2026-07-03
Blog Page 1049

Akordioa lortu da Donostiako parkingetan

0


Irailaren 1ean greba mugagabe bati ekin zioten Emparkeko langileek agerraldia egingo dute gaur enpresarekin lortutako akordioaren berri emateko. Borroka luze baten ostean eta eskatzen zituzten lan baldintzen hobekuntzak lortuta, atzo hilak 20, lanera itzuli ziren greban zeuden Emparkeko 7 langileak.

Greba honen ostean irakurketa baikorra egin behar dugu langileek jarritako helburuak lortu baitira. Hain zuzen ere, momentuz %8,6ko soldata igoera hitzartu dute eta datorren urtean beste 1,5eko igoera izango dute. Horrez gain urtean 10 ordu gutxiago egingo dute lan. Langile hauek oso baldintza txarretan daude eta lortutako oso garrantzitsua. Hala ere, borroka hau ez dugu amaitutzat ematen, lan baldintzak hobetzeko lanean jarraituko dugu eta bide horretan zer esan handia du Udaletxeak.

Udaletxeak ardura zuzena du Donostiako parkingetan lan egiten dutenen baldintzetan eta ematen den zerbitzuan. Hala nola, Udaletxearen esku dago enpresak puntu zehatz batzuk errespetatzea. Administrazio kontratuetan azpikontrararik ez egotea, bezeroei arreta garaiz ematen zaiela bermatzea eta zerbitzua elebiduna (euskara – espainola) dela ziurtatzea Udaletxearen ardura da eta beraz, guzti hau betearaztea eskatzen diogu.

 

 

 

Guggenheimeko prekarietatearen mamuak Bizkaiko Foru Aldundian

0

Irailaren 5ean, Bilboko Guggenheim Museoan Manpower Groupek azpikontratatuta dauden Gida eta Hezitzaileek greba mugagabea hasi zuten. 18 hezitzaileren kaleratzea salatu eta lan-baldintzak hobetzea ari dira eskatzen. Gaur langileek kontzentrazioa egin dute Bizkaiko Foru Aldundiaren kanpokaldean. Guggenheimeko prekarietatearen mamuak ere bertaratu dira. 
 

 

 

LAB #ResisteSAT kanpainara gehitu da

0


LAB sindikatua Sindikatua Andaluz de Trabajadores-eko (SAT) kideek ekoiztutako olioarekin antolatu duten #ResisteSAT kanpainara gehitu da. Sevillako probintziako Moron de la Fronterako kooperatiban SATeko militante eta aktibistek produzituriko olio honen salmentarekin ateratzen den dirua, Estatu espainolak Sindicato Andaluz de Trabajadores-i (SAT) ezarritako isunak ordaintzera bideratuko da.

Estatuak SATen ekinbide sindikal eta soziala estrategia bikoitz batekin indargabetu nahi izan du; alde batetik kriminalizazioa SATeko kideak gaizkileak balira bezala azalduz iritzi publikoan eta errepresioa kriminalizazio horren aitzakia aprobetxatuz errepresio eta jazarpena inposatzeko. Ezin ahantzi daiteke SATeko kideei ezarritako isunez gain, estatuak pausu bat aurrera eman zuela bere estrategia errepresiboan SATeko kide ezberdinen atxiloketekin; hauen artean Andrés Bódalo gaur egun oraindik SATekiko bere konpromezuarengatik kartzelan dagoena.

Euskal Herrian hagitz ongi dakigu errepresioa zer den, atxiloketak, dispertsioa, isunak eta abar luze bat estatuak euskal disidentziaren kontra erabilitako armak izan direlako. Gogoratu behar da Euskal Herrian errepresio sindikala presente dagoen zerbait badela greba batean parte hartzeagatik kartzelaratuak izan ziren grebalariak kartzelan baitaude bertzeak bertze.

Aipatutako guztiarengatik LABen ezin dugu bertze alde batera begiratu Sindicato Andaluz de Trabajadoresek pairatzen duen jazarpenaren aurrean, eta beraien aldetik hainbertzetan iritsi zaigun elkartasuna bueltatu nahi dugu. Olio honen salmentan eta kanpainaren hedapenean lagunduz gure ekarpen txikia egin nahi diogu kanpaina honi injustizien aurrean daukagun armarik indartsuena klase elkartasuna dela uste baitugu.

Ezin dugu kanpaina honekiko gure atxikimendu mezua bukatu LABeko Idazkari Nagusi ohia den Rafa Diez eta SATeko kide den Andrés Bódalo aipatu gabe, biak espetxean eta biak ere bere jendearekiko militantzia eta konpromisoarengatik preso. Lerro hauen bitartez biei besarkada handi bat bidali nahi diegu, azkar elkar ikusteko desioarekin.
 

 

 

LABek harridura eta ezinegona agertu nahi du Nafarroako gobernuak aurkeztu duen enplegu-plan berriaren aurrean

Nafarroako Gobernuak 2016-2019 aldirako enplegu-plan berria aurkeztu zuen atzo hedabideen aurrean. LABek ordu gutxi batzuk lehenago ezagutzeko aukera izan zuen. Egoera honen aurrean AB sindikatuak Nafarroako Gobernuaren jarrera salatu nahi du, zeinak, hedabideen aitzinean Plana aurkeztu baino lehen, ez duen itxurarik ere gorde, gizarte eragileei eta sindikatuei ez baitie aukerarik eman hura ezagutzeko. Gure sindikatua ez du gogoan ere izan hura lantzeko.

Honen harira, esan, aipatu Enplegu Plana sakon aztertuko dugula, horrela bermatu ahal izango dugu plan hori benetako baliabidea izango dela Nafarroako langileei dagozkien eskubideen mesedetan, denak enplegu kalitateaz horni daitezen.

Azkenik, Nafarroako Gobernuak egin duen proposamenaz gogoeta egin dezan Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua deituko duela iragarri duenez, nabarmendu nahi dugu horren aurka gaudela. Dena den, patronalaren konpartsa den foro batez ari gara, langileriak dituen beharrei erantzuten ez diena, eta horrez gain, gaur egun, Nafarroako gehiengo sindikala ordezkatzen ez duena.

Hortaz, Nafarroako Gobernua deitzen dugu gogoeta egin dezan 2016-2019ko Enplegu-planaren proposamenaz Nafarroako gizarte-eragile eta sindikatu guztiekin batera.

 

 

 

Ainhoa Etxaide: “Langileei beren interesak defendatzeko eta borrokatzeko eskubidea ukatzen dien akordioa da” #IruzurrikEz

Ainhoa Etxaideren interbentzioa
IRUZURRIK EZ!!!
Por un marco laboral propio, langileen hitza errespetatu

 

Pozik eta harro nago gaur

Pozik: Aspaldiko partez batera ateratzen garelako kalera. Albiste ona da ELA eta LABen artean indarrak batzea eta badakigu gaurko argazkiak ilusioa eta espektatibak sortzen dituela.

Harro: Badakigu ilusioa eta espektatibak sortzen ditugula gaurko mobilizazioarekin, hala da, baina gezurrik esan gabe, antzerkirik egin gabe. Azken garaian aldendu gaituzten arrazoiak sakonekoak dira eta ez ditugu gainditu, egia da. Baina berriro erakusten ari gara langileen oinarrizko eskubide eta interesaen kontra zuzenean erasotzen dutenean, gure jarrera eta lerro propioak albo batera utzi behar ditugula gure indarrak batzeko.

Haserre ere banago. Ez dago ongi ikusia. Adarjotzea izan dira akordioa egin zutenetik ikusi eta entzun ditugunak.

Haserre, akordioa eskandalu demokratiko bat delako eta badirudielako gu bakarrik eskandalizatu garela.

Haserre, akordioa sindikatuen lehian kokatu nahi izan delako. Eta gezurra da, hemen jokoan dagoena da patronalaren boterea auzitan jar daitekeen edo ez, Confebasken asmoen aurrean langileak altxa gaitezkeen edo ez. Hemen jokoan dagoena da noraino joan daitekeen gobernu bat, botere ekonomikoaren zerbitzura jartzen denean. Enpleguaz hitz egiten da kanpainan behin eta berriro, norbaitek pentsatzen zuen lan munduaren egoera aldatu daitekela patronalaren aurrean jartzen garen sindikatuak erditik kentzen bagaituzte?

Askok ikusi nahi izan dute gaurko mobilizazioa ELA eta LABen sindikalismoa aldarrikatzeko dela. Ez okertu, ez dugu instituzioen aurrean gure lekua aldarrikatzen, gure lekua zein den esatea langileei dagokielako. Eta babestu gaituzten langile guzti horiekin oinarri oinarrizko zorra dugu: euren behar, interes eta erabakiak zapaltzen duten bakoitzen kalera ateratzea!

Es cierto, no es habitual que ELA y LAB nos manifestemos en mitad de una campaña electoral. Nosotras no hemos puesto ni el momento ni la razón. No hacemos campañas paralelas ni de laboratorio. Hacemos sindicalismo real, en el que la realidad manda.

¿Qué es lo que pretenden hacer en el mercado laboral, que para hacerlo necesitan violar un principio democrático tan básico como es respetar la representación legítimamente elegida?

No estamos ante un acuerdo más. Si algo ha caracterizado el recorrido de LAB y de ELA, es acertar a la hora de analizar la realidad y saber interpretarla. En 2009 no nos equivocamos cuando dijimos que había que salir a la calle, porque iban a aprovechar la crisis para imponernos una agenda ultraneoliberal arrasando con todo los derechos que pudieran.

No nos equivocamos ni exageramos cuando decimos que no estamos ante una más del Gobierno de Urkullu. Dejar que sea la patronal la que elija su interlocución sindical es el último paso para establecer un sistema a su medida y a su servicio, sin ningún tipo de, como dicen ellos, “disfunción”. Tienen las leyes y las políticas, gobiernos y los medios de comunicación, y sindicatos.

Y si esto falla, porque como no ocurre en toda Europa en Euskal Herria existe una mayoría sindical que ha decidido no formar parte de ese sistema, se hace un acuerdo dándole a una minoría el carácter de mayoría. Es un escandalo, ¡pero casi peor es que seamos nosotros y nosotras las y los únicos que nos escandalizamos!

La pregunta es clara, ¿vais a respetar la representación sindical? Ni pedimos ni necesitamos grandes momentos en vuestros mítines. Sí o no. es una respuesta que la clase política debéis a la clase trabajadora de este país.

Estas son nuestras demandas al ámbito político que va a componer el nuevo parlamento:

• Que se respete y se haga respetar la representación legítimamante elegida.
• Que se garanticen derechos democráticos de los y las trabajadoras en los conflictos laborales.
• Que se apueste de una vez por un Marco Vasco de Relaciones Laborales sin manipular ni descafeinar lo que eso significa. El marco laboral vasco parte de todo lo que hemos conseguido la clase trabajadora vasca con nuestro esfuerzo y nuestro compromiso.

Aldarrikapen oso zuzenak eta zehatzak ditugu. Ez ditugu gaur bota eta bihar ahaztuko. Akordioarekin sortu duten egoera zuzendu arte borrokatuko dugu. EAJri eta bere Jaurlaritza babestu eta lagundu dutenei zuzentzen diogu mezua. Baina ez dugu horretan geratu nahi. Alderdi guztiei zuzentzen diogu mezua:

• Demokrazia lan mundura iristea eta demokraziaren kalitatea neurtzerakoan, lan munduan gertatzen denari begiratzea ezinbestekoa da eredu politiko eta sozial justu bat eraiki nahi duenarentzat.
• Jendearen bizi baldintzak hobetzeko derrigorrez begiratu behar zaio lanaren egoerari, eta funtsezkoa da lan munduaren egoera iraultzea. Hori ezinezkoa egitea da akordio honen helburu bakarra.
• Ordezkariak hautatzeko eskubidea bortxatu egiten da, baina ez hori bakarrik. Langileei beren interesak defendatzeko eta borrokatzeko eskubidea ukatzen dien akordioa da.

Estatuko UGTko buruak esan berri du PPko militanteak eroso egoteko moduko sindikatua egin nahi duela. Guk ere argi dugu zein den egin nahi dugun sindikalismoa: PPren politikak bazterrean utzi dituen langileak babestuko dituena, langileen interesetan oinarritutako sistema eraiki nahi duena, eta batez ere, gure eskubideen alde borrokatzeko prest dagoen langileen tresna eraginkorra izango dena.

Bakoitzak egin dezala nahi duen edo ahal duen sindikalismoa, baina hemen langile gehienek babesten eta bultzatzen dutena zein den aitortuz eta errespetatuz. Gure babesa eta elkartasun guztia borrokan zaudeten langile guztiei.


AINHOA ETXAIDE
LABeko IDAZKARI NAGUSIA

 

 

 

Ordubeteko lanuztea egingo dute bihar Arcelor Bergaran

0

Bihar, irailaren 20an, Arcelor-en Bergarako lan zentroan ordubeteko lanuzteak egingo dituzte langileek. Azken hilabeteetan izan diren gertaerak  —Zumarragako lantokiaren itxiera, Zaragozakoa Galiziako Megasari saltzea eta inbertsoreak Bergarara etorri izana— kezkaz ikusten dituzte langileek. Lanuzte honen bidez enpresaren jarrera aldatzea espero dute. 

Arcelor-Mittal Gipuzkoa SLUko komitearen prentsa oharra:

Bihar, irailaren 21ean azteazkena, lanuzteak burutzeko enpresa komiteak egindako ordubeteko lanuzteen proposamenari baiezkoa eman diete langileek aho batez.

Lanuztearen zergaitiak hauek dira :

Egoera orokorraren aurrean zuzendaritzak otsailean erabaki zuen Zumarragako lantokia ixtea. Uztailean, opor aurrean, Arcelor Zaragoza saldu zion Galiziako Megasa taldeari. Irailean sektoreko inbertsore bat Bergaran izan da.

Arcelor Luzeak Europatik Europa hegoaldeko arduradun nagusia desagertzea, kontuan izanda Zumarraga, Zaragoza, Bergara eta Olaberriako lantegiak eremu horretan sartzen garela. Zuzendaritzarekin bilerak egiteko eskaerak ugariak izan dira eta ez dugu inongo erantzunik jaso, horiek dira lanuzte hauek deitzera bultzatu gaituzten arrazoi nagusiak.

Hauek arrazoi nagusiak izanda ere, eguneroko jardueran gertatzen diren arazoei konponbideak topatzeko bi hilabetetik behin daukagun komitea eta zuzendaritzaren arteko bilerak ere ez dira betetzen, Zuzendaritzak ez baititu bere betebeharrak betetzen.

Espero dugu neurri hauek nahikoak izatea Zuzendaritzak orain arte mantendu duen jarrera aldatzeko. Bihar, irailaren 21ean, ordubeteko lanuztea egingo dugu eta kontzentrazioa enpresa atarian, 14:00etatik 14:30era.

 

 

 

Premiazkoa da alternatibak eraikitzea

0

Gaur, ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek irailaren 23tik 25era Bilbon “Urgentzia ekologikoa eta larrialdi soziala: Erronkak ekosozialen aurrean alternatibak eraikiz” izenburupean egingo diren topaketen berri eman dute. Aurrekaririk gabeko mehatxu baten aurrean gaude gizateriarentzako zein mundu bizi osoarentzako, horregatik alternatibak eraikitzea premiazko bilakatu da.

Krisi ekologiko, sozial, eta zaintzakoa pairatzen ari gara. Krisi honen seinalerik argiena aldaketa klimatikoa da baina ez da bakarra, bestelako adierazleak ere badira, hala nola bioniztasuna, baliabide naturalen agorpena edota basoen suntsiketa. Elkarlotuta eta elkarri eragiten dioten krisiak dira hauek. Katastrofe honen erroak ekoizpen, erreprodukzio, banaketa eta kontsumo sisteman daude, sistema kapitalista eta heteropatriarkalean hain zuzen ere.

Ez diegu oraina lapurtzen utziko. Datozen belaunaldiei etorkizun duina ziurtatzeko gaurdanik jarri behar ditugu oinarriak. Euskal Herrian bada errealitate sozial eta sindikal bat neoliberalismoari alternatiba ekosozialista eraikitzeko eragile izan daitekena. Eskubide Sozialen Kartan adierazi bezala pertsona zein herriei gure bizi baldintzen gain protagonismoa emateko konpromisoa hartu genuen eta horren alde borrokatzen dugu.

Instituzio eta botere ekonomikoaren arteko sinbiosiarekin bukatu behar dugu, bizitza eta pertsonak lehenetsiko dituen eta interes kolektiboak merkatu eta espekulatzaileen interesen aurretik jarriko dituen bestelako eredu instituzional bat eraikiz. Lana nagusitu dakiola kapitalari. Suntsiketaren korrontea txikituko duen emari ekosozialista eta feministraren ordua da.

 

 

 

Milaka langilek gure hitza errespetatua izan dadin aldarrikatu dugu

Milaka euskal langile bildu gara Gasteizko kaleetan gure haserrea adierazi eta argi uzteko dugu ez dugula iruzurrik onartuko. Uztailaren 22an, Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek eta CCOO eta UGTk sinatu zituzten negoziazio kolektiborako eta elkarrizketa sozialaren instituzionalizazioaren inguruko akordioak patronalaren aldekoak dira eta euskal langileei bizkar ematen die. Horregatik hain zuzen ere Gasteizen elkartu garenok norabide aldaketa exigitu diogu Jaurlaritzari.

Beste behin, Urkulluren Gobernuak iruzur egin dio euskal langilegoari. Euskal Esparruaren aldeko akordioa dela dioten arren, praktikan kontrako norabidean doaz. Erabaki antidemokratikoa izateaz gain prekarietatean sakontzeko beste bide bat da honako hau. Gehiengo sindikala baztertuz egindako akordio honek ondorio larriak izango ditu euskal langileriarentzat.

Egoeraren larritasunak mobilizatzea eskatzen du eta horretara goaz. Gaur agerian geratu da langileok ez dugula isilik geratzeko asmorik eta kalera aterako ditugula gure aldarrikapenak. Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren alde egingo dugu. Era berean, negoziazio kolektiboa, eredu propio baten oinarrietako bat izanki, estatalizazioaren aurka blindatu behar dugu. Gaurkoa lehen hitzordua baino ez da izan, lan munduaren aldaketa eragotzi nahi duen Jaurlaritzak aurrean izango gaitu.

 

IRUZURRIK EZ!!!
Por un marco laboral propio, langileen hitza errespetatu



 

Eusko Jaurlaritzari: demokrazia gure alde dago

IRITZIA
Ainhoa Etxaide eta Adolfo Muñoz ‘Txiki’
LABeko idazkari nagusia eta ELAko idazkari nagusia

Eusko Jaurlaritzak gogor erreakzionatu du euskal gehiengo sindikalen aurka. Estatutik edo bere ingurumarietatik datozen eraso antidemokratikoei Urkulluren Gobernuaren lankidetza politikoa gehitzen zaio orain. Bere jarrera jendartearen esparru guztietako beligerantzia zentralista elikatuz joan da. Bide horretatik, Espainiako exekutiboak ezarritako murrizketa berberak ezarri eta azkenean euskal esparrua espainolaren azpisistema bihurtu da (OSALAN, Hobetuz, LHK…), batzutan gogo gehiagorekin. 

Urkulluren Gobernuak, orain, aurrerapauso berria eman eta Confebask patronala, UGT eta CCOOekin negoziazio kolektiboaren esparruan aurrekaririk ez duen ofentsiba antidemokratikoa adostu du.

Eusko Jaurlaritza eta patronalaren arteko sinbiosia errealitate da aspaldidanik, eta honek interesen fusioa ekarri du –eredu ekonomiko eta sozial berdina dute, prekarietatean sakontzea eta aberastasunaren banaketa bidegabean oinarritua–; honez gero ez dira bereizten Urkulluren sailburu eta Confebaskeko buruzagien adierazpenak. Arantza Tapiak dioenean euskal langileok bestelako ordezkaritza sindikal bat izan beharko luketela –eta horretarako lan egingo duela– argi eta garbi uzten du gobernu honek gehiengoak errespetatzen dituela hauek gustuko dituenean, bere murrizketak txalotzen dizkiotenean eta patronalaren inposizioen aurrean otzanak direnean.

Honek denboran jarraitua den jarduera-lerroa marrazten du, urrunetik datorrena eta etorkizunean proiektatzen dena. Euskal langile klaseak urte asko darama bere gehiengoaren konfidantza ELA eta LABen baturari ematen, hauteskundez hauteskunde, gero eta modu argiagoan eta gero eta alde handiagoarekin gainontzeko aukera sindikalekiko. Gehiengo hori metodo demokratikoekin bota ezin duela ikusita, Eusko Jaurlaritzak gutxiengoan egindako akordio sindikalak sustatu eta aspalditik legezkoa den praktika baten alde egin du apustu politikoki, legezkoa dena baina funtzionatzen ez duena hondamendia delako langileontzat: eragin mugatuko hitzarmenak. Gauza bat toleratzea da legalak direlako –zoritxarrez Gobernu guztiek egiten dutena–, eta bestea hauek sustatu eta babes politikoa ematea, Aldizkari Ofizialean argitaratzea barne, zeina patronala eta sindikatu batzuek zerbitzurako tresna bihurtzen den horrela. Lehendakari Jauna, hau egiten duenak erreformak eta negoziazio kolektiboaren estatalizazioa bultzatzen ditu, eta euskal esparrua mespretxatzen. Espainian negoziatu ezin dugula erabakitzen duten horiekin gutxiengoan dauden akordioak bultzatzeak argi islatzen du zein punturaino partekatzen duen zure Gobernuak aldarrikapena neutralizatzeko helburua.

Eta honen helburua zein da? CCOO eta UGTri ez duten garrantzia ematea, hau patronalak beharrezko baitu lan erreformak aplikatu eta soldatak kaltetzeko, sindikatu eroso eta merkeenen oniritziarekin. Hau ez da inolako arazoa Euskal Herritik kanpora, baina hemen oztopo sendoarekin egiten du topo: ELA eta LABen gehiengoarekin. Ikuspuntu sindikal batetik, eragin mugatuko hitzarmenen aldeko apustua lagapen onartezina da, langileentzako inolako ordainik ez dakarrena gainera. Gutxiengoan sinatzen denean, langile bakoitzak modu indibidualean eman behar dio atxikimendua akordioari; honek, lehenik eta behin, baldintza hobeen alde borroka egiteko langileek gehiengoz hartu duen erabakia zuzenean boikoteatzen du. Hitzarmenak merkatzea dakar, eta laneko prekarizazioan are gehiago sakontzea ere bai.

Bigarrenik, praktika honek langile indibiduala armagabe uzten du enpresarien xantaiaren aurrean (enpresa berez, indar-erlazioa baldin badago soilik orekatzen den esparru ez demokratikoa da). Puntu honetan, CCOOk eta UGTk apustu estrategikoa egiten dute lan harremanak indibidualizatzeko, eta langile bakoitza makur dadila amore eman duela sinatzera. Hala ere, justu guztiz kontrakoa egitekoa sortu ziren sindikatuak, enpresaren aurreko negoziazioa kolektibizatzeko eta enpresa eta sektoreetan lan baldintza homogeneoak bermatzeko, pribilegio zein diskriminaziorik gabe.

Beraz, ondorioz, edozein sindikaturen izaera beraren kontrako lerroa da. Hau borrokatzen ez badugu eta lan harremanen indibidualizazioaren aldeko apustua orokortzen bada… Zertarako behar ditugu sindikatuak? Horretara ari dira jokatzen CCOO eta UGT, patronala eta Eusko Jaurlaritzaren pozerako; beronek bere artilleria legal, politiko eta propagandistiko guztia jarri du martxan ELA eta LABek egiten duten sindikalismoa makurrarazteko. Suntsitu arte, geldiarazten ez baditugu. Izan ere, Confebaskek egin zuen ahalegina bi erakundeak legez kanporatzeko proposamenarekin; horregatik, oraingo koska estutze hau ez da hain ustekabean etorri.

Nola eragotziko diegu? Datorren irailaren 20tik, Gasteizen ELAk eta LABek egingo duten manifestazioarekin (10:30ean hasi eta Lehendakaritzaren aurrean amaituko da) abiatuko diren kaleko mobilizazioekin, baita Eusko Jaurlaritzaren kontrako salaketa politiko sendoarekin ere. Azken honek, langileok osatzen dugun euskal gehiengo soziala babestetik urrun, indartsuenarekin batzen ditu bere indarrak, elite ekonomikoarekin, pribilegiodunekin, erreforma laboralekin erabat indartuta dagoen patronalarekin.

Eusko Jaurlaritzak Confebask, UGT eta CCOOekin akordioa uztailaren amaieran irudikatu nahi izan zuen abuztuko oporraldiak itundutakoaren eragin politikoa eta larritasuna disolbatuko zutelakoan, horri lagundu behar zion hauteskundeen iragarpenak (justu ondoren egindakoa). Ez da horrela izango. Egin dutena oso larria da eta ezin da pasatzen utzi.

ELA eta LAB, orain hasi eta behar beste luzatuko dugu erantzuna, erasoaren tamainan. Ba ote dago gehiengo demokratikoak mespretxatu eta eraginik gabe uztea baino ezer larriagorik?

Arduratuko gara Lehendakariaren ekimen antidemokratiko honek agenda politikoa bete dezan, ez soilik lan mundukoa. Urkullu Lehendakariak aukeratu ditu akordioaren unea, edukiak eta bere aliatuak. ELA eta LABek erantzun egiten dugu, eta erantzuten jarraituko dugu.

Eusko Jaurlaritzak ordua eta joko-zelaia jarri ditu, eta guk azkeneraino jokatuko dugu partidua, Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren aldeko gure konpromisoa berrestetik abiatuta.