2026-09-18
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu SoziokomunitarioaPositiboki baloratzen dugu Baztango Zahar Etxean sinatutako hitzarmen berria

Positiboki baloratzen dugu Baztango Zahar Etxean sinatutako hitzarmen berria

Elizondon kokatuta dagoen Baztango Joaquin Iriarte Zahar Etxean lan hitzarmen berria sinatu dugu. Baztango 2. enpresa nagusia da, 85 langile eta 150 erabiltzailerekin. Lan hitzarmen berri honek, aurretik sinatu zen lehenengo enpresako lan hitzarmena ordezkatuko du, aurreko lan hitzarmeneko lan baldintzak hobetuz.

LABetik positiboki baloratzen dugu prozesu negoziatzailea nola joan den, eta batez ere, pozgarria iruditzen zaigu aurreko prozesu negoziatzailea hagitz gatazkatsua izan bazen honakoa bertze norabide batetik joan dela. Hori pozgarria da.

Enpresa Batzordeak apustu garrantzitsua egin zuen lan hitzarmen on bat sinatzeko, eta hori dela eta lehenengo egunetik langile guztiekin eskuz-esku lanean aritu gara denon artean markatzen genituen helburuak lortzeko.

Lan hitzarmen ona sinatu dugula erran dezakegu. Pozik erran dezakegu enpresak neurriak inposatu baino negoziatzeo bidea barneratu duela, eta lan erreformak neurriak inposatzeko ematen dion gaitasuna indargabetu da, negoziazioaren bidezko akordioen aldeko apustua eginez. Langileontzat soldata igoera bat egonen da lan hitzarmenak irauten duen 3 urteetarako eta jeitsi egingo da lan ordu kopurua. Langileontzat puntu hau izugarri garrantzitsua zen, lan ordu luzeak eta lan zama pisutsuak jasaten dituen sektore batetaz ari garelako solasean, gero aunitzetan lan baldintza duinekin errekonozituta ez dagoelarik. Gainera, hainbat neurri lortu ditugu kontziliazio laborala, familiarra eta sozialarekin lotuta.

Positiboki baloratzen dugun bertze puntu bat osasun zerbitzu publikoaren alde egindako apustua da, konkretuki, mutualitatearekin indarrean dagoen kontratua bukatzean, kontratua Osasunbidearekin eginen da. Guretzat puntu hau hagitz garrantzitsua zen, erran bezala lan baldintza gogorrak jasaten diren sektore honetan. Baja kopuruak bertze sektoreetan baino handiagoak dira honetan, interes pribatua eta ekonomikoa langilearen osasunaren gainetik jartzen duten mutualitateak alde batera utzi, eta osasun zerbitzu publikoaren aldeko apustua egiten delako.

Beraz, orokorrean akordioa positiboki baloratzen dugu, eta etorkizunera begira lan harremanak hobetzen hasteko oinarriak jartzen ari garela uste dugu. Orain solastutako guztia eta paperean idatzitako guztia egunerokotasunean praktikara eramatea falta zaigu. Hori da erronka.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Ekialdebuseko lankide batek jasandako erasoa salatzen dugu

Ez da halako zerbait gertatzen den aldia, eta segurtasun arazoa salatu du Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko autobus zerbitzuko LABek. Oraingoan E05 linean gertatu da, Errenteriako Beraungo anbulatorioaren parean.

Osasun Departamentuaren aurrekontuaren igoera osasun arreta hobetzeko erabil dadila exijitzen dugu

Nafarroako Gobernuak osasun arloko aurrekontua % 10 handituko duela iragarri du, eta horrek agerian uzten du premia ekonomiko larria dagoela Osasunbideak eta, oro har, osasun sistema publikoak dituzten arazoak konpontzeko. Gero eta handiagoa den eskariari erantzutea, itxaron-zerrendak arintzea eta Oinarrizko Osasun Laguntzaren egoera gero eta kezkagarriagoari aurre egitea, horiexek dira aurrekontuaren igoera hori justifikatuko luketen erronkak. Eta “justifikatuko luketen” diogu; izan ere, gure sindikatuan askotan kritikatu dugu aurrekontua erabili dela sistemari adabakiak jartzeko, behar diren neurriak ezartzera bideratu beharrean.

Lanbide Heziketako ratio eta bikoizketen kudeaketak nabarmen utzi du Gimeno

Hezkuntza departamentuak 2025ean sinatutako Hezkuntza Itunean zein foru dekretuetan ezarritako gehienezko ratioak urratzen ditu. Kasu batzuetan, egiten den jarduera dela eta, ikasleak eta irakasleak arriskuan ere jartzen ditu.