2024-04-19
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaAuzitegi medikuen gatazkaren inguruko gezurrak eta engainuak

Auzitegi medikuen gatazkaren inguruko gezurrak eta engainuak

Egiten dituzten agerraldi guztietan Justizia Saileko arduradunek lelo bera errepikatzen dute, Eusko Jaurlaritzaren borondatea auzitegi medikuak parekatzea dela. Hala ere, gauza bat behin eta berriro esateak gezurra ez du bihurtzen egia.

Horregatik ondoko errebindikazioak bete bitartean auzitegi medikuek mobilizatzen jarraituko dute:

• PAREKIDETASUNA.

Auzitegi medikuen antzinako errebindikazioa da. Eskumen transferentziez geroztik hasi ziren eskatzen Osakidetzako osagileek kobratzen duten gutxieneko maila, jakina denez, Eusko Jaurlaritzako Administrazio Orokorreko taulei egokiturik. 1998an bertan, halaxe izango zelako promesak egin zituzten orduko arduradunek; urteak pasatu dira eta gobernuan egondako talde ezberdinek ez dute bete. Promesa faltsuez nekaturik eta gezurrez gogaiturik, parekidetasuna helburu hartuta, auzitegi medikuek ekin zieten hainbat mugimenduri, EAEko Justizia Administrazioko sindikatu guztiek babestuta.

Ercoreka sailburuak onartu zuen Eusko Legebiltzarrean Jaurlaritzak zor historikoa duela kolektibo honekin eta, horren ondorioz, baita berdintzeko obligazioa ere. Horixe da Ercoreca jaunaren lehendabiziko gezurra, Justizia Administrazioko Zuzendariaren bitartez aurkeztu baitzuen auzitegi mediku guztien lansariak beheratzen zituen proposamena. Hura akabua izan zen eta argi eta garbi utzi zuen sailaren jarrera. Horiek horrela, langileak gogaitu ziren eta grebara deitu zuten. Protestak isiltzea nahi bazuen, Jon Arturo Uriartek eskaintza berria egin behar izan zien. Hala eta guztiz ere, mahairatu zuena ez zen heltzen Osakidetzako mediku batek kobratzen duen kopuru minimora; beraz, bide erdian utzi nahi zituen medikuak. Bestalde, eskaintza berean esleipen askez hautatutako karguen ordainsariak gizendu nahi zituen, inork halakorik eskatu gabe! Eta hori gutxi balitz, entzun behar dugu ez dela arazo ekonomikoa. Labur esanda: dirua, egon badago baina ez dute nahi ordaindu.

Hona hemen gaur egungo egoera: Justizia Sailak bigarren eskaintza -eta azkena- plazatu zuen, zuzendariari interesatu arren esatea mahai gainean hiru proposamen daudela. Orain arte, autonomia erkidegora eskualdatutako osagile guztiak Osakidetzako gutxieneko mailetara berdindu dituzte. Auzitegi medikuak dira berdin tratatu ez dituzten bakarrak.
Parekidetasuna ez onartzearren Justizia Sailak argudiatzen du Botere Judizialeko Lege Organikoaren menpeko langileak direla eta, oraingoz, espezialitatea ez dela betekizunik kidegoan sartzeko.

Sinesgarritasun gutxiko argudioak dira horiek; areago, esan liteke maltzurrak ere badirela. Bateko, BJLOk ez duelako gehienezko kopururik ezartzen; eta besteko, egun dagoen betekizun bakarra medikuntza lizentziatura baden arren, auzitegi medikuek bete behar dituzten zereginak zenbait espezialitateri dagozkionak direlako, izan espezialista (titulazioz), izan aditua (prestakuntzaz) edo izan mediku orokorra (oinarrizko maila).

Bi adibide oso ohikoak ditugu hauek: eraso sexuala jasandako emakumeari arreta ginekologian espezialista den baten funtzioa da; eta borondatezko internamendu kasuetan, psikiatria espezialista batena. Horiek horrela, auzitegi medikuek egiten dituzten zereginak medikuntzako zenbait arlotara hedatzen dira.

Aipagarria da espetxeetako osagileen transferentzia jaso zuenean Eusko Jaurlaritzak berehala parekatu zituela Osakidetzako medikuekin, espezialistak izan ala ez.

Kontu honetan larriena da, gatazka martxotik kalean duela eta zerbitzuan zein herritarrengan sortzen duen kaltea jakinik, zuzendaria sindikatuak bilera batera deitzeko gai dela auzitegi medikuak iraintzeko. Maiatzaren 18ko bilera ez bezala, Justizia Administrazioan gatazka izan den guztietan negoziazio mahaian beti egon da sailburuordea, negoziatzeko borontatea izanez gero kontrakoa ezin baita ulertu. Hizpidegai dugun bilera horretan bi gauza larri gertatu ziren: Ana Agirre sailburuordea ez zen egon eta Jon Uriarte zuzendariak gai ordenean sartu zuen Donostian etorkizun den bulego judizial berria (epaitegiak eta langileak antolatzeko eredu berria), nahiz eta badakien legealdi honetan ez dagoela ezartzerik; horrezaz gain, Gipuzkoako bake epaitegi batean plaza bati hizkuntza eskakizuna aldatzea ere gain ordenean sartu zuen, erabakia hartuta zegoen arren. Hau da, auzitegi osagileen gatazka Bizkaian erabakitzen zela jakitun, Gipuzkoako bi kontu sartu zituen Uriartek sindikatuak endredatu nahian eta esan ahal izateko prentsari beste gaiak negoziatzen jarraitu zuela. Horrekin batera, saiatu zen auzitegi medikuekiko gatazka bilera bukaeran eztabaidatzen, euren aldarrikapenak sutsuki bezain irmo defendatzen ari diren langileak gutxiesteko asmoz.

Hainbestetan aipatutako akordiorako borondatea bere gordinean agertu zen bilera hartan: esaldi hutsala, hain zuzen. Horren adibide garbia dugu bilera bukaeran gertatutakoa. Komentario onartezina egin zuen Jon Uriartek: bere ustez, auzitegi medikuei lehenengo proposamena zegokiela, ordainsariak beheratzea zekarrena, alegia. Hori ez nahikorik iritzita antza, “si no lo digo reviento” gehitu zuen eta bere buruari galdetu zion ea horrek negoziatzeko baliogabetzen zuen, eta ezetz ondorioztatu.

Justizia Administrazioko Zuzendari Jon Arturo Uriarte Unzaluk auzitegi osagileei –eta bide batez sindikatuei- erakutsi zizkien harrokeria eta mespretxua hain lotsagabea izan zen ezen medikuek erantzuna gogortu eta greba mugagabea egitea erabaki baitzuten; era berean LABek bilera aretoa utzi zuen, ez bakarrik Bizkaiko ordezkariak (beste sindikatuek egin zuten moduan) Gipuzkoakoak eta Arabakoak ere alde egin zuten. Ez diogu utziko administrazioari langileak iraintzen, ezta ere sindikatua manipulatzen. Aurrera jarraitu zuten zuzendariak eta gainerako sindikatuek Donostiako BJBren inguruan eztabaidatzen. Hilabete luzeak negoziazio mahairako deialdirik gabe egon ondoren, premiarik ez zeukaten beste kontu batzuk gai zerrendan sartzeak agerian jartzen du Justizia Administrazioan aritzen garen kolektibo guztiekiko mespretxua. Ez dago zalantzarako tarterik: badakigu zer nolako borontate eta negoziaziorako jarrera duen sail honek.

• GUARDIA OSTEKO DESKANTSUA.

Europar araudiak ezartzen du eskubide hau, baina Eusko Jaurlaritzak nahita ez du bete urteetan zehar. Eta gainera Justizia Administrazioko Zuzendaritzak auzitegi medikuei berei leporatu diete errua, baimenak kudeatzerakoan ez omen dira egoki aritu. Sailak zintzo ez duela jokatu frogatzen duena da behartuta ikusi duela bere burua guardia osteko atsedenaldiak idatziz arautzera. Azken unean argibideak atera zituen Gipuzkoako medikuei zuzendutako hobekuntzekin. Izan ere, greba egiten ez dutenentzat hobekuntzak. Sailak badaki, ondo jakin ere, langile batzuk beste batzuen aurka jarriko dituela. Esandako argibideetan tematzen dira osagileak eta autopsia laguntzaileak bereizten: gauez joan behar izatekotan lanera, laguntzaileek hurrengo egunean deskantsua hartzen dute; osagileek, aldiz, hurrengo egunean lan egin behar izaten dute batzuetan. Ikusten denez, antzinako esaera praktikan jarri du Justizia Sailak: banatu eta garaitu.

• PRESTAKUNTZA.

Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundeko (AMEE) langileen kexuak zirela eta, 2015ean prestakuntza plan bat osatzea beste erremediorik ez zuen topatu Justizia Administrazioko Zuzendaritzak. Langileen esanetan, planak ez dauka benetako mamirik, hutsala da. Medikuek planteatzen dituzten beharrei egokituta ganorazko plan bati ekin ordez, protesta berriei aurre egite aldera, azken urteotan egindako jardueraren gaineko agiriak bildu ditu administrazioak.

Oroz gain prestakuntza plan batek oreka behar du eta kolektibo osoaren prestakuntza bermatu. Aurkeztutako dokumentazioan deigarrien gertatzen dena da honakoa: ikastaro gehienetan auzitegi medikuak dira beste kolektibo batzuei klaseak ematen dizkietenak; eta gainerakoetan, askotan, auzitegi osagileek eurek ordaindu behar izaten dituzte gastu guztiak. Sailak ez du ez prestatu, ez antolatu eta ez ordaindu, alegia.

Aurkeztutako planean oso nabarmena da inprobisazioa dela nagusi, ez baitute kontrastatu prestakuntza jaso behar duten langileekin. Ez da baloratu nortzuk jaso behar duten prestakuntza; ezta zeintzuk diren gairik interesgarrienak ere AMEE zerbitzu publiko bikaina bihurtzeko, horrexek izan behar luke eta denon helburu nagusia.

Justizia Sailak diru kopurua jartzen du baina ez dauka diseinorik eta ez du zehazten zertan gastatuko duen. Antza denez, horrekin konforme geratu da, ataka estutik atera dela pentsatu nahi duelako.

LABen aburuz, Jon Arturo Uriartek ez dauka gaitasunik negoziatzeko. Lehenengo eta behin harroputz hutsa delako; gogoratzea besterik ez dago, kargua hartu berritan, nola nahi izan zigun inposatu parekidetasunarekin bat ez zetorren lan egutegia eta horrek eragin zituen mobilizazioak eta protestak kalean. Bigarrenez, legegintaldi osoan zehar bere erruz hainbat gatazkatan sartu behar izan dugulako, berezkoak dituen intrantsigentzia eta azpikeria direla eta. Hirugarrenez, negoziagai den edozein kontu auzitegietara eramanarazten digulako, ondorioei jaramon egin barik…

Era berean, pentsatzen dugu Ana Agirre Justizia Sailburuordea ez dela pertsona egokia dagoen kargua betetzeko. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako letradua izaten jarraitzen duela ematen du, azken urteotako egin duen zeregina horixe izan da eta.

Eta zer esan Ercoreca Sailburuaz? Bada, Justizia Administrazioko gatazkei dagokienez, dauzkan trebetasun finenak azaldu dituela, bai horixe: hasieran hitz politak esan eta bukaeran hitza jan.

Gauzak horrela, auzitegi osagileak indarberrituta itzuli dira borrokara. Eta gaurtik hasita egunero ikusiko ditugu manifestatzen Bilboko kaleetan.

Gogoan hartu, jarduneko gobernua izan arren, Eusko Jaurlaritzak baduela Eusko Legebiltzarraren agindua betetzeko obligazioa. Beraz, EAJ tematzen bada gehiengoak adostu duenari ez entzunarena egiten, auzitegi medikuak ere tematuko dira hari gogorarazten hauteskunde kanpainan zehar zorra kitatu gabe dagoela.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du sinatu EAEko anbulantzietako aurreakordioa, hilabete luzetako borrokan planteatutako gutxieneko hobekuntzak ez baititu jasotzen

Anbulantzietako langileentzat Osakidetzako lankideekiko homologazioa eta soldataz haragoko bestelako hobekuntzak alde batera utzi dituzte azken asteetan LABi bizkar emanda aritu diren ELA, CCOO eta UGTk. LABek ez du sinatu aurreakordioa.

Patronalaren eta instituzioen utzikeriak dirauen bitartean prekaritateak hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Gasteizen

Iragan asteburuan bi Euskal langileren heriotzen berri izan dugu, garraiolari bat Lleidan eta langile autonomo batena, Gasteizen. Gure elkartasuna eta besarkada beroena hurbilekoei.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.