2025-12-28
Blog Page 1000

Premiazkoa da alternatibak eraikitzea

0

Gaur, ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek irailaren 23tik 25era Bilbon “Urgentzia ekologikoa eta larrialdi soziala: Erronkak ekosozialen aurrean alternatibak eraikiz” izenburupean egingo diren topaketen berri eman dute. Aurrekaririk gabeko mehatxu baten aurrean gaude gizateriarentzako zein mundu bizi osoarentzako, horregatik alternatibak eraikitzea premiazko bilakatu da.

Krisi ekologiko, sozial, eta zaintzakoa pairatzen ari gara. Krisi honen seinalerik argiena aldaketa klimatikoa da baina ez da bakarra, bestelako adierazleak ere badira, hala nola bioniztasuna, baliabide naturalen agorpena edota basoen suntsiketa. Elkarlotuta eta elkarri eragiten dioten krisiak dira hauek. Katastrofe honen erroak ekoizpen, erreprodukzio, banaketa eta kontsumo sisteman daude, sistema kapitalista eta heteropatriarkalean hain zuzen ere.

Ez diegu oraina lapurtzen utziko. Datozen belaunaldiei etorkizun duina ziurtatzeko gaurdanik jarri behar ditugu oinarriak. Euskal Herrian bada errealitate sozial eta sindikal bat neoliberalismoari alternatiba ekosozialista eraikitzeko eragile izan daitekena. Eskubide Sozialen Kartan adierazi bezala pertsona zein herriei gure bizi baldintzen gain protagonismoa emateko konpromisoa hartu genuen eta horren alde borrokatzen dugu.

Instituzio eta botere ekonomikoaren arteko sinbiosiarekin bukatu behar dugu, bizitza eta pertsonak lehenetsiko dituen eta interes kolektiboak merkatu eta espekulatzaileen interesen aurretik jarriko dituen bestelako eredu instituzional bat eraikiz. Lana nagusitu dakiola kapitalari. Suntsiketaren korrontea txikituko duen emari ekosozialista eta feministraren ordua da.

 

 

 

Milaka langilek gure hitza errespetatua izan dadin aldarrikatu dugu

Milaka euskal langile bildu gara Gasteizko kaleetan gure haserrea adierazi eta argi uzteko dugu ez dugula iruzurrik onartuko. Uztailaren 22an, Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek eta CCOO eta UGTk sinatu zituzten negoziazio kolektiborako eta elkarrizketa sozialaren instituzionalizazioaren inguruko akordioak patronalaren aldekoak dira eta euskal langileei bizkar ematen die. Horregatik hain zuzen ere Gasteizen elkartu garenok norabide aldaketa exigitu diogu Jaurlaritzari.

Beste behin, Urkulluren Gobernuak iruzur egin dio euskal langilegoari. Euskal Esparruaren aldeko akordioa dela dioten arren, praktikan kontrako norabidean doaz. Erabaki antidemokratikoa izateaz gain prekarietatean sakontzeko beste bide bat da honako hau. Gehiengo sindikala baztertuz egindako akordio honek ondorio larriak izango ditu euskal langileriarentzat.

Egoeraren larritasunak mobilizatzea eskatzen du eta horretara goaz. Gaur agerian geratu da langileok ez dugula isilik geratzeko asmorik eta kalera aterako ditugula gure aldarrikapenak. Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren alde egingo dugu. Era berean, negoziazio kolektiboa, eredu propio baten oinarrietako bat izanki, estatalizazioaren aurka blindatu behar dugu. Gaurkoa lehen hitzordua baino ez da izan, lan munduaren aldaketa eragotzi nahi duen Jaurlaritzak aurrean izango gaitu.

 

IRUZURRIK EZ!!!
Por un marco laboral propio, langileen hitza errespetatu



 

Eusko Jaurlaritzari: demokrazia gure alde dago

IRITZIA
Ainhoa Etxaide eta Adolfo Muñoz ‘Txiki’
LABeko idazkari nagusia eta ELAko idazkari nagusia

Eusko Jaurlaritzak gogor erreakzionatu du euskal gehiengo sindikalen aurka. Estatutik edo bere ingurumarietatik datozen eraso antidemokratikoei Urkulluren Gobernuaren lankidetza politikoa gehitzen zaio orain. Bere jarrera jendartearen esparru guztietako beligerantzia zentralista elikatuz joan da. Bide horretatik, Espainiako exekutiboak ezarritako murrizketa berberak ezarri eta azkenean euskal esparrua espainolaren azpisistema bihurtu da (OSALAN, Hobetuz, LHK…), batzutan gogo gehiagorekin. 

Urkulluren Gobernuak, orain, aurrerapauso berria eman eta Confebask patronala, UGT eta CCOOekin negoziazio kolektiboaren esparruan aurrekaririk ez duen ofentsiba antidemokratikoa adostu du.

Eusko Jaurlaritza eta patronalaren arteko sinbiosia errealitate da aspaldidanik, eta honek interesen fusioa ekarri du –eredu ekonomiko eta sozial berdina dute, prekarietatean sakontzea eta aberastasunaren banaketa bidegabean oinarritua–; honez gero ez dira bereizten Urkulluren sailburu eta Confebaskeko buruzagien adierazpenak. Arantza Tapiak dioenean euskal langileok bestelako ordezkaritza sindikal bat izan beharko luketela –eta horretarako lan egingo duela– argi eta garbi uzten du gobernu honek gehiengoak errespetatzen dituela hauek gustuko dituenean, bere murrizketak txalotzen dizkiotenean eta patronalaren inposizioen aurrean otzanak direnean.

Honek denboran jarraitua den jarduera-lerroa marrazten du, urrunetik datorrena eta etorkizunean proiektatzen dena. Euskal langile klaseak urte asko darama bere gehiengoaren konfidantza ELA eta LABen baturari ematen, hauteskundez hauteskunde, gero eta modu argiagoan eta gero eta alde handiagoarekin gainontzeko aukera sindikalekiko. Gehiengo hori metodo demokratikoekin bota ezin duela ikusita, Eusko Jaurlaritzak gutxiengoan egindako akordio sindikalak sustatu eta aspalditik legezkoa den praktika baten alde egin du apustu politikoki, legezkoa dena baina funtzionatzen ez duena hondamendia delako langileontzat: eragin mugatuko hitzarmenak. Gauza bat toleratzea da legalak direlako –zoritxarrez Gobernu guztiek egiten dutena–, eta bestea hauek sustatu eta babes politikoa ematea, Aldizkari Ofizialean argitaratzea barne, zeina patronala eta sindikatu batzuek zerbitzurako tresna bihurtzen den horrela. Lehendakari Jauna, hau egiten duenak erreformak eta negoziazio kolektiboaren estatalizazioa bultzatzen ditu, eta euskal esparrua mespretxatzen. Espainian negoziatu ezin dugula erabakitzen duten horiekin gutxiengoan dauden akordioak bultzatzeak argi islatzen du zein punturaino partekatzen duen zure Gobernuak aldarrikapena neutralizatzeko helburua.

Eta honen helburua zein da? CCOO eta UGTri ez duten garrantzia ematea, hau patronalak beharrezko baitu lan erreformak aplikatu eta soldatak kaltetzeko, sindikatu eroso eta merkeenen oniritziarekin. Hau ez da inolako arazoa Euskal Herritik kanpora, baina hemen oztopo sendoarekin egiten du topo: ELA eta LABen gehiengoarekin. Ikuspuntu sindikal batetik, eragin mugatuko hitzarmenen aldeko apustua lagapen onartezina da, langileentzako inolako ordainik ez dakarrena gainera. Gutxiengoan sinatzen denean, langile bakoitzak modu indibidualean eman behar dio atxikimendua akordioari; honek, lehenik eta behin, baldintza hobeen alde borroka egiteko langileek gehiengoz hartu duen erabakia zuzenean boikoteatzen du. Hitzarmenak merkatzea dakar, eta laneko prekarizazioan are gehiago sakontzea ere bai.

Bigarrenik, praktika honek langile indibiduala armagabe uzten du enpresarien xantaiaren aurrean (enpresa berez, indar-erlazioa baldin badago soilik orekatzen den esparru ez demokratikoa da). Puntu honetan, CCOOk eta UGTk apustu estrategikoa egiten dute lan harremanak indibidualizatzeko, eta langile bakoitza makur dadila amore eman duela sinatzera. Hala ere, justu guztiz kontrakoa egitekoa sortu ziren sindikatuak, enpresaren aurreko negoziazioa kolektibizatzeko eta enpresa eta sektoreetan lan baldintza homogeneoak bermatzeko, pribilegio zein diskriminaziorik gabe.

Beraz, ondorioz, edozein sindikaturen izaera beraren kontrako lerroa da. Hau borrokatzen ez badugu eta lan harremanen indibidualizazioaren aldeko apustua orokortzen bada… Zertarako behar ditugu sindikatuak? Horretara ari dira jokatzen CCOO eta UGT, patronala eta Eusko Jaurlaritzaren pozerako; beronek bere artilleria legal, politiko eta propagandistiko guztia jarri du martxan ELA eta LABek egiten duten sindikalismoa makurrarazteko. Suntsitu arte, geldiarazten ez baditugu. Izan ere, Confebaskek egin zuen ahalegina bi erakundeak legez kanporatzeko proposamenarekin; horregatik, oraingo koska estutze hau ez da hain ustekabean etorri.

Nola eragotziko diegu? Datorren irailaren 20tik, Gasteizen ELAk eta LABek egingo duten manifestazioarekin (10:30ean hasi eta Lehendakaritzaren aurrean amaituko da) abiatuko diren kaleko mobilizazioekin, baita Eusko Jaurlaritzaren kontrako salaketa politiko sendoarekin ere. Azken honek, langileok osatzen dugun euskal gehiengo soziala babestetik urrun, indartsuenarekin batzen ditu bere indarrak, elite ekonomikoarekin, pribilegiodunekin, erreforma laboralekin erabat indartuta dagoen patronalarekin.

Eusko Jaurlaritzak Confebask, UGT eta CCOOekin akordioa uztailaren amaieran irudikatu nahi izan zuen abuztuko oporraldiak itundutakoaren eragin politikoa eta larritasuna disolbatuko zutelakoan, horri lagundu behar zion hauteskundeen iragarpenak (justu ondoren egindakoa). Ez da horrela izango. Egin dutena oso larria da eta ezin da pasatzen utzi.

ELA eta LAB, orain hasi eta behar beste luzatuko dugu erantzuna, erasoaren tamainan. Ba ote dago gehiengo demokratikoak mespretxatu eta eraginik gabe uztea baino ezer larriagorik?

Arduratuko gara Lehendakariaren ekimen antidemokratiko honek agenda politikoa bete dezan, ez soilik lan mundukoa. Urkullu Lehendakariak aukeratu ditu akordioaren unea, edukiak eta bere aliatuak. ELA eta LABek erantzun egiten dugu, eta erantzuten jarraituko dugu.

Eusko Jaurlaritzak ordua eta joko-zelaia jarri ditu, eta guk azkeneraino jokatuko dugu partidua, Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren aldeko gure konpromisoa berrestetik abiatuta.

 

 

 

Italian greban zegoen langilearen hilketa salatzen dugu

0


LABek Abd Elsalam Ahmed Eldanf grebalariaren eta Italiako Pacienciako GLS/SEAM-eko langilearen hilketa salatzen du. Abd Elsalam Ahmed Eldanf Egiptoarra eta Italiako USB sindikatuko kidea greba egiten ari zen GLS/SEAM enpresan enpresak inposatzen dizkien lan baldintza prekarioengatik protestan. Enpresariek garraiolari bati kamioia piketeen aurka mugitzeko agindu zioten eta hauen kontra talka egitean langilea hil zuten.

LABetik familiari eta Italiako USB sindikatuko burkide guztiei gure dolumina eta elkartasuna adierazi nahi dugu, langileoi inposatzen dizkiguten lan baldintza prekarioak salatu nahi ditugun bitartean.

Prekarietate hau biolentzia modu guztiekin inposatua zaigu, biolentzia fisikoa, mehatxu eta beldur bidezko biolentzia eta bestelako hainbat biolentzia modu. Kasu honetan argi ikusi denez kapitalak ez du inolako arazorik lan eskubide duinen alde borrokan ari den langile bat heriotzaraino kolpatzeko. Kapitalak bere interesak defendatzen ditu kosta ala kosta eta horretarako bere esku dagoen guztia erabiltzen du.

Bukatzeko gure klase elkartasun beroena helarazi nahi diogu Abd Elsalam Ahmed Eldanf lagun eta senitartekoei, eta idatzi honen bitartez gainontzeko sindikatuei deia luzatzen diegu hilketa hau sala dezaten eta beraien elkartasuna adieraz dezaten. Aldi berean hilketa honen errudunak zigortzea eskatu nahi dugu.

 

 

 

ADEGIk negoziatzeari uko egiten jarraitzen badu, konfrontazioa geldiezina izango da

0


Gaur, irailak 15, Gipuzkoako grafikagintzako hitzarmenaren negoziazio bilera izan dugu. Guztira, lau hilabete pasa dira negoziazioak hasi zirenetik. Denbora honetan zehar, ADEGIk ez du inongo proposamenik egin, eta, gainera, sindikatuok egindako proposamen guztiak baztertu ditu. ADEGIk sektoreko langile guztien soldatak izoztu nahi ditu.

Badirudi ADEGIk oraindik ez duela ulertu negoziazio mahaia zertarako den, alegia, negoziatzeko. Jarrera immobilista eta arduragabe honen aurrean, negoziazio mahaia osatzen dugun guztiok exijitu diogu hurrengo bilerarako (irailaren 27an) proposamen bat ekar dezala negoziatzeko duen borondatea egiaztatzeko.

Proposamenik aurkezten ez badu, ADEGIk bere jarrera immobilistarekin, ezinbestez, Gipuzkoako grafikagintzako sektorea konfrontaziora eramango du. Bere eskuetan dago.
 

 

 

1.500 pertsona bildu gara Baionan Lan legearen kontra


Mobilizazio berri bat, 14.na, iragan da ostegun honetan Baionan Parisek inposatutako Lan Legearen kontra.1.500 pertsonek Baionako karrikak zeharkatu ditugu geltokitik abiatuz azpi-prefekturaraino. LABeko kideak "jusqu’au retrait" kolektiboarekin mobilizatu gara eta ondoan izan ditugu ere, CGTeko kide batzuk. Heldu den irailaren 19an Kolektiboa bilduko da mobilizazioaren segidaz eztabaidatzeko.

Greba Lanbiden Eusko Jaurlaritzaren immobilismoa eta kudeaketa txarragatik



LAB eta ELA sindikatuok greba deialdia egin dugu Lanbiden irailaren 21 eta 22 eta urriaren 3, 4 eta 5erako orientazio zerbitzua suntsi dezakeen Eusko Jaurlaritzak egindako kudeaketa negargarria eta gelditasuna salatzeko.

Lanbideko Zuzendaritzak berak defendatu du Orientazioa organismoaren modelo antolatzaile eta funtzionalaren zutabe bezala. Hala ere, errealitateak kanporatutako eta gutxitutako zerbitzu bat erakusten digu. Pertsonal gutxi egoteaz gainera, orientazioko funtzioarekin bat ez datozen betebehar gehiago egiten dituzte eta orientatzaileek haien lanpostua galtzeko arriskua ere badaukate.

Gatazka honek 195 langileen egonkortasunarengan dauka eragina modu zuzenean, bulegoetako %30a. Hala ere, eragina dauka lan-talde osoan eta baita jendarte osoan ere, Lanbidek eskaintzen duen zerbitzu publikoa txarragotzen den heinean.
Akordio batera heltzeko administrazioaren borondate ezaren aurrean, mobilizazio sendoak burutzearen beharra ikusten dugu, eta 5 egunetako lanuztea iragarri dugu organismoaren plantilla osorako.

 

INFO

INFO
 

 

Positiboki baloratzen dugu Baztango Zahar Etxean sinatutako hitzarmen berria

Elizondon kokatuta dagoen Baztango Joaquin Iriarte Zahar Etxean lan hitzarmen berria sinatu dugu. Baztango 2. enpresa nagusia da, 85 langile eta 150 erabiltzailerekin. Lan hitzarmen berri honek, aurretik sinatu zen lehenengo enpresako lan hitzarmena ordezkatuko du, aurreko lan hitzarmeneko lan baldintzak hobetuz.

LABetik positiboki baloratzen dugu prozesu negoziatzailea nola joan den, eta batez ere, pozgarria iruditzen zaigu aurreko prozesu negoziatzailea hagitz gatazkatsua izan bazen honakoa bertze norabide batetik joan dela. Hori pozgarria da.

Enpresa Batzordeak apustu garrantzitsua egin zuen lan hitzarmen on bat sinatzeko, eta hori dela eta lehenengo egunetik langile guztiekin eskuz-esku lanean aritu gara denon artean markatzen genituen helburuak lortzeko.

Lan hitzarmen ona sinatu dugula erran dezakegu. Pozik erran dezakegu enpresak neurriak inposatu baino negoziatzeo bidea barneratu duela, eta lan erreformak neurriak inposatzeko ematen dion gaitasuna indargabetu da, negoziazioaren bidezko akordioen aldeko apustua eginez. Langileontzat soldata igoera bat egonen da lan hitzarmenak irauten duen 3 urteetarako eta jeitsi egingo da lan ordu kopurua. Langileontzat puntu hau izugarri garrantzitsua zen, lan ordu luzeak eta lan zama pisutsuak jasaten dituen sektore batetaz ari garelako solasean, gero aunitzetan lan baldintza duinekin errekonozituta ez dagoelarik. Gainera, hainbat neurri lortu ditugu kontziliazio laborala, familiarra eta sozialarekin lotuta.

Positiboki baloratzen dugun bertze puntu bat osasun zerbitzu publikoaren alde egindako apustua da, konkretuki, mutualitatearekin indarrean dagoen kontratua bukatzean, kontratua Osasunbidearekin eginen da. Guretzat puntu hau hagitz garrantzitsua zen, erran bezala lan baldintza gogorrak jasaten diren sektore honetan. Baja kopuruak bertze sektoreetan baino handiagoak dira honetan, interes pribatua eta ekonomikoa langilearen osasunaren gainetik jartzen duten mutualitateak alde batera utzi, eta osasun zerbitzu publikoaren aldeko apustua egiten delako.

Beraz, orokorrean akordioa positiboki baloratzen dugu, eta etorkizunera begira lan harremanak hobetzen hasteko oinarriak jartzen ari garela uste dugu. Orain solastutako guztia eta paperean idatzitako guztia egunerokotasunean praktikara eramatea falta zaigu. Hori da erronka.

 

 

 

Eusko Jaurlaritzak herri honen langileen gehiengoa mespretxatzen du

0



Gaur, irailaren 14an, Eusko Jaurlaritzak, SEA patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek gutxiengoan sinatutako Arabako Metaleko hitzarmena argitaratu du Arabako Aldizkari Ofizialean. Erabaki hau joan den udan Eusko Jaurlaritzak, CONFEBASK eta CCOO eta UGT sindikatuekin adosturiko akordioaren gauzapen praktikoa da, beste urrats bat. Lehen aldia da gobernu batek gutxiengoan sinatutako hitzarmen bat argitaratzen duela aldizkari ofizial batean, erabateko salbuespeneko egoera bati normaltasuna eta babesa eman nahian.

LABen iritziz, Eusko Jaurlaritzaren jokaera hau guztiz antidemokratikoa eta larria da, argi eta garbi patronalaren alde lerrokatzen baita, azken honek duen akordio merkeak lortzeko estrategiarekin bat eginez eta herri honen langileen gehiengoak erabakitakoari muzin eginez. Urkullu jauna: prest al zaude onartzeko eta argitaratzeko Gasteizko Legebiltzarrean gutxiengo batek erabakitzen duena? Hori zilegia eta demokratikoa iruditzen zaizu?

Erabaki honek datorren hilaren 20an Gasteizko kaleetan egingo dugun mobilizazioaren beharrean berresten gaitu. Herri honek lan harremanetarako eredu propioa behar du, langileen ordezkaritzak errespetatua izan behar du eta pobrezia eta prekarietatea hedatuko ez dituen benetako negoziaketa kolektiboa ezinbestekoa da.