2025-12-23
Blog Page 1055

Denok dugu zer esan zerbitzu sozialen defentsan

“ZAINTZA ZAINDU. Langile gehiago, zerbitzu hobea” izenarekin zerbitzu sozialetako ratioak eta arreta hobetzeko kanpaina martxan dugu LABen. Kanpaina honekin adinekoen, adin txikikoen eta aniztasun funtzionala dutenen zentroetan arreta duintasunez eman ahal izateko langile gehiagoren beharra azaleratzen ari gara. Ratioak handitzea ezinbestekoa da, eta instituzioei hori exijituz sinadura bilketa bat jarri dugu martxan. Otsailaren 19a sinadura bilketaren egun handia izango da, eta guztion parte hartzea ezinbestekoa zerbitzu sozialen defentsan. Animatu eta otsailaren 19an SINATU zerbitzu sozialen defentsan.
 

 

 

Pentsio sistema propioaren alde urratsak eman behar dira

Euskal Herriko pentsio-sistemek gabezia estruktural garrantzitsu bat dute erabakiak hartu ahal izateko, hau da, Estatuari dagokio, modu esklusiboan, pentsioen inguruko eskuduntza. Honen aurrean sindikatuak urteak daramatza pentsio sistema propioaren alde eta pentsionisten bizi baldintzen defentsan borrokan. Guzti honen inguruan azalpenak emateko agerraldia eskaini du LABek eta Ainhoa Etxaide Idazkari nagusiak, Bea Martxueta Politika Sozialeko ordezkariak eta Carlos Ruiz pentsionistak hartu dute parte.

Bea Martxuetak adierazi du sindikatuak urteak daramatzala pentsio sistema propioaren alde eta pentsionisten bizi baldintzen defentsan borrokan. 2010ean LABek proposamena egin zuela gogorarazi du eta urteak daramatzala Helduen eta Pentsionisten arloarekin lanean.

Carlos Ruizek pentsionisten egoeraren argazkia egin du. Hego Euskal Herriko biztanleriaren %25a dira pentsionistak eta 300.000k 600 eurotik beherako diru-sarrerekin bizirauten dute. Azken 5 urteotan pentsioak izoztuta izan dituztela gaineratu du, hemendik aurrera ez dela KPIaren erreferentzia hartuko pentsioak eguneratzeko eta “%0,25eko hazkundera kondenatuta” daudela.

Eskubide Sozialen aldeko Euskal Herriko Pentsionisten Plataformen Herri Ekimen Legegileei buruz ere hitz egin du Ruizek. Bata EAEn eta bestea Nafarroan. EAEn, Parlamentuko Mahaiak bidea moztu arren, sinadura-bilketa egingo dutela adierazi du.

Ainhoa Etxaidek pentsioen sistema propioari buruzko Eztabaida agenda politikoan kokatu dela azpimarratuz hasi du bere hitzartzea. “Bazen garaia eztabaida hau irekitzeko. Pentsio sistema propioa ezartzea sindikatu abertzaleon aldarrikapen historikoa da”.

Azken egunetako adierazpen edo urrats politikoen inguruko gogoeta bi egin ditu LABeko Idazkari Nagusiak. Batetik, “pentsio sistema propio bat eraikitzeko bidean protagonistak pentsionistak berak izan behar dira, ez partidu politikoak. Joko politikoaren eremuan egiten diren urratsak ikusi ditugu, oraindik ez dugu ekimenik ikusi oinarri sendoak izango dituen bideari ekiteko”.

Eztabaidaren funtsa eta oinarria pentsionisten egoera izanda, geroz eta egoera larriagoa bizi dute pentsionistek azken urteetan egiten diren erreformak eta babes sozialaren sisteman egin diren murrizketak direla eta. “Sistema propioaren premiaz hitzegin behar da, premia dagoen neurrian eztabaidatuko dugu bideragarritasunaz, ez bideragarria den bai edo ez, baizik eta nola egin bideragarri sistema publiko bidezko eta propio bat” gaineratu du.

EAJk egindako proposamenaz, Etxaidek adierazi du jeltzaleak Nafarroara joan direla sistema propio bat aldarrikatzera, “baina Gasteizen agintzen du. Eta Jaurlaritzako buru eta parlamentuko partidu nagusi bezala, bi erabaki hartu ditu: pentsionistek eskatutako lege egitasmoa tramitera ez onartzea eta estatus politikoaren eztabaidan gai hau alberatzea”. Honekin batera, “EAJk egin ez duena” gogoratu du Etxaidek. “Erreforma inposatu zutenean ez zuen sistema publikorik defendatu, ez hemen, ez Madrilen”.

Pentsio sistemaren kontrako bigarren erasoa, lan erreforma izan da Etxaideren hitzetan. “Enplegu egonkorrik eta kalitatezkorik gabe ez dago gaurko sistema publikoa elikatzerik. Bideragaitza bada ez da publikoa delako, botere ekonomikoaren politikek eta interesek itotzen dutelako baizik”.

Etxaidek adierazi du, asko egin daitekeela Jaurlaritzatik “pentsionisten kolektiboa babesteko eta beren bizi baldintzak hobetzeko”. Neurrien artean aipatu ditu pobrezia energetikoaren kontrako neurriak hartzea, zaintza ziurtatuko duen sistema egoki bat garatzea, kopagoa deuseztatzea eta batez ere, pentsioak osatzea, gutxienez 1.080 eurotako pentsioak izateko. “Azken neurri hau hartu gabe alargun gehien gehienak pobreziara kondenatzen dituzte”, gaineratu du Etxaidek.

LABen eskakizunak zehaztuz amaitu du agerraldia Idazkari nagusiak. Lehenik eta behin, “has gaitezen sistema publiko eta propioaren definizioa eta diseinua egiten. Horretarako ez da marko juridiko politikoa aldatu behar, borondate eta ekimen politikoarekin nahiko. Guk gure proposamenak bidaliko dizkiegu alderdiei”. Bigarrenik, bide eman diezaiotela pentsionisten plataformek aurkeztutako Herri Ekimen Legegileari parlamentuetan eztabaida egiteko eta eztabaida horietan pentsionisten parte hartzea ziurtatzeko. Hirugarrenik, jar daitezela neurri zehatzak martxan pentsionisten egoera hobetzeko, prestazio osagarriak ziurtatuz, kopagoak kenduz eta zerbitzu egoki eta nahikoak bermatuz.
 

 

 

Egun negoziazio kolektiboak langabezia eta prekarietateari aurre egiteko mugak ditu


“Negoziazio kolektiboa langabeziaren eta laneko prekarietatearen aurkako tresna al da?”. Hau da hitz eta hitz fundazioak antolatutako eztabaida sindikaleko mahaiko partehartzaileei egindako galdera. LAB sindikatuaren izenean, Garbiñe Aranburu, Negoziazio Kolektiboko Idazkariak izan zuen erantzuteko ardura. Zoritxarrez, “galdera honi, gaur egun ezezkoarekin erantzun behar diogu”. Negoziazio kolektiboak prekarietatearen aurka borrokatzeko tresna izan beharko luke, baita sortzen den aberastasuna hobeto birbanatzeko bitartekoa ere, baina egun ez da horrela.

Zergaitik? 80. hamarkadatik hona bizitzen ari garen oldarraldi neoliberalaren ondorioz, erreformak bata bestearen atzetik inposatu zaizkigu, etengabe lan baldintzak erasotuz. Honen ondorioa langabezia eta prekarietatearen zabalkundea izan da eta negoziazio kolektiboak egoera honi buelta emateko agorpen zantzuak agertzen zituen.

Krisiaren aitzakiapean bultzada izugarria eman zaie lan munduan bizitzen ari ginen egiturazko aldaketei eta azken bi lan erreformekin negoziazio kolektiborako eskubidea indargabetu egin da. Honela etengabe hedatzen ari den prekarizazioaren fenomenoari negoziazio kolektibotik bakarrik ezin zaiola aurre egin defenatu dugu.

Negoziazio kolektiboaren alde borrokatzen jarraitu behar dugu, erreformak ezarri digun joku zelaian ito gabe. Horregatik, hain zuzen ere, ekintza sindikala indartu eta berritzeko erabakia hartu dugu eta birpentsatzen prozesuan murgildu da sindikatua.
 

 

 

Urdulizko ospitalean, %100 publiko eta kalitatezkoa

0


Uda baino lehen zabalduko den Urdulizko Ospitalea %100 publiko eta kalitatezkoa izan dadin exigitzeko kontzentrazioa burutu genuen atzo, Bidezabal anbulatorioaren aurrean. Kezka handiz salatu behar dugu gure eskualdean erakitzen ari den ospitalearen gaineko informazio eta gardentasun falta Osakidetza zein Osasun Saialaren aldetik.

Honen aurrean, hau da guk nahi dugun ospitalea:

  • Eskualdeko populazioak eskatzen dituen zerbitzu guztiak eskaintzen dituena; eskualdeko populazio osoari zerbitzua eman eta gaur existitzen den espezialitateen dispertsio geografikoari amaiera emango diona.
  • Pribatizatutako zerbitzurik eta kontratarik gabekoa, hauek lan-baldintza prekarioak sortu eta arretaren kalitatea jaitsi baino ez baitute egiten.
  • Beharrezkoa den langile-kopuruarekin, kalitatezko zerbitzua eskeintzeko berme bakarra delako.
  • Euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatzen dituena, bai langile zein erabiltzaileonak. Erabiltzaileok ospitalean sartzen garenetik atera arte gure hizkuntzan artatuak izatea bermatzen duena.
  • Hasieratik gure eskualdeko herritarrontzat oso inportanteak diren zerbitzuak ematen dituena: larrialdiak, hemodinamika, onkologia… Zerbitzu hauen funtzionamendua ezin da denboran luzatu.

 

 

 


Gatazkaren konponbidean aurrera egin ahal izateko lehentasunezkoa da presoen auzia konpontzea

Igandez geroztik europarlamentari talde bat Euskal Herrian da presoek pairatzen duten egoera gertutik aztertzeko. Gaur, otsailak 16, LABen izenean ordezkaritza bat, Ainhoa Etxaide buru duelarik, batu da beraiekin Donostian.

Espainiar zein frantziar Gobernuen espetxe politikek dituzten ondorio larrien berri eman die LABek parlamentariei. Alde batetik, dispertsioak presoengan ez ezik haien senideengan dituen ondorioez aritu dira, presoen bisitak eta laneko baldintzak uztartzeko ematen diren zailtasunez eta dispertsioak familiei eragiten dizkieten ondorio ekonomiko larriez. Era berean, urteetako espetxe zigorraren ondoren presoak lan mundura itzultzeko topatzen dituen oztopoak ere salatu ditu LABek, espetxealdiak lana galtzea dakarrelako askotan eta beste askotan inhabilitazioaren zigor gehigarria jasaten dutela espetxetik irten ostean.

Dispertsioaren amaiera eta presoen etxeratzea euskal jendartearen gehiengoaren babesa duen aldarria dela berretsi du LABek batzarrean, eta une honetan bereziki preso gaixoen aferari erantzuteak duen premiaren berri eman du. Presoen eskubideen defentsan urrats gehiago emateko beharra ikusten du LABek, baina kezkaz bizi du zentzu horretan beharrezkoak diren akordioak —garai zailagoetan posible izan direnak— egiteko borondaterik ez egotea zenbait alderdi politiko eta sindikaturen aldetik.

Sindikatuak oso positibotzat jotzen du presoen egoeraren berri Europara zabaltzeko parlamentariekin egindako harremana. Bilera hau, gainera, presoen eskubideen defentsan deialdi asko batzen dituen aste batean burutu dugu.

Euskal Herrian gatazkaren konponbidean aurrera egin ahal izateko lehentasunezkoa da presoen auzia konpondu eta etxeratzea bideratzea. LABen iritziz lehentasun horri heldu eta martxa sartzeko unea da.

Espetxeetako pareten bi aldeetatik egin beharreko borroka da honako hau. Presoak borrokan dira. Gure esku dago beraz haiek etxera ekartzeko kanpotik ere indar egitea. Eta horretarako mobilizatzea beste biderik ez dago.

Zentzu honetan LABek gorriz markatu du asteburu honetako hitzordua eta kartzeletara egingo diren martxetan izango gara. Gainera, Lorentxa Gimonen askatasuna eskatzeko Rennesen egingo den martxara joateko LABeko autobusa antolatu dugu eta herritar orori deialdi ezberdinetan parte hartzeko deia luzatzen diogu.
 

 

 

Forem eta bestelakoek praktika irregularrak burutzen dituzte

0

Forem eta Distrivisual garbiketa enpresek Foruzaingoaren egoitzaren garbiketan burututako praktika irregular baten frogak bildu ditu LABek. Ez da kasu isolatua, baizik eta Iroz eta Clece bezalako enpresak eta IFES bezalako formakuntza eskolek ere garatutako praktika sistematikoa, Iruñerriko hainbat eskola nahiz Iruñeko Udaleko hainbat kiroldegien garbiketa lanetan.

Eskuratu dugun kontratuan azaltzen den bezala, Foremek prestakuntza kontratuak egiten dizkie langabezian dauden lagunei. 4 hilabetetan zehar 478 orduz (oporrak deskontatu behar) egiten dute lan, gutxieneko soldataren truke: 756 euro gordin. Garbiketako hitzarmena aplikatuko balitz, 478 orduz lan egiteagatik 1339 euro gordin jaso beharko lituzke hilero. Soldata desberdintasun honen justifikazio legala, honako hau: langileak ez ditu garbiketa enpresak kontratatzen, baizik eta Foremek, prestakuntza kontratuaren bidez. Foremek egindako kontratuan soldata ezartzen da: gutxieneko soldataren %75a prestakuntza garaian eta gutxieneko soldataren %100 praktikan egiten diren garaian. Alabaina, praktika antisindikala eta irregularra da, bost arrazoi direla eta.

Lehenik eta behin, 478 orduak Foremen egindako garbiketako formakuntza ikastaroaren “praktikak” direla esaten zaie langileei. Baina langile hauek egiturazko lanpostuak betetzen dituzte. hau da, ez dute langile baten ondoan ikasten, baizik eta langile hori ordezkatzen, Forem eta garbiketa enpresaren arteko elkarlan hitzarmenean azaltzen dena urratuz: “En ningún caso la participación del personal amparado en este convenio podrá cubrir ningún puesto de trabajo de la empresa” (9. klausula). Foruzaingoko garbiketaren kasuan, 7 lanpostutik 3 modu honetan betetzen dira. Garbiketako enpresek instituzio publikoen azpikontratak eskuratzeko erabiltzen dituzten amarruetako bat da hori. Lan hitzarmena betetzeak duen kostearen azpitik dagoen eskaintzak egiten dituzte eta, behin kontratua lortuta, lan-kostuak murrizten dituzte amarru ezberdinen bidez, hala nola, bajak ez ordezkatzea, lanak ez betetzea edota prestakuntza kontratuen erabilpena. Azken kasu honetan, Forem ezinbesteko laguntzailea da, langileak doan ematen baitizkie garbiketa enpresei.

Bigarrenik, ustezko praktiketan dauden langileek tutore bat izan beharko lukete, bertatik bertara jarraipena egiteko. Alabaina, Foremek garbiketako enpresei eskainitako langileek ez dute halakorik izaten. Tutorearen izena azaldu behar den kontratuaren lekuan “Zuzendaria” azaltzen da, suposatzen da Foremekoa. Edozein kasutan ere, ustezko tutore horren nortasuna edozein dela ere, kontua da langileek bakar-bakarrik lan egiten dutela.

Hirugarrenik, garbiketako hitzarmenak (32. artikulua) prestakuntza kontratua erabiltzea debekatzen du espreski, “sektorearen ezaugarriak aintzat hartuz eta “ofizio” edo “lanpostu kualifikaturik” ez dagoela kontutan hartuz”. Hau da, garbiketako sektorean lan egiteko ez da behar inongo formakuntza espezifikorik eta horregatik formakuntza kontratua espreski debekatzen da, salatzen ari garena bezalako iruzurrak ekiditeko. Ondorioz, Garbiketa hitzarmenaren ez betetze larri baten aurrean gaude. Legalki zera argudia daiteke, Foremek enpresa hitzarmen propioa duela eta hori Garbiketa hitzarmenaren gainetik dagoela. Baina horrek ez lioke larritasunik kenduko salatutakoari, azken batean praktika antisindikal argia baita.

Laugarrenik, formakuntza kontratuek finantziazio publikoa jasotzen dute. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak honako arlo hauek ordaintzen ditu: Foremeko irakasleak; formakuntza gastuak; lan kosteak, gizarte segurantzako kuotak barne (formakuntza garaian gutxieneko soldataren %75 eta praktiken garaian %100). Hau da, Foremek kontratatutako eta garbiketa enpresek egiturazko lanpostuak betetzeko erabilitako pertsonen soldatak diru publikoz ordaintzen dira. Honela, garbiketa enpresek arlo publikoaren kontura aberasten dira, bi bidetik aberastu ere: batetik, pribatizazio politikari esker, azpiegitura publikoak garbitzeagatik diru publikoa jasotzen dute; bestetik, diru publikoz ordaindutako pertsonala erabiltzen dute lan horren zati bat egiteko.

Bosgarrenik, formakuntza kontratuak diru publikoz ordaintzeko bete beharreko irizpide legala aipatu beharra dago: gutxienez “ikasleen” %10 kontratatu beharko ditu enpresak, gutxienez hiru hilabetez. Ikusi beharko litzateke ea irizpide hau betetzen den eta ea legearen arabera betetzen den, nekez justifikatu baitaiteke kontratu ebentual bat Garbiketa bezalako sektorean, garbiketa lanak egiturazkoak direnez kontratazioa mugagabea edota interinoa (bajak kubritzeko) izaten baita. Sarrigurengo eskola publikoarena bezalako kasuak ezagutzen ditugu, non Distrivisualek “praktiketan” diren langileak bata bestearen atzetik aldatzen dituen.

Praktika hauek hain dira larriak, ezen Distrivisualeko Komiteak aho batez (UGT, CCOO, LAB eta ELA) adostu baitzuen gertakari hauek Lan Ikuskaritzaren aurrean salatzea. Izan ere, sindikatuen arteko ohiko ika-miketatik edota enplegu politiken kudeaketa ereduen arteko eztabaidatik harago kokatzen den auzia da: garbiketako enpresen interes pribatuei mesede egiten dien praktika antisindikala da, argi eta garbi.

Gertakarien larritasuna ikusita, LABek iritzi publikoa jakinaren gainean jartzea erabaki du, eremu ezberdinetatik hartu beharreko neurriak har daitezen. Zehazki, LABek honako ekintza hauek beharrezkotzat jotzen ditu:

-Lan Ikuskaritzari dagokionez, iruzurraren dimentsioa ikertzea eskatzen dugu, Forem eta Ifes bezalako formakuntza eskolen nahiz enpresen erantzunkizunak argituz, eta horrelakoak berriro gerta ez daitezen beharrezko neurriak hartuz.

-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari dagokionez, formakuntza eskolen eta bereziki Forem eta Ifesen inguruko ikerketa propioa egin dezan eskatzen dugu, aurrerantzean horrelako praktikak diru publikoarekin ez direla ordainduko bermatuz.

-Aipatutako egoeretan dauden langileei LABekin harremanetan jartzeko gonbitea luzatezn diegu, beren eskubideak eta interesak defenda ditzagun.

-Azkenik, LABeko Aholkularitza Juridikoak epaitegietara jotzeko aukerak aztertuko ditu.
 

 

 

Irakaskuntza publikoko irakasleen aurkako murrizketa politikak aldarazteko mobilizatu gara

0

Eusko Jaurlaritzak eta Hezkuntza Sailak hezkuntza sistemaren kalitatea eta lan baldintzen duintasuna ez dute euren lehentasunen artean. Hain zuzen ere hezkuntza sistemak behar duen inbertsioari heldu ordez, bankuekin duen zorra kitatzeak izango baitu lehentasuna. Honen aurrean STEILAS, LAB eta ELA sindikatuok Eusko Jaurlaritzari bere hezkuntza politika errotik aldatzea eskatzen diogu, hezkuntza inbertsioa igoz, plantilak handituz, lanpostuak egonkortuz, ordezkapenak lehen egunetik eginez, 58 urtetatik aurrera irakastorduak murriztuz eta erretiroa erraztuz, gaixotasun bajak ez zigortuz eta galduriko eros-ahalmena berreskuratuz.

STEILAS, LAB eta ELAren Prentsa-oharra

Eusko Jaurlaritzak eta Hezkuntza Sailak hezkuntza sistemaren kalitatea eta lan baldintzen duintasuna ez dute euren lehentasunen artean.

Irakaskuntza publikoko irakasleen mahai sektorialean azaldu ziguten moduan, hezkuntza sistemak behar duen inbertsioari heldu ordez, bankuekin duen zorra kitatzeak lehentasuna izango du, langile, ikasle eta familiekin duen ardurari muzin eginez.

Eusko Jaurlaritzak gure aberastasunaren %3,6a besterik ez du bideratzen hezkuntzara (EB28ak %5a), 2009tik 222 milioi eurotan murriztu duelarik aurrekontua eta inbertsioa %4,3tik %3,6ra pasa da. Zorraren ordainketa, aldiz, %0,8tik %11,1era pasa da, 1.086 milioi € gehiago, alegia.

Urtez urte, Madrilgo eta Gasteizeko gobernuek murrizketak bata bestearen gainean ezarri dizkigute hezkuntza sisteman eta irakasleon lan baldintzetan egoera jasan ezina bilakatu arte.

Honen ondorioz, hezkuntzako gainontzeko eremuetan bezala, Irakaskuntza Publikoko irakasleon lan baldintzek okerrera egin dute nabarmen azken urte hauetan.

Azken urteetako matrikulazioak nabarmen gora egin duen arren plantilak ez dira neurri berean hazi. Ikasle gehiago geletan sartzearen ondorioz, hezkuntza sistemak beharko lituzkeenak baino 1.800 irakasle gutxiago ditu.

Irakasleen artean %31koa da behin-behinekotasuna, horrek hezkuntzaren kalitatean, ikastetxeen antolakuntzan eta langileen lan-baldintzetan dituen ondorio larriekin. Jaurlaritzak, ordea, ez du inolako asmorik agertu arazo hau behin betiko konpontzeko.

Plantila beharrak asetzeko eta behin-behinekotasuna nabarmen gutxitzeko 6.000 lanpostutik gora behin-betiko egonkortu beharko lituzke Jaurlaritzak.

Honi lotuta, ordezkapenik ez da egiten edo kasu askotan astebeteko atzerapenez egiten dira. Ondorioz, milaka irakastordu galtzen dira urtero, gainontzeko irakasleen lan-kargak handitzen dira eta ehundaka ordezko geratzen dira lanik gabe.

Erretiro aurreratua edota 58 urtetik aurrera irakastorduen gutxitzea ezinezko bihurtu du Hezkuntza Sailak. Horrek, irakasle lanetan ari direnen bataz-besteko adina izugarri handitzea ekarri du eta plantilen berritzea eragozten du. Kontuan izan behar dugu irakasle finkoen bataz-besteko adina 50 urtetik nabarmenki gora kokatzen dela.

Hezkuntza Sailak gaixotzea zigortzen jarraitzen du, sarritan gaixorik ere lan egitera bultzatuz soldata murrizketarik ez jasateko.

2010az geroztik soldatak murrizteaz gain eros-ahalmen galera izugarria inposatu digute hezkuntzako langileoi. %13tik gorako eros-ahalmena galdu dugu, hau da 2010etik 24.000€tik 40.000€ra bitarteko galera kidego eta talde ezberdinen baitan. Oraindik 2012an kenduriko abenduko ordainsariaren %75 bueltatzeke du gobernuak. Eta hau horrela izanik, %1eko soldata igoera lotsagarria besterik ez digu eskaini.

Hezkuntza Sailak gai guzti hauen inguruan ez du inolako elkarrizketa eta negoziaziorik burutu nahi izan. Orain arteko negoziazio mahaietan aipaturiko murrizketak inposatzen jarraitzeko asmoa besterik ez du agertzen.

Are eta gehiago, murrizketei bide eman zien gutxiengo sindikalarekin sinaturiko 2010-12 akordioa bera aldebakarrez aldatzen ari da, murrizketak areagotzeko ikastetxeetako lanpostuak murriztuz, lan baldintzak okertuz eta irakasleon lan zama handituz.

STEILAS, LAB eta ELA sindikatuok Eusko Jaurlaritzari bere hezkuntza politika errotik aldatzea eskatzen diogu, hezkuntza inbertsioa igoz, plantilak handituz, lanpostuak egonkortuz, ordezkapenak lehen egunetik eginez, 58 urtetatik aurrera irakastorduak murriztuz eta erretiroa erraztuz, gaixotasun bajak ez zigortuz eta galduriko eros-ahalmena berreskuratuz.

Hezkuntza Sailak bide honetan pausorik eman ez duen heinean, sindikatuok mobilizazio fase bati hasiera eman diogu gaur, Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Hurrengoa, apirilaren 5ean izango da.
 

 

 

Nanuk aurrera ateratzeko erronkari eusteko prest dira langileak

Nanuk garraio enpresak ez dauka akordiotara iristeko inongo borondateerik, izan ere konponbiderako aukera bakarra langileen sakrifizio eta murrizketetan kokatu dute. Hain zuzen ere enpresak %15 eta %20ko soldata jaitsierak ezarri nahi ditu. Egoera honen aurrean langileak NANUK aurrera ateratzeko erronkari eusteko prest daude, hori baita lanpostuak mantentzeko bide bakarra.

Enpresa komitearen (CCOO, ELA eta LAB) prentsa oharra

Enpresak 41. artikuluaren araberako lan baldintzetan aldaketa egiteko kontsulta epea bukatu zen otsailaren 4an. Kontsulta epealdi horretan, enpresa eta langileen arteko akordioa lortzeko aukera egoten da, kasu honetan ordez, epealdia akordiorik gabe agortu da. Enpresak %15 eta %20ko soldata jaitsierak ezarri nahi ditu, herrialdeko hitzarmenaren gutxienekora iritsiz, hain zuzen ere. Gainera, lehendik adostua zegoen langileekiko zorra ere ez du ordaindu nahi (azken urteetan izan duten %4ko soldata jaitsierari lotua). Laburbilduz, enpresaren planteamendu bakarra, zorra ez itzultzea, soldatak gehiago jaistea eta malgutasuna gehiago onartzea ziren.

Enpresa-Komiteak, enpresaren jarreraren aurrean, akordiotarako proposamen ezberdinak egin genituen, kontuan edukita enpresaren egoera ekonomikoa ez dela bere momenturik onena bizitzen ari.

• Enpresaren antolaketan komitearen parte hartze eta kontrola.

• Langile guztiei bezala, bazkideei ere herrialdeko hitzarmenaren araberako soldata jaitsiera.

• Enplegua suntsituko ez denaren bermea.

• Gerentziak egungo egoeraren erantzukizunak onartzea.

• Berehala, bazkideek pentsio fondora egiten dituzten ekarpenak bertan behera uztea.

Komiteak argi dauka enpresaren aldetik ez dela benetako akordiotarako borondaterik egon, izan ere, konponbiderako aukera bakarra langileen sakrifizio eta murrizketetan kokatu baitute. Nahiz eta egoeraren errudunak kudeaketan dabiltzanak izan, kudeaketa txarra eta antolaketa falta oinarri, ez daude inolako konpromisorik hartzeko prest.

Langileen ordezkariek egindako proposamenen aurrean, enpresaren erantzuna kaleratzeak adosteko aukera izan da (urteko 25 egun ordainduz 12 hilabeterekin). Ez dute kudeaketa txarra onartzeko inolako borondaterik, ezta langileen aurrean beraiek adibide izateko ere. Langileak ordea, NANUK aurrera ateratzeko erronkari eusteko prest daude, hori baita lanpostuak mantentzeko bide bakarra.

Langileak eurak dira enpresaren hartzekodun nagusiak, baina ezin zaie gehiago eskatu, ezin zaie, berriro ere, kudeaketa txarraren erantzukizuna beraiek bakarrik asumitzeko eskatu, benetako erantzuleak denaren jaun eta jabe baina eskuak garbituz jarraitzen duten bitartean.

Komiteak bere ardura eta tristezia mahai gaineratu nahi du, enpresak, langileek proposatutako aukera bat bera ere onartu ez duelako. Orain, soldata jaitsiera hori noiz inposatuko zain gaude, edota beraiek erabakitako beste edozein murrizketa… Sektore honetan bizi den egoera prekarioa are eta gehiago larriagotuz.
 

 

 

 

CORRESCALES: Duintasunaren aldeko bidea prekarietatearen aurka


Otsailaren 18an CORRESCALES Bilbotik abiatuko da Bartzelonaraino "Duintasunaren aldeko bidea prekarietatearen aurka" lelopean. LABek, beste sindikatu eta hainbat eragile sozialekin batera Euskal Herriko ibilbidean parte hartuko du. Aurreko egunean, hilak 17, Bilbon " Plaza Zirkularra INGURATU" ekimena egingo da goizeko 11:30etan dinamikari babesa eman eta parte hartzea bultzatzeko.

BILBOKO IBILBIDEA


DONOSTIALDEKO IBILBIDEA