2026-09-10
Blog Page 1005

“Burujabetza oinarri duen mugimendu baten aldeko apustua da gurea, bizi eta lan baldintzak hobetuko dituena”

LABen 9. Biltzar Nagusiaren harira antolatutako solasaldi zikloa Bilbora iritsi zen atzo, eta Gasteizen izango da gaur, 18:00etan, Oihaneder kultur etxean. Bea Martxuetak eta Igor Arroyok “Aldaketa sozialaren garaia, sindikalgintza borroka sozialetan” solasaldia egingo dute, atzoko hitzaldian ukitutako gai bera. Hain zuzen ere, Bilbon, bi solaskideek garbi utzi zuten LABen helburua klase sindikalgintza indartzea dela.

LABeko ordezkari Bea Martxuetak eta Igor Arroyok jarraipena eman zioten atzo sindikatuak antolatutako solasaldi zikloari. Otsailean hasi eta maiatzaren 24era arte, askotariko gaiak landuko ditu LABek, guztiak datozen urteetako sindikatuaren lerroan zentralitatea izango dutenak. Andoainen izan ginen solasaldi zikloari hasiera emateko, eta han des-herria kontzeptuari buruz aritu ginen hizketan. Iruñean eta Donostian, berriz, burujabetzari buruz hitz egin genuen otsailaren 21 eta 23an. Bada, Bilbon izan ginen atzo, sindikalgintzak borroka sozialei zein ekarpen egin ahal dien azaltzeko. Gai bera jorratuko dute gaur, Gasteizen, Martxuetak eta Arroyok eurek.

Bilboko mahai inguruari dagokionez, sindikalgintza lehen mugimendu soziala izan zela gogoratu eta gero, Martxuetak esan zuen bizitza eta kapitalaren arteko borrokaz hitz egin behar dugula gaur egun, lana eta kapitalaren arteko gatazkaz gain. Hala, LABek klase sindikalgintza indartzeko helburua duela berretsi zuen, baita sindikatuaren hautua nabarmendu ere: “Burujabetza oinarri duen mugimendu baten aldeko apustua da gurea, bizi eta lan baldintzak hobetuko dituena”.

Martxuetak adierazi zuen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta “estrategikoa” dela LABentzat, eta Arroyok zehaztu zuen tresna horrek, protestarako edukiak ez ezik, proposamenak ere jasotzen dituela. Arroyok azaldu zuen aldaketa soziala behetik etorriko dela, tokian tokitik: “Burujabetza konkistatzeari buruz ari gara”.

Maiatzeko Biltzar Nagusia "elkarlanerako ekintza berritzeko" momentua dela jakinarazi zuen, eta mugimendu sozialekin aliantza estrategikoak indartzeko unea ere badela berretsi zuen.

Atzoko solasaldiak jarraipena izango du gaur Gasteizen, 18:00etan, Oihaneder kultur etxean. LABek herritar guztiak gonbidatu nahi ditu, eztabaida aberasgarriagoa izan dadin.
 

 

 

Zabalik dago ebaluazio hezitzaileari buruzko jardunaldietan izena emateko epea

0

Beharrezkoa al da ebaluazioa? Zein funtzio betetzen du? Zein funtzio bete beharko luke? LABek ebaluazio eredu berri baten eraikuntzaren aldeko lanketa egiten hasi nahi du, eta bide horretan jardunaldi batzuk antolatu ditu martxoaren 18rako, "Egungo eredua irauliz,ebaluazio hezitzailea iruten.Analisia, kritika eta alternatiba" izenburupean. Goizez izango dira, 9:30etik 13:30era, Hernaniko ORONA-IDEO gunean.

Modu telematikoan izena emateko aukera egongo da, lotura honetan

Hezkuntza sistema propioaren bidean ardatzetako bat izaki, bestelako eredu baten bidean urratsak emateko beharra agerikoa da.

Jardunaldien helburua, bestelako ebaluazio eredu baten bidean elementuak identifikatzeaz gain, esperientziak ezagutuz, eragileen eta orohar jendartean eztabaida sustatutzea da, adostasunak iruten hasteko.

Jardunaldietako hizlariak ANE ABLANEDO (NUP, UPPA, UEU, haurtzaroa zaintzeko haziera eredu prebentiboan aditua), ALEXANDER BARANDIARAN (HUHEZI,Hazitegi ikertaldeko partaidea) eta LORE ERRIONDO (UPV/EHU) izango dira.

Eskema klasikotik haratago, ponentzien aurkezpenean eredu dialogikoaren aldeko apustua egingo dugu. Beraz, Mikel Gartzia, ARGIAko kazetariaren galderen bitartez gidatuko da eztabaida eta bertaratutakoek ere galderak egiteko aukera izango dute.

Gainera, hezkuntza esperientzia ezberdinen berri jasotzeko aukera izango da. Elorrioko Txintxirri ikastola eta Arrankudiagako eskolako esperientzien berri emango da.
 

 

 

Jasoko langileek hiru hilabete bete dituzte greban

0

Itsasondoko enpresako langileek hamaikagarren manifestazioa egin dute gaur, Ordizian, lan uzte mugagabe partzialak abiatu zituztenetik. 2015 amaieratik hitzarmenik gabe daude eta 16 hilabete eman dituzte negoziatzen.

Hauxe da Jaso Industrialeko Enpresa-Batzordeak gaur kaleratu duen oharra:

Itsasondoko Jaso Industrialeko langileok, abenduaren 1ean hasi genuen greba. Beraz, gaur 3 hilabete bete ditugu Greba Mugagabe Partzialean. Aipatu behar dugu, 2015 amaieratik hitzarmenik gabe gaudela eta 16 hilabete daramatzagula negoziatzen. Gaur, hamaikagarren manifestazioa egin dugu greba hasi genuenetik Ordiziako azokan.

Igoera ekonomikoen gainetik, eskubide sozialak lortu nahi ditugu eta enpresan dagoen diskriminazioarekin amaitu. Negoziaketa momentu honetan bi puntutan dago blokeatua, tailerreko langileen gaixotasun bajetan eta nominaren homogeneizazioan. Helburua, pixkanaka tailerreko langileen egoera ofizinetakoekin berdintzen joatea da eskubide sozialetan.

Langileok, zuzendaritzari arduraz jokatzeko eskatzen diogu eta egoera desblokeatuko duen planteamendu serio bat egin dezala, behingoz, akordio batera iritsi eta harremanak gehiago gaiztotu ez daitezen. Langileok, historikoki izan den moduan, Jaso enpresa aurrerakoi bat izaten jarraitzea nahi dugu eta horregatik, derrigortuak gaude elkar ulertzera bai hitzarmen honetan eta baita etorkizunean ere.
 

 

 

Jaurlaritzak uko egin dio Mahai Orokorraren negoziazioari

Erkoreka sailburuak atzo Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontu Batzordean funtzio publikoan lan egiten duten langileei dagozkien erabakien berri eman zuen. Aurreikusi zitekeen bezala, Mahai Orokorrean iragarri zituzten neurri berdinak alde bakarrez aplikatzea erabaki dute, nahiz eta bertan parte hartzen dugun lau sindikatuok kontra azaldu. Eusko Jaurlaritza Espainiari begira dago, bertan planteatzen diren langile publikoekiko jarrera neoliberal berdinak aplikatzen ditu. Alderdi Popularraren ikaslerik txintxoena bihurtu zaigu sektore publikoaren argaltze eta pribatizatzean. Ez dauka bertako eragile sindikalekin bide propio bat abiatzeko inongo asmorik, ezta bere posizioak baldintzatuko dituen negoziazio borondaterik ere.

EAEko Mahai Orokorraren eraginpean dauden langileek erosahalmena galtzen jarraituko dute. Planteatzen den %1ko igoera ez da 2016 urteko KPIra iritsi ere egiten. Azkeneko urteotan emandako soldata izozketak kontutan hartuta, eros- ahalmenaren galera itzela izaten ari da. Bestalde, egindako murrizketak urtez urte mantentzen direla garbi ikusten da. Zerbitzu publikoen kalitateari zuzenean eragiten dieten murrizketak dira, langileen osasunarekin zerikusia daukatenak hain zuzen.

Aurten ere etsigarria izan da beraz Eusko Jaurlaritzak bere eraginpean dauden langileekin izan duen jarrera. Negoziatzeko borondate ezak langileekiko mespretxua besterik ez du adierazten. Gainera Aurrekontu Orokorren proiektuan ikusi ahal izan dugun bezala, langileak bigarren edo hirugarren mailako lehentasuna dira, beste hainbat sailetan egingo den inbertsioa kontuan hartuta, AHTren atalean adibidez.

Eusko Jaurlaritzak zerbitzu publikoen defentsa egin nahi badu bere langileen interesen defentsa egin behar du, pertsona hauek baitira zerbitzu publikoa aurrera ateratzen dutenak. Espainiatik datozen injerentziak alde batera utzi behar ditu eta bertako eragileekin batera bide propio bati hasiera emateko aukera mahaiaren gainean izan du eta muzin egin dio. Langileoi mobilizazioa besterik ez zaigu gelditzen.

Bukatzeko, larritasun osoa daukan enpleguaren gaia zintzilik daukagu oraindik orain. 20.000 lanpostu baino gehiago egonkortu eta behin-behinekotasuna eta prekaritatearekin bukatzeko beharra daukagu. Horrekin batera LABk enplegu plan integral baten beharra aldarrikatu zuen, deialdi publiko masiboetan oinarrituta. Ez dugu oraindik erantzunik jaso. Aukera paregabea dauka Eusko Jaurlaritzak, ez legezkoa den kontratazio sistema irauli eta sindikatuokin batera sektore publikoan prekaritatearekin amaitzeko. Garaiz gaude.
 

 

 

Euskotreneko langileek epaitegiaren aurrean defendatu dute greba eskubidea

0

Euskotreneko batzorde iraunkorrak 24 orduko lan uzte bat deitu du gaurko, sindikatu guztien babesarekin. Hain zuzen ere, greba eskubidea defendatzeagatik zenbait langile epaitu dituzte eguerdian, eta haiei babesa emateko eta greba eskubidea bera aldarrikatzeko protesta egin dute Egiako epaitegien aurrean.

Greba "funtsesko" eskubide bat dela nabarmendu dute Euskotreneko batzordeko iraunkorreko ordezkariek, eta eraso horren aurrean ez direla besoak gurutzatuta geratuko adierazi dute. Gainera, azpimarratu dute epaitu dituzten langileek "inoiz egin ez den" greba batengatik dela, bertan behera geratu baitzen azkenean.

Bestalde, Euskotreneko langileek hainbat protesta egin dituzte otsailean zehar, lan gatazkak bere horretan jarraitzen duelako.
 

 

 

Gorrotoaren autobusak ez dauka tokirik Euskal Herrian

Chrysallis erakundeak ume transexualek bizi duten errealitatea jendarteak ikustarazteko egindako kanpaina eta gero, Hazteoir Madrilgo eskuin muturreko erakunde ultrakatolikoak gorrotoa bultzatzen duen kanpaina jarri du martxan. Ekimen honen gorroto mezua autobus laranja batean ibiliko da Estatu guztitik, eta Euskal Herrira ere helduko da martxoaren hasieran, martxoaren 8arekin bat. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egongo omen dira eskuorriak banatzen.

LABek ozen salatu nahi du aniztasun sexuala eta genero eskubideen aurkako urraketa hau. Oinarrizko eskubideen aurka jotzen dute eta gorrotoa bultzatzen dute. Hori dela eta, Euskal Herrian ez dugu onartuko horrelako mezurik gure kaleetan. Gorrotoa sustatzea zigortua egon behar da. Horrela bada, bi eskaera argi egiten dizkiegu dagokien administrazioei: alde batetik, ez dezatela baimendu autobus hori gure errepide eta kaleetan izaterik, ez autobus hori, ezta antzeko mezurik izan dezakeen beste ekimenik ere. Eta beste alde batetik, akusazio bezala ager dadila gorrotoa eragiten dutenen aurrean, horrelako mezuek indarkeria dakartelako. Kasu honetan, gainera, berez sistema heteropatriarkal honek zigortuta dauzkan haur transexualen aurka.

Autobusak testu hau darama: “mutilek zakila daukate”, “neskek alua daukate” “ez zaitzatela engainatu”, “gizon jaiotzen bazara, gizona zara” edo “emakumea bazara, izaten jarraituko duzu”. Oso ondo zaindu dute beraien mezua teknikoki salagarria izan ez dadin, baina aurrekariak dituzte, gure ikastetxeetara aniztasun sexualaren aurkako mezu guztiz argiak zeuzkan gidak bidali zituzten, zabaldu zitezen.

Erakunde honek egungo sistema ez aldatzea babesten du, aldaketari dio beldurra, eta horren aurrean, gure lana, diskurtso hori desmontatzea izan behar da. Oinarrizko eskubidea da generoa askatasunez aukeratzea, eta edozein adinetan horrela izan dadin bermatu behar dugu, bai ikastetxeetan, baita nagusiagoetan ere, lantokietan.
 

 

 

Bellotako Enpresa-Batzordeak mobilizazioak egingo ditu biltegi zerbitzua kanpora ateratzearen aurrean

0

Bellotako enpresa batzordeak, enpresak biltegi zerbitzua kanpora ateratzeko asmoa zuela jakin bezain laster, mobilizazioei ekitea erabaki du. Batzordearen iritziz premiazkoa da bestelako alternatibaren bat bilatzea. Helburu honekin hainabt ekimen martxan jartzea erabaki dituzte, besteak beste elkarretaratzeak egingo dituzte martxoaren 1 eta 2an.

Enpresa batzordearen oharra:

Kanporatzea, eta ondorioz, BHko biltegia ixteko iragarpenaren aurrean, jarraian duzuen balorazioa egiten du Enpresa-Batzordeak:

– Ez da biltegiaren arazoa Bellotarena baino, bere osotasunean, eta horrela egin behar zaio aurre.
– Itxiera honek jardueraren galera garrantzitsua suposatzen du Legazpiko Bellotan. 25 langileri eragiten dio.
– Eragin negatibo zuzena du enpleguan, langile finko zein aldi baterakoei eragiten dielarik.
– Egoera hau, beharrizan berriei egokitzeko beharrezko inbertsioen falta eta azken aldiko antolaketa gabezien ondorio da.
– Litekeena da neurri honen ondoren beste neurri batzuk etortzea, gu guztion etorkizuna arriskuan jar dezaketenak. Besoen lerroa Zumarraga lekualdatuko dela iragarrita dago, eta ez da ezta aukera moduan aurreikusten Bellota Legazpiko beste leku batean kokatzea.

Horregatik guztiarengatik, Enpresa-Batzordeak mota honetako neurriak gaitzesten ditu eta enpresari exijitzen dio, Bellotako atal eta lerroak kanporatzea izango ez den alternatibaren bat bilatzea.

Enpresa-Batzorde honek ulertzen du Bellotan enplegua izan nahi badugu, beharrezkoa da guztion mobilizazioa beranduegi izan baino lehen. Horregatik, zenbait ekimen jarriko dugu martxan eta asanblada orokorra ere deituko dugu. Asanblada honetan guztion artean erabakiko ditugu jarraitu beharreko urratsak.

Momentuz, Enpresa-Batzordeak kontzentrazioak egingo ditu enpresa atarian bihar, martxoaren 1a, eta etzi, martxoaren 2a, 13:30etik 13:30era.

 

 

 

martxoak 3, borrokarako eguna


1976ko martxoak 3an Pedro María Martínez Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, José Castillo eta Bienvenido Pereda Poliziak hil zituen Gasteizen. Urteak pasa arren, Gasteizko langileriaren eta hiritarren aurkako sarraski haren errudunek hor jarraitzen dute zigorgabe. Hau onartezina da, gertatutakoa aitortzea eta memoria kolektiboa eraikitzea ezinbesteko zeregina da. LABek gogoan ditu langile haiek eta haiek hasitako lana bururaino eramateko borrokan jarraitzen dugu. Aurten ere egun osoan zehar hainbat mobilizazio egingo ditugu.


 

 

 

Prekarietatearen aurkako dinamika Larratxora iritsiko da ostiralean

Pintxo prekario lehiaketa, garbi-kirolak, murala, denboraren tunela, aholkularitza sindikal eta juridikoa, mahai ingurua… Larratxoko Josu Artetxe plazan, hainbat jarduera egingo ditugu Ostiral Duinak dinamikaren baitan, 17:00etatik aurrera. Hain zuzen ere, LAB elkarguneak antolatzen ari da Euskal Herriko hainbat txokotan, kapitalismoak eragindako gaitzari aurre egiteko. Altzara iritsiko da oraingoan, eta, 18:30ean, mahai inguru interesgarri bat proposatuko du, besteak beste: "Emakumea eta prekarietatea, zapalkuntzak bizi etapa desberdinetan" leloarekin, hain justu.

Prekarietatearen aurkako lehen elkargunea Gasteizen egin genuen, joan den otsailaren 10ean. Ondoren, leku hauetan gauzatuko dugu dinamika: Larratxon, ostiral honetan (martxoaren 3an); Iruñean, martxoaren 17an; Bilbon, martxoaren 24an; Oarso Bidasoan, martxoaren 31n.

Hain zuzen ere, prekarietatea agenda politikoan sartzeko garaia da. Helburu horrekin antolatu ditu LABek elkarguneak, lan prekarioa betetzen dutenek bildu eta esperientziak truka ditzaten, beti ere alternatibak daudela erakusteko asmoz. Dinamika honetan parte hartzera animatzen zaitugu, denon ekarpena beharrezkoa baita prekarietateari aurre egiteko.

Urratsak eman ditzaten eskatu behar diegu eragile politikoei. Honako hauek dira premiazkoenak:

. 1.200 euroko gutxiengo soldata bermatu
. Lanaren banaketa bultzatu, asteko lanaldi osoa 35 ordura murriztuta
. Bertako hitzarmen kolektiboak adostu eta blindatu, Madrildik etor daitezkeen erreformekiko
. Gutxiengo orduak ezarri, lanaldi partzialean kontratatzeko garaian
. Laneko ikuskaritzak kontrol eragingorra egitea enpresei

Prekarietateari aurre egiteko antolaketa, kontzientziazioa eta borroka beharrezkoak dira, kalean zein lantokitan. Gaur egun, lanposturen bat izateak ez du esan nahi prekarietaterik pairatuko ez dugunik. Euskal Herrian langile txiroak daude, lanpostu prekarioengatik hilabete amaierara iristen ez direnak.

Zerbitzuen sektorean egindako 3.369 inkesta anonimoen bidez, LABek egoera honetara ekarri gaituzten aldagai nagusiak aztertu ditu, eta emaitza latza da: langileen %80ek lan baldintza kaskarretan dihardutela adierazi dute, eta behin-behinekotasuna, soldata, malgutasuna, lanaldi mota eta lan ordutegiak aipatu dituzte prekarietatearen ardatz gisa.

Sistema kapitalistaren tresna bat da prekarietatea, gobernatzeko baliatu ohi du. Alarma gorria piztu behar dugu gizartean, ezinbestean. Hortaz, elkarguneetara hurbiltzeko gonbitea luzatzen dizugu, denon eskubideen alde eragiteko!