2025-12-24
Blog Page 1052

27.290 sinadura zerbitzu sozialak hobetzeko


“Zaintza zaindu. Langile gehiago, zerbitzu hobea" kanpainaren barruan jasotako milaka sinadurak erregistratu ditu LAB sindikatuak Gasteizko Parlamentuan zein Nafarroako Gobernuan. 16.032 izan dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan jasotako sinadurak. Nafarroan ere egin da sinadura-bilketa, eta atzo erregistratu zituzten Iruñean, Gobernuaren egoitzan bertan jasotako 11.258 sinadurak. Guztira, 27.290 izan dira Hego Euskal Herrian LABek jasotako sinadurak.

Ekimen honen bitartez, gaur egun gizarte zerbitzuetan profesionalen eta zaindu edo artatu beharreko pertsonen artean dauden proportzioak direla eta zerbitzua kalitatez emateko zailtasunak salatu ditugu. Zerbitzu sozialen sistema publiko eta unibertsala aldarrikatzen du sindikatuak. Bizimodu duina, autonomoa eta inguruarekin ondo integraturiko harremanak izateko kalitatezko zerbitzu sozialak behar ditugu.

Atzo Iruñean 11.258 sinadura erregistratu genituen.

Hiru dira sinadura-bilketan jasotako aldarrikapenak. Batetik, adinekoen, adin txikikoen eta aniztasun funtzionala dutenen zentruetan plantilak handitzea. Bigarrenik, arreta integrala eskaintzea posible izan dadin, administrazioei profilen eta funtzio profesionalen hedapena berma dezatela. Hirugarrenik, langileen, erakunde sozialen eta erabiltzaileen parte-hartzea, zerbitzu sozialetako langileen beharrekin loturiko ebaluazio, kudeaketa eta erabakietan.

 

 

 

Martxoaren 3ko oroigarrien aurka egindako erasoak onartezinak dira

Etzi, martxoaren 3an da, Gasteizen bizi izan ziren gertakari ilunenetarikoen 40. urteurrena. Egun hartan poliziak tiroz bost langile hil eta beste 150 zauritu zituen. Urte guzti hauetan, sarraski horren oroimena gorde dute herritarrek. Horren erakusgarri dira leku ezberdinetan kokatutako oroigarriak eta urtero, omenaldi ekitaldietan elkartutako jendetzak.

Gasteizko Zaramagako monolitoari eta Dulantzikoari egin diete eraso gauean, bertan pintaketa faxistak eginez. Nabarmentzekoa da Dulantzikoa pasa den igandean inauguratu zutela.

Eraso hauek onartezinak iruditzen zaizkigu. Itxura batean, orain dela 40 urte langileak tiroz hil zituztenen oinordekoei traba egiten die memoriak, egiak, justiziak eta erreparazioak. Eskuak lotuta, itsu, mutu eta gor nahi dute langileria eta herria, baina ez dute lortuko. Eraso hauek gure eguneroko borroka indartzeko akuilua besterik ez dira.

Honen aurrean, askatasunaren eta eskubideen defentsaren alde egin beharreko lana indartzea besterik ez zaigu geratzen. Martxoaren 3an bertan aukera paregabea izango dugu horretarako.
 

 

 

Bigarren modeloak VWn enplegua finkoa sortu behar du

0

VW Navarrak eta UGT, CCOO eta Cuadros sindikatuek egiten ari diren proposamen ezberdinen harira LAB sindikatuak azpimarratu nahi du balizko enplegu sorrera kontratazio irizpide objetiboekin egin behar dela, inolako diskriminaziorik gabe. Horrez gain multinazionalak proposatutako lanaldi luzapena, malgutasuna eta egun langile berriei inposatzen zaien soldata gutxiago pagatzea guztiz errefusatzen dugu.

LAB sindikatutik honako adierazpenak eta proposamenak publiko egin nahi ditu:

1. Bigarren modeloaren adjudikazioak premisa batetik abiatu behar du: multinazionalak argi eta garbi adierazi behar du zenbat enplegu sortzen den eta honekin batera produkzio eta plantillaren kopuru zehatza.

2. Balizko enplegu sorrera, orain ez bezala, kontratazio irizpide objetiboekin egin behar da, inolako diskriminaziorik gabe. Ez arrazoi ideologiko, ez genero, edota bestelako arrazoiengatik. Nafarroako Gobernuari VW Navarran diskriminaziorik eman ez dadin bermatzea eskatzen diogu, multinazionalak UGT eta CCOO jarrita dituzten filtroekin amaituz eta hamarkadetan enpresan indarrean egon diren praktikekin bukatuz.

3. Laugarren turno bat ezartzea proposatzen dugu, 35 ordu baino gutxiagoan lanaldia murriztuko lukeena eta honenbestez derrigorrean fijo izan beharko luketen 800 lanpostu sortuko lituzkeen neurria, honek malgutasun poltsa indargabe utziko luke.

4. Multinazionalak proposatutako lanaldi luzapena, malgutasuna eta egun langile berriei inposatzen zaien soldata gutxiago pagatzea guztiz errefusatzen dugu.

5. Absentismoaren gaia hitzegiteko prest gaude premisa batetik abiatuta: VW Navarran ematen den absentismoa ez da plantilla zaharra izatearen arrazoia, bataz beste 46 urte, lan erritmo haundiak eta lan osasunaren gaineko neurri ezaren ondorio baizik.
 

 

 

Gipuzkoako errepide mantenuko langile guztion batasunaren alde

0

Gipuzkoako errepide mantenua egiten duten 3 enpresetan antolatutako greba mugagabe deialdiaren aurrean, 35 langilek lana egiten dugun UTE DONOSTIALDEAko LABek batera borrokatzeko deia egin zuen sektorean ditugun arazoak denoi eragiten baitugute.

Egoera honen aurrean UTE DONOSTIALDEAko LABek ondokoa adierazi nahi dugu:

– ELAk enpresa horietan greba deialdia prestatzen ari zela jakin genuenean, UTE DONOSTIALDEAko ordezkariek batera borrokatzeko aukera proposatu zuten. Jasotako erantzuna, parte hartzeari ezezkoa ematea eta atea ixtea izan zen. Ez dugu ulertzen. Arazoa zer da, guk LABeko 2 ordezkari eta CCOOko 1 hautatu genituela 35 langileok?

– Sektorean ditugun arazoek denoi eragiten digute. Zergatik ezin dugu gure eskubideen alde batera borrokatu? Uste dugu batu ezkero errazagoa izango dela gure baldintzak hobetzea. Hitzarmen kolektibo bat lortzea gure eskubideak era kolektiboan hobetzea errazagoa dela uste dugu. Hitzarmen kolektibo bat lortzea gure eskubideak era kolektiboan bermatzeko aukera onena litzateke.

– Diputazioak kontzesioak egiteko era guztiok sufritzen dugu. Gastuak merketu nahian beti, gure kontura. LABen prest gaude gure baldintzen alde borrokatzeko, orain arte egin dugun bezala. Batasunetik, eskubideak guztiontzat lortzeko asmoarekin.
 

  

Ongi etorri Arnaldo! Rafa eta preso guztiak etxera ekarri behar ditugu

0


Gaur asteartea, kondena oso osorik beteta, askatasuna berreskuratuko du Arnaldo Otegik. Larriki gaixorik dagoen Lorentxa Gimon ere gaur askatuko dute. Ezer baino lehen gure ongi etorria eta besarkadarik beroena helarazi nahi dizkiegu. Momentu hauetan, bereziki gogoan dugu oraindik preso dagoen Rafa Diez eta lehen egunean egin bezala bere askatasuna exijitzen dugu.

Sei urte luzez askatasuna bahitu eta eskubide zibil eta politikoak urratu zaizkio Otegiri, beste auzipetuekin batera, zer eta haien delitu bakarra izan denean Euskal Herriarekiko konpromisotik, gure herrian bake eta konponbide demokratikorako garai berri bat irekitzeko lanean aritzea. 

Euskal Herrian gatazka politikoa gainditzeko Ezker Abertzaleko militante hauek jokatutako papera eta egindako ekarpena oso garrantzitsua izan da. Gaur, 6 urte geroago, bereziki gogoan dugu Rafa Diez, gure idazkari nagusi ohiak egindako ekarpena, langile zapalkuntza gainditzeko proiektu politiko berri baten bidean. 

Sindikatu independentista gara, hark ereindako haziak sindikatuan bizi-bizirik diraute. Euskal gatazka politikoaren superaziorako konpromisoan berresten gara eta herri honek behar duen konponbide demokratikorako baldintzen alde lanean jarraitzen dugu. 

Bake eta gatazkaren konponbide prozesuan aurrera egiteko askatu beharreko korapilo ugari geratzen da oraindik: Bateragune auziarekin amaitzea, martxan diren auzi politiko guztiak bertan behera geratzea eta presoen afera konpontzeko guztiak etxeratzea. Arrazoi asko ditugu, gehiegi, mobilizatzen jarraitzeko. 

LABetik ere, Rafa Diez eta gainontzeko preso politikoen askatasuna eskatuko dugu. Ingerentzia politiko guztien gainetik, herri honek bere bidea egin dezan, mobilizatzera dei egiten diegu langile guztiei ere. 

LABeko kideei eta langileei orohar dei egiten diegu datozen egunotan deitu diren ekitaldietan parte hartzera.

  

 

 

Txagorritxu ospitaleko garbiketa kontratako greba bertan behera geratu da

0

Garbialdiko enpresa komiteak, enpresarekin akordio batera iritsi ostean bertan behera geratu da ostiralerako deituta zegoen greba mugagabea. Besteak beste enpresak 2016ko urtarrilaren 10ean eta hemendik aurrera sortuko diren bakanteak argitaratu eta betetzeko konpromisoa hartu du. Horrez gain egutegi bat adostuko du Komitearekin, langileei zor zaizkien norberaren gauzetarako baimena eta antzinatasungatiko lizentziak disfrutatzeko.

Enpresa komitearen oharra:

Pasa den ostiralean otsailaren 26an, Garbialdiko Enpresa Komiteak egun horretarako deituta zegoen greba mugagabea bertan behera uzteko komunikazioa erregistratu zuen Lan Delegaritzan, enpresarekin akordiora heldu ostean ondorengo edukietan:

– Enpresak 2016ko urtarrilaren 10ean sortu zen bakantea argitaratu eta beteko du. Bestaldetik, hemendik aurrera sortu daitezkeen bakanteak argitaratu eta betetzeko konpromisoa hartu du.

– Enpresak asteburuetako txandan sortuko den bakantea beteko du.

– Enpresak egutegi bat adostuko du Komitearekin, langileei zor zaizkien norberaren gauzetarako baimena eta antzinatasungatiko lizentziak disfrutatzeko 2016 urtean zehar, Auzitegi Gorenaren sententzia betez.

– Ezintasun Iragankorretako osagarrietan enpresak aplikatu zituen deskontuak ordainduko ditu, Auzitegi Gorenaren sententziak hala aginduta eta 2012ko paga estra ordaintzeko egutegi bat adostu da.
 

 

 

Errefuxiatuei ongi etorria larunbatean Bilbon

"Ongi Etorri Errefuxiatuak" ekimenak manifestazioa deitu du bihar, hilak 27, munduan beren bizilekuetatik ihes egitera behartuak dauden 60 milioi pertsonak bortxa eta miseriatik aske bizi daitezen eskatzeko. LABek bat egiten du mobilizazioarekin eta sindikatuko kide guztiei bertan parte hartzeko deia luzatzen die.

Manifestazioa Arriaga Plazatik hasiko da eguerdiko 12:00etan.

 

LABek Galdakaoko haurreskolarako alternatiba bat exijitzen du

0

Hurrengo asteetan Lehendakari Agirreko haurreskolako behin betiko proiektua aurkeztuko du Galdakaoko Udalak, hasieran aurkeztutako proposamenari egotzitako arazoei aurre egiten dien egokitutako proiektua. Udalak aditzera eman duenez, lur azalean eta 800 metro karratu inguruko plazan kokatuko da, zeinetan harmailak kenduko dituzten. Segurtasun, osasungarritasun eta higiene baldintzak betetzen ez dituen haurreskola baterako 640.000 euro ordainduko dira diru publikotik.

Udaleko diru kutxako 642.000 euroko gastua izango du gaur egun bertan dagoen lokala bermoldatzeak eta gainera 150.000 euroko gastua gehitu behar zaio, gertu dagoen jolas gunean haurreskolako beharrei egokitzeko lanetarako.

Javier Cuevasek proiektu honen arkitektuak otsailaren 23an egindako aurkezpenean, kokapen berria “ezinhobea” dela azaldu zuen, egun erabiltzen ez diren komunak eta plazaren zati bat hartuko duelarik. Era berean, onartu zuen zati batean lurpean geratuko zela, 1,20 metro plazaren mailaren azpitik..

Azpiegitura berri honek, sukaldea, jantokia, komunak eta jolasgunea izango ditu, azken hau haurreskolaren ordutegitik kanpo edozeinek erabiltzeko aukerarekin.

LAB sindikatuak Galdakaoko Udalak aurkeztutako proiektu honen ezegokitasunaz ohartarazi nahi du, Haurreskolak Partzuergoak eraiki nahi denaren txostenean azpimarratzen baitu kokapena ez dela egokia.

Txosten hau Uriarteren Hezkuntza Sailak onartzen duen eta haurreskolek bete beharreko gutxieneko baldintzak zehazten dituen 215/2004 dekretuan oinarritzen da. Haurreskolaren kokapenak, sute-kasuan erabiltzaile eta langileen ebakuazioa oztopatuko lituzke. Era berean, hezetasunerako joera eta argi naturalaren falta jasotzen da.

Bestalde, LABentzat proiektuak ez du betetzen Udalaren beraren eraikuntzarako ordenantza, haurreskolako gela batzuk ez dutelako izango argi naturalik ezta airea berriztatzeko aukerarik. Pentsa ezina dena, adibidez, lonjak etxebizitzetan bihurtzeko orduan.

Halaber, Eusko Jaurlaritzaren Autobabeserako Araua arriskuan jartzen du, larrialdi baten aurrean prebentzioa eta babesaren gaineko lege arautegiak eraikuntzako kode teknikoa barneratzen baitu, udal ordenantzak jasotzen duen laneko segurtasun eta garbiketa arautegi orokorra. Guztia jantoki eta sukaldeetara bideratutako udal lokalen baldintzak ez aipatzeagatik, kalera irteteko irteera berezi bat izan behar baitute, beste gauza askoren artean.

Horregatik guztiagatik, LABek ondoriotatzen du eraikin gaixoa izango dela erabiltzaileentzat. Sortuko diren laneko arriskuak ekiditeko gastuak areagotuz.

Proiektu hau bertan behera uztea eta beste alternatiba bat bilatzea exijitzen dugu, denon poltsikotik irteten diren 642.000 euroak merezi dutelako. Ziur gaude aipatu ditugun guztiak beteko dituen eraikin berria merkeago irtengo zaigula.
 

 

 

Errausketaren aurkako igandeko mobilizazioan parte hartzera dei egiten du LABek

0


Datorren igandean, otsailaren 28an, Errausketaren aurkako mugimenduak mobilizazioa deitu du Gipuzkoan. LABek mobilizazioa babesten du eta bertan parte hartzeko deia egiten die langileei. Errausketa jarduera kutsatzailea da, zuzen zuzenean erasaten duena osasuna eta honen aurka aterako da kalera sindikatua.

Datorren igandean, otsailaren 28an, Errausketaren aurkako mugimenduak mobilizazioa deitu du Gipuzkoan. Herri ezberdinetatik zutabeak aterako dira, Zizurkildik (08:00etan plazan), Hernanitik (08:30ean Gudarien plazan), Añorga Txikitik (09:30ean), Zubietatik (11:00etan), Usurbildik (11:00etan frontoian), Andoaindik (08:00etan merkatuan) eta Lasartetik (10:30ean Okendo plazan). Zutabe ezberdinek bat egingo dute 12:00etan errauskailua egin asmo duten “0 puntuan” eta 13:00etan amaiera emango zaio Zubietako frontoian.

LABek mobilizazioa babesten du eta bertan parte hartzeko deia egiten die langileei. Errausketa jarduera kutsatzailea da, zuzen zuzenean erasaten duena osasuna eta honen aurka aterako da kalera sindikatua. Honen aurrean, badaude alternatibak baina kapital handien interesak gailentzen ari dira kontu honetan ere, pertsonen eta ingurumenaren babesaren gainetik.