2026-07-03
Blog Page 1047

Langileok gaur eta beti Independentzia eta sozialismoaren alde


Aurtengo kurtsoan landuko ditugun ildo nagusiak aurkezteko herrialdeko delegatuen batzarrei hasiera eman diogu gaur Gasteizen. Gudari eguna gogoan izanik, Independentzia eta sozialismoa lehen lerrora ekarri nahi izan ditugu gaurkoan LABen eta horrela adierazi dugu batzarraren ostean "Langileok gaur eta beti Independentzia eta sozialismoaren alde" lelopean egin dugun mobilizazioan. Bihar, Bilbon, Bizkaiko delegatuen txanda izango da, ostegunean Iruñean Nafarrena eta ostiralean, Donostian, Gipuzkoako delegatuak elkartuko dira.

 

 

 

LAB VICen izan da COS sindikatuari eta Carnies en Lluita plataformari babesa ematen

0

Irailaren 25ean LAB sindikatuko ordezkaritza bat VICen izan zen Carnies en Lluita plataformak antolaturiko borroka egunean, industria haragietan lan baldintzen alde borrokan dihardutenei babesa eta elkartasuna helarazten.

Mendialdeako Mankomunitatean negoziazioak huts egin du

Urte honetan zehar Mendialdeko Mankomunitateak (Larraundik Goizuetaraino eremua hartzen duena) eta langileak hitzarmen berri bat negoziatzen aritu dira, baina hauek ez dute langileentzako aski fruiturik eman oraindik. LABetik salatu nahi dugu Mankomunitateak ez duela hitzetatik ekintzetarako urratsa eman eta azken momentuan gotortu egin dela hasierako posizioetan.
Langileen proposamena hiru zutabetan oinarritu da:

  • Enplegu Publikoaren sustapena lanpostu berri bat sortzen. Izan ere, zabor bilketan aritzen garen langileek lan karga handiak ditugu eta horren justua da plantilla non zailtasunak ditugu ordu sindikalak, egun propioak edota oporrak hartzeko.
  • Lan Osasunaren garapena. Arlo honetan bilatzen da arriskuen identifikazio zehatza eta horiek arintzeko edota ezabatzeko lan bat, langileek epe ertainean jasan ditzakegun kalteak ekiditeko.
  • Eta baldintza ekonomikoen hobekuntza. Mankomunitate honetan ditugun ordainsariak sektore honetan langile gehienek dituztenetik urrun baitaude. Ordainsarien atalean, lan beraren truke soldata bera irabaztea da gure aldarrikapena, parekatzea alegia.

Bilera asko egin eta gero negoziazioak ez du aski fruiturik eman langileentzat. Negoziazio prozesuan elkarrizketa sakona egon da eta elkar ulertze nabarmena ikusi dugu langileok, Mankomunitateak onartzen baitu langileek egiten dugun lan handia eta ona eta zerbitzu honen kalitatea. Baina elkar ulertze hau ez da gauzatu akordio batean: Mankomunitateak ez du onartzen lanpostu publikoa sortzea, nahiz eta etorkizun batean sortzeko asmoa agertu; adostasuna agertzen du Lan Osasunaren inguruan, hau izanik onartzen duen proposamen bakarra; eta ordainsarien atalean azkenik, soldata igoera bat proposatu arren ez du onartzen langileoi parekatzea dagokigunik, beraz, ez du onartzen beste mankomunitateetan dauden ordainsariekin parekatzea.

Langileon ustez, Mankomunitatea ez da apenas mugitu beren hasierako planteamenduetatik, mantentzen dute ia-ia hasierako jarrera, nahiz eta langileok ahalegin bat egin dugun tarteko proposamenak luzatuz eta enplegu berriaren justifikazioa arrazoiaz eta funtzioaz betetzen akordio batera ailegatu ahal izateko.

Salatu nahi dugu Mankomunitateak ez duela hitzetatik ekintzetarako urratsa eman eta azken momentuan gotortu dela hasierako posizioetan.

Mendialdeko Mankomunitateko LABek segituko du zilegiak diren aldarrikapenak defendatzen.
 

 

 

Beste eredu bat eraikitzea posible da #ECOSOCBilbo

0


Gaur, hilak 25, eman diegu amaiera Nazioarteko III Topaketa Ekosozialistei. Hiru egun hauetan ez dira falta izan urgentzia ekologikoa eta larrialdi sozialari aurre egiteko alternatibak. Sistema politiko eta ekonomiko honek alternatibarik ez daukala sinestarazi nahi digute, baina beste behin agerian geratu da norabidez aldatuz gero posible dela jendarte justuago bat eraikitzea. 

Igande honetan bi mahai ingururen bueltan aritu dira hizlariak. Ainhoa Etxaidek, LABeko Idazkari Nagusiak, beste hainbat sindikatuetako kideekin batera, sindikalismoak trantsizio ekosozialistan bete behar duen rolaz hitz egin du. Etxaideren iritziz “sistemak bizirauteko geroz eta basatiago izan behar du” eta horri erantzun bat emateko premiazkotzat jo du denon artean “sistema aldatzeko bidea aurkitzea”. Argi utzi nahi izan du ere herri langilearen arazoak ez direla sistemaren baitan konponduko eta horri buelta emateko “sistema aldatu behar” dugula adierazi du.

LABeko idazkari nagusiak azaldu bezala “sistema berria eraikitzeko boterea mugatu eta kendu behar zaio kapitalari herriaren esku jartzeko”. Borroka horretan sindikatuok langileei zer eskaintza egiten diegun argitu behar dugula ere azpimarratu du. Hain zuzen ere etorkizunari begira jartzean hamaika zailtasun eta galdera sakon datorzkigu burura baina galdera hauei erantzun egokia emanez gero soilik lortuko dugu alternatibaruntz urratsak ematea.

Ondoren Kapitalaren diktaduraren aurrean, burujabetza, demokrazia eta justizia sozialaren beharra izan dute mintzagai Katerina Sergidou, Éric Toussaint, Juan Hernández Zubizarreta eta Mario Zubiagak.

Amaitzeko eta hiru egun hauetako lana borobilduz mahai gainean jarri diren ideiez osatutako manifestua irakurri da.

 

 

Oihan Ostolaza: “Eraldaketa mugimendu sozial eta sindikalen arteko elkarlanetik etorriko da”

0

Nazioarteko III Topaketa Ekosozialistak aurrera doaz. Bigarren egun honetan eredu produktiboa, zaintza eta enplegua; elikadura burujabetza; energia burujabetza eta ekitate sozialerako eta lurraren defentsarako hezkuntza landu ditugu mahai inguru eta tailerren bitartez. Gaurko saioan hizlarien artean Oihan Ostolaza, LABeko kidea, izan da eta ekoizpen ereduaren eraldaketaren inguruan mintzatu da. 

Ostolazaren aburuz “enpleguaren egoerak lotura zuzena du indarrean dagoen ekoizpen ereduarekin” eta gaur egun argi eta garbi esan daiteke “eredu kapitalista bateraezina dela ingurugiro eta bizitzaren eta baita pertsonek bizi baldintza duinak edukitzearekin”. Horregatik ezinbestekotzat jo du ekoizpen ereduan eraldaketa sakon bat.

Sindikatuaren ustez lanak naturarekin eta pertsonen arteko harremanetan elkar eragitea ahalbidetuko duen jarduera izan behar du, guztiontzat onuragarria izango dena, baina horretarako enpleguak kalitatezkoa izan behar du. Hau da, jardunaldiari dagokionez, “35 orduko lan astearen aldeko apustua egiten dugu”. Gaur egun dugun langabezia tasa ikaragarria onartezina da, beraz ezinbesteko ikusten dugu lana guztion artean banatzea. Bestalde “gure ustez gutxieneko soldatak 1.200eurokoa izan behar du”.

Asko dira egin beharreko aldaketak: ekoizpen eredua, lan kontzeptua, enpresa eredua… Baina eraiki nahi dugun eredu berri hori bezain garrantzitsua da aldaketa aurrera eramango duen sujetua. Ostolazaren iritziz “eraldaketaren motorra mugimendu sozial eta sindikalen arteko elkarlanean datza eta hori da hain zuzen ere Eskubide Sozialen Kartarekin hartu dugun bidea”.

Biharko saioarekin Bilbon burutzen ari diren Nazioarteko III Topaketa Ekosozialistei amaiera emango zaie. Lehen orduan “Sindikalismoa trantsizio ekosozialistaren aurrean eta Kapitalaren diktaduraren aurrean” izenburupean mahai-ingurua izango da eta bertan, besteak beste, LABeko idazkari nagusia den Ainhoa Etxaidek parte hartuko du. Bigarren txandan “Kapitalaren diktaduraren aurrean, herri-ahalduntzea: burujabetza, demokrazia eta justizia soziala” mahai-ingurua burutuko da eta amaiera emateko topaketetan eragile guztien artean adostutako manifestua aurkeztu eta irakurriko da.


 

 

Patronala prekarizazioan oinarritutako lan harremanen eredua ezartzen ari da

Pasadan irailaren 21ean langile batek bizi galdu zuen Urzainki herrian su-egurra lortzeko zuhaitz mozketa lanak egiten ari zela. Handik kilometro gutxira eta 40 minutu lehenago, zuhaitz mozketan ari zen beste langile batek istripu larria izan zuen Izabako herrian. LAB, beste sindikatu batzuekin batera, datorren astelehenean elkarretaratzea burutuko du Nafarroako Diputazioaren aurrean bi istripu hauen larritsuna salatzeko.

LABetik langilearen familia eta gertukoei, eta langileria osoari orokorrean, gure elkartasun eta babesa adierazi nahi diegu. Modu berean, langileriak pairatzen duen prekarietate eta ezbehar-tasa salatu nahi dugu.

Lan heriotz istripu honekin jasanik 37 dira Euskal Herrian aurten hildako langileak, horietatik 8 Nafarroan. Modu berean, gogoratu behar da, pasadan urtean 55 izan zirela lan istripuan hildako langileak.

Istripu honen eta lan istripu denen atzean, langileriaren lan baldintzak eta bizitza daude. Patronala prekarizazioan oinarritutako lan harremanen eredua ezartzen ari da; honek zuzen-zuzenean eragiten die langileen segurtasunari eta osasunari. Jakitun gara lan istripuak hainbat eta hainbat faktoreen ondorio direla, adibidez, lana prekarizatzearen, iraitziko zaituzten zalantzaren, lan erritmoak handitu izanaren, azpikontratatzeko katearen, gezurrezko autonomoen,… ondorio. Eragile hauek guztiek areagotzen dute lan istripuak pairatzeko arriskua.

LAB sindikatuak jakin badaki mobilizazioa eta borroka direla lan istripuekin eta hauek eragiten dituzten eragileekin amaitzeko eskuragarri dauzkagun baliabide bakarrak. Horrengatik, honen bidez deitzen dugu langileria osoa LABek, beste sindikatu batzuekin batera, egin duen ELKARRETARATZE deialdiarekin bat egin dezan (Elkarretaratzea IRAILAREN 26AN, ASTELEHENA, 12:00ETAN, NAFARROAKO ALDUNDIA AITZINEAN (Karlos III.) eginen da), nahiz istripu hau arbuiatzeko deituko diren bertze mobilizazioetan parte hartzera.
 

 

 

Zergatik ez du EAJk pentsioen inguruko eztabaidarik nahi Euskal Herrian?

IRITZIA
JOXEAN URKIOLA y CARLOS RUIZ
LAB-Pentsiodunen Arloko kideak

Pentsionistek populazioaren %25 osatzen dute jada. Dirudienez, gutxi —ezer ez esatearren— axola dio datu honek hau EAJri, milaka pentsiodunek pairatzen dituzten arazoetatik ihes egiteaz gain eztabaida hau Eusko Legebiltzarrean burutzearen aurka agertzen baita.

Beste behin, EAJko buruek hauteskunde garai hauetan irudi adeitsua eskainiko digute herritarren parte handi batentzat, miseriazko pentsioak jasotzen dituzten eta gehien behar dituztenean sendagaiak ordaindu behar dituzten milaka pertsona horientzat dituzten asmoak ezkutatzen dituzten bitartean.

Kanpainan ezkutuan gorde nahi dute ezezkoa esan diotela 1.080 euroko gutxieneko pentsio ezartzeko proposamenari. Gizarte Segurantza eta Babes Sozialeko Sistema Propioa eta 1.080 euroko pentsio minimoaren aldeko Herri Ekimen Legegilearen aurka agertuta, agerian geratu da EAJri bost axola zaizkiela pertsona heldu eta pentsionisten arazoak.

Ez dute pentsioen gaia eztabaida publikoan egoterik nahi, ezta euskal pentsionisten gehiengoak pentsio duin bat kobratzearen aurka daudela jakiterik ere. Europako Karta Sozialean agertzen diren irizpideen arabera Euskal Herrian pentsio duina 1.080 eurokoa izango litzateke, pentsionistek aldarrikatzen duten moduan. Pentsiodunen %50k hilean 800 euro baino gutxiago irabazten dute, horien artean milaka alargun daude.

Ezkutuan gorde nahi dute ere EAJren apustua pentsioak pribatizatzea —parte handi bat behintzat— eta pentsio plan ez publikoen alde egitea —langile guztiengana iristen ez direnak— dela.

Euskal Herrian pentsio minimoak ziurtatuko dituen Sistema Propio bat, Estatukoarekiko ezberdina, onartzea eta gehien irabazten dutenei diru kutxa publikoan kotizatzea ekidin dute. Hori da Urkulluk defendatzen duen “burujabetza partekatua”, behin eta berriz burujabetza errealari eta herritarrek erabakitzeari ezetz esaten dion bitartean.

Soldatapean lan egiten dugunok Gizarte Segurantza, langabezia eta formakuntza profesionala ordaintzen ditugu. Enpresek, kontingentzia arruntak, laneko istripuak eta gaixotasun profesionalak, langabezia, formakuntza profesionala eta Soldatak Bermatzeko Funtsa ordaintzen dituzte, baina ez dute denek hilabete amaieran irabazten duten guztiaren arabera ordaintzen. “Tope” batzuk daude eta hauek baino gehiago irabazten dutenek ez dute diru kutxa publikoetan kotizatzen gehiago irabazi duten horregatik. Honela kotizatu ez duten hori, gerora, pentsio oso onak beraiei bakarrik ziurtatuko dizkien pentsio pribatuetara bideratu dezakete. 

Kutxabankeko presidentearen adibidea bezalakoek agerian uzten dute sistema honek gehien irabazten dutenei eta hauen enpresei egiten diela mesede. Villalabeitia jaunak, 800.000 euro gordin irabazten ditu urtean, bere ordainsaria %73 igo ostean, benetan irabazten duenaren arabera ordainduko balu 4.233,28 euro ordaindu beharko lituzke bere kontzeptuengatik, baina 231,26 euro baino ez ditu ordaintzen. Kutxabankek ere 20.599,78 euro ordaindu beharko lituzke, baina 1.125,37 euro ordaintzen ditu. Villalabeitiak diru kutxa publikoetara bideratzen ez duen diru hori pentsio pribatuetan inbertitu dezake. Urte batean, 281.717,16 euro sartu gabe geratzen dira diru kutxa publikoetan langile horiengatik.

Imajinatzen duzue zenbat diru sartuko litzateken diru kutxa publikoetan langile guztiek eta beraien enpresek errealki irabazten dutenaren arabera kotizatuko balute, topeak kenduz?

EAJk ez du pentsioen inguruko eztabaidarik nahi hauteskunde kanpainan, ezta PP-PSE-Podemos bezala estatuko markoa defendatzen duten indar politikoek ere. Estatuko kontu bat dela eta kutxa bakarra ezin dela suntsitu diote, ahaztuz euskal langileek kutxa bakar horretara ondoren jaso ez duten diru asko bideratu dutela. 

Horregatik, gaur inoiz baino beharrezkoagoa da, ahotsa altxa eta pentsionista, langile, ikasle eta herritar oro, duintasunez bizitzeko eskubidea ukatzen digun Estatuaren menpe jarraitu nahi dugun edo hemen hilabete amaierara iristea ahalbidetuko digun pentsio publiko duinaren artean erabakitzeko hitza hartzera deitzea.
Pentsioak ere hauteskundeetako eztabaidan, kalean, egon behar dute. Nahikoa da politiko batzuei biziarteko pentsioak “oparitzea”, hauek ezezkoa bozkatzen dutenean pentsionisten gehiengoak pentsio duinak jaso ahal izateko. Bitartean sendagaiak erostera ere behartuak daude.

Hemen, orain eta etorkizunerako, pentsio publiko eta bizitza duina ziurtatuko dizkigun Gizarte Segurantza eta Babes Sozialeko Sistema Propioa erabakitzeko garaia da. Eztabaida beharrezkoa da.
 

 

 

Etxe-kaleratze eta bazterketa sozialaren aurrean, herritarron mobilizazioa


Atzo goizeko gertakarien osteko sentsazioa oso lantza izanda ere, Baietz Basauri! Plataformak Basauri eta Kaleroko auzotarrak zoriondu nahi ditu, auzokideen kaleratzearen aurrean erakutsi zuten duintasu-kolektiboagatik.

Zoritxarrez, espero genezakeen okerrena bete da familia honentzat. Ez Basauriko Udaletxeak ezta beste Erakunde Publikoek ere ez dute ezer ere mugitu egoera hau ekiditzeko. Horren ondorioz, ama eta alaba kalean daude momentu honetan.

Guztiz kontrakoa, ez daude ezer egiteko prest eta hori justifikatzeko eztabaida antzuak sortzen dituzte, egoeraren zorigaitza ezkutatuz. Baina ez dute lortu. Bazterketa sozialaren ondorio latzenak leuntzea eta erdeinatuei babesa emateko benetako neurriak jartzea, nahimen politiko izatean baino ez datzala argi geratu da gaur.

Plataformak aspalditik salatu duen bezala, Udaletxe honen gobernu-taldeak ez du borondaterik honelako egoerei aurre egiteko. Bete beharreko ardurarik ez du hartzen eta horren ondorioz inolako konpromisorik ere ez. Atzo bertan, etxe kaleratzearen ondoren, plataformakide, senide eta alkate eta ongizate saileko zinegotziaren artean bilera bat izan genuen, baina Gizarte-Laguntzarekin zita berri bat baino ez dute eskaini.

Beren jarrera aldatzea lortu beharra dugu. Erraza ez dela izango badakigu, baina egun hauetan hasitako bidean aurrera egin behar dugu. Herritarron mobilizazioaren bidez bakarrik lortuko dugu Basauriko Udaletxeak eta Erakunde Publikoek duten politika sozialetan aldaketa sakonak behartzea, beste etxe-kaleratzerik gerta ez dadin eta familia gehiagorik kaleratu ez dezaten.

Horregatik guztiagatik Basauriko herritar guztiei dei egiten diegu familia honentzako etxe-bizitza duina lortzeko proposatuko ditugun iniziatiba eta deialdietara adi egoteko.

 

 

 

#ECOSOCBilbo: Alternatibak eraikitzera goaz

0

Hastear dira Bilbon “Urgentzia ekologikoa eta larrialdi soziala: Erronkak ekosozialen aurrean alternatibak eraikiz” izenburupean egingo diren topaketak. 23an hasita eta hiru egunez hainbat mahai inguru eta tailer izango dira gaur egungo egoeraz eta alternatibetaz hitz egiteko. Bidegurutze baten aurrean gaude: edo sistema ekonomiko eta politikoa aldatzen dugu edo hondamendira goaz.

Krisi ekologiko, sozial eta zaintzakoa pairatzen ari gara, interkonektaturik dauden krisi multzo baten aurrean gaude. Horretaz gain, aberastasuna geroz eta esku gutxiagotan pilatzeak, desberdintasun ekonomikoa areagotzen duen banaketa geroz eta injustuagoa dakar, gure gizarte eta herrietan bizimodu duina eragotziz. Ondoko belaunaldiei etorkizun duina ziurtatzeko gaurdanik jarri behar ditugu oinarriak. Hau dena izango da aztergai Topaketa Ekosozialistetan.

Bihar, arratsaldean, 18etan emango zaie hasiera topaketa hauei “Aldaketa klimatikoa, Parisen ondotik zer?” izenburupean antolatu den plenarioarekin. Bertan Maxime Combes (Attac, France), Jon Palais (Bizi! Mugimendua, Euskal Herria) eta Elizabeth Peredok (Observatorio Boliviano de Cambio Climático y Desarrollo) hartuko dute parte.

Hiru egun hauetan landuko diren gaien inguruan hitz egiteko Euskal Herriko zein kanpotik etorritako kidean izango ditugu gure artean. LABek ere modu aktiboan hartuko du parte. Hala nola Oihan Ostolazak “Eredu produktiboaren eraldaketa: enpleguaren erronka” izenburupean antolatutako mahai inguruan izango da eta Ainhoa Etxaide, LABeko Idazkari Nagusiak, sindikalismoak transizio ekosozialean izan behar duen rolaz hitz egingo du.