2026-07-04
Blog Page 1032

UGT, CCOO eta Patronala finantziatzeko partidak mantentzen dituzten aurrekontuak ez onartzeko eskatzen dugu LABek eta ELAk


Nafarroako Gobernuaren 2017rako aurrekontu proiektuaren arabera UGT eta CCOOekiko hitzarmen bereziak desagertu egingo dira (ez, ordea, patronalarekikoak; honentzako 800.000 euro bideratuko dira hitzarmen berezien bitartez). ELAk eta LABek behin eta berriz eskatu izan dugu hitzarmen hauek bertan behera uztea, eta horrenbestez aurrekontu hauetakoa lorpen bat da UGTren eta CCOOen pribilegioak amaitu behar zirela aldarrikatu izan dugunontzat. Izan ere, hitzarmen horiek azpikontratatzeko mekanismoak ziren, administrazioak berak egin behar dituen politikak nahierara erabakitzeko.

Alabaina, esan beharra dago hitzarmen horiek desagertu arren, badirela aurrekontu proiektuan partida aipagarriak (hauetako batzuk asko puztuko direlarik); hauetan ez da berariaz aipatzen sindikatu horiei edo patronalari zuzenduta daudela, baina izatez halakoak dira, oso-osorik edo zati batean bederen. Honelako partidarik aipagarrienak:

  • “Orientazio programetarako laguntza. Konferentzia Sektoriala” programa, zeinetarako 1.700.000 euro aurreikusi diren; kopuru berbera bideratu zen 2016an UGT eta CCOOekiko hitzarmenetara. Beraz, atea irekita dago sindikatu horiek zenbateko horren zatiren bat jaso dezaten.
  • “Lan Arriskuen Prebentzio Proiektuak” programara 1.100.000 euro bideratuko dira, iaz baino 1.025.000 gehiago. Partida hau sindikatuek jasoko dute, eta hori ezin da onartu. ELAren eta LABen ustez, hau Gobernuak Enplegu Planean esaten duenaren baitan gertatuko da: Lan Osasunaren arloan elkarrizketa soziala sustatu behar dela dio, baita beste batzuren artean prebentzio ordezkariaren figura berreskuratu behar dela ere: “elkarrizketa sozialaren markoan aintzat hartuko da datozen urteetan lan segurtasun eta osasunari buruz antolakunde sindikal eta enpresarialek proposatzen dituzten proiektu interesgarriak berreskuratzea”.

Beraz, ELAk eta LABek salatu behar dugu Nafarroako Gobernuak UGT eta CCOO finantzatzeko asmoari eusten diola, eta horrela hauen eredu sindikala hobesten duela.

Enplegurako prestakuntzaren, lanbide orientazioaren edo lan osasunaren inguruko politikei dagokienez, ELAk eta LABek hau galdegiten dugu:

  • Lanbide orientazioa zerbitzu publikoek garatu behar dute, hots, baztertu egin behar dira azpikontratazio eta erakunde pribatuentzako diru-laguntzen politika.
  • Garatu behar den enplegurako prestakuntza sistemaren oinarria lanbide heziketako ikastetxeak eta Nafar Lansarearen zentroak izan behar dira; prestakuntza ez dute patronalak eta sindikatuek eman behar, eta ezin da hauekin azpikontratatu.
  • Lan osasuneko programak zuzenean eta errealitate sozialari buruzko ikerlanak zuzenean herri-administrazioak garatu behar ditu.

2017ko aurrekonktu proiektuaren tramitea dela eta, ELAk eta LABek alderdi politikoei honakoa eskatzen diegu:

  • Ez dezatela onar aurkeztutako aurrekontua aurrera ateratzerik.
  • Parlamentuan tramitatzean egin ditzatela beharrezko aldaketak bermatzeko zerbitzu publikoek zuzenean garatuko dituztela lanbide orientazioko, lan osasuneko eta errealitate sozialari buruzko ikerlanen programak.
  • Nafarroan indarrean zegoen erregimenari dagozkion politika klientelarrarekin lotutako programen jarraipena galaraz dezatela; programa horiek patronala, UGT eta CCOO finantzatzeko baliatzen ziren.
  •  

 

 

 

“LAB 4.0 Gure Garaia”, aro berriko sindikalismoaren ikur

"LAB 4.0 Gure Garaia". Hauxe da sindikatuak aukeratutako goiburua, 2017ko maiatzaren 25 eta 26an Gasteizen egingo duen 9. Biltzar Nagusiari begira. Hitzordu garrantzitsu hori astelehenean aurkeztu genuen Bilbon, leloa eta irudiarekin batera. Hain zuzen ere, goiburuarekin LABen 40 urteko ibilbidea gogora ekarri nahi izan dugu. Lau hamarkada izan dira, lau fase: sorrera, kontsolidazioa, belaunaldi aldaketa eta, laugarren honetan, eredu sindikalaren berritzea.

Aro berri bati begira gaude. Ongi dakigu sistemak baduela bere 4.0 eredua diseinatua, neoliberalismo basati baino basatiago bat oinarri, produkzio sistemei eta kontsumo ereduei dagokienez. Bada, kapitalaren 4.0 kontzeptu zapaltzaileak LABen 4.0 dinamikarekin egingo du topo. Aurrez aurre izango gaitu, garaiko langile borroka eta aro berriko sindikalismoa ikur.

‘Gure Garaia’ dela aldarrikatu nahi dugu. Gogoeta prozesu oso bat egin dugu, gure eredu sindikala birpentsatzeko erronkarekin. Hala, 9. Biltzar Nagusiari begira finkatu dugu norabidea, eskaintza berritu bat, proiektu argi bat, baitugu esku artean. Garai berri bat irekitzera goaz, eta langileak erdigunean egongo dira. Asko hitz egin dugu langile subjektuaren berrosaketaz, kolektibotasunaz, ‘gu’tasunaz. Horregatik, gaur, inoiz baino gehiago, gure nortasuna berretsi nahi dugu. Izan ere, langile klasea hizki larriz aldarrikatzeko garaia da. Gure Garaia da.
 

 

 

Greba arrakastatsua izan da Gipuzkoako grafikagintzan

0


Gaur, azaroak 16, Gipuzkoako grafikagintzako sektoreak antolatu dituen 3 greba egunetik lehenengo izan da, ADEGIk hitzarmenaren negoziazioan mantentzen duen jarrera zurruna salatzeko asmoz. Gaurko grebak erabateko arrakasta izan du. Ditugun datuen arabera, sektoreko enpresen %80a baino gehiagok bat egin dute grebarekin, besteak beste, SAM, Borobil, Corenso, Gohierri, Otzarreta, Cicarsa, Tubopack, Manipulados del Araxes, Gráficas Alte… Datu hau are garrantzitsuagoa da kontuan hartzen badugu sektoreko ia enpresa guztiak enpresa txikiak direla, hau da, 50 langile baino gutxiagokoak.

Esan dezakegu sektoreko langileak argi eta garbi mintzatu direla. Sektoreko hitzarmena defendatzeko prest daude, ADEGI patronalaren soldatak izozteko edota estatuko grafikagintzako hitzarmena ezartzeko jarrera probokatzailearen aurrean. Horregatik LABek exijitzen dio ADEGIri aintzat har dezala gaurko egunean sektoreko langileek adierazi dutena eta sektorean oinarritutako akordio justu baterako proposamena aurkez dezala.
 

 

 

Propaganda gutxiago eta industria politika gehiago eskatu ditugu

0


Gaur, azaroak 16, Kursaalen burutzen ari ziren "Basque Industry 4.0." Jardunaldien harira elkarretaratzea egin dugu Instituzioen aldetik inolako industria politikarik ez dagoela salatuz. Alderantziz, instituzioek subentzio politikak aplikatzen dituzte, hau da baldintzarik gabe enpresariei dirua oparitzea. Hor ditugu Arcelor Zumarraga, Cegasa edo Incoesako adibideak, propaganda bai baina industria politikarik ez da egon kasu guzti hauetan.

Gaurko mobilizazioan erakutsi ditugun argazkien bidez Eusko Jaurlaritzaren industria politika eza agerian utzi nahi izan dugu. Asko izan dira itxitako enpresak, eskualde askotan egoera larria utzi dutenak. Baina bada gehiago ere, traktoreak izan beharko liratekeen lantokiak babesteari uko egin zaio, eta ez da inolako mugarik ezartzen bertako enpresen erabakiguneen deslokalizazioaren kontra. Kapital publikoarekin sortutako enpresetan ere, gaur egun horrelako salmenta prozesuak etengabeak dira.

LABen iritziz jardueren dibertsifikazioa eta balio erantsi gehiagoko jardueren aldeko apustua beharrezkoa da, Euskal Herriko sare industrialaren aldeko apustua egiteko. Horretan sektore publikoak utzia duen motore lana egin beharko luke. Baina eredu hori uztar ezina da lehiatzeko kostuak murrizteko estrategiarekin, prekarietatea bultzatzeko estrategiarekin.

Behin eta berriz entzun dugu Instituzio zein patronalaren aldetik Alemaniara begira daudela, han asmatu zutelako 4.0 kontzeptua, baina guk Espainiako eredua kopiatzen ari direla ikusten dugu: Ikerkuntza eta garapenean EAEn inbertitutakoa ELGEren zenbatekotatik urrun gaude, argitaratu berri den 2016ko COTEC txostenaren arabera. Izan ere eskuragarri dauden azken datuetan (2014koak) Barne Produktu Gordinaren %2,02a inbertitu zen Ikerkuntza eta Garapenean EAEn, %2,87a ELGEn. Gainera, inbertsio horretatik administrazio publikoak finantziatzen duen zatia soilik kopuru horren %25,2a da (%40a ELGEn). EAEn administrazio publikoak ikerkuntza eta garapenari eskeintzen dion finantziazio eskasak argi uzten du sektore publikoak uko egina diola etorkizuneko industriaren garapenean motore papera izateari.

Industria aurreratua saldu arren, prekarietate aurreratua bultzatzen dutela ikusten dugu. Formatutako gazteak kanpora joatera behartzen ari dira, erbesteratze ekonomikora kondenatuz. Negoziazio kolektiborik gabeko industria bultzatzen dute, lan erreformak gidatutako industria, Espainiako hitzarmenak aplikatzen dituen industria. Eta horrek ez dauka inolako etorkizunik. Horregatik gaur ozen esan dugu egiten ari direna "Industria 4.0 ez, industria 0" dela.

 

 

 

Otsailaren 1ean hasiko da Mario Fernandez eta Mikel Cabiecesen aurkako ahozko epaiketa

Kutxabank auziko delituak direla eta, otsailaren 1ean hasiko da Mario Fernandez eta Mikel Cabiecesen kontrako ahozko epaiketa. LAB akusazio partikularra osatzen duten eragileen artean dago, ESK, STEEILAS, HIRU, EHNE-Bizkaia, EKA/OCUV eta Pensionistak Martxan taldearekin batera.

Epaiketa Bizkaiko Auzitegi probintzialean egingo da, 6. Atalean. Otsailaren 1ean, aurreko gaiak landuko dira, eta otsailaren 14, 15 eta 16ean izango dira epaiketa sesioak.

Epaiketaren hasieran, akusazio partikularra osatzen dugun eragileok erakutsi nahi dugu Kutxabanken pribatizazioa eta Euskal Kutxen likidazioa norbere interesetarako erabiltzearen aurka gaudela. Gainera, errudun materialek, eta baita bultzatzaile politikoek ere (EAJ, PP eta PSE-EE), ardura politiko eta penalak onar ditzatela exijitzen dugu.

Prozesu judiziala hasi eta hilabetetara, berretsi egiten gara, enpresa eta politikari batzuen arteko ate birakarien atzean ezkutatzen diren praktika iruzurtien salaketan. Beraien kudeaketa ere salatzen dugu, maila politiko zein kudeaketari dagokionean ere, gaur banku publikoa edo euskal kutxarik ez izatea ahalbideratu zuena.

Likidazio eta pribatizazio prozesu hauek orain akusatuak inputaturik dauzkaten delituak egin ahal izatea ahalbideratu zuten.

Ez da zentzuzkoa aurrezkien depositoen kontrola inbertsore eta espekulatzaileen eskuetan uztea, euskal ekonomiaren, euskal herritarron eta euskal ehun produktiboaren mesedetan erabili beharrean.

Urgentziazko erabakiak hartzea exijitzen dugu, bai pribatizazioaren ibilbidean atzera egiteko, baita euskal sistema finantziero publikoa sortzeko ere.
 

 

 

KPIaren gainetik dauden soldata hazkundeak exigituko ditugu langileen eros ahalmena mantentzeko

0

Kontsumorako Prezioen Indizeak igoera esanguratsua jasan du urrian Hego Euskal Herriko lurraldeetan eta aurreikus dezakegu 2016ko KPIa %1 baino handiagoa izango dela. Honela azken urteetako beheranzko joerarekin amaituko litzateke. Honek ondorioak izango ditu, pentsionisten (%0,25eko birbalorazioa) eta langile askoren eros ahalmena murriztuko da. Horregatik, LAB sindikatuak KPIaren gainetik dauden soldata hazkundeak exigituko ditugu langileen eros ahalmena mantentzeko eta pentsioak birbaloratzerakoan KPI-aren hazkundea kontuan hartzeko.

Kontsumorako Prezioen Indizeak igoera esanguratsua jasan du urrian Hego Euskal Herriko lurraldeetan; hilabete honetan EAEn izan dira prezioen hazkunde handienak eta Nafarroa da erkidego inflazionistena urte arteko %1eko tasarekin.

Urrian Kontsumorako Prezioen Indizea %1,3 igo zen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan urte arteko tasa %0,7an utziz. Nafarroan hazkundea %0,9koa izan zen %1eko urte arteko tasarekin.

Igoera handiena jasan duten taldeak hauek izan dira: “jantziak eta oinetakoak” beherapenen garaia bukatu eta denboraldi berri baten hasierak eraginda, “etxebizitza” elektrizitatearen eta berogailuetako gas eta gasolioaren prezio hazkundearen ondorioz eta “garraioa” erregaiek izan duten prezio igoeraren ondorioz batez ere.

Urtea amaitzeko 2 hilabete falta direnean, badirudi 2016ko KPIa %1 baino handiagoa izango dela, azken urteetako beheranzko joerarekin amaituz. Eta horren ondorioz, pentsionisten (%0,25eko birbalorazioa) eta langile askoren eros ahalmena murriztuko da. Beraz, LAB sindikatuak KPIaren gainetik dauden soldata hazkundeak exigituko ditugu langileen eros ahalmena mantentzeko eta pentsioak birbaloratzerakoan KPI-aren hazkundea kontuan hartzeko.

 

 

 

Prekarietatea salatu dute Michelinen egindako grebarekin

Greba egin dute gaur Gasteizko Michelin enpresan, Ferrovialeko langileen batzordeek eta LAB eta ELA sindikatuek deituta. Lan uzteek prekarietatea borrokatzeko abiapuntua izan behar dutela adierazi du LABek, eta grebak Ferroser enpresako (Ferrovial Servicios) langileen artean ia erabateko jarraipena izan duela adierazi du. Deialdia azken lan istripuen harira proposatu dute. Izan ere, hiru hilabete eskasetan, bi langile hil dira Michelinen, kontratetako langileak biak.

Greba dela eta, Michelin enpresako zenbait lekutan produkzioa gelditu egin behar izan dute. “Nabarmendu behar dugu soilik bi sindikatuk, LABek eta ELAk, gure hitza bete dugula eta Ferroser enpresako langileen ekimena Michelineko langileen batzordetik babestu dugula. Beste batzuek, ordea, beste alde batera begiratu dute eta bi sindikatu, CGT eta ESK, prekarietatea aho handiz salatu arren, grebaren kontra agertu dira zuzenean. Gure aldetik, pozik gaude LABeko kideek grebari eman dioten erantzunarekin”, azaldu du LABek berak.

Sindikatuak adierazi du oso garrantzitsua dela langileak prekarietatearen aurka aktibatzea. Hala, grebak horretarako abiapuntua izan behar duela azpimarratu du, “kontratetan bizi den prekarietatea garaitzeko, batez ere”.

LABek ezinbestekotzat jo du instituzioen esku hartzea egoera hauekin guztiekin amaitzeko: “Askotan, enpresa handiak eta multinazionalak saritzen ari dira, diru laguntzak eskaini, mota guztietako aitortzak eman, diskurtso hutsalak zabaldu, baina tutik ere ez dute esaten lantegi barruan gertatzen ari denari buruz, ezer ere ez langileek bizi duten prekarietateaz; aurpegi txarrak bakarrik langileak hiltzen direnean, Michelin enpresako kasuan bezala”.

Jarrera hau onartezina dela berretsi du sindikatuak. Instituzio eta alderdi batzuk prekarietatea babesten ari dira, eta LABek horiek interpelatu ditu. “Noiz pentsatuko duzue langileengan?”, galdegin die.

 

 

 

Arabako aisiako eta girotze sozio-kulturaleko lehen hitzarmena sinatu dute


Sindikatuek eta patronalak Arabako aisiako eta girotze sozio-kulturaleko lehen hitzarmena sinatu dute. Azaroaren 8an adostu zuten, LAB, ELA, CCOO, ESK eta UGT sindikatuen eta Zeharka patronalaren eskutik. Lehen hitzarmen honen bitartez, sektoreko ia 400 langileren lan baldintzak eta soldatak duinagoak izango dira, eta enpresen arteko aldeak berdintzea lortu dute.

Sindikatuek jakinarazitakoaren arabera, “ezin izan ditugu negoziatu hitzarmenaren artikulu guztiak, guk nahiko genukeen bezala, Estatuko hitzarmenean zenbait gai erreserbatuta daudelako; probaldia, lanbide taldeak, kontratazio motak, diziplina araubidea, lan osasuneko gutxieneko arauak eta mugikortasun geografikoa, besteak beste”

Hala ere, Estatuko hitzarmenaren artikulu asko hobetzea lortu dituzte, hauek bereziki: soldata taula; lanaldiaren mailaz mailako murrizketa (72 ordura arteko laburketa); opor egunak ugaltzea, 31 egunetik 34 egunera (2018an); antzinatasun eta igande eta jai egunetako plusak; gaueko eta prestutasun plusak; aldi baterako baliaezintasunaren aldian lehen egunetik kobratzea; lizentzia ordainduetan hobekuntzak; eta udalekuei buruzko arauak nabarmen hobetzea.

Sindikatuen hitzetan, “hitzarmen hau oso tresna egokia izango da sektorea batera biltzeko, orain dauden desorekak berdintzeko, eta jarduera hau gero eta arautuagoa uzteko”.

Hori bai, herri-erakundeei gogorazi diete zerbitzu hauek azpikontratatuak direla, ehuneko ehunean Administrazio Publikoaren menpekoak direla, “eta horregatik zerbitzua esleitzeko baldintza-orrietan hitzarmen hau aplikatzea galdatu behar zaiela enpresa jasotzaileei, eta, horretarako, behar bezala diruz hornitu behar direla, sektorean gatazkarik sor ez dadin”.

Sindikatuek sektoreko langileak zoriondu dituzte, haiek izan direlako akordioa lortzeko eragile nagusiak. “Haien mobilizaziorik gabe, orain ez genuke akordiorik”, erantsi dute.
 

 

 

Gasteizko udalaren erasoak salatu dituzte gizarte langileek

Hainbat gizarte langilek elkarretaratzea egin dute Gasteizko udaletxearen aurrean, LAB, ELA, CCOO, ESK eta UGT sindikatuek deituta. Hain zuzen ere, Arabako hiriburuko udalaren erasoak salatu dituzte, azpikontratatutako langileak prekarizatu eta kaleratzeagatik. “Guk geuk pairatu behar izan dugu berriro udalaren estrategia, bere kontratetako langileok lan baldintza duinik merezi ez dugulakoan. Gizarte Politiken Sailak apustu egin du berriro bakan batzuen irabazien alde, gizarte zerbitzuetan benetan diharduten langileen eskubideen kontra”, adierazi dute, astelehenean egindako protestan.

 

Gasteizko udalak sektoreko langileen eginkizunei begirunea galdu diela nabarmendu dute, soldata duinik ez jasotzeko helburuarekin, langile ez kualifikatu gisa izendatzeagatik; “lan horietan ibiltzen garenok gizarte langileak, psikologoak, hezitzaileak edo integratzaile sozialak garenean”, esan dute. “Oraingo honetan ez dute onartu nahi gizarte langilearen kategoria, diru arrazoi hutsengatik, baina figura hori ezinbestekoa da zerbitzuaren jardute onerako”, ohartarazi dute.

Bat bateko erabakiak hartu ohi dituztela kritikatu dute, plangintzarik jarraitu gabe: “Neguko ostatu emateko bitartekoa ez dute aurreikusi, plangintzarik eza denon begien aurrera atera arte; horrek erakusten digu beren gaitasun gabezia, baita gizarte bazterketaren egoera latzetan bizi direnekiko begiramen eskasa ere”.

Azpimarratu dute zerbitzuak emateko lehiaketa-enkante baten deialdia egin dutela berriro, eta hutsik geratu dela, “ez baitago inor zerbitzu hori hartzeko prest, aurrekontuan ezarritako kostu eta lan taldearekin”. Jakinarazi dute kale gorrian utzi dituztela zerbitzu hori hiru urtez ematen ari diren pertsonak, subrogazio eskubidea errespetatu gabe, Gizartegintzaren Hitzarmenean eskubide hori jasota egon arren.

Hau guztia salatzeko egin dute elkarretaratzea, eta Gasteizko udalari gizarte zerbitzuetan inbertitu eta plangintza egiteko exijitu diote.