2026-07-03
Blog Page 1043

LABek ez du onartzen CAFeko altzairutegia isteko asmoa

0

CAFeko zuzendaritzak enpresa-batzordeari jakinarazi dio heldu den urtarrilaren 1etik aurrera enpresako altzairutegi historikoaren instalazioan altzairua ekoizteari uzteko asmoa duela. LAB altzairutegiko jarduera eteteko planaren aurka dago; izan ere, CAFeko zuzeneko 40 lanpostu eta gure instalazioetan iraunkorki lan egiten duten azpikontratetako beste 7 lanpostu galduko dira. 

Zuzendaritza salatu nahi dugu, halaber, bere proposamenean pertsona horiek aipatu ere egiten ez dituelako, gure artean urte luzez aritu badira ere. Salatu nahi ditugu helarazi diguten informazio eskasa eta kostu baxuko herrialdeetara ekoizpena eramateko erakutsitako presa. Lehen ere gauza bera gertatu izan da CAFen beste hainbat produkturekin.

LABk ez du jarduera-eten hori onartzen, eta aurkezten zaizkigun arazoak ezagutzeko eta horiei eman dakiekeen konponbidearen inguruan gure iritzia emateko eztabaida bat zabaltzea exijitzen dugu. Horregatik, iragarritako etena ez gauzatzea exijitzen dugu. LABen iritziz, CAFeko altzairutegiak inbertsio garrantzitsua behar du gerora begirako apustua izango bada. Zuzendaritzak, dagoeneko, kalkulatua du inbertsio hori: 15 milioi euro. Alabaina, ez du inbertsio hori egin nahi, altzairua kanpoan erosita merkeagoa dela argudiatuta. Hortaz, enpresak berak aitortzen du altzairutegiak baduela etorkizunik; betiere, aipatu inbertsioa egiten bada. Neurri horrek enpleguak suntsitzen baditu ere, enpresak ekoizpena kanpora aterata mozkin gehiago lortu nahi ditu. Horixe da arazoa.

Horrez gain, CAFk irabaziak izaten jarraitzen du. Beraz, bada dirurik Euskal Herrian enplegu duinaren aldeko apustua egiten jarraitzeko. Zuzendaritzari, behar den denborarekin azterlan hori aurkeztea eta prozesu bat zabaltzea exijitzen diogu, egon daitezkeen irteera guztiak analizatzeko, ekoizpenaren dibertsifikazioa barru.

LABek zuzendaritzari eskatzen dio inposatu digun prozesu hori eteteko, gatazka handiagotara joan gabe.

 

 

 

Estatuko metalgintzako hitzarmenak bete-betean erasotzen ditu Euskal Herriko sektoreko langile guztiak

0



Atzo, urriak 12, Euskal Herriko hiritarrentzat inposatutako egunean, LABeko Industriako federazioak Madriletik, CCOO eta UGTren laguntzaz, negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren alde egiten ari diren inposaketa salatzeko kanpaina abian jarri zuen. Estatalizazioa euskal langileen lan baldintzak gero eta prekariagoak izatea ekartzen ari da. Hori dela eta, bai lantokietan bai kalean arestian argitaratutako Estatuko metalgintzako hitzarmenak Euskal Herriko sektoreko langileentzat ekarriko dituen ondorio lazgarriak salatzeari ekin genion. 

Estatuko metalgintzako hitzarmenak bete-betean erasotzen ditu Euskal Herriko sektoreko langile guztiak. Ez dakar ezer onik, kontrakoa baizik, are gehiago ahultzen ditu herrialdeko hitzarmenak, horixe baita lan erreformaren xedea.

Beste behin ere, CCOO eta UGT sindikatuek, kontrakoa esaten duten arren, jendearen interesen gainetik, eurenak lehenetsi dituzte.

Hala ere, akordio hori koherentea da uztailean, bi sindikatuek, CONFEBASKek eta Eusko Jaurlaritzak egindako akordioarekin, gutxiengoan egindako hitzarmenak zilegiztatzeko. Biek daukate helburu berdina, CCOO eta UGTk adostu ahal izatea gutxiengoa izanik ere.

Azken eraso honen harira, Negoziazio Kolektiborako Esparru Propioa sortu nahi dugunon artean alternatiba sortzearen alde agertzen da LAB.

 

 

 

Urriak 12: #ezerEzOspatzeko #etorkizunariBai


LAB sindikatuak beste behin planto egingo dio Espainiak Amerikako lurraldeak usurpatu izana gogoratu eta ospatzen duen egunari. Urriaren 12an ez dugu ezer ospatzeko eta asko aldarrikatzeko. Honela, sindikatuko kideok lanean eta Euskal Estatu demokratiko eta sozial baten aldeko mobilizazioetan izan gara gaurkoan.  

Bizi dugun egoera honetan, subirautza ekonomiko eta politikoa premiazkoa dugu. Gure herria ukatzen duen jai-egutegiaren aurrean eta gure herriari desberdintasunak eta sufrimendua ekartzen dizkioten politika antisozialen aurrean, planto egin eta burujabetza eskatzea tokatzen zaigu.

Ez dugu onartzen espainiar Estatuak inposatutako egutegia, eta urriak 12a lan eta borroka eguna izan da LABentzat. Hala, gaur, urriak 12, Sestaon izan gara Euskal Estatu demokratiko eta sozialaren alde Independentistak sareak deitutako mobilizazioan eta Sortu eta Ernairekin batera Burujabetza aldarrikatuz Gasteizen egin dugun elkarretaratzean.

ARGAZKIA: @halabedi
 

 

 

ZF Lemforder TVAko langileek ezetz esan diote zuzendaritza eta UGTren arteko aurreakordioari

0

Ermuako ZF Lemforder TVA enpresan asanblada egin da UGT eta enpresaren artean sinatutako Aurreakordioa erabakitzeko. Aurreakordio hau enpresa-batzordearen gainontzeko kideei lepoa emanda adostu da eta langileek ezetz esan diote aurreakordioari.

LABek erabat gaitzesten du aurreakordioa. Eskubideak murrizten ditu aldi baterako ezintasun kasuetan, errelebo kontratuak mugagabe bihurtzeko derrigortasuna desagertzen da, mutualitateei eskumen gehiago ematen zaie, urardotutako erreformaren kontrako klausulak jasotzen ditu, EEEak ezartzeko askatasun handiagoa ematen du eta soldata aldetiko zigorrak jasotzen ditu gaixorik daudenentzat edo familia kontziliaziorako ordaindutako

Gure ustez langileen duintasun irakaspena eman diote UGT zein enpresari eta LABetik onartzen dugu guztion baldintzak hobetuko dituen hitzarmena aldarrikatzen jarraitzeko lan-erreforma eta prekarietateari aurre eginez. UGTren jarrera ere salatzen dugu, langileen eskubideak defendatu eta hauen alde lan egiteaz urrun, zuzendaritarekin eta beldurra eta manipulazioaren politikarekin lerrokatu baita guztion lan-baldintzak kaltetzen saiatuz.
 

 

 

“BerDUINtasuna: Acampada por la igualdad. Lan duina denontzat!” dinamika aurkeztu dute

Dinamika honen bidez, kontratazioetan ematen diren bereizkeriak salatu nahi dira. Lehen ekimena Iruñeko Sarasate pasealekuan, urriaren 17tik 22ra arte, egingo den kanpaldia izango da. Emakumea, migratzailea, aniztasun funtzionala izatea edota UGT edo CCOOen afiliatua ez izateak Nafarroako enpresa jakin batzuetan lan egitea galarazten du, eta horregatik, jendarteratze eta salaketa dinamika jarri dute martxan.


 

 

 

ADEGIk proposamenik aurkeztu ezean, Gipuzkoako grafikagintzako mahaitik altxatuko gara

0


Gaur, urriaren 11n, Grafikagintzako hitzarmenaren negoziazio mahaiaren zazpigarren bilera burutu da. Beste behin ADEGIk ez du inolako proposamenik jarri mahai gainean. Gauzak horrela jarraitzen badute negoziazio mahai osatzen dugun sindikatuak bertatik altxatuko gara.

LAB, ELA, CCOO eta UGTren oharra:

Gaur, urriaren 11n, Grafikagintzako hitzarmenaren negoziazio mahaiaren zazpigarren bilera burutu da. Gaurkoan ere, ADEGI bilerak hasi zirenetik mantentzen ari den jarrera immobilista berean berretsi da. Gipuzkoako Grafikagintzako langileekiko erakutsitako mespretxuaren aurrean, negoziazio mahaia osatzen dugun sindikatu guztiek (LAB, ELA, CCOO, UGT) honakoa erabaki dugu:

1.- Hurrengo bilerarako negoziatzeko proposamena ekar dezala exijitu diogu ADEGIri.
2.- Bileran ADEGIk proposamenik aurkeztu ezean, gure parte hartzea etetea erabaki dugu.

Halaber, sindikatuak datozen egunetan bilduko gara egingo diren balizko mobilizazioak adosteko asmoz. Negoziazio mahaiaren hurrengo bilera azaroaren 2an egingo da.

 

 

 

Eusko Irratiko langileek protestak egin dituzte kendu dieten soldata osoa berreskuratzeko

0

2010ean Eusko Jaurlaritzak enpresa publikoetan ezarri zuen soldaten %5eko murrizketak eragindako galera guztiak berreskuratzea exijitu dute Eusko Irratiko langileek. Dagoeneko epaitegiek legez kontrakotzat jo dute eta murrizketa eten behar izan du EITBko zuzendaritzak. Hala ere, epaitegien erabakiaren atzera-eragina urtebetekoa izanik bakarrik, 2010etik epaia eman zen 2015eko otsailera arteko soldatak bahituta ditu oraindik Eusko Jaurlaritzak.

EITBko LABek Gasteizen eratuko den parlamentuko alderdiei eta bertatik eratorriko diren Eusko Jaurlaritzari eta EITBko Administrazio Kontseilu berriei zera eskatuko die, hurrengo aurrekontuetan EITBko langileoi zor zaigun diru sail hau kontuan edukitzeko, eta ez bideratzeko jendarteak behar ez dituen gastuetarako.

Gaur, Eusko Irratiko Langile Batzordeak deituta langileok ordu laurdeneko elkarretaratzeak egin dituzte Irratiaren hiru egoitzen aurrean, Bilbo, Donostia eta Gasteizen, mobilizazio dinamika berria abiatzeko helburuz.

 

 

 

LABek berriro eskatuko du amiantoaren erregistroa EAEko ikastetxeetan

0


Gaurkoan, Laudioko Lateorro eskola publikoan amiantoa dagoela dioen berriarekin esnatu gara. Ez da gai berria. Susmoa dago gure lantokietan, gure ikastetxeetan amiantoa dagoela, arbelen kasuan gertatu zen bezala. LABek iaz salatu zuen egora hori, eta ikastetxe publikoetan zein kontzertatuetan zegoen amiantoaren erregistroa eskatu zuen. EAEko Hezkuntza Sailarekin hainbat bilera egin genituen eta salaketa ere jarri genuen Lan Ikuskaritzan. Hezkuntza Sailak interbentzioren bat egin zuen, 6 arbel kentzea adibidez. Agindu zuen kontu arriskutsu hau konpontzeko beharrezko ziren ekimen guztiak egingo zituela.

Eta gaurko, berriro, ikastetxe batean amiantoa dagoela jakinarazi digute. 2013ko txosten bat ere aipatu digute, non ikastetxean amiantoan bazegoela onartzen zen. Estalki zati bat kendu zela jakinarazi dute. Hortaz, ulertu behar dugu geratzen den zatia ikastetxean dagoela oraindik?

Oso larria iruditzen zaigu kontu hau. Ez dugu ulertzen nola ez dagoen erakundeen arteko koordinaziorik gai honetan. Gogoratu behar da material hau debekatua dagoela 2012. urteaz geroztik, eta beste erkidego batzuetan dagoeneko lanean ari direla ikastetxeetako amiantoa behin betiko ken dadin.

Iraganean eskatu duen bezala, LABek berriro eskatuko du Hezkuntza Sailak amiantoaren erregistroa egitea. Aipatu eskaria idatziz bidaliko dio Hezkuntza Sailari sailari. Osasuneko Ezohiko Batzarra egitea eskatuko dugu berehala, haren berri izan dezagun. Ez dugu onartuko eskola-komunitatearen osasunaren alde ez jardutea.

 

 

 

Nafarroako Gobernuak mozal legea aplikatu du jaiegunetan ez zabaltzea eskatzeagatik

Nafarroako Gobernuak zuri-gorriz jantzitako lagun bati 300 eurotako isuna jarri dio 5/2015 lege organikoa aplikatuz (mozal legea). Martxoaren 14an, El Corte Inglesen, la Morean eta hainbat dendetan, Igande eta Jaiegunetan 0 irekiera aldarrikatu ondoren, Parlamentuaren fatxadan eskailera bati igota, Gobernuari igande eta jaiegunetan saltokiak zabaltzeko baimena ken zezala eskatu zion.

LABek Nafarroako Gobernuari Mozal legea aplikatzeari utz diezaiola, eta aipatu egunetan zabaltzeko baimena bertan behera gera dadila eskatzen dio. Honela, LABek Nafarroako saltokietan igande eta jaiegunetan langileak lan egitera behartu ez ditzaten borrokari eutsiko dio.