2026-09-10
Blog Page 1011

CETA itunarekin maiteminduta dauden alderdiak agerian utzi dituzte

0

Europako Parlamentuaren osoko bilkurak Europar Batasunaren eta Kanadaren arteko Ekonomia eta Merkataritza Akordio Orokorraren testua bozkatuko du otsailaren 15ean; hots, CETA ituna, bere ingelesezko laburdurekin ezagutzen den tratatua. Horregatik, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Bizkaiko eta Nafarroako TTIP/CETA ez plataformekin batera, hainbat mobilizazio antolatu ditu gaur Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Mobilizazio hauen helburua merkataritza libreko hitzarmen honen alde bozkatuko duten alderdien jarrera salatzea izan da. Horregatik, elkarretaratzeak herritarren gehiengoarentzat horren kaltegarria den merkataritza libreko hitzarmen honen alde bozkatuko duten alderdien egoitzen aurrean egin dira.

Mobilizazioetako deitzaileek adierazpen hau irakurri dute:

Iritsi da San Valentin eguna, eta PNVko kideok ezin dizugu gure maitasuna aitortu gabe utzi. Zuri, CETA; zuri, negozio borobilari; zuri, kapital-metaketari; zuri, gure bezero sarearen boltsikoak betetzen jarraitzen lagunduko digun Kanada eta Europar Batasunaren arteko Nazioarteko Itun Ekonomikoari. Gure maitasuna aitortzen dizugu beste alderdi batzuekin batera, denok dirugoseak itsuta, aberastasunarekiko maitasun erromantikoaren ezaugarri bereizgarriena. Denok batuta zure aurrean makurtzeko, gure subirautza zure mesedetara jartzeko, ingurugiroa eta gure osasuna, gure eskubide sozial eta laboralak… gure bizitza osoa.

Maitasun honek itsutu egiten gaitu eta. Hainbeste itsutzen gaitu, ezen ez ditugu ikusten, ez digute inporta, itun neoliberal hauen ondorioek: benetako maitasunak edozein mugarekin ahal duelako, sakrifizio oro merezi duelako… batez ere herritarrek ordainduko badute, eta ez Guk.

CETA. Nazioarteko Arbitraia Auzitegien bidez (ISDS), multinazionalei kalte egiten dieten lege eta neurriengatik estatuak auzipetzeko bidea zabalduko duen Europar Batasuna eta Kanadaren arteko Itun hori. Horrela, multinazionalen neurrira egindako legediak bultzatuz, euren negozioei bidea erraztuz, enpresa handiak estatuen subirautzaren gainetik jarriz.

CETA, gure elikaduraren kalitatea amilduko duen Itun hori, orain arte debekatutako tratamenduei ateak zabalduz, kloratutako haragia eta produktu transgenikoak, adibidez.

CETA, multinazionalek ekoizpen kostuen azpitik inportatuko dituzten produktuekin ezin lehiaturik, komertzio txikia eta tokiko nekazariak porrotera eramango dituen Itun hori.

CETA, orain arte euren praktikak ingurugiroarentzat eta osasunarentzat kaltegarriegiak zirelako sartu ezin izan diren enpresei, europar merkatuen ateak parez pare zabalduko dizkien Ituna. Kanadako meatzaritza sektoreko enpresei, adibidez.

CETA, “arreta-printzipioa” bezalako kontrol neurriak galduaraziko dizkigun Itun hori, gure hozkailu eta sendagaiak balizko pozoiez betez.

CETA, zeharka Estatu Batuekin lortutako akordio izango den Kanadarekin sinatutako Itun hori, merkatuen bien loturaren ondorioz, TTIP-erako zubi.

CETA, bihar, otsailak 15aren, PNV, PSOE eta PPk “bai, nahi dut”-aren bidez Europar Parlamentuan onartuko dugun Itun hori. Aurrerago Espainiar Parlamentuan berriro ere betiereko maitasuna zin egingo diogun Merkataritza Itun hori. Diruak, eta eredu neoliberalaren garapenak, (gainerakoen) sakrifizio guztiak merezi ditu eta.
 

 

 

Sabeco Banaketako zuzendaritzak enplegua suntsitu eta lan baldintzak okertu nahi ditu

0

Sabeco Banaketa S.L. enpresak (SIMPLY dendak), langileen kontrako neurriak hartzeko asmoa adierazi du balizko salmenten jaitsiera argudiatuz. Izan ere, denda batzuen itxiera posibleaz gain (eta honen ondorioz emango liratekeen kaleratzeak), enpresak denda batzuen egungo funtzionamendu eredua aldatzeko nahia ere adierazi dio langileei. Aldaketek ordutegien erabateko liberalizaziora eramango lukete (urteko 365 egunak irekita, 18 ordu egunean) eta orain arte langileek borrokatutako lan-baldintzen galera suposatuko luke (denda batzuetan Simply- ko hitzarmen estatala aplikatzeko nahia, Bizkaiko elikadurako hitzarmena gutxika saltatu nahi dutelarik).

Honen aurrean, enpresak Bizkaian dituen zentro guztietako komite ordezkariek ondorengoa adierazi nahi dute:

• Salmenten jaitsiera argudiatzen dute, nahi ez dituzten lan-postu batzuk suntsitzeko (antzinatasun gehien dutenak edo langile nagusienenak).

• Enpresak ez digu inongo aukerarik eskaintzen lan-postuak bere horretan mantentzeko, “denda batek ez dituenean nahi dituzten emaitzak ematen, denda itxi eta jendea kaleratu”, hori da beraiek helarazten digutena.

• Denda batzuentzat proposatzen duten eredu berriak ez ditu Bizkaiko kontsumitzaileen ohitura eta kultura kontutan hartzen eta langileon lan-baldintzetan okertze nabarmenak ekarriko lituzke, ordutegien liberalizazioa eta igande eta jai-egunetako irekieretan oinarritu nahi delako. Horrela enplegua sortu edo mantendu eta salmentak handitzetik urrun, kontrako norabidea hartzen dugu, enpresaren asmo eta helburua lan-esku merke eta prekariagoa edukitzea delarik.

• Egun ez digute asmo hauen inongo zehaztasunik ematen eta langileak beldurtzeko estrategiarekin jarraitzen dute.

Beraz, eraso honen aurrean dei egiten diegu Sabeco Banaketak enpresako Bizkaiko zentro guztietako langileei lan-postu eta lan-baldintzen defentsan borrokara irten daitezen.

Mobilizazioei hasiera emateko, aste honetako deialdiak ondorengoak izango dira, gatazkak iraun bitartean astero Bizkaiko zentro ezberdinetan deialdiak egingo direlarik.

-Osteguna, otsailaren 16an Bilboko Simply saltokietan:
-09:30-10:00: Simply Rekalde
-10:15-10:45 Simply Gordoniz
-11:00-11:30 Simply Autonomia
-12:00-12:30 Simply Henao
 

 

 
 

Eusko Jaurlaritzako lan poltsen gaitegiak

0

Eusko Jaurlaritzak zazpi lan poltsetarako deialdia zabaldu du eta LABek, momentuz, lau lan poltsen gaitegiak prestatu ditu (Administrarien Kidegoa; Artxibo, Liburuzain eta DokumentazioaOrientatzaileak eta Osasun Publiko Eskala). Ez dugu ziurtatzerik beste lan poltsetarako gaitegirik prestatuko dugunik. Gaitegi berriak gehitzekotan orri honetan bertan aurkitu ahal izango dituzu.

Garbiñe Aranburu: “Onartezina da ekidin daitezkeen heriotzak ekiditeko neurririk ez hartzea”

LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuok elkarretaratzea egin dugu gaur Donostian, Adegiren egoitzaren aurrean, “Prekarietatea hiltzailea, lan istripu gehiagorik ez” leloarekin. Hain zuzen ere, ostiralean hildako Elgoibarko Betelu enpresako langilearen heriotza salatu dugu. Istripua otsailaren 6an izan zen, Azkoitiako Ibarmia enpresan, hildako langilea bertan baitzegoen azpikontratatua. Aranburuk gogora ekarri du Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok lan istripua izan zen egun berean bisitatu zuela Ibarmia, eta eredugarritzat jo zuela. Bada, ordu batzuk geroago gertatu zen lan heriotza. "Instalazioetan lan egiten ari diren langileen lan osasun baldintzak errespetatzeko gai ez den enpresa bat, guretzat, ez da inolaz ere eredugarria, eta instituzioentzat ere ez luke izan beharko", adierazi du LABeko ordezkariak.

Garbiñe Aranburuk nabarmendu du Ibarmiako zuzendari orokorra Adegiko presidenteordea ere badela. "Bere enpresan azpikontrata batean lanean ari zen langilearen lan osasun baldintzak errespetatzeko ardura zuen, eta ez zuen bete. Hala, Adegiri interpelazio zuzena egin nahiko genioke: enpresa eredu berriaz hitz egiten digute behin eta berriz; guk, ordea, ez dugu enpresa eredu berririk ikusten, ez dugu inolako salaketarik entzun istripu honen inguruan, ez dute ezer esan. Ikusten dugu zaharretik asko dagoela hemen, betiko eredutik asko dagoela; asko prekarietatetik, asko prebentzio neurri faltatik".

Azkoitiako lan istripuaz gain, Aranburuk azken orduetan jakinarazitako beste bi lan heriotza salatu ditu: Petronorreko langilearena eta gaur goizean A-1 autobidean lanean ari zen beharginarena; Muskizen bata, Agurainen bestea. “Ezaugarri bera ematen da hiru kasuetan: azpikontratetako langileak dira. Aurreko urteko balantzea egin genuenean, lan istripuen herena azpikontratetan ematen dela esan genuen. Hori oso adierrazgarria da, prekarietatearen isla delako”, berretsi du.

Hala, gehiengo sindikalak egoera hauek salatzen jarraituko duela azpimarratu du. "Heriotz hauek ekidin daitezke, eta onartezina da ekidin daitezkeen heriotzak ekiditeko neurririk ez hartzea. Inplikazio handiagoa behar da institzuoen aldetik, ez da nahikoa adierazpen instituzional batzuk onartzearekin, baldin eta ez baldin badira erantzule nagusiak seinalatzen eta interpelazio zuzen bat egiten patronalaren aurrean. Prebentzio neurri ezak eta prekarietateak hiltzen dute, eta bi ezaugarri horiek patronalaren erantzukizuna dira. Hortaz, instituzioek beste ardura batekin jokatu beharko lukete", erantsi du LABeko ordezkariak.

Bihar, elkarretaratzea Gasteizen

Bihar asteazkena, otsailak 15, beste elkarretaratze bat egingo du gehiengo sindikalak, gaur goizean Agurainen izandako lan heriotza dela eta. Hain zuzen ere, A-1 autobidean lanean ari zen gizon bat hil da, furgoneta batek harrapatuta. Elkarretaratzea 12:30ean izango da, Gasteizko Probintzia plazan, “Prekarietatea hiltzailea, lan istripu gehiagorik ez” leloarekin.

 

 

 

Eusko Treneko zuzendaritzak hartutako bide judiziala salatzen dugu

0


EuskoTren enpresak sindikatuak, Batzorde Iraunkorra eta Amara eta Araso lan egoitzetako greba batzordea osatzen zuten pertsonak salatu ditu ustezko legez kanpoko deialdiagatik eta bere neurriz kanpoko erabileragatik. Salaketa hori dela-eta, datorren martxoaren 1ean epaiketa izango da. Greba eskubidearen aurkako eraso honen aurrean langileak kalera irtengo dira.

Greba eskubidearen aurkako eraso argi baten aurrean gaudela ikusten dugu. Ez gara ezer egin gabe geratuko. Ez dugu onartuko lan arazoen epaiketaratzeak greba eskubidea kaltetzea.

EuskoTrenen Zuzendaritzak emandako urrats judizialetan aspaldiko garaietako kutsua nabaritzen dugu, greba eskubiderik ez zegoen sasoietakoa. Langileek zigorrik gabe protesta egin ezin zutenetakoa. Demokrazian atzerapauso nabaria dudarik gabe eta Federazio hauetatik irmo salatzen duguna.

Atzerapauso larri honetan EuskoTrenen Zuzendaritzak hemendik aurrera izan daitezkeen greba formatoak “adostea” ere proposatu du. Inolako eraginik izan ez dezaten nahi dute eta greba bideragarritasunik gabeko tresna bihurtzea.

LAB, CCOO, UGT, ESK Federazioek eta INDEPENDIENTES sindikatuak bat egiten dugu EuskoTreneko Batzorde Iraunkorrak 2017ko martxoaren 1erako egin duen 24 orduko greba deialdiarekin, baita martxoaren 1ean egunean bertan Donostiako Epaitegien sarreran goizeko 11:30ean egingo den enkarteladarekin ere.

EuskoTrenen Zuzendaritzak bere jarrera errepresiboa, sindikatu eta greba eskubidearen aurkako erasoa eta jarritako salaketa bertan behera uztea exijitxen dugu.

EuskoTrenen Zuzendaritzak urte askotako langileen borrokak lortutalo eskubideen epaiketaratzetik gerta daitezkeen on dorioak asumitu behar ditu.

 

 

 

Koldarrak izan ez daitezela eskatu diegu EAJ, PP eta PSEri, Kutxabank auzia dela eta

Mikel Cabieces, Mario Fernandez eta Rafael Alcorta epaitzen hasi dira gaur Bilbon, Kutxabank auziko delituak direla eta. Akusazio partikularra osatzen dugun eragileok (LAB, ESK, STEILAS, HIRU, EHNE Bizkaia, EKA/OCUV eta Pentsionistak Martxan) elkarretaratzea egin dugu epaitegien aurrean.

"Ate birakariak, mesedeak eta Kutxabanken izandako ustezko iruzurra Euskal Kutxak eta Kutxabank pribatizatzea erabaki dutenen erabaki politikoak dira. Hortaz, gertaera hauei bultzada politikoa eman zieten alderdiek epaia kontutan hartuko ez balute, ardurarekin jokatu ezean, euren koldarkeria politikoa erakutsiko lukete".

Akusazio partikularra osatzen duten eragileon hitzak dira hauek, Kutxabank auziko delituengatik hasitako epaiketaren atarian egindakoak. Eragileok exigitzen dugu atzera egin dadila Euskal Kutxen likidazioarekin eta Kutxabanken pribatizazioarekin, izaera publikoa eta soziala babesteko, eta halako gertaerek tartea izan ez dezaten.
 

 

 

Lanuzteei ekingo diete Sestaoko ACBko langileek

0

Hiru dira euren aldarrikapen nagusiak: batetik, zortzi orduko eguneko lanaldira bueltatzea; bigarrenik, errelebo kontratuak Sestaon egitea, Asturiasen egin beharrean; eta hirugarrenik, plan industrial bat, lantokiaren etorkizuna bermatuko luketen inbertsioekin.

Sestaoko ACBko langileek asanblada izan zuten atzo, eta lanuzteen dinamika bati ekitea erabaki dute, gehiengo zabal batekin.

 

Aitzol Gogorzak etxean egon beharko luke

Oreretako presoaren kaleratzea aldarrikatu du Oarso-bidasoako gehiengo sindikalak. Bereziki kezkatuak gaude Aitzol Gogorzaren egoerarekin. Hain zuzen ere, obsesio konpultsiboa du, desoreka depresiboarekin batera. Krisialdiak izaten ditu bata bestearen atzetik, bere buruaz beste egiteko saio tartekatuak, aldiro ingresatua izan behar du Basurtoko ospitalean… Azken gertaera, joan den hilean sufritutako biriketako tronboenbolia izan da, zeinaren ondorioz berriz ere ospitalean ingresatua egon den. Espetxean mantentzeak bere osasuna larriki kaltetzen du.

Egoera hau giza eskubideen ikuspegitik onartezina dela iritzi dugu, eta, horregatik, elkar batu eta salaketa amankomun bat egin nahi izan dugu, Oarso-Bidasoako gehiengo sindikalaren izenean:

-Aitzolen berehalako etxeratzea exijitzen dugu. Bere egoerak hala eskatzen duelako eta beste edozein egoera mendeku gosetik soilik uler daitekeelako.

-Aitzolek bezala, beste preso askok ere salbuespen egoerak pairatzen dituzte. Hala izanik, langileak deitzen ditugu egoera hauek salatu eta mobilizazio desberdinetan parte hartzera.
 

 

 

Enpleguaren defentsa izango dugu ardatz EAEko Funtzio Publikoaren Mahaian

EAEko Funtzio Publikoaren Mahaian ordezkaritza daukagun lau sindikatuok negoziaziorako mahairako deialdia jaso ostean, LABek azpimarratu nahi du premiazkoa dela EAEko zerbitzu publikoetako langileen egoerari erantzun bat ematea. Helburu honekin, enplegu publikoa sortu, dagoena egonkortu eta murrizketak atzera botatzea izango dira LABen lehentasunak negoziatzerako orduan.

Pasa den urtarrilaren 19an EAEko Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean ordezkaritza daukagun sindikatuak negoziazio mahairako deialdia jaso genuen. LABen ustez, urgentea da EAEko zerbitzu publikoetan dauden langileen egoerari beharrezkoa duen garrantzia ematea. Urteetan jasandako murrizketak eta Europako epaitegietatik heldu diren sententziak, nahi eta nahi ez negoziazio mahai horren testuingurua baldintzatu egiten dute, aurtengo kasuan langileon alde.

Gobernutik planteatu zitzaigun bilerarako gai ordena ikusita, gure itxaropenak oso txikiak ziren. Bileran oso garbi gelditu zen Gobernuak ez dituela murrizketak atzera bota nahi, enpleguaren gaiarekin bide propio bat egiteko borondaterik ez daukala eta gainera langile publikoen eros ahalmena zigortzen jarraitu nahi duela.

Eusko Jaurlaritzaren jarreran ez da negoziaziorako borondaterik atzematen. Langile publikoen lan baldintzetan zentralak diren gaiak erabakitzen dituen negoziazio mahaia antzerki hutsa bihurtu du. Gainera, adostasunerako gonbitea luzatzen digu sindikatuoi, negoziazio egutegi edo dinamikari proposatzen ez duenean. LABen ustez, negoziaziorako borondatea frogatzeko bi baldintza bete behar ditu Jaurlaritzak: lehena, alde bakarrez hautsitako akordioak osorik bete, egindako murrizketa guztiak atzera botaz; bigarrena, mahaian aurrera egiteko negoziatzeko gaiak planteatuz, edota sikiera onartuz. LABen eta gainontzeko sindikatuen iritziz enplegua da hain zuzen gai garrantzitsuena.

LABek uste du jarrera hori onartezina dela. Jaurlaritzak erantzukizuna gainetik kendu nahian Espainiako aurrekontuak jartzen ditu mugarri, eta Eusko Legebiltzarraren teilatuan jartzen du langile publikoen lan baldintzen etorkizuna. Gure ustez zerbitzu publikoak defendatzeko eta garatzeko bidea hartu beharko genuke EAEn; horretarako beharrezkoak diren aurrekontuak aurkeztu behar dira eta oraingoz ez dugu horretan Eusko Jaurlaritza ikusten.

Bide propioa jorratzeko, ezinbestekoa da Enplegu Plan bat egitea. Hauek lirateke, LABen iritziz, nahi eta nahi ez jorratu behar diren gaiak:

Gaur egun Mahai Orokorraren eraginpean dauden administrazio ezberdinetan gutxienez 20.000 langileek finkatu gabeko lanpostu batean lan egiten dute, estrukturala den eginkizunak aurrera eramaten. Horren harira:

  • Lanpostuen Zerrendak berrikusi eta lanpostu horiek aitortu eta finkatu egin behar dira.
  • Egoera berezian dauden kolektiboei beraien espezifikotasuna onartu behar zaie.
  • Lekualdatze lehiaketara bakante dauden lanpostu guztiak atera behar dira.
  • Ordezkapenak lehenengo egunetik bermatu egin behar dira.
  • Enplegu plan oso bati lotutako Deialdi Publikoak egin behar dira, kontsolidazio deialdiak lehenetsiko dituena finkatutako bakanteen kasuan eta etorkizunean jubilatuko diren lanpostuen 100% kontutan hartuko duena.

Gure ustez enpleguaren gaiak daukan larritasuna dela eta, trataera berezitua eskatzen du, bertakoen adostasunetan oinarrituta, inposiziorik eta kanpoko injerentziarik gabe.

  • Langile publikoen eros-ahalmena berreskuratzeko plangintza bat egin behar da. EAEn azken 6 urteetan %13ko galera metatzen ari gara.
  • Gaixotasun arruntak direla eta, langile guztiei bere soldataren 100% osagarria ordaindu salbuespenik gabe. Aipatu behar dugu Gobernuak esanda neurri honen kostea 5 miloi eurotakoa dela, beste sailetan egiten diren inbertsioekin konparatuz txikikeria bat.
  • 2012 aparteko ordainsariaren zorra bere osotasunean ordaindu.
  • Pribatizazioak gelditu eta martxan dauden prozesuetan atzera egin. Gaur egun martxan dauden pribatizazio prozesuak ere Jaurlaritzaren sinesgarritasuna eta borondatearen zantzu argiak dira.
  • 35 orduen lanaldian atzera pausorik ez.
  • Mutualitateekin dauden kontratuak ebatzi eta bi motatako gertakairen kudeaketa Gizarte Segurantzara eraman.
  • Euskarari lehentasunezko trataera. Zerbitzua euskalduntzeko plana.
  • Aukera berdintasuna.