2026-09-10
Blog Page 1003

“Transnazionalek ez dituzte lan, ingurumen eta giza eskubideen araudiak errespetatzen”

0

Genevako CETIM erakundea Euskal Herrian izan da, LABen ekarpena jasotzeko. Erakundeko zuzendari Melik Özden eta Komunikazioko arduradun Raffaele Morgantinirekin egon gara, Nazio Batuen Erakundean egiten ari diren lanaren berri izateko. Enpresa transnazionalen inpunitatearen aurkako itun bat ari dira osatzen.

Genevako (Suitza) CETIM erakundea Euskal Herrian izan da, LABek gonbidatuta. CETIM (Centro Europa-Tercer Mundo) ikerketa eta argitalpen zentro bat da, 1970. urtean sortua, eta Ipar-Hegoa arteko harremanetan lan egiten du. Parte hartze aktiboa du Nazio Batuen Erakundean (NBE), beti ere eskubide ekonomikoak, sozialak eta kulturalak defendatu eta sustatzeko helburuarekin, baita garapenerako eskubidea ere. Hego eta Iparreko mugimendu sozialen proposamen eta analisiak zabaltzeko zubi-lana egin ohi du.

Gaur egun, CETIM zeharo murgilduta dago enpresa transnazionalen inpunitatearen aurkako borrokan. Hain zuzen ere, itun bat bultzatzen ari da Nazio Batuen Erakundean, giza eskubideak eta herrien eskubideak errespeta daitezen, enpresa transnazionalen interes ekonomikoen gainetik. Lan horretan ari da orain, eta eginbehar hori dela-eta bisitatu gaitu. Izan ere, CETIM erakundearentzat, sindikatuen ekarpena ezinbestekoa da esku artean duen ituna osatzeko. Hala, LAB CETIMeko zuzendari eta Giza Eskubideen Programako arduradun Melik Özden eta Giza Eskubideen Programako eta Komunikazioko kide Raffaele Morgantinirekin egon da (ezkerretik eskuinera, irudian), ituna zertan den ezagutzeko.

Prozesua Nazio Batuetatik ari zarete lantzen. Zeintzuk dira egitasmoaren jatorria eta arrazoiak?

2013. urtean abiatu zen prozesua, Ekuadorreko eta Hego Afrikako gobernuek bultzatuta. Nazioarte mailako lege arau lotesleak jaso nahi ditugu, enpresa transnazionalen jarduna arautzeko. Nazioarte mailako itun edo hitzarmen batekin biribilduko genuke prozesua.

Zergatik da horren garrantzitsua prozesua?

Enpresa transnazionalen izaerarekin lotuta dago guztiz. Enpresa hauek nazioarte mailan daude antolatuak, filialak eta menpeko enpresak dituzte euren ekoizpen katea garatu ahal izateko. Hala, enpresa transnazionalek estatu mailako legedi desberdinak baliatzen dituzte, euren interesen arabera. Transnazional hauek ez dituzte lan, ingurumen eta giza eskubideen araudiak errespetatzen, eta azken hamarkadetan egoerak okerrera egin du. Ez dira soilik arau hauen urraketak egon, bidegabekeriak ere egon dira. Hain zuzen ere, zenbait kasutan, borondate politikoa ez da nahikoa izan transnazionalen inpunitatearekin amaitzeko. Chevronen adibidea hor dugu: Ekuadorreko Justiziak enpresa hori zigortu zuen, eta enpresak bere aktibitate guztia eten zuen Ekuadorren, geroago beste herrialde batzuetan bere ohiko jardunarekin jarraitzeko. Nazioarte mailako araudi bat egonez gero, araudiak urratzen dituzten enpresak epaitzeko aukera egongo litzateke, dauden tokian egonda ere, eta, horrekin batera, enpresa transnazionalen biktimek justizia eta erreparazioa jasoko lukete. Nazioarte mailako prozesu hau, beraz, guztiz bateragarria da estatu mailan egin daitezkeen ekinbideekin.

Zein da sindikatuen papera prozesu honetan guztian?

Langileak lehen biktimak izan ohi dira enpresa transnazionalen eta mundializazioaren testuingu honetan. Hortaz, sindikatuak lehen lerroan daude enpresa transnazionalen funtzionamendua zaintzeko eta egiten dituzten urraketen berri emateko. Nazio Batuen Erakundearen barruan, gobernuen arteko lan talde bat osatuta dago 2014. urteaz geroztik, aipatutako egitasmo loteslea garatzeko. Lan talde horrek bi lan saio izan ditu orain arte, eta nazioarte mailako itun bat osatzeko lanari ekin dio. Sindikatuek lan honetan parte hartuko ez balute, ezingo genituzke jaso langileen aldarrikapenak itunean, ezta langileek eurek pairatzen dituzten urraketak ere. Argi dago nazio mailako Justizia garrantzitsua dela, lehen mailan dagoelako, baina nazioarte mailako bermea beharrezkoa da, bereziki edozein arrazoirengatik estatu mailako Justizia eraginkorra ez bada; borondate faltagatik, tresna juridikorik ez dagoelako edo transnazionalek agintari publikoei egindako presio edo xantaiagatik, kasu. Modu honetan, nazio mailan Justiziara jo ez dezaketen biktimek nazioarte mailako tresna bat izango lukete eskura, prozesu honi esker.

Noiztik dabil CETIM lanean? Zein da erakundearen helburua?

Genevan gaude, Nazio Batuen eta Giza Eskubideen Batzordearen egoitzan. Ikerketa eta argitalpen zentro bat gara, eta Ipar-Hegoa arteko harremanei buruz aritzen gara. 1970. urteaz geroztik, hainbat eta hainbat argitalpen kaleratu ditugu. Era berean, hogei urte eman ditugu enpresa transnazionalen arloan lanean, euren aktibitatea arautzeko neurri lotesleak lortzeko helburuarekin. Esperientzia handia dugu bide honetan. Euskal Herrian izan bagara, prozesuaren nondik norakoak eta gure erronkak azaltzeko izan da, eta lan honetan guztian sindikatuen garrantzia nabarmentzeko. Izan ere, sindikatuen parte hartzea ezinbestekoa da; ituna osatu gabe geratuko litzateke, bestela. Zentzu honetan, estatu indartsuenak eta transnazionalen lobbiak euren esku dagoen guztia egiten ari dira prozesua amaitu ez dadin. Gaur egun, transnazionalen inpunitatearen aurkako kanpaina bat dago abian mundu mailan. Kanpaina honek 200 bat erakunde batu ditu nazioarte mailan; sindikatuak, barne. Kanpainaren helburua transnazionalen aurkako borroka bateratua indartzea da, eta itunaren prozesua bururaino eramatea, itunak transnazionalen biktimen eta langileen aldarrikapenei erantzungo liekeelako.
 

 

 

Martxoaren 22rako deitutako greba erregistratu dugu

0

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok lan uzteak egingo ditugu unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan. EAEn eta Nafarroan behar dugun hezkuntza sistemaren egoera larria da; hezkuntza publikoarena, modu berezian, eta horretan zerikusi zuzena dute Iruñea eta Gasteizko gobernuek ezarritako murrizketek, hezkuntza inbertsio erabat eskasek eta inposaturiko hezkuntza erreforma basatiek. Hortaz, grebara deitu dugu hori guztia salatzeko.

Martxoaren 22rako grena deialdia erregistratu dugu gaur, eta bihar greba iragartzeko bigarren elkarretaratzeari ekingo diogu; Donostian, kasu honetan. Alderdi Ederren bilduko gara, 11:30ean. Ostegunean Gasteizen egin genuen elkarretaratze sortatik lehena.
 

 

 

Martxoaren 8rako material didaktikoa aurkeztu dugu

0

LAB Irakaskuntzak hezkuntza feministarako baliabideak eskaini nahi dizkie etapa eta maila guztietako hezitzaileei, ikastetxeetan praktika pedagogiko feminista bat abia dezagun. Materialak nahi moduan erabiltzeko baliabide multzoa gisara emanak daude. Gai bat ardatz hartuta (Artea, oraingo kasu honetan) landuko diren gaitasunak, helburuak eta mailak ematen ditugu, eta horretarako oinarri Euskal Curriculuma izan dugu.

Gaur egungo datuek argi erakusten dute orain arteko berdintasun politiken porrota zein diskriminazioa gainditzeko dagoen borondate politiko eta instituzional eskasa. Hezkuntzan ere, Martxoaren 8a hurbil dugun honetan, jendarte ez patriarkal baten bidean, hezitzaileak, lankideak, konpromezu berriak har ditzaten animatu nahi ditugu. Berdintasuna bilatzen duen eredu konpentsatzailea gainditu eta paradigma aldaketa ekarriko duen jarduera hezitzaile feminista baten alde egin beharko dugu egungo egoera errotik irauliko badugu.

Gure ustez, bada garaia sistema kapitalista hetereopatriarkalaren logikaren baitan kokatzen diren berdintasun lege, politika eta neurrietatik benetako politika feminista ausartetara jauzia emateko.

Egungo sistemak ezarritako sexuen araberako lan banaketan eta gizon eta emakumeen arteko banaketa binarista eta hierarkizatu baten araberako harremanetan oinarritzen den jendartea gainditu beharko da. Horrela, generoen arteko, alua zein zakila duten emakume eta gizon, neska eta mutiko, pertsonen arteko harreman justu eta parekidetan oinarri izango duen hezkuntza eta jendarte eredu berrira trantsizioa egitea ahalbideratuko duten eskuhartze feministak behar ditugu.

LABek sindikatu feministatzat jotzen du bere burua eta, ondorioz, feminismoaren balioak bere egiten ditu irakaskuntzaren eremuan ere: aniztasuna arazo baino aberastasuna dela ulertuz, hezigune inklusiboak aldarrikatuz, ikasgeletatik heteropatriarkartuak baldintzatutako botere harreman eta menpekotasunak deseraikitzeko lanaren premia azpimarratuz, ikus ezinak ikusgai bilakatuz, eraikitako estereotipo eta aurreiritzi toxiko horiek guztiak deseraikitzen laguntzeko, ahalduntzeko, gehiengoak gutxietsitako identitatean berresteko, eskolan pentsamendu kritikoa sustatzeko… Hezitzaileok konpromezu berriak hartzeko garaia da, periferiak erdigunera ekartzeko garaia da. Feminismoaren garaia da!

Ildo honetan, LAB irakaskuntzak hezkuntza feministarako baliabideak eskaini nahi dizkie etapa eta maila guztietako hezitzaileei.

LABek, aurrerantzean ere, irakasleriari gisa honetako baliabideak eskaintzeko konpromezua hartzen du, guztion artean eskola berri bat eraiki dezagun. Feminismoaren garaia da!
 

 

 

EGIN KONTU! Aurrekontu feministen garaia da

0


Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) aurrekontuen eztabaida pil-pilean delarik heldu zaigu aurtengo martxoaren 8a. Martxoaren 8ko egunean, urtero, emakumeok gure bizitzaren esparru ezberdinetan oraindik ere pairatzen ditugun diskriminazio eta biolentzia egoerak salatzen ditugu eta dei egiten diegu instituzio zein agintari politikoei, egoera iraultzea ekarriko duten lege, politika eta neurri ausart eta feministak praktikan jar ditzaten.

Berdintasunik ezak gora egin du Euskal Autonomia Erkidegoan; Europako Batasunean emandako igoera handienetako bat da


Errentaren banaketak gizarte baten berdintasun edo berdintasunik eza maila islatu ohi du; hortaz, bizitza kalitatean eta kohesio sozialean eragina izateaz gain, zuzeneko lotura du pobrezia eta bazterketa arriskuaren intzidentziarekin.

Zentzu honetan, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) berdintasunik ezak gora egin duela ikustea kezkagarria da oso, Europako Batasunean emandako igoera handienetako bat dela kontutan hartuta. Gini (1) indizeak %7,5 egin zuen gora 2008 eta 2014 artean. Indize honek errentaren banaketaren arabera neurtzen du berdintasunik eza. Honek esan nahi du diru sarreren desparekotasuna %7,5 igo zela EAEn.

Europako Batasunaren batez bestekoaren oso gainetik dago igoera hau, non %0,3 igo zen bakarrik denbora tarte berean. Eurogunean, berriz, berdintasunik ezak %1,6 egin zuen gora, batez beste.

Horrenbestez, berdintasunik ezak 23 aldiz gehiago egin du gora Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Europako Batasunarekin alderatuta. Europako Batasuneko bost estatuk soilik dute datu okerragorik: Ziprek, Estoniak, Hungariak, Danimarkak eta Eslovakiak.

1.- El índice de Gini proporciona una medida de la desigualdad; por esa razón resulta muy útil para estudiar el grado de concentración de los ingresos en la sociedad y analizar cómo se distribuyen entre los grupos sociales más ricos y más pobres.
 

 

 

Adostasuna lortu dugu Itsasondoko Jason, hiru hilabeteko grebaren ondoren

0

Itsasondoko Jaso Industrial enpresako langileek zuzendaritzarekin akordio batera iritsi dira 2015etik agortua zuten ituna berritzeko. Negoziaketak 16 hilabete luze iraun ditu, azken hirurak greba mugagabe partzialean. Jaso Itsasondoko langileek adostutako ituna txukuna da, Eskubide sozialak lehenetsi dituzte igoera ekonomikoen aurrean.

Itsasondoko Jasoko enpresa batzordearen oharra:

Itsasondoko Jaso Industrial enpresako langileok zuzendaritzarekin akordio batera iritsi gara 2015etik agortua genuen itunaberritzeko.

Negoziaketak 16 hilabete luze iraun ditu, azken hirurak greba mugagabe partzialean. Epe honetan, hainbat mobilizazio egin dugu, besteak beste 11 manifestazio Ordizian.

Gaur, 57 egunetako grearen ondoren, langileen batzarrak enpresa-batzordeak zuzendaritzarekin hitzartutakoa onartu du, 66 aldeko boto eta kontrako 33rekin. 4 zuriak izan dira eta 6 nuloak.

Eskubide sozialak lehenetsi ditugu igoera ekonomikoen aurrean. Bi aldarrikapen nagusietatik, gaixotasun bajetako lehenengo 3 egunetan %40 arteko hobekuntza lortu da. Gainera, bizi aseguru bikaina lortu da. Tamalez, nominen homogenizazioa beste hitzarmen baterako utzi behar izan dugu. Hala ere, Bizi Aseguru bikain bat lortu da.

Paktuaren lorpenak: 

-Blindatuta eta 18 hilabeteko ultra aktibitatearekin.
-Iraupena: 3 urte, 2018ko abenduaren 31 arte.
-Soldata igoera: Gipuzkoako KPI + 1 urteko.
-Talde eta kalifikazio igoera: 7 urteko, 21 guztira.
-Errelebo plusa: %20ko igoera.
-Bizi Aseguru oso ona.
-Gaixotasun bajak: Lehenengo 3 egunetan %40rainoko igoera.  

Jaso Itsasondoko langileok adostu dugun ituna txukuna da. Bidea ireki da eta ibilbidea zehaztu dugu, pausoz pauso baldintza sozial duinak lortzeko.

Langile borroka eredugarria izan da: 3 hilabete greban, 11 manifestazio Ordiziako azokan, langileen segurtasuna bermatzeko Lan Ikuskaritzan salaketa, Palentzian garabia gelditu da “kanpoko eskirolajea” dela eta, PRECOra joan bitartekaritza eske etb.

Une larrietan tinko eutsi diogu eta azkenean bere fruitua eman du. Langileok bateginik irten ginen grebara eta hiru hilabete ondoren bateginik hasiko gara berriro lanean dagokigun moduan, JASO indartsu eta eraginkor bat lortzeko konpromisoarekin.

 

 

 

Duintasuna eta borroka aldarrikatu ditugu martxoaren 3ko gertaeren urtemugan

Martxoaren 3a da gaur, Euskal Herriaren historian gertatutako pasarte lazgarrienetako bat gogoratzeko eguna. Hain zuzen ere, 1976ko martxoaren 3an, Poliziak bost langile hil zituen Gasteizen. Bada, 41 urte geroago, biktima horiek ez dute egia, justizia eta erreparazioarik jaso. Errealitate honen aurrean, LABek mobilizazioak eta omenaldiak aurreikusi ditu gaurko Gasteizen, goiz eta arratsaldez. Goizean, esaterako, gizate kate bat egin dugu Martxoaren 3ko plazaraino, Aldabetik abiatuta, delegatuen batzarra egin baitugu bertan. “Bere burua saltzen duen sindikalismoaren aurrean, antolakuntza eta borroka” lelodun protestaren ostean, omenaldia egin dugu plazan bertan.

Hauxe da LABek egindako irakurketa, martxoaren 3aren harira:

Lan erreforma ezberdinek aurrera egin duten neurrian, lan eremuetan eskubideak murrizteko interesa etengabea izan da patronalaren aldetik. Prekaritatea, esplotazioa, sexuen araberako diskriminazioa, miseriazko soldatak eta abar enpresarien ohiko hizkera bilakatu direnean, agerian gelditu dira jasotako ordainengatik morrontzako eta gatibu den eredu sindikalaren defendatzaileak.

Baina Patronalarentzat zoritxarrerako bestelako eredu sindikala badago, borrokaren alde, antolakuntzaren alde, eta sektore eta baldintza guztiak aktibatzearen alde egiten duen eredua: finkoak, ebentualak, etxeko langileak, praktiketako ikasleak, autonomoak, prekarioak, langabetuak… halaxe izango da benetako aldaketa lortzeko bidea.

Duela 41 urte Gasteizko kaleak amorruz eta saminez bete ziren, Estatuak era basatian erreakzionatu eta bost langile hil zituenean, baina kaleak duintasunez eta borroka ereduz ere bete ziren. Ez zuten amore eman; ez zituzten euren eskubideak saldu; ez zituzten traizionatu kaleak hartzera bultzatu zituzten printzipioak; patronalak ez duela inoiz ezer musutruk ematen oso argi zeukaten; eskubideak konkistatu eta defendatu egiten direla; eta garrantzitsuena, gaur defendatzen eta konkistatzen duguna etorkizun klabean egiten dugula.

LAB sindikatutik eredua horixe dela sinesten dugu: antolakuntza elementu nagusi bezala; borroka tresna dinamizatzaile gisa eta jendartearen aktibazioa bide erabakigarri moduan. Horixe geure apustua: elkarrekin antolatu eta borrokatu, prekaritatearen aurka, injustizia sozialaren aurka, kapitalismoaren aurka, geure etorkizunaren jabe izatearen alde, Euskal Herri independente eta sozialistaren eraikuntzan.

Arratsaldean, mobilizazio gehiago

Arratsaldean, bat egingo dugu ELA, ESK eta STEILASekin batera antolatutako omenaldiarekin. Martxoaren 3ko plazan izango da, 18:30ean. Manifestazioa egingo dugu ondoren, 19:00etan, “Justizia eta elkartasuna” leloarekin.

 

 

Babes sozialerako euskal sistema duin bat aldarrikatuko dugu apirilaren 1ean, Bilbon

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun sindikatu eta eragileok agerraldia egin dugu gaur Bilbon, apirilaren 1erako deitutako manifestazioaren berri emateko. Hain zuzen ere, mobilizazioa Jesusen Bihotzetik abiatuko da, 17:30ean, "Eskubide sozialen defentsan, murrizketarik ez" leloarekin.

Hauxe da gaurko agerraldian kaleratutako adierazpena: 

Bermatutako gutxieneko diru-sarrerak izatea borroka sozialaren, jendartearen mobilizazioaren fruitu da. Baina azken urteetako mozketa oldeak gizarte-prestazioei ere eragin die. Herritarren eskubideak murriztu dira, batik bat egungo krisi ekonomikoak gehien zigortu dituen kolektiboenak: langabeak, enplegu prekarioa dutenak, dependentzia egoeran daudenak eta gutxieneko pentsioak jasotzen dituztenak. Emakumeen eskubideei bereziki eraso diete. Hona hemen datu batzuk:

• Prestazio sozialak jaso ahal izateko eskakizunak zorroztu egin dituzte; adibidez, DBE eskatu ahal izateko erroldatuta urtebete egon ordez orain hiru urte eskatzen dira.

• Prestazioen zenbatekoa %7 moztu dute (eta hau 2017an ere mantendu nahi dute).

• Lanbidek irizpide murriztaileak aplikatu ditu, eta sarri behartsuenen eskubideak urratu ditu.

Politika antisozial hauekin batera areagotu egin diraprestazio sozialak jasotzen dituen jendea kriminalizatzeko kanpainak. Eskubide beharko lukeena ustezko delitu gisa aurkezten da. Aski dela esateko eta gertatzen ari dena salatzeko unea da.

Murrizte politikak zuritzeko argudio faltsuak baliatzen dituzte: esaterako, “ezin dugu DBE gehitu lan merkaturatzeko joera geldiaraziko lukeelako”. Lanbideren datuen arabera, DBE jasotzen duten bizikidetza-unitateen %20ak -12.522- enplegu prekarioa dute, eta laguntzarekin osatzen dute beren soldata kaskarra; prestazioen %25 -15.799 bizikidetza- unitate- pobrezia mailako pentsioak osatzeko dira; beste %20, berriz, langabezia-subsidio urriak osatzeko dira, egungo prekaritate egoeraren ondorioz.

Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak 2017ko aurrekontu-proiektua aurkeztu du. Bertan islatzen da bere borondatea: murrizketei eutsiko die eta prestazio sozialei ez die aplikatuko Gutxieneko Soldataren igoera. Horren ordez, DBEaren igoera %1,5era mugatzeko asmoa du.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta ehundik gora organizazio ezberdinek osatzen dute (sindikatuak, mugimendu feministakoak, gazte-mugimendukoak, ekologistak,
pentsiodunen elkarteak, jendarte-bazterketaren aurkako plataformak, Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarekoak…), eta hau da bere aldarria:

1.-Babes sozialeko euskal sistema integrala, duin eta kalitatezkoa nahi du, zeinaren helburua bizitza sostengatzeko gauza izango den jendarte-eredu bat den.

2.-Salatu egiten du Eusko Jaurlaritza ezartzen ari den politika antisozialek biztanleria oro har pobretu egiten dutela. Aberastasunaren banaketa gero eta bidegabeagoa da. Areagotzen ari dira langabezia, prekaritatea, pobrezia eta ezberdintasun ekonomiko eta sozialak, ez baita egiten egoerari aurre egiteko politika publikorik, hots, ez dira pertsonen beharrizanak lehenesten.

3.-Diru-Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko 2008ko Legeak berariaz aipatzen du DBE eta Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren (LGS) arteko lotura. LGSak erosahalmena galdu duenean Eusko Jaurlaritzak ez du esan DBEa gehitu behar zenik; aitzitik, egoera dirua aurrezteko baliatu du.

4.-Kontutan izanik aurten LGS %8 igo dela, portzentaje hau era automatikoan aplikatu beharko litzaieke DBEari eta Lanbidek kudeatzen dituen beste prestazioei ere.

5.-2008ko legea ez aplikatzeak batik bat kolektibo ahulenenen eskubideei eraso egiten die: soldata eta pentsio kaskarrak dituen jendea, etxegabetzeen kaltedunak, pobrezian bizi direnak, etab. Horrela taxutzen den ereduaren iparra ez da bizitza, eta zaintzeko lanak emakumeen esku uzten dira. DBE jasotzen duten bizikidetza-unitateen artean gehiengoa emakumeak dira, besteak beste guraso bakarreko milaka familia.

Aurrekontu proiektu hau dela eta, dei egiten diegu alderdi politikoei Legebiltzarrean honako aldaketak sar ditzaten:

• DBEri eta Lanbidek kudeatzen dituen beste prestazioei aplika diezaietela LGSak izan duen %8 igoera bera. • Indargabetu dezatela prestazio sozialen zenbatekoan %7ko murrizketa ezartzen duen xedapen gehigarria.

Halaber, dei egiten diegu herritarrei Bilbon datorren apirilaren 1ean izango den manfiestazioan parte har dezaten; agerraldia arratsaldeko 5.30ean hasiko da Jesusen Bihotzeko plazatik. Hauek izango dira gure aldarriak:

BABES SOZIALEKO EUSKAL SISTEMA INTEGRALA, DUIN ETA KALITATEZKOAREN ALDE

2008KO LEGEA BETETZEAREN ALDE %8KO IGOERA ETA MURRIZKETAK BERTAN BEHERA UZTEA, ORAIN HEMEN

LAN ETA BIZI, HEMEN ERABAKI
 

 

 

Enpleguaren alde mobilizatu dira Simplyko langileak

0

Simply supermerkatuetako langileak borrokan ari dira euren lanpostu eta lan-baldintzen defentsan eta sektore oso baten iraunkortasunaren alde. Laugarren mobilizazioa egin dute gaurkoan. Oraingo honetan, Bilboko Amezolako eta Pozako Simply saltokien aurrean mobilizatu dira.

Langileek adierazi dute lan egiten duten kate handietako enpresen zuzendaritzek, enplegua sortzetik urrun, euren mozkinak handitzen dituzten politikak ezarri nahi dituztela, lanpostuak amortizatu eta lan-eskubideak murrizten saiatuz.

Enpresak langile bakoitzak lan-karga gehiago onartzea nahi du eta gainera, aintzinatasun handiena duten langileak kaleratu nahi ditu. Honetaz gain, enpresak igande eta jai-egunetan irekitzen dute merkataritza liberalizatua nahi duela adierazi dute, langile gutxi batzuk gau eta egin lan eginez.

Langileek adierazi dute enpresaren asmoak ikusita, aurrez aurre izango dituztela adierazi dute, lanaren eta bizitzaren duintasunaren alde.

Kontsumitzaileei elkartuna eskatu diete langileek, jokoan baitago enplegua sortzea, gure herri eta hirietarako nahi dugun merkataritza eredua eta kalitatezko zerbitzua eskaintzea gure dendetan.