2026-05-03
HomeLan Osasuna IdazkaritzaOsalanEAEko Hezkuntza Saila ez da gai bere prebentzio zerbitzuak OSALANi aurkeztu dion...

EAEko Hezkuntza Saila ez da gai bere prebentzio zerbitzuak OSALANi aurkeztu dion auditoritza justifikatzeko

Azkenaldian, behin baino gehiagotan egin dugun bezala, berriro salatu behar dugu Cristina Uriartek zuzentzen duen Hezkuntza Sailaren arduragabekeria. Oraingoan, Cristina Uriarteren Sailak kudeatzen dituen prebentzio zerbitzuez ari gara. LABek Osasun Batzordeetan eskatu du zerbitzuan ari den langileen kopurua handitu dadin. Gure iritziz, egungo kopurua egokiena izatetik oso urrun dago, bete behar diren premiengatik.

Derrigorrezko aldian 600 ikastetxeren ardura hartu behar da erkidego osoan. 27.000 langileren gaineko ardura hartu behar da. Aipatu kopurua handiagoa izan ohi da batzuetan, behin-behineko kontratazioen gora-beherengatik. Honakoek osatzen dute Hezkuntza Sailaren berezko prebentzio zerbitzuan lan egiten duten langile taldea: segurtasun teknikari 1, higiene-teknikari 1, alor psikosozialean adituak diren 7 teknikari, 7 mediku, eta sanitarioak. Egoerak bereziki kezkatzen gaitu, benetako eta kalitatezkoa izango den prebentzioa galarazten duelako; helburutzat arriskuak ezabatzea eta lanpostu osasungarria izatea izango duen prebentzioa.

Ezintasun honek zorigaiztoko ondorioak dakartza, laneko gaixotasunak ez dira aitortzen (2014an lau aitortu dira hezkuntza esparruan), osasunaren zaintza kaskarra, erritmo eskasean egiten diren ebaluazioak (psikosozialenak urtero 7, epe luzera zaharkituak geratzen dira), istripuak ez dira ikertzen, lanpostuak ez dira egokitzen eta abar luzea.

LABek, joan de urrian eskatu zuen OSALANen esku hartze teknikoa egoeraren egiazko analisia egiteko eta errealitateari egokitutako neurriak proposatzeko. OSALANekin eta Lan Ikuskaritzarekin elkartu ginen gure zalantzak adierazteko. OSALANek Hezkuntza Sailari informazio-eskaera egitea erabaki genuen.

OSALANek prebentzio zerbitzuaren auditoretza egitea eskatu zion Sailari. Laneko Arriskuen Prebentzio Legean ezinbestean bete behar diren puntuetako bat dugu, prebentzio jarduerak non asmatu eta non hutsegiten duen antzematen laguntzen du.
Zentzuzko denboraldia igaro ostean, kontuak aurrera egiten ez zuenez (bost hilabete igaro dira), berriro jarri gara OSALANekin harremanetan. Guztiz harrituta geratu gara. Aitortu digu birritan eskatu duela auditoretza eta ez duela arrakastarik izan. Berriro isiltasuna, itsua, mutua eta gorra den Sail honen aldetik.

LABek oraindik ez du ulertzen Hezkuntza Sailaren jarrera zertan den, arriskuen prebentzioari dagokionez. Ez dugu ulertzen nolatan ez diren kezkatzen gai honetaz, gero, behin eta berriz abstentismoa erabiltzen dutenean gaixoen aurkako arma gisa, honek diru-galera eragiten duela adieraziz, eta gaixoak soilik egiten dituztenean aipatu galeraren erantzule.

Sailak bere gain hartu beharko ditu ardurak osasun alorrean. Benetako jarduerak abiarazi behar ditu, gaixotasun arrunten tasak, istripu tasak, lanbide gaixotasun tasak,… urritu daitezen. Lanpostuak egokitzeak izan behar du jarduera horien helburuak. Hitz batez, Legea betetzeari ekin behar dio, haren bermatzailea delako.

LABek susmoa du Hezkuntza Sailak ez duela komunikazioa zaintzen. Ez dago, eta ez dago haren arrastorik. Uzten dizkiguten zirrikituak erabil ditzakegu bakarrik, etengabeko salaketa eta ekintza sindikala. Hori dela eta, oraingo honetan berriro joko dugu Laneko Ikuskaritzara dagokion salaketa egitera eta protesta dinamikak abiaraziko ditugu.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

00:02:45

[ARGAZKI GALERIA]: Birbanaketa politikak eta langileen aldeko neurriak aldarrikatu ditugu Euskal Herri osoan egindako 26 manifestaziotan

Eskualdez eskualde mobilizatu da sindikatua Maiatzaren Lehenean, etxebizitza eskubidearen, kalitatezko zerbitzu publikoen eta soldata nahiz pentsio duinen aldarrikapenak ardatz hartuta.
00:13:27

Garbiñe Aranburu: “Inor atzean ez uztea da faxismoaren eta oldarraldi atzerakoiaren aurrean eman dezakegun erantzunik hoberena”

Langileok eragin da aurtengo leloa. Eragiten ari gara. Gaur berriro Euskal Herri osoan kalean gara, eskualdez eskualde. Aipamen berezia Ipar Euskal Herriko gure kideei. Urteetako lan nekaezinak emaitzak eman ditu, eta intersindikaleko sindikatuekin batera Baionan eta Maulen ere mobilizatu gara.

LABek sinatu du Nafarroako zahar egoitzetako lehen aurreakordioa, sei urteko borroka sindikalaren ostean

LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitzetako hitzarmen kolektiboaren lehen aurreakordioa sinatu du, sei urteko mobilizazio eta antolakuntza sindikala eta gero. Hitzarmenak hobekuntza nabarmenak izango ditu...