2025-12-23
Blog Page 1054

Gizon eta emakumeen arteko soldata arrakalarekin amaitzea borondate politiko kontua da

Otsailak 22, Emakumeen eta Gizonen Soldata Berdintasunaren aldeko eguna 

Gehienentzat ezaguna ez bada ere, otsailaren 22an emakume eta gizonen soldata berdintasunaren aldeko eguna da. Egun honen leloak aipatutako berdintasuna, oraindik ere, lortzetik oso urrun gabiltzala erakusten dute datuak tamalez.

Emakume eta gizonen soldaten arteko arrakala ez da gauza berria, baina kezkagarriena arrakala honek krisia hasi geroztik izan duen igoera da. Nafarroako kasuan, gizonezkoek, 2008an, urteko bataz bestekoz, emakumeak baino % 38,6a gehiago kobratzen zuten. 2013an aldiz (2013koak bai dira INEk aurkeztutako azken datu ofizialak), % 43,8a gehiago kobratzen dute. Eta datu hauek EAEra ekarrita, aldea % 29,9koa izatetik %33,6koa izatera pasa dela ikus dezakegu.

Emakumeen soldata %35,6 igo beharko litzateke gizonen soldatarekin parekatzeko.

Aurreko urteko ekainean INEk kaleratutako azken datuetatik, 2013ko datuetatik alegia, hurrengoa ondoriozta daiteke:

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, emakumeen urteko soldata gordina 7.625 euro gutxiagokoa izan zen, bataz bestez, gizonezkoen urteko soldata gordinarekin alderatuz. Ondorioz, emakumeek %33,6a gehiago irabazi beharko lukete bere lankide gizonezkoen soldata berdina jasotzeko.

Nafarroaren kasuan, emakumeek, bataz bestez, 8.484 euro gutxiago jaso zuten gizonezkoekin alderatuz. Beraz emakumeen soldata gizonen soldatari parekatzeko %43,8a igo beharko litzateke.

Bi datuak kontuan izanda, ozen esan eta salatu dezakegu, Hego Euskal Herrian, gizonen urteko soldata gordina, emakumeena baino 7.807 euro gehiagokoa dela. Edo beste modu batean esanda, emakumeen soldata % 35,6an igo beharko litzateke, bataz beste, gizonezkoen soldatari parekatzeko.

Soldata arrakalaren definizio ofizialera joko bagenu, lan egindako ordu bakoitzagatik jasotzen den irabazi ezberdintasuna neurtu beharko genuke. Lan ordu bakoitzagatik jasotakoari erreparatuz (beti ere soldatapeko lanaz ari garela), EAEn gizonek, bataz bestez, ordu bakoitzeko, emakumeek baino %24,4a irabazten dute. Nafarroan gizonen eta emakumeen arteko aldea %28koa delarik.

Ondorioz, Hego Euskal Herrian gizonek egindako lan ordu bakoitzagatik, emakumeek baino %25,1a gehiago irabazten dute.

Soldata arrakala emakumeek, jendartean zein lan munduan, pairatzen duten diskriminazio estrukturalaren adierazlea.

Emakume eta gizonen soldaten arteko arrakala, gaurko sistema kapitalista patriarkalak ezarri duen sexuen araberako lan banaketaren ondorioetako bat baino ez da. Emakumeoi zaintza eta etxeko lanak egotzi izana, emakumeen lan merkaturatzea oztopatu, eta era berean lan merkatu horretan aitortza eta maila baxuagoko lanetara bideratu gaitu. Oraindik ere emakumeak gara, lan merkatuan lan baldintza prekarioenak eta ezegonkortasuna pairatzen dugunak. Lanaldi partzialen % 77,8a guk betetzen dugu, eta gure behin behinekotasun tasa %27,9koa da gizonezkoena % 22,6ekoa denean. Soldata ezberdintasuna ez da beraz emakumeok lan munduan jasaten dugun diskriminazio bakarra.

Aurrekoa gutxi balitz, aspalditik pairatzen dugun egoera hau, krisiaren testuinguruan eta aitzakipean eman diren langileon kontrako erasoekin bereziki larriagotu egin da. Oro har, langileen soldaten aurka patronalak burutzen ari duen ofentsiba, azken lan erreformak ezarri duen lan harremanen erabateko desoreka eta negoziaketa kolektiborako eskubidea guztiz baldintzatu izana, emakumeon egoera okerragotzea ekarri dute.

Gaur egungo diskriminazioekin amaitu, eta soldatak parekatzeko neurri eraginkorrak ezarri beharrean, soldaten aurkako ofentsiban sakontzea erabaki dutela ikusten ari gara. Lehiakortasuna lan kosteen murrizketan oinarritzea erabaki dute, bide horretan soldatak erasotuz. Pobreziaren etengabeko hedapena ari da ematen, eta desberdintasun sozialak gero eta handiagoak dira ere. Egoera orokorra hau izanik, emakumeon egoera jasanezina da kasu gehienetan. Gure soldatekin eta lan baldintzekin pobreziara kondenatuak izaten ari gara.

Egoera honekin amaitzeko borondate politikoa falta da

Sistema kapitalista patriarkalak ezarritako sexuen araberako lan banaketan oinarritzen den lan harreman eredu batetik, emakume eta gizonen arteko harreman justu eta parekideetan oinarritutako eredu batera egin behar dugu aldaketa. Gaurko menpekotasunezko harremanak gainditu eta lanaren ikuspegi integrala bermatuko duen lan harreman eredua eraiki behar dugu.

Bien bitartean, egun ematen den emakume eta gizonezkoen arteko diskriminazioa gainditu eta soldata arrakala murrizteko neurri eraginkorrak ezartzea posible da, horretarako borondate politikoa balego behintzat. Asko dira hartu daitezkeen neurriak, besteak beste;

– Kalitatezko zaintza bermatuko duten zerbitzu publiko dohakoak

– Bateragarritasuna bultzatzeko neurriak emakumeak lan merkatutik ateratzera bideratu beharrean, hauek merkatuan mantentzearen alde egitea edota lan merkatuan zituzten eskubideen galerarik ez ekartzea behintzat.

– Nagusiki gizonezkoek lanean diharduten sektoreetan emakumeen kontrataziorako neurri zehatzak ezarri (portzentaiak, diskriminazio positiboa, dirulaguntzak …)

– Emakumeei promozionatzeko aukerak bermatuko dizkieten neurriak ezarri (enpresak emakumeei formazioa ematera derrigortzea, formazioa lan orduetan eskaini…)

– Emakumeek egun pairatzen duten lanaldi partzial inposatuen aurrean, emakumeak lanaldi osoz kontratatzea bultzatuko dituzten neurriak ezarri: 35 orduko lanaldia guztiontzat

– Lanbide arteko gutxieneko soldata 1.200 eurotan finkatu

-……

 

 

Mercedes enpresako zuzendaritzaren jarrerak erantzun irmoa eskatzen du

0

Mercedeseko hitzarmena Negoziatzeko mahaiak egin zuen azken bilera ondoren, enpresa batzordeak salatu du zuzendaritzak proposatu duen plataforma bidez langile guztiak probokatzen direla. Horrez gain, azpimarratzen dute sinadura gutxiengoan erabiltzea gehiengoaren asmoak eta interesak ezabatzeko, jokabide ez-demokratikoa dela. 

MERCEDES ENPRESA KOMITEAREN OHARRA
Joan den asteartean, hilaren 16an, Mercedeseko Hitzarmena Negoziatzen ari diren kideak Mahaian bildu ostean, enpresa batzordearen gehiengoak ondorengo gaiak ezagutarazi nahi ditu:

• Gure ustez, zuzendaritzak eman duen erantzuna, plataforma zentzugabea aurkeztu ondoren, begirune eza adierazteaz gain, LANGILE GUZTIEI egiten zaien probokazio argitzat daukagu. Horri erantzun irmoa eman behar zaio. Salmentak eta ekoizpena sekulakoak diren honetan, langileak ahaleginaren ahaleginez ari diren honetan, hauxe dugu enpresak eman nahi digun saria. Egoera honi gehitu behar diogu UGTk, EKINTZAK eta PIMk azaldu duten arduragabekeria, eutsi dioten jarrera negargarria. Ez dute txintik ere esan!

• Zuzendaritzak eta Enpresa Batzorde honen talde batzuek (UGT, Ekintza eta PIM) agertu duten konpromiso ezak, sinadura Eraginkortasun Mugatuan erabiltzeari ez ukatzeari dagokionez, eragozten du gehiengo horrek Hitzarmenaren negoziazio eraginkorra egin ahal izatea.

• Gehiengoaren asmoak eta honen interesak baliogabetzeko, gutxiengoan sinatzea bezain jarrera ez-demokratikoa ez da bateragarria seriotasunez eta arduraz negoziatzearekin; hori, Enpresako Zuzendaritzarekiko lankidetzatzat bakarrik uler daiteke, langile guztien interesen aurka.

• Behin eta berriz esan dugu; gainontzeko batzordekideekiko konpromiso eta laguntza ezak, batzordearen geldotasunak negoziazio mahaian eta negoziazioa amaitzean gutxiengoan sinatzeko agertu duen erreserbak sindikatu guztien ekintza gaitasuna ezabatzen du, eta ikustarazten digu, haren interesak, oraindik plantillarekiko eta negoziazio mahai honekiko oso urrun daudela. Begi-bistakoa da Batzordearen gutxiengo horrek bere burua aldarrikatu nahi duela langileen salbatzaile gisa, enpresak agertu dituen izugarrizko asmoen aurrean, gero, “horren txarra ez den” akordioa bilatzeko eta langileei arrakastatzat erakusteko. Ez gara zirku horren partaide izango.

• Langileok gehiengoa duen sindikatuari eta haren bidelagunei ardura eskatu behar diegu, haien jarrera bazter dezaten eta Hitzarmen ona lortzeko plataforma soziala lagun dezaten. Gure ustean, enpresa aurrean egin behar den lehen presioa, serioski har gaitzaten, negoziatzen ari diren batzordekide guztiek euren gain hartu beharko dute eta agindu beharko dute enpresari itxiko zaiola Eragin Mugatuko hitzarmenaren atea.

 

 

 

Sinadura-bilketa eguna zerbitzu sozialetan langile gehiago izatea aldarrikatuz


Zerbitzu sozialen sistema publiko eta unibertsala aldarrikatuz LAB sindikatuak martxan jarri duen “Zaintza zaindu. Langile gehiago, zerbitzu hobea" kanpainaren barruan aurrera daramagun sinadura-bilketak bere egun nagusia izan du gaur, hilak 19. Honetarako, Hego Euskal Herriko hiriburu eta herrietan sinadurak jasotzeko mahaiak jarri dira.

Bizitzan zehar, eta hamaika zergatirengatik, gizarte-laguntzaren beharra izan dezakegun egoera gorrietan egon gaitezke: menpekotasuna, babes eza, bazterketa, gabezia materialak edo bortxakeria matxista. Babes soziala eskatzen duten egoerak dira guztiak. Egoera hauei aurre eginez, bizimodu duina, autonomoa eta inguruarekin ondo integraturiko harremanak izateko kalitatezko zerbitzu sozialak behar ditugu.

Tamalez, gaur egun gizarte zerbitzuen egoera oso kezkagarria da. Gizarte laguntzaren eskariak erruz gainditzen du eskaintza. Gainera gizarte zerbitzuetan ematen diren lan baldintzek ezinezko egiten dute laguntza egokia eskaintzea. Egoera hau aldatzeko gizarte zerbitzu publiko eta unibertsalen beharra ezibesteko dela deritzogu.

Kalitateko zerbitzuak bermatze aldera, behar besteko baliabide eta bitartekoak ezartzeak berebiziko garrantzia du. Xede horrekin, gaurko sinadura bilketan, hiru aldarrikapen jaso dira. Batetik, adinekoen, adin txikikoen eta aniztasun funtzionala dutenen zentruetan plantilak handitzea. Bigarrenik, arreta integrala eskaintzea posible izan dadin, administrazioei profilen eta funtzio profesionalen hedapena berma dezatela. Eta hirugarrenik, langileen, erakunde sozialen eta erabiltzaileen parte-hartzea, zerbitzu sozialetako langileen beharrekin loturiko ebaluazio, kudeaketa eta erabakietan.

Datozen egunotan, jasotako sinadurak, EAEko parlamentua eta Nafarroako Gobernuari aurkeztuko dizkiogu egoerak eskatzen dituen neurriak har ditzaten.

 

 

 

O20an, ere, Euskal Presoen eskubideak aldarrikatuko ditugu

Otsailaren 20an Euskal Presoak dauden Espainia eta Portugaleko espetxe guztietara martxak burutuko ditugu presondegietan ABIAN eztabaida behar den bezala eman dezaten dispertsio eta sakabanaketak eragindako baldintzak salatzeko eta Euskal Presoen eskubideak aldarrikatzeko.

LABek gorriz markatua du asteburu honetako hitzordua eta kartzeletara egingo diren martxetan izango da. Gainera LABek autobusa antolatu du larriki gaixo den Lorentxa Guimon-en etxeratzea exijitzeko antolatu den martxan parte hartzeko.
 


 

 

Administraziopeko ikastetxeetako aurrematrikulazioan, “D” eredua baztertua

0

Nafarroan aurrematrikulazio epea ireki den honetan LAB sindikatuak Administrazioaren aldetik D ereduaren aldeko kanpainarik egin ez izana salatu nahi du. Era berean Aurrematrikulazio kanpaina Ikastetxeen eskutan uztea arduragabekeria dela uste dugu. Hau guztia azkeneko hogeita hamar urtetan UPNek eta PSNek beste eragileen laguntzarekin ezarri duten Napartheid linguistikoaren ondorio zuzena besterik ez da.

Aurrematrikulazio epea ireki den honetan LAB sindikatuak, era zuzenenean, eremu diskriminatuan ereduen inguruko ze informazio mota ematen ari den ezagutu nahi izan du. Gure ustez aukera berri baten aurrean gaudenean garrantzi handia du eskaintza hori saltzerakoan informatzailearen jarrera zein den, gero bere arrakasta neurtzeko. Hori da LABek neurtu nahi duena.

Eremu diskriminatuko berrogei Ikastetxetara deitu dugu informazio eske eta horietako lautan,%10, ez zuten telefonoz inongo daturik ematen.

Hamahiru Ikastetxetan,%32, “D” ereduaren eskaintza ez dute egiten, informazioan eskeintza horren berri ematen ez dutelako.

Hogeita hiru Ikastetxetan,%57, “D” ereduaren inguruko informazioa eman dute, horietako hamarretan, funtsarik gabeko informazioa izanez eta ez aukeratzera bultzatuz.
Beste hainbeste ikastetxetan “D-PAI”eredua eskaini dute gure harridurarako eta soilik hiru ikastetxetan,%7,5 eskeini dute “D” eredu hutsa.

Hau guztia ikusi ondoren gogoeta bat egin beharko genuke.

Lan honen ondorioz LABek Administrazioaren aldetik aurrematrikulazioan D ereduaren aldeko kanpainarik ez izatea salatu nahi du.

Aurrematrikulazio kanpaina Ikastetxeen eskutan uztea arduragabekeria dela uste dugu, bertatik eman den informazio eskasa izan delako eta ikastetxe bakoitzeko zuzendaritzaren iritziaren araberakoa.

D ereduaren zabalpenaren arrakasta horretan oinarritzen bada ezin gara oso baikorrak izan. Aukerak behar bezala ez badira eskaintzen edo zailtasunak jartzen badira eredu zehatz batean matrikulatzeko, gurasoak uxatuko ditu eredu horretatik. Are gehiago informazioa izkutatzen denean.

D-PAI eskaintzea ikastetxe gehienetan ardugabekeria da, PAI programaren eskaintza handitzen ari delako ebaluatzen ari den bitartean eta eskaintza hau ez dela handituko Hezkuntza Departamentutik adierazi zenean.

Hau guztia azkeneko hogeita hamar urtetan UPNek eta PSNek beste eragileen laguntzarekin ezarri duten Napartheid linguistikoaren ondorio zuzena besterik ez da.
 

 

 

LABek Tubos Reunidoseko zuzendaritzak egindako adierazpenak gaitzesten ditu

0


Tubos Reunidos Industrialeko LABen sail sindikalak salatu nahi ditu Abasolo jaunak zuzendaritzaren izenean otsailaren 17an komunikabideetan enplegu erregulazioari buruz egindako adierazpenak. Lehenik eta behin, errespetu falta bat iruditzen zaigu langileak eta beraien ordezkariek enpresaren asmoen berri komunikabideen bidez izatea, langileen eta bere familietan zalantzak sortzen dituen enpresa estrategia aurrera eramanez.

Enpresaren zuzendaritzak murrizketak ezartzeko dituen asmoak ez dira berriak. Tunos Reunidoseko LABek, pasa den azaroan, enpresak aurkeztutako krisiaren kontrako plana salatu zuen, zeinetan, mugikortasuna, malgutasuna, soldata jeitsiera eta lanaldiaren igoera eskatzen ziguten orain mahai gainean ditugun argudio berdinen aitzakipean (petrolio putzu berrien zabaleraren etetea eta honen prezioaren jeitsiera). Plan honek batzordearen ezetza jaso zuen.

Zuzendaritzak 2015eko galerak eta datorren urtean egongo omen direnak aipatzen ditu, aurreko urteetako irabazi itzelak ahaztuz. Orain, enpresak gure soldatak zein baliabide publikoak erabili nahi ditu bere emaitzak mantentzeko, galerak gizarteratuz eta irabaziak pribatizatuz.

Hala ere, dei egiten diogu zuzendaritzari, gure eskubideen aurkako mehatxuak alde batera ixteko eta enpresan dagoen antolakuntza faltan eta aurreikuspen faltan buru belarri sartzeko eta horrela ditugun arazo batzuk ekidingo liratezke, azkenaldian izan ditugun hiru sute adibidez.

Amaitzeko, gogorarazi nahi dugu, atzo adierazpenak egin zituen Abasolo jaunak, orain dela gutxi Jose Mari Korta saria jaso zuela Eusko Jaurlaritzaren eskutik bere ibilbide enpresarialagaitik. Azpimagarria iruditzen zaigu sari hau ematea, Urkulluk, egun horretan bertan esan zuenean enpresen biziraupena ez doala bat kostuen murrizketarekin, kalitatearekin baizik.
 

 

 

Imegar SAko langileek mobilizazioa egin dute atzeratutako nominak ordaintzea exijitzeko

0

Imegar SAko Enpresa-Batzordeak deituta, enpresako langileek mobilizazioa egin dute gaur enpresaren kudeatzaile eta bazkideen jarrera salatzeko, atzerapenak baitituzte soldata kobratzerakoan. Giza-katea egin dute enpresatik Laudioko plazara 12:00etatik aurrera eta kontzentrazioa egin dute 13:00ak arte.

Enpresa-batzordearen oharra

Urteak daramatzagu nominak kobratzerakoan atzerapenak jasotzen. 2011an enpresak egindako inbertsio baten ondoriozkoa da egoera hau. 2011an 2 makina automatiko erostea erabaki zuten. Akats larria izan da hau inbertsioa egoera ekonomiko zailean egiten zelako eta, lana ezagututa, ez dugu uste egiten dugun lanerako (serie laburrak) beharrezkoak izango zirenik. Kudeatzaileek ez dute makina hauentzako lan espezifikorik bilatu.

2006an, legalitatearekin jokoan, tailer bat egin zuten Orozkon (ROKU) gurearen jarduera berdinean ari dena, Imegar SAn dagoen kudeatzaile berdina jarrita.

Denbora honetan zehar, langileok konponbideak eskatu dizkiegu bazkideei. Euren erantzuna izan da “pazientzia izan dezagula”, inolako konponbiderik jarri gabe, inbertsioekin egindako kudeaketa txarra euren erantzukizuna izango ez balitz bezala. Enpresaren ordainketa-lehentasunetan, langileok gara kobratzen azkenak, esan diguten moduan. Nomina bi epetan ordaintzeko aukera ere eman diegu kobratzeko data jar dezatela exijituz, baina hori ere ez dute gustoko ez dakitelako noiz izango dute ordaintzeko dirua.

Langile bezala, daukagun lana egitea baino ezin dugu egin, kudeatzaileak dira eskariak lortzearen arduradunak kontuak ondo atera daitezen eta ematen duenez, ez da gai bere lana egiteko.

Honekin nahikoa ez eta azkena izan da kamarak jartzea balizko lapurreten aitzakiarekin, baina konprobatu dugu ateei begira egoteaz aparte, makinak eta langileak ere kontrolatzen direla.
 

 

 

Correscales: Duintasunaren eta prekarietatearen aurka denok batera ekiteko garaia da

Gaur, otsailaren 18an, egingo ditu Correscalesek Bilbotik Bartzelonarako lehen kilometroak. Korrikarekin egin ohi dugun antzera, gau eta egunez ibilbide bat eginen da helburu batekin: prekaritatearekin amaitzea eta duintasunez bizitzea. Eragile sozial, sindikal eta politiko ugariren babesarekin 800 kilometroko ibilbidean, guztiok batera eginez, gure eskubideak defendatzeko borrokan egon eta egongo garela erakutsiko dugu. 

Duela hilabete batzuk Movistarreko milaka langilek abiatutako bidea da hau, muturreko zapalkuntzaren kontra altxatu ziren bi hilabete pasa luzatu zen greba indartsua eginez, gizartean isla nabarmena izan zuena. Movistarreko langileek ekin zioten bide honi, eta gu orain hauekin batera jarraipena ematera gatoz. Borrokarako eta babesereako konplizitate sare bat ehuntzeko garaia da eta hori bilatuko du Correscales ekimenak ibilbide osoan zehar.

Hamaika ekimen eta elkartasun mezu ezberdinak egin dira Euskal Herrian Correscales ekimenari babesa emanez eta parte hartzea bultzatuz. Horietako batzuk hemen ikus ditzakezue:

Ainhoa Etxaide: "Correr para, desde nuestra capacidad de lucha, seguir con el camino que nos va ha permitir construir una nueva realidad"

BILBO
Mugimendu sozial, sindikal eta politikoetako ordezkariak ekimena aurkezten.

GASTEIZ

DONOSTIAKO ELKARGUNEA

IBILBIDEA