2026-09-12
Blog Page 1070

Langileek beren borrokarekin lan baldintza duinak berreskuratu dituzte Bilboko Arte Ederren Museoan

0

Uztailaren 18an, 42 greba egun igaro ondoren, akordioa sinatu dugu LABek eta ELAk. Lan-baldintza duinak eta pliegoetan subrogazioa jasotzea izan dira aldarrikapen nagusiak, eta langileek egindako borrokaren bidez lortu dira! 

Ondorengoa jaso dugu akordioan:

Alde batetik, bete beharreko lan-baldintzak (Irailean sinatuko dugu lantoki hitzarmena): ultraktibitate mugagabea, 2019an eskatzen genituen soldatetara heltzen diren taula progresiboak, 1.200 euro garbi kategoria baxuenerako eta proportzionala gainontzeko kategorientzako:

– Subrogazioa
– Hitzarmenaren inaplikazio kasuetan, arbitrajean alde bien akordioa behar izatea.
– Ez da oinarrizko lan-baldintzen aldaketa erabiliko (modificación sustancial, 41.en artikulua).
– Ez da kaleratze indibidual edo kolektiborik emango arrazoi objetiboengatik.
– Antzinatasuna zerbitzuan sartu ziren egunetik kontuan izango da.
– Sinadura definitiborako akordatzeke gelditzen dira lizentziak, oporrak eta bestelako gaiak.

Beste aldetik, pliegoetan agertuko da: subrogazio eskubidea eta hitzarmen/akordio honetan agertzen diren lan-baldintzak betetzeko beharra.

Soldatek igoera txiki bat edukiko dute 2016 eta 2017an, baina 2018an pliego berriarekin batera eta 2019an, 2016tik sortutako atzerapen guztiak kobratuko dituzte. Beraz, nahiz eta progresiboa izan, eskakizun guztiak beteko dira. Pliegoa aldatzeko dauden zailtasunak ikusirik, akordio on bat dela uste dugu.

Langileak pozik daude akordioarekin eta argi geratu da posible dela helburu guztiak lortzea langileon borrokari esker.
Zorionak langileei eta jo ta ke, irabazi arte!
 

 

Bilboko Arte Ederren Museoan langileen baldintzak duintzen dituen akordioa lortu da

0


Atzo, Bilboko Arte Ederren Museoan, Manpower Group Solutions enpresarekin azpikontratatu diren langileek amaiera eman zioten 42 egunetako grebaldiari. Lortutako akordioak langileen lan baldintzak duintzen ditu. Langile hauen borroka eredugarria izan da, hamaika urte eman dituzte euren eskubideak aldarrikatzen, baina haien eskariei beti axolagabekeriaz erantzun izan diete. 

2019. urtera arte soldata hobekuntza progresiboak ematea, subrogazioa hurrengo lizitazio pleguan sartzea eta lan baldintzak duinak izatea lortu dute, alegia, edozein lanpostutan eman beharko liratezkeen baldintzak, baina tamalez, aldarrikapen horiei eutsi behar izan diete protesta bidez, langileon eskubideak bete daitezen.

Beste behin arrazoiaren indarrak gainditu ditu oztopoak, nahiz eta enpresa-azpikontratatuek eta horiek lizitatzen dituztenek erabateko inpunitatez diharduten, eta zerbitzuak lizitatzen dituztenen isiltasuna duten lagun, izan instituzio publikoak edota erakunde pribatuak, aferak haiekin zerikusirik ez balu bezala, arazoei entzungor eginez, eta konplize bilakatuz.

Gaur, esan dezakegu, langileriaren borroka, beti lez, emankor izan dela.

Bilboko Arte Ederretako Museoan azpikontratatutako langileak zoriondu nahi ditugu, etengabeko borroka egin dutelako. Berriro agerian geratu da langile batasuna ezinbesteko tresna dela injustiziaren aurka borrokatzeko.
 

 

 

Desblokeorako LABen proposamena eta 2013ko saiakera

Negoziazio kolektiborako eskubideaz ari garelarik, LABetik haren defentsan eginiko proposamenak eta ekimenak ugariak izan dira. Horien artean nabarmentzekoa 2013an, Negoziazio Kolektiborako Euskal Esparrua lan erreformaren aurrean babesteko eginiko proposamena.

Orduan bi gauza proposatzen genituen: akordio interprofesionala egitea, negoziazio kolektiborako bertako egitura finkatuz. Hitzaurrean argi eta garbi adierazten zen arazoa lan erreforma zela eta helburua lan erreformaren aplikazioa ahalik eta gehien mugatzea, gure esparruan. Akordio hura Euskal Esparrua eraikitzeko oinarrizko akordio bezala ulertzen genuen. Akordioa eginez gero, fase berria irekitzen genuen euskal esparrua eraikitzeko elkarrizketei eta negoziazioei bide emanez.

Halaber, hitzaurrean salatzen genuen desarauketa zabaltzeko blokeatu zuela patronalak negoziazio kolektiboa eta prekarietatea neurririk gabe hedatzen ari zela. Sektore hitzarmenak bi joera haiei buelta emateko tresna eraginkorrak zirela aldarrikatzen genuen. Desblokeo orokor baterako proposamen egiten genuen, beraz.

Blokeoa gainditzeko proposamena, gutxieneko batzuren gainean:

  • Erreformaren aurkako klausulak
  • Soldatak hobetzeko erreferentziak
  • Ultraktibitatea
  • Hitzarmenak eragin orokorrekoak izatea, gehiengoak sinatuta, alegia.

Negoziazio prozesua ireki zen Jaurlaritzarekin eta Confebaskekin. Desblokeorako akordioan aurrera egitea oso zaila zenez, bertako markoa erreformaren aurrean babestea lehenetsi genuen. Azken urratsean ginelarik akordioa zapuztu egin zuen Confebaskek, Urkullu bera mahaian eserita zegoela.

Desblokeorako akordio orokorra ezinezkoa bazen ere, 2014ean hitzarmenez hitzarmen borrokatzen hasi ginen. Patronalaren jarrera berdina izan zen hitzarmen guztietan. Ez dituzte bertako hitzarmenak nahi; bertako hitzarmenak bertan behera utzi eta herrialdeko sektoreko hitzarmen berriak nahi dituzte, hutsetik hasita. Bertako hitzarmenak bertan borrokatu ditugun hitzarmenak dira, zerotik hasi eta lan erreformaren arabera eraikitako hitzarmen berriak ez dira bertakoak, hemen negoziatu arren.

Hau esanda, ondorioa argia da: LABetik erreformaren kontrako estrategia planteatu izan dugun bezala, kontrakoa, Lan Erreformaren aplikaziorako formula, alegia, Jaurlaritza, Confebask, CCOO eta UGT Elkarrizketa Sozialaren Mahaian adosten ari direna. Aplikazio horretan arazo edo traba izan daitekeen guztia sahiestea dute helburu, hau da, gehiengo sindikala bera.

 

 

 

Jaurlaritzaren proposamenaz LABen balorazioa

Urteak daramatzagu salatzen patronalaren eta Jaurlaritzaren artean aliantza estrategiko sendoa dagoela. Helburuetan ez ezik gauzak egiteko moduetan ere bat egiten dute biek. Klase aliantza dute, interes ekonomiko berdin berdinak defendatzen eta babesten dituztelako.

Proposamenean honakoa jasotzen dute:

  1. Sektoreko hitzarmenen garrantzia azpimarratzen dute, eragin orokorreko hitzarmenak aukerarik hoberena direla adierazten dute, baina halakorik ez bada posible, eragin mugatukoak egin behar direla aldarrikatzen dute. Bi arrazoi ematen dituzte eragin mugatuko hitzarmenak alternatiba bezala hartzeko: hitzarmenak bertan behera geratzeak desarautzea ekartzen duela eta bertako hitzarmenak ez dauden neurrian estatalak sartuko direla.
  2. Bide hau babesteko eta blindatzeko akordio interprofesional bat egiteko aukera irekitzen dute. Jaurlaritzak eragin mugatuko hitzarmen hauek publikatzeko eta zabaltzeko konpromisoa hartzen du. Sarreran esan bezala, babesa ez da bakarrik politikoa (ontzat ematea), juridiko eta instituzionala ere bada, bide hau zabaltzen laguntzeko aktibo izango den neurrian.
  3. Onartzen dute alde sindikalaren muga, gutxiengoan daudelako, baina helburuak merezi duenez, beraien esku dagoen guztia egin behar omen dute.

LABen balorazioa:

  1. Ez da lan erreforma inon aipatzen. Hitzarmenak bertan behera geratzen dira berriak sinatzen ez direlako, lan mundua desarautzen ari da hitzarmenak sinatzen ez direlako, estatuko hitzarmanak hemen sartzen ari dira hitzarmenak sinatzen ez ditugulako… ELA eta LAB egiten gaituzte egoeraren erantzule.
  2. Ez da prekarietatea inon aipatzen. Hitzarmenak egotea da helburua, baita eragin mugatukoak badira ere. Edukiak berdin du.
  3. Estatalizazioa mugatzea jartzen da helburu bezala, horretarako akordio interprofesionala egiteko aukera aipatuz. Eragin mugatuko hitzarmenak EZ dira muga bat Estatuko hitzarmenen aurrean, akordio interprofesionala egon edo ez.

 

 

 

Ezkutuko-sukalde lanak negoziazio kolektibotik gehiengo sindikala zokoratzeko: analisia


Aste honetan Toña Sailburuaren dimisioa eskatu dugu, Jaurlaritzak Elkarrizketa Sozialerako Mahaian egin duen proposamen bat ezagutu bezain pronto. Proposamena oso argia da: gehiengoak lortu ezean, sektore hitzarmenak gutxiengoan egitea Jaurlaritzaren babes politiko eta “juridikoarekin”.

Lehen erreakzioaren ondotik analisi pausatuago baterako tartea hartuta, hauxe diogu:

Toñaren dimisioa eskatu dugu, benetan larria delako botere politikoak langileek demokratikoki hautatu duten ordezkaritza sindikala ez errespetatzea. Auzi guztiz politikoa da hau: hemen gehiengo sindikal bat dago, patronalaren asmoak oztopatzen dituena, edozer egiteko prest daude gu paretik kentzeko, eta Jaurlaritzak bat egiten du helburu horretan.

Duela urtebete LAB eta ELAri sindikatu izaera kentzeko bidea irekitzeko eskatu zuen Confebaskek. Lan mundutik kanporatu nahi gintuen. Orduan ez zuen lortu, baina azken proposamen honekin asmo berari eusten dio, lan mundutik kanporatu ezin eta Negoziazio Kolektibotik zokoratu nahi gaituzte. Patronalak gurekiko asmo horiek izatea larria da, eta larria bezain onartezina, Gobernuak horretan laguntzea.

Patronalak bere interes partikularrak defendatzen ditu; patronal guztiz basatia dugu aurrean. Patronalarena ez bezala, Gobernuaren funtsa interes orokorra defendatzea izan beharko luke. Botere publikoari dagokio oinarrizko eskubideak defendatzea eta babestea, baina guztiz kontrakoa egiten ari da.

Ezkutuko sukalde-lanetan ari dira. Esku artean ezer onik ez dutenaren seinale. Zer gertatuko zen bi dokumentuak eskuratu izan ez bagenitu? Uda sasoia egoki zetorkien halako akordio bati bide emateko.

Lehen erantzuna ELArekin batera eman izanaren balioa eta garrantzia azpimarratzen dugu. Ez dugu Negoziazio Kolektiboan akordiorik, eta bide luzea egin beharko dugu eremu honetan ados jartzeko, baina balio politiko nabarmena du oinarrizkoa diren gaietan batera agertzeak, eta zentzu horretan, oinarrizko eskubide sindikalak errespetatzea funtsezko gaia da.

Bukatzeko, eragile politikoek atzo izandako jarrera baloratu nahi dugu. EH Bildu da Jaurlaritzaren egitasmoa salatu duen bakarra, Toñaren agerraldia eskatuz. Besteek ez dute ezer esan. Parlamentutik kanpo Sortu izan da egoera salatu duen bakarra. Ez da inolako erreakziorik eman beste inoren aldetik. Berriro diogu, eskubide demokratikoen errespetuaz ari gara, ez soilik gai laboral batez.

 

 

Salba dezagun ETB, baina guztion artean

0


Bat gatoz Eneko Olasagastik Argian idatzitako artikuluarekin; bat gatoz ETB salbatu behar dugula dioenean, bat gatoz gaur egungo egoera onartezina dela esaten duenean. Baina, gure ustez, ez du fokua behar den tokira bideratu. ETBri buruz idazten du, baina, datuak ematerakoan taldeko enpresa guztiak sartzen ditu zaku berean. ETBn, zoritxarrez, ez gaude 1.000 langile inguru, 700ren bueltan baizik. Zoritxarrez diogu, beste hainbat langile azpikontratetan ari direlako telebistarako lanean, lan baldintza txarretan kasu batzuetan eta negargarrietan beste askotan.

Egia da, azpikontratetako lan baldintzak ETBko langileei ere inposatuz, diru gehiago izango genukeela programak ekoizteko, baina, gure ustez puntu honetan okertu egin da. Helburua ezin da izan ETBrentzat lan egiten duten langile guztien lan baldintzak okertzea, prekaritatean murgiltzea, edota bere lagun neoliberal horrek nahiko lituzkeen kaleratzeak. Kontrakoa da lortu beharrekoa, soldata eta lan baldintza duinetan oinarritutako kontratuak izatea ETBrentzat lan egiten duten azpikontratetako langileek. Ez gaitezen demagogian erori, edo bai. Zenbat azpikontratetako ugazaba ez dira aberastu ETBren kontura? Horietariko zenbatek lortu dute ETBrentzat lan egitea zentimo bakar bat arriskatu gabe? ETBtik jasotako dirutik zenbat izan da langileei ordaintzeko? Baina, hobe demagogian murgiltzen ez bagara.

Bilboko egoitzari buruz esandakoarekin erabat ados gaude; hain zuzen ere, ETBko sindikatuek salatu genuen etengabe egoitza aldaketa eta Bilbokoa ez zela ideia ona errepikatu genuen behin eta berriro. Erantzule bakarra du egoitza aldaketak, eta aproposena, Sabin Etxean galdetzea dela deritzogu.

Bidaia aprobetxatuz, bere mintzakideari beste galdera bat ere egitea proposatzen diogu Olasagastiri: enpresa arrunt baten barne estruktura zergatik irauli zuten, etxe barruan «gestore sistema» deitzen duguna ezarriz eta oraindik mantenduz, inongo kontrolik gabe kontratatu ahal izateko gustuko arduradunak. Honi buruz, datu xume bat: ETBn, 10 langileko arduradun bat dugu, ederto zaindutako artaldea gero!

Amaitzeko, Olasagastiri erantzunez, helburua ezin da izan ETBren tarta zatia nola banatzen den, beste hainbat proiektu informatibo eta kulturalei diru gehiago emateko, tarta bera handitzea izan behar da erronka, eta bide hori elkarrekin jorratzeko gonbita egiten diogu Olasagastiri. Izan ere dirua egon badago. Eusko Jaurlaritzak azken urteetan kulturari eta EITBri koxka handia kendu badie aurrekontuetan, AHTri eta bankuen zorra ordaintzeko ahalegina askoz ere handiagoa, ikaragarria, egiten ari baita. ETB salbatzeko oztopoa ez gara hain zuzen ere langileok.

 

 

Olagibelgo erradiodiagnostiko zerbitzua ez dute itxiko langile eta erabiltzaileen presioari esker

0


Osakidetzak, Abuztuaren 9an, maltzurkeriaz (udako opor garaian eta Gasteizko jaien ondoren) Olagibelgo erradiodiagnostiko zerbitzua itxi nahi zuen, baina zerbitzuko langileen borrokari esker, Osakidetza zeukan asmoa bertan behera uztea lortu da oraingoz.

Aste hauetan zehar langileen mobilizazioak asko izan dira: egunero anbulategiko atarian konzentrazioak, erabiltzaileen sinadura-bilketa, komunikabideetan eta sare sozialetan presentzia, Parlamentariekin, Arabako Biltzarkideekin eta Gasteizko zinegotziekin bilerak,….

Jon Etxebarria, Osakidetzako Zuzendariak, pasa den Uztailaren 12an eta langileek eragindako borroka dela eta, Olagibelgo traumatología kontsultak eta bertatik deribatutako probak Arabako Ospitale Unibertsitariora joango direla iragarri zuen. Bitartean, Lehenengo Arretako familia medikuek eta pediatrek eskatzen dituzten X izpiko plakak Gasteizko Olagibel Anbulategian jarraituko direla dio.

Hala ere, ezin dugu guardia jaitsi, jakin badakigulako maiobra hau datozen Baskongadetako Hauteskundeetan EAJko emaitzen onerako egin dutela eta hauek pasa ondoren berriro zerbitzua ixten ahalegingo direla.
 

 

 

74 ordutako lan asteak San Mameseko estalkiko lanetan

0

San Mameseko estalkia egokitzeko lanetan 11 orduz ari dira lanean astelehenetik larunbatera eta 8 orduz igandeetan. Horiek dira bertan lan egin nahi duten langileek onartu behar dituzten lan-baldintzak. 74 ordutako lanaldiez ari gara. Lanaldi hauekin ezinezkoa da langileen segurtasuna eta osasuna bermatzea eta nabarmena da lan istripu eta lanaldi oso luzeen arteko harremana.

San Mameseko estalkia esleitzeko arazo ugariren ondoren, Atheleticeko zuzendaritzak Inbisa Construccióni esleitu zion. Arazo ugariak aipatzen ditugu Athleticek exijitzen dituen baldintzak (oso epe estuak lana amaitzeko, hiru txanda eta asteburuak inposatzea eta 10,1 milioi eurotakoa prezio egokia ez zenaren ustea) ekarri zuten enpresa asko atzera botatzea. Azkenean, Inbisa Construcción izan zen esleipena lortu zuena.

Inbisak, bere aldetik, Idom ingeniaritzari eman zion obraren zuzendaritza eta honek, Sevillako Naviera Aljarafe azpikontratau zuen. Azken honek, Cadizgo Montajes Ipsus azpikontratatu zuen muntaia lanak egiteko.

Athleticen futbol zelai berria eraiki zuten bitartean, LABek salatu zituen bertako langileek jasan behar zituzten lan baldintzak. Instituzio publikoek ere onartu zuten (berandu) lan hauetan gertatzen ari zena oso larria zela. Orain, badirudi historia errepikatu egiten dela eta konpontzetik urruti, langileek jasan behar dituzten lan-baldintzak larritu egiten direla.

Obra esleitzeko modutik dator arazoa. Prezioak behera botatzen dira eta lan baldintzen errespetuaren ikuspegitik onartezinak diren baldintzak jartzen dira. Baina beti dago baldintzok onartzeko prest dagoen norbait, praktikan, langileen esplotazioa baino ez dakar honek.

Horixe da krisi famatuak sortu duena, desarautzea, lan-baldintzak kaltetzea eta kontrol falta.

Lan Ikuskaritzan dagokion salaketa jartzeaz gain obra bisitatzea exijitu eta erantzunkizunak argitzea eskatuz, LABetik milaka langilek jasan behar duten esplotazioa salatzen jarraituko dugu; eta enpresa batzuk zaurgarritasun egoera baliatuz eskrupulorik gabe esplotatzen duten bitartean, euren egoera zelan kronifikatzen den ikusten duten langabetuena ere bai. LABek kalitatezko enplegua aldarrikatzen jarraituko du. Enpleguak bizi-baldintza duinak bermatu behar ditu, baita San Mameseko lanetan ere.

 

 

 

Prekarietateak hil egiten duela salatuz kalera irten gara

0

Heriotz istripu eta lan prekarietatea salatuz Barakaldoko eragile sozial eta sindikalek elkarretaratzea egin zuten “No Más Accidentes Laborales. Lan Istripurik Ez! La precariedad laboral mata” lemapean. Gogorarazi behar dugu, astelehean 48 urteko langile bat hil zela lanean ari zela eta azken heriotz honekin jada 17 dira Bizkaian hildako langileak.

Berriro ere agerian geratu da azpikontratazio, prekarietate, prebentzio neurri eskasak eta segurtasunean ez inbertitzeak eragin kaltegarria duela gure osasunean, are gehiago, gure bizitza arriskuan jartzen dutela. Egoera hau ekidin liteke horretarako neurriak hartuz gero. Hori da hain zuzen ere enpresari zein administrazio publikoari exigitzen dieguna honelakorik berriro gerta ez dadin.