2025-01-13
HomeEkintza SozialaPentsio sistema propioaren alde urratsak eman behar dira

Pentsio sistema propioaren alde urratsak eman behar dira

Euskal Herriko pentsio-sistemek gabezia estruktural garrantzitsu bat dute erabakiak hartu ahal izateko, hau da, Estatuari dagokio, modu esklusiboan, pentsioen inguruko eskuduntza. Honen aurrean sindikatuak urteak daramatza pentsio sistema propioaren alde eta pentsionisten bizi baldintzen defentsan borrokan. Guzti honen inguruan azalpenak emateko agerraldia eskaini du LABek eta Ainhoa Etxaide Idazkari nagusiak, Bea Martxueta Politika Sozialeko ordezkariak eta Carlos Ruiz pentsionistak hartu dute parte.

Bea Martxuetak adierazi du sindikatuak urteak daramatzala pentsio sistema propioaren alde eta pentsionisten bizi baldintzen defentsan borrokan. 2010ean LABek proposamena egin zuela gogorarazi du eta urteak daramatzala Helduen eta Pentsionisten arloarekin lanean.

Carlos Ruizek pentsionisten egoeraren argazkia egin du. Hego Euskal Herriko biztanleriaren %25a dira pentsionistak eta 300.000k 600 eurotik beherako diru-sarrerekin bizirauten dute. Azken 5 urteotan pentsioak izoztuta izan dituztela gaineratu du, hemendik aurrera ez dela KPIaren erreferentzia hartuko pentsioak eguneratzeko eta “%0,25eko hazkundera kondenatuta” daudela.

Eskubide Sozialen aldeko Euskal Herriko Pentsionisten Plataformen Herri Ekimen Legegileei buruz ere hitz egin du Ruizek. Bata EAEn eta bestea Nafarroan. EAEn, Parlamentuko Mahaiak bidea moztu arren, sinadura-bilketa egingo dutela adierazi du.

Ainhoa Etxaidek pentsioen sistema propioari buruzko Eztabaida agenda politikoan kokatu dela azpimarratuz hasi du bere hitzartzea. “Bazen garaia eztabaida hau irekitzeko. Pentsio sistema propioa ezartzea sindikatu abertzaleon aldarrikapen historikoa da”.

Azken egunetako adierazpen edo urrats politikoen inguruko gogoeta bi egin ditu LABeko Idazkari Nagusiak. Batetik, “pentsio sistema propio bat eraikitzeko bidean protagonistak pentsionistak berak izan behar dira, ez partidu politikoak. Joko politikoaren eremuan egiten diren urratsak ikusi ditugu, oraindik ez dugu ekimenik ikusi oinarri sendoak izango dituen bideari ekiteko”.

Eztabaidaren funtsa eta oinarria pentsionisten egoera izanda, geroz eta egoera larriagoa bizi dute pentsionistek azken urteetan egiten diren erreformak eta babes sozialaren sisteman egin diren murrizketak direla eta. “Sistema propioaren premiaz hitzegin behar da, premia dagoen neurrian eztabaidatuko dugu bideragarritasunaz, ez bideragarria den bai edo ez, baizik eta nola egin bideragarri sistema publiko bidezko eta propio bat” gaineratu du.

EAJk egindako proposamenaz, Etxaidek adierazi du jeltzaleak Nafarroara joan direla sistema propio bat aldarrikatzera, “baina Gasteizen agintzen du. Eta Jaurlaritzako buru eta parlamentuko partidu nagusi bezala, bi erabaki hartu ditu: pentsionistek eskatutako lege egitasmoa tramitera ez onartzea eta estatus politikoaren eztabaidan gai hau alberatzea”. Honekin batera, “EAJk egin ez duena” gogoratu du Etxaidek. “Erreforma inposatu zutenean ez zuen sistema publikorik defendatu, ez hemen, ez Madrilen”.

Pentsio sistemaren kontrako bigarren erasoa, lan erreforma izan da Etxaideren hitzetan. “Enplegu egonkorrik eta kalitatezkorik gabe ez dago gaurko sistema publikoa elikatzerik. Bideragaitza bada ez da publikoa delako, botere ekonomikoaren politikek eta interesek itotzen dutelako baizik”.

Etxaidek adierazi du, asko egin daitekeela Jaurlaritzatik “pentsionisten kolektiboa babesteko eta beren bizi baldintzak hobetzeko”. Neurrien artean aipatu ditu pobrezia energetikoaren kontrako neurriak hartzea, zaintza ziurtatuko duen sistema egoki bat garatzea, kopagoa deuseztatzea eta batez ere, pentsioak osatzea, gutxienez 1.080 eurotako pentsioak izateko. “Azken neurri hau hartu gabe alargun gehien gehienak pobreziara kondenatzen dituzte”, gaineratu du Etxaidek.

LABen eskakizunak zehaztuz amaitu du agerraldia Idazkari nagusiak. Lehenik eta behin, “has gaitezen sistema publiko eta propioaren definizioa eta diseinua egiten. Horretarako ez da marko juridiko politikoa aldatu behar, borondate eta ekimen politikoarekin nahiko. Guk gure proposamenak bidaliko dizkiegu alderdiei”. Bigarrenik, bide eman diezaiotela pentsionisten plataformek aurkeztutako Herri Ekimen Legegileari parlamentuetan eztabaida egiteko eta eztabaida horietan pentsionisten parte hartzea ziurtatzeko. Hirugarrenik, jar daitezela neurri zehatzak martxan pentsionisten egoera hobetzeko, prestazio osagarriak ziurtatuz, kopagoak kenduz eta zerbitzu egoki eta nahikoak bermatuz.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Inoiz baino indar gehiagorekin eta bere ikurra berrituta helduko da LAB Biltzar Arteko Batzarrera

Borrokak artikulatu, agenda politikoan eragin eta eredu sindikala berritzeko gaitasuna nabarmendu ditu Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak. 50.000 afiliatuen langa gainditu eta Hego Euskal Herriko bigarren sindikatu bilakatu da, %19,6ko ordezkaritzarekin.

Dei egiten dugu bihar Sarek Bilbon deitu duen mobilizazioan parte hartzera

Euskal Herriak gatazkaren konponbide bidezko eta demokratikoa behar duela uste dugu LABen. Honekin lotuta, preso, iheslari eta deportatuek behingoz etxean egon behar dutela ere uste dugu, horixe baita bakerantz eta elkarbizitza bidezko eta demokratikorantz aurrera egiteko bidea.