2026-09-11
Blog Page 1061

Greba Lanbiden Eusko Jaurlaritzaren immobilismoa eta kudeaketa txarragatik



LAB eta ELA sindikatuok greba deialdia egin dugu Lanbiden irailaren 21 eta 22 eta urriaren 3, 4 eta 5erako orientazio zerbitzua suntsi dezakeen Eusko Jaurlaritzak egindako kudeaketa negargarria eta gelditasuna salatzeko.

Lanbideko Zuzendaritzak berak defendatu du Orientazioa organismoaren modelo antolatzaile eta funtzionalaren zutabe bezala. Hala ere, errealitateak kanporatutako eta gutxitutako zerbitzu bat erakusten digu. Pertsonal gutxi egoteaz gainera, orientazioko funtzioarekin bat ez datozen betebehar gehiago egiten dituzte eta orientatzaileek haien lanpostua galtzeko arriskua ere badaukate.

Gatazka honek 195 langileen egonkortasunarengan dauka eragina modu zuzenean, bulegoetako %30a. Hala ere, eragina dauka lan-talde osoan eta baita jendarte osoan ere, Lanbidek eskaintzen duen zerbitzu publikoa txarragotzen den heinean.
Akordio batera heltzeko administrazioaren borondate ezaren aurrean, mobilizazio sendoak burutzearen beharra ikusten dugu, eta 5 egunetako lanuztea iragarri dugu organismoaren plantilla osorako.

 

INFO

INFO
 

 

Positiboki baloratzen dugu Baztango Zahar Etxean sinatutako hitzarmen berria

Elizondon kokatuta dagoen Baztango Joaquin Iriarte Zahar Etxean lan hitzarmen berria sinatu dugu. Baztango 2. enpresa nagusia da, 85 langile eta 150 erabiltzailerekin. Lan hitzarmen berri honek, aurretik sinatu zen lehenengo enpresako lan hitzarmena ordezkatuko du, aurreko lan hitzarmeneko lan baldintzak hobetuz.

LABetik positiboki baloratzen dugu prozesu negoziatzailea nola joan den, eta batez ere, pozgarria iruditzen zaigu aurreko prozesu negoziatzailea hagitz gatazkatsua izan bazen honakoa bertze norabide batetik joan dela. Hori pozgarria da.

Enpresa Batzordeak apustu garrantzitsua egin zuen lan hitzarmen on bat sinatzeko, eta hori dela eta lehenengo egunetik langile guztiekin eskuz-esku lanean aritu gara denon artean markatzen genituen helburuak lortzeko.

Lan hitzarmen ona sinatu dugula erran dezakegu. Pozik erran dezakegu enpresak neurriak inposatu baino negoziatzeo bidea barneratu duela, eta lan erreformak neurriak inposatzeko ematen dion gaitasuna indargabetu da, negoziazioaren bidezko akordioen aldeko apustua eginez. Langileontzat soldata igoera bat egonen da lan hitzarmenak irauten duen 3 urteetarako eta jeitsi egingo da lan ordu kopurua. Langileontzat puntu hau izugarri garrantzitsua zen, lan ordu luzeak eta lan zama pisutsuak jasaten dituen sektore batetaz ari garelako solasean, gero aunitzetan lan baldintza duinekin errekonozituta ez dagoelarik. Gainera, hainbat neurri lortu ditugu kontziliazio laborala, familiarra eta sozialarekin lotuta.

Positiboki baloratzen dugun bertze puntu bat osasun zerbitzu publikoaren alde egindako apustua da, konkretuki, mutualitatearekin indarrean dagoen kontratua bukatzean, kontratua Osasunbidearekin eginen da. Guretzat puntu hau hagitz garrantzitsua zen, erran bezala lan baldintza gogorrak jasaten diren sektore honetan. Baja kopuruak bertze sektoreetan baino handiagoak dira honetan, interes pribatua eta ekonomikoa langilearen osasunaren gainetik jartzen duten mutualitateak alde batera utzi, eta osasun zerbitzu publikoaren aldeko apustua egiten delako.

Beraz, orokorrean akordioa positiboki baloratzen dugu, eta etorkizunera begira lan harremanak hobetzen hasteko oinarriak jartzen ari garela uste dugu. Orain solastutako guztia eta paperean idatzitako guztia egunerokotasunean praktikara eramatea falta zaigu. Hori da erronka.

 

 

 

Eusko Jaurlaritzak herri honen langileen gehiengoa mespretxatzen du

0



Gaur, irailaren 14an, Eusko Jaurlaritzak, SEA patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek gutxiengoan sinatutako Arabako Metaleko hitzarmena argitaratu du Arabako Aldizkari Ofizialean. Erabaki hau joan den udan Eusko Jaurlaritzak, CONFEBASK eta CCOO eta UGT sindikatuekin adosturiko akordioaren gauzapen praktikoa da, beste urrats bat. Lehen aldia da gobernu batek gutxiengoan sinatutako hitzarmen bat argitaratzen duela aldizkari ofizial batean, erabateko salbuespeneko egoera bati normaltasuna eta babesa eman nahian.

LABen iritziz, Eusko Jaurlaritzaren jokaera hau guztiz antidemokratikoa eta larria da, argi eta garbi patronalaren alde lerrokatzen baita, azken honek duen akordio merkeak lortzeko estrategiarekin bat eginez eta herri honen langileen gehiengoak erabakitakoari muzin eginez. Urkullu jauna: prest al zaude onartzeko eta argitaratzeko Gasteizko Legebiltzarrean gutxiengo batek erabakitzen duena? Hori zilegia eta demokratikoa iruditzen zaizu?

Erabaki honek datorren hilaren 20an Gasteizko kaleetan egingo dugun mobilizazioaren beharrean berresten gaitu. Herri honek lan harremanetarako eredu propioa behar du, langileen ordezkaritzak errespetatua izan behar du eta pobrezia eta prekarietatea hedatuko ez dituen benetako negoziaketa kolektiboa ezinbestekoa da.

 

 

 

Urkulluk eta EAJk prekarietatean sakontzen duten politikak aplikatzen dituzte

0



Irailaren 5ean, Bilboko Guggenheim Museoan Manpower Groupek azpikontratatuta dauden Gida eta Hezitzaileek greba mugagabea hasi zuten 18 hezitzaileren kaleratzea salatu eta lan-baldintzak hobetzea eskatuz. Gaur, hilak 14, LAB sindikatuak giza-katea egin du, Eusko Jaurlaritzatik hasita Guggenheim Museora zuzendu gara. Bertan Ainhoa Etxaide, LABeko Idazkari Nagusiak, salatu du “ez dagoela inongo arrazoirik langile hauen prekarietatea eta kaleratzea justifikatzen duenik”.

Guggenheimeko langileen prekarietatea eta kaleratzea justifikatzeko erabili diren argudioak faltsuak dira. Krisian zehar, arrazoi ekonomikoa jarri zituzten mahai gainean, baina Etxaidek azaldu duen bezala “Guggenheim diru iturri itzela da”. Lehiakortasuna ere izan dute hizpide, baina “Guggenheimen ez dago preziotan lehiatzen duen ezer". Azken argudioa eta Etxaideren aburuz salagarriena da “kualifikazioa falta erabiltzen dutela, langile hauek Guggenheim museoko patronatoa osatzen duten pertsonak baino kualifikatuagoak daudenean”. Argudio anker hauen atzean ezkutatu nahi dute arrazoi erreala: “patronatoak erabakitzen du langileek zenbat balio duten, beraien ekarpenek zenbat balio duten eta instituzioek utzi egiten die ezarritako balio hori aplikatzen eta miseriazko soldatak ordaintzen”.

Bestalde, Etxaidek mezu bat bidali nahi izan dio Urkullu jaunari bere alderdiak zuzentzen baititu egoera hau konpon dezaketen hiru instituzioak, bai Udaletxea, Diputazioa zein Jaurlaritza:“Urkulluk eta EAJk ezin dute beste aldera begiratu honelako egoerak ahalbidetzen dituzten politikak aplikatzen dituzten bitartean”. Urkullu iruzur egiten ari da esaten duenean gizartearentzat baduela eskaintza bat patronalari eskatzen duen guztia ematen dion bitartean.

ALBISTE GEHAIGO
{module[648]}

 


 

 

Giza katea Guggenheim Museoko hezitzaileen kaleratzea salatzeko

0

Irailaren 5ean, Bilboko Guggenheim Museoan Manpower Groupek azpikontratatuta dauden Gida eta Hezitzaileek greba mugagabea hasi zuten. 18 hezitzaileren kaleratzea salatu eta lan-baldintzak hobetzea ari dira eskatzen. Bihar asteazkena, LAB sindikatuak giza-katea egingo du Eusko Jaurlaritzatik hasita.

Bertatik, 10:00etan, Bizkaiko Foru Aldundira (Gran Via, 25), Sabin Etxea EAJren egoitzara eta Bilboko Udalera zuzenduko gara. Instituzio bakoitzari eta EAJri zuzendutako gutun bana erregistratuko ditugu egoitza bakoitzean. Mobilizazioa amaitzeko, Guggenheim Museora zuzenduko gara.


ALBISTE GUZTIAK

{module[648]}
 

 

 

Guztion eskubideak bermatuko dituen administrazio eta sektore publikoaren alde egiten dugu, baita hizkuntza eskubideei dagokienez ere

Ika-mika handia eragin du atzo PSE-EEk euskarak administrazioan izan behar duen lekuaren inguruan aurkeztutako bideoak. PSE-EEk probokazioaren bidea aukeratu du hauteskunde kanpainan lekua egiteko. Horrek ekarri ahal dizkion etekin edo galera elektoraletatik harago, LAB sindikatuak bideoan esandakoa suposatzen duen ageriko zentzugabekeria berretsi nahi du. 

Izan ere, bideoan esaten den bezala "ez da beste inon gertatzen", bertako administrazioan ez bada, langile zein herritarroi administrazioarekiko harremanean, izan lan jardueran edota zerbitzu publikoak eskuratzerakoan, dagozkigun hizkuntza eskubideak hamarkada luzez urratuta aurkitzea. Idoia Mendiak esaten duen bezala, bertako administrazioan egoera "bidegabea" ematen da, bai; baina XXI. mendean euskaraz lan eta bizi nahi duten herritarrak (baita langileak ere) bigarren mailako herritar gisa tratatuak direlako. Hobe lukete bidegabekeria hori gainditzeko konpromisoa hartuko balute. Eta "aukera berdintasunaz" hitz egiten hasita, ondo legoke bere alderdiko kide den Patxi Lopezek Lehendakari izateko ze diskriminazio egoera pairatu zuen azaltzea.

PSE-EEk gatazka eremu linguistikoan kokatu nahi du, euskaraz dakiten eta ez dakitenen arteko liskarraldiak sustatuz. Baina arazoaren muina demokraziaren ingurukoa da; guztion eskubideak bermatuko dituen administrazioa sustatzen duten eta sektore sozial baten hizkuntza eskubideak baztertuko duen administrazioaren alde egiten duten alderdien artekoa baizik.

Horregatik, LAB sindikatutik guztion eskubideak bermatuko dituen administrazio eta sektore publikoaren alde egiten dugu; baita hizkuntza eskubideei dagokienez ere. Hizkuntza eta kulturen arteko talkak areagotu nahi dituztenen probokazioetan ez erortzea eta euskararen normalizazioaren aldeko lanean jarraitzea bide zuzenena da. Administrazioetako arduradun politikoek ere bide horri jorratu beharko luketelarik.
 

 

 

Nazioarteko III. Topaketa Ekosozialistak irailaren 23tik 25era

0

Irailaren 23,24 eta 25ean Nazioarteko III. Topaketa Ekosozialistak burutuko dira Bilbon. "Urgentzia ekologia eta larrialdi soziala: erronka ekosozialen aurrean alternatibak eraikiz" izenburupean alternatibak bilatzea izango dute xede topaketek. Ainhoa Etxaide, LABeko Idazkaria Nagusia, irailaren 25ean parte hartuko du "Sindikalismoa trantsizio ekosozialistaren aurrean" solasaldian. 

 

 

 

 

LABek babes eta elkartasuna guztia bidaltzen die Herrialde Katalanetako Esfosa enpresako COSeko kideei

0


Gaur ez da egun arrunt bat Vic-en (Herrialde Katalanetan) kokatuta dagoen haragi industriako Esfosa lantegian. Gaur Martxotik aurrera eramaten ari diren borroka momentu gorenean dago, gaurko egunean erabakiko baita enpresaren mehatxuek bere helburua lortzen duten eta COSeko langileen ordezkariak direnak kargutik kenduko diren ala ez. 

Borroka aurtengo Martxoan hasi zen enpresak lan hitzarmenaren sistematikoki betetzen ez zutela ikustean grebari ekin ziotenean. Greba horretan enpresarietako bat piketeetan zegoen langile etorkin batengana hurbildu eta honako irain arrazistak egin zizkion: “Afrikara bidaliko dizut goseak hil zaitezen”, “lau tiro emango dizkizuet”… Gertakari hauen ondoren, enpresak 9 kidek osatzen duten Komitean COSek dituen 7 ordezkariak zigortu egin zituen, eta Irailean langileei mehatxu egin zien COS sindikatuko kideak kargutik kendu ezean soldatak ordaintzeari utzi eta enpresa itxi eginen zutela. Mehatxu bidez batzarra deitzeko beharrezkoak diren sinadurak bilduta gaur ari dira bozkatzen ordezkari hauek kargutik kendu ala ez. Gaur Esfosan askatasun sindikala eta oinarrizko eskubide demokratiko bat dago jokoan.

Egoeraren larritasuna ikusirik LABetik hasiera hasieratik helarazi genien gure elkartasuna bai COSeko ordezkariei, baita borrokan ziharduten Esfosako langile guztiei eta orokorrean Herrialde Katalanetan baldintza tamalgarrietan lanean diharduten haragi industriako langile guztiei ere.

Gertatzen ari dena harriduraz ikusten dugu LABetik, harrigarria iruditzen baitzaigu feudalismo garaikoak izan zitezkeen praktika enpresarialak nola gaur egun oraindik ematen diren inpunitate guztiarekin gainera. Mehatxuak, irainak, arrazakeria, lan baldintza esklaboak… hau da Esfosako errealitate gordina, eta norbaitek aurre egiten dionean, inolako lotsa eta konplexurik gabe mehatxua erabiliz aurre egiten diona erditik kendu nahi dute.

Hori dela eta gure elkartasun guztia bidaltzen diegu egun garrantzitsu honetan. Borrokan jarraitzera animatzen diegu, borrokak fruituak ematen baititu, eta soilik borroka egiten duen langileriak lor baitezake horrelako praktika enpresarialei aurre egiteko.

Bertze aldetik COSeko eta Carnies en Lluita plataformako kideen duintasuna azpimarratu nahiko genuke. Egoerarik zailenetan, mehatxu guztiei aurre egin eta tinko borrokan dihardutelako. Hori gutxi ez balitz deskribaturiko baldintza gogorretan lan egiten duten langile guztiei (%90 etorkinak dira) babes sozial eta laborala eskaintzen diete, beraien eskubideak zein diren erakutsiz eta hauen edozein urraketei aurre egiten dihardutelako.

Horregatik jakin dezatela bai COSeko kideek, eta baita ere borrokan diharduten Esfosako langile guztiek ere, beraiekin gaudela, eta gure babes guztia daukatela borroka honetan.

Animo eta jo ta ke!

Fins a la victoria!