2026-10-01
HomeZerbitzu PublikoakUdal eta Foru AdministrazioaAntolaketaren arloko zentzugabekeria iritsi da Aldundira eta badirudi geratu egingo dela

Antolaketaren arloko zentzugabekeria iritsi da Aldundira eta badirudi geratu egingo dela


2015eko maiatzeko hauteskundeetatik, foru erakundeko agintari berriek bueltaka jarraitzen dute administrazio honen egitura eta berrantolaketa direla eta. Horretarako, Modernizazio, Gobernamendu On eta Gardentasunerako Kabinetea sortu zuten, besteak beste, anabasa ordena zezan, baina, urte eta erdi luzeko ibilbidean, aire apur baino ez dio eragin etxe honen ikur den haritz-hostoari. Egoera salatzeko gaur, hilak 18, elkarretaratzea egin dugu.

Kabinete hori konfiantzazko lau karguk osatzen dute (hau da, EAJk nahierara izendatutako lau pertsona dira), eta liburutegiko bosgarren solairuan kokatu dituzte. Lokal horietan prentsa irakurtzeko eta ikasteko gelak, bilerak eta liburuen aurkezpenak egiteko gelak, irakurketa-tailerrak… zeuden. Hots, Foru Liburutegiko erabiltzaileek instalazio horiek erabiltzeko aukera zuten eta orain espazio gutxiago izango dute, politikariek hiriaren erdi-erdian dagoen foru-eraikin publiko honetako solairurik argiztatuena hartu dutelako.

Gaur Urbitarteko 15. zenbakian elkarretaratu gara, lokal hauek BFA berriaren antolaketaren arloko zentzugabekeriaren adierazle DEIGARRIENA delako:

Uribitarte kaleko 15. zenbakiko instalazio hauek hilean 10.000 eurotik gorako kostua eragin digute bizkaitarroi, 2014an alokatu zirenetik gaur arte, eta oraindik hutsik daude.

Uribitarte, 15 proiektua 2014an jarri zen martxan, Desgaitasuna Ebaluatzeko Atala jartzeko bertan, orain dagoen eraikinean ematen diren pilatze-egoera eta baldintza txarrak konpontzeko.

Hasieran egindako atontze-lanek 727.666 euroko kostua izan dute. Kopuru horri gerora egindako obren kostua gehitu behar zaie, baita altzariena eta 2014tik ordaindutako alokairuarena ere.

Maiatzeko hauteskundeetatik hona, eraikin hau Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko diputatuak (Aldundi honetan sortutako sail berria, EAJ eta PSOEren arteko aulki-banaketan) OKUPATU du eta Bizkaiko pertsona desgaituei kendu die. Ia 800 m2 bost pertsonentzat: diputatua, zuzendari bat, bi idazkari eta aholkulari bat. Susmatzen dugu ez dutela espazio arazorik izango.

Bitartean, instalazio horiek erabili behar zituzten erabiltzaileak (desgaitasunaren ebaluazioa eskatu dutenak, arreta goiztiarrerako laguntzei buruzko txostena eskatu duten 6 urtetik beherako umeak eta mendetasunaren ebaluazioa egin behar zaien 0 eta 3 urte arteko umeak) Marcelino Oreja kaleko zentrora joan behar dira, halako zentro batek bete beharreko gutxieneko baldintzak betetzen ez baditu ere.

Adibide bat ipintzearren: Uribitarte kaleko 15. zenbakiko eraikin berrian, umeentzako itxarongela bat dago, 37 metro koadrokoa, eta gune bat dauka egokituta edoskitzerako eta pixoihalak aldatzeko. Oraingo instalazioetan, berriz, ez dago gelarik egokituta adingabeentzat, eta korridoreetan egoten dira: gurasoak, seme-alabak, aulkiak eta haur-kotxeak. Eta ume bati titia eman behar zaionean, ez dago gelarik horretarako; ondorioz, amak gainezka egon ohi den korridore estu batean eman behar dio titia.

Guraso eta umeei lokal horiek lapurtu dizkien Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko diputatuak eta, hitzez, berdintasun politikekin eta emakumeen eta adingabeen eskubideekin hain inplikatuta dagoen Unai Rementeria Ahaldun Nagusia egoera honetaz oso harro ez egotea espero dugu. Hala ere, haiek eragin dute egoera hau eta ez dute konponbiderik jarri.

Aurreko guztiari, gaur egun Bizkaiko Foru Aldundian dagoen antolaketa-kaos orokorra gehitu behar zaio. Kaos hori eragin zuzena izaten ari da legegintzaldi honetan garatu beharreko politiketan, eta 2010etik langileen ordezkapenetan jasaten ari garen murrizketen ondorioak larriagotzen ditu. Eragin berezia dauka gizarte zerbitzuen arloan:

– Atzerapenak espedienteen kudeaketan: gizartean esku-hartzeko funtsezko zerbitzuei eta babes berezia behar duten sektoreei (desgaitasunaren ebaluazioa, arreta goiztiarra, Umeen Zerbitzua…) eragiten die, batez ere.

– Gizarte zerbitzuen abangoardia izan beharko lukeen Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundean ere nagusi da antolaketa-kaosa; duda-mudazko kudeaketa garatzen ari da eta egitura-arazo larriak ditu, konpontzeko itxurarik ez dutenak. Arazo nabarmenenak dira gero eta zerbitzu gehiagoren pribatizazioa eta erakundearen plantillan dagoen bitartekotasun-tasa (% 33tik gorakoa). Horrek guztiak eragin zuzena dauka gizartean egoera ahulenean dauden taldeei (adinekoak, desgaituak eta adingabeak) ematen zaien zerbitzuaren kalitatean.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak eskatu dizkiogu Osakidetzari

Osakidetzako Zuzendaritzak aurkeztu egin du Mahai Sektorialeko sindikatuei bidalitako proposamena. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborro bat da eta dokumentuak ez du barneratzen sakoneko gaiei buruzko proposamenik, hala nola ordainsariak, lanaldi murrizketa edo lan kargak.Gai horiek sindikatuon aldarrikapenen artean daude.

Ez dugu onartzen patronalek akordioak ez betetzeagatik langileak kaleratuak izatea

2024ko otsailean Greba Amaierako Akordioa (GAA) sinatu genuen. Hurrengo egunean langileok gure lanpostuetara bueltatu ginen. Baina patronalek ez zuten akordioa bete, fede txarrez negoziatu eta sinatu baitzuten, hau da, sinatutako akordioa beteko ez zutela jakinda. Lehenik eta behin, ez zituzten soldatak eguneratu nahi, gero ez zituzten sortutako atzerapenak ordaindu nahi, eta, ondoren, uko egin zioten ordu bateko eskola ordua murrizteari eta lan pertsonalerako ordu bateko igoera aplikatzeari. Horrenbestez, epaitegietara jotzera behartu gintuzten, sinatutakoa bete zezaten. Hiru aldiz jo behar izan dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira (EAEAN), eta hiruretan epaileek arrazoia eman digute, argi eta garbi utziz KEk (Kristau Eskolak), AICE-IZEAk eta ikastetxeek bete behar zuten akordioa urratzen zutela. Epaiek patronalek erabili dituzten argudioak desmuntatzen dituzte, honako baieztapen hauek jasotzen baitituzte: 1. Akordioak hitzarmen maila duela, sinatzaileek nahitaez bete behar dutela eta 2024ko otsailaren 5etik, hau da, sinatu zen egunetik aurrera, indarrean zegoela. 2. Itundutako soldata eta lan-baldintzak ez daude finantzaketa publikoari lotuta eta ez daude finantzaketa publikoaren menpe. Zehazki, eskola-orduak ordubetez murrizteko neurriak, adostua eta sinatua dagoenak, bi helburu zituen: 1. Langileen lan-karga izugarria murriztea. 2. Matrikulazioen jaitsieragatik ikasgelak galtzearen ondorioz hurrengo ikasturteetarako aurreikusitako inpaktua eta langileen kaleratzeak murriztea. Izan ere, horrela ahalbidetuko litzateke ikasgelaren bat ixten den ikastetxeetan kaleratzeak saihestea. Nola? Bada, eskola-ordu murrizketa aplikatzearen ondorioz egin beharko liratekeen kontratazio berriekin konpentsatuz. Gainera, ikasgelarik ixten ez den ikastetxeetan kontratazio berriak egongo lirateke, eta Birkokapen Akordioaren bidez, beste ikastetxe batzuetatik kaleratutako langileek lehentasuna izango lukete. Horrela egin behar zen, baina KEk eta AICE-IZEAk uko egin diote. Publikoki esaten dute kezkatuta daudela ikasgelak ixteagatik, baina ez da horrela, beren ez-betetzeekin eta fede txarrarekin 160 kaleratze baino gehiago eragin baitituzte. Joan den ikasturtean 100 langile inguru kaleratu zituzten, eta ikasturte honetan 160 baino gehiago. Ikasgela galtzearen ondoriozko kaleratze “objektiboak” salatuko ditugu, bidegabeko kaleratzeak direla argudiatuz; izan ere, kaleratzea ez da ikasgela galtzeagatik gertatu, baizik eta ikasgela galtzeagatik eta sinatutako irakastordu murrizketa ez aplikatzeagatik. Hau da, patronalek Greba Amaierako Akordioa bete ez izanaren ondorio zuzena da 160 langile baino gehiago kaleratzea, baita horiek birkokatzea oso zaila izatea ere. Gaur, irailak 30, arratsaldez, ikasturte berria ospatuko du KEk Gasteizko San Viator Ikastetxean. STEILASek, CCOOk, LABek eta UGTk garbi dugu ez-betetzeekin eta kaleratzeekin ez dugula ezer ospatzeko, eta bai asko aldarrikatzeko. Hori dela eta, arratsaldean ospakizunaren atarian esango diegu, argi eta ozen, sinatutako akordioa bete behar dutela eta negoziazio mahaira hitzarmen proposamen bat eraman behar dutela, atzerapausorik gabekoa eta GAAn sinatutako eskubide guzti-guztiak jasoko dituena. Eskola-orduen murrizketa eta lan pertsonalerako bost orduak jaso beharko ditu. Horrek, neurri handi batean, gelak ixteagatiko kaleratzeak murriztuko lituzke. 2026ko maiatzean, berriro ere, patronalek seriotasun faltaz eta fede txarrez jokatu zuten. Negoziazio mahaian hitzarmen-proposamen bat aurkeztu zuten, arreta zuzeneko orduak murriztea eta lan pertsonalerako bosgarren ordua ezartzea jasotzen zituena. Bost egun geroago erretiratu egin zuten, baina zer gertatuko litzateke sindikatuek proposamena sinatu izan balute? Jarrera hori errespetu falta ikaragarria da sektoreko 9000 langileekiko. Patronal serioak behar ditugu, sinatzen dutena betetzen dutenak. Horrenbestez, beste behin ere honakoa exigitzen diegu KEri, AICE-IZEAri eta ikastetxe guztiei, aplikazioaren azken arduradunak baitira: 1. Sinatutako GAA osorik betetzea, eskola-orduen murrizketa barne, dagokion konpentsazioarekin. 2. Atzerapausorik gabeko hitzarmen-proposamena aurkeztea eta GAAn adostutako guztia jasotzea. Bide batez, sektoreko ikastetxeen %20 inguru ari dira aplikatzen eskola-orduen murrizketa, Elizbarrutiko ikastetxe guztiak barne. Egin daiteke, baina ez dago horretarako borondaterik. STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok patronalen ez-betetzeak salatzen jarraituko dugu, GAAn jasotako eta sinatutako eskubide guztiak bete arte.

Enpresaren kudeaketa negargarriak hartzekodunen konkurtsora kondenatu du Olazabal y Huarte

Gasteizko enpresa historikoak itxierari eta 30 lanpostu suntsitzeari egin behar die aurre. Olazabal y Huarte enpresa txarto kudeatua izan da hainbat urtez. Duela urte batzuk,...