itzultzeko ETBri aplikatuko zaiona Irratian eta EITBNETen ere termino berdinetan aplikatzea exijitzen dugu.

Hitzez exijitzeaz ez ezik EITBko Administrazio Kontseiluaren eta Gasteizko Parlamentuaren bidez ere gaia bideratu dugula gogorarazten dugu. Oraingoan epaitegietarako bidea zabaldu dugu salaketak Lan Ikuskaritzan eta PRECOn dagoeneko sartuz.

Mobilizazioen aukera ere ezin dugu baztertu, bide instituzional horiek garrantzitsuak izanik ez dutelako arrakasta bermatzen.
 

 

 

Bizkaiko ostalaritzaren 2016-2017 hitzarmenaren aurreakordioa sinatu da

0

LAB sindikatuak jakinarazi gura du abenduak 30 zituenean, Lan Harremanen Kontseiluan, patronalak eta ELA, CCOO eta UGT sindikatuek aurreakordioa lotu zutela Bizkaiko Ostalaritza hitzarmena sinatzeko. Hitzarmena sinatzeko behin betiko idazketa egin ez den arren, LABek azpimarratu gura du aurreakordio honek are gehiago kaskartu ditzakeela, hitzarmen berria indarrean sartuko den egunetik aurrera, kontrata litezkeen beharginen lan baldintzak.

Sindikatuak adierazten du patronalak, prozesu guztian, jarrera agintzaileari eta trabatzeari ekin diola; lan erreforma erabili du eskubideak murrizteko, beti ere, hitzarmenaren sinadura berritzearen truke. Patronalak xantaia erabili du, negoziazioa probintzia esparruan eustearen truke, prekarietateari aurre egiteko beharko lukeen egonkortasunik ez duen sektoreko beharginen eskubide eta eros ahalmenaren galera jasotzen duen hitzarmena sinatu behar izatearekin baldintzatuz.

LABek ohartarazi gura du, urte batez, 942 eurotako soldata ezarriko zaiela sektorean aurreneko aldiz eta lanaldi osoz beharra egingo duten beharginei. Hauek, behin enpresan urte bateko iraupena gaindituko dutenean, haien benetako maila eskura lezakete. LABen ustez, honela baztertzen dira kontratazio berriak: soldata-eskala bikoitza sortzen delako eta sektorea prekarizatzen delako. Sektorearen prekarizazio horrek talde jakin batzuei (gazteei eta emakumeei) enplegu duina eta kalitatekoa lortzea zailduko die bereziki. Hau guztia sindikatuak prekarietatearen aurka borrokatzeko eta langileriari dagozkion lan eskubideak gorde daitezen abiatu duen ekimenaren aurkakoa da.