2025-12-16
Blog Page 10

EAJ eta PSEren dekadentzian beste mugarri bat: bizkarra eman diote gutxieneko soldata propioaren aldeko ekimenari; bizkarra 140.000 herritarri

Gutxieneko soldata propioaren aldeko borrokari eutsiko dio LABek, bai maila orokorrean eta baita sektore eta enpresa bakoitzean ere.

Gaurkoa egun historikoa izango zen, Eusko Legebiltzarrak gutxieneko soldata propioaren eztabaida instituzionalari bide eman izan balio. Ez da horrela izan: PSEk eta EAJk ezezkoa eman dio ia 140.000 herritarrek babestutako eskariari, eta hala, demokrazioaren aurkako bidegabekeria gauzatu da. Eusko Legebiltzarraren gehiengoak bizkar eman die langileei eta demokraziari. Aurretik gauza bera egin zuten pentsioak osagarritzeko pentsiodunen mugimenduak aurkeztutako HELarekin ere. Biak izan dira erabaki politikoak, argudio juridio edo teknikoekin jantzi nahi izan badituzte ere. Jarrera antisozial horrekin EAJren eta PSEren dekadentzia agerian geratu da.

Euskal gehiengo sindikaleko ordezkariek parte hartu dute eztabaidan, eta han izan da Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra. Langile eta kapitalaren arteko arrakalak handitzeko politikak egitea leporatu die Aranburuk, eta ohartarazi du politikagintza horrek balore erreakzionarioak, neomatxismoa, xenofobia edo homofobia elikatzen eta indartzen” laguntzen duela: “Argudio hipokritak baliatu dituzte milaka langileen soldatak duintzearen aurka egiteko, eta horrek dakar arrakala matxista eta arrazistetan sakontzea”.

Gutxieneko soldata propioaren alde ildo bikoitza ari da lantzen gehiengo sindikala, HELarena bata eta patronalaren negoziazio mahaia sustatzea, bestea. Hipokrita da ere gobernuak esatea patronalaren eta sindikatuen artean negoziatu behar dela, Confebaskek negoziazioari ezezkoa eman eta hura babestu duenean, presionatzeko ezer egin gabe.

Era berean, LABek hipokritatzat jotzen du EAJk gutxieneko soldata propioaren auzia estatus politikoa eguneratzeko eztabaidarekin lotu nahi izatea, “noiz eta 40 urtean autogobernuan sakondu Autonomia Estatutuan gutxieneko soldata propioaren eskumena bere gain hartzeko inolako borondaterik azaldu ez duenean”. Zentzu horretan, LABek eskatzen die EAJ eta PSEri estatus poltiko berriaren eztabaidan aldarrikapena txertatzeko konpromisoa har dezaten. “Euskal langileen erabaki ahalmena handitu eta Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua bermatzeko eskatzen diegu”, adierazi du koordinatzaile orokorrak.

Jaurlaritza eta Confebasken arteko aliantza sendotu egin da. Pradalesen gobernua “patronalaren morroi” bihurtu dela gogorarazi du Aranburuk, izan ere, patronalak markatzen du markatzen du gobernuaren politika, “gero eta eskuinerago dagoena”. Aurrekontuek ere erakusten dute hori, aberastasuna banaketa gero eta desorekatuagoa sustatzen ari dira, politika birbanatzaileei uko egiten, zerbitzu publikoak etengabe ahultzen eta kolaborazio publiko-pribatua deritzaionarekin enpresarien aberastasuna handitzen, baita horretarako etxebizitzarekin eta zaintzarekin negozioa egitea onartu behar badute ere.

HELari bizkar eman izanak agerian utzi du gobernuaren izaera autoritario eta neoliberala. Horren aurrean, gobernua eta patronala presionatzeko mobilizatzen jarraitzeko konpromisoa du LABek, borroka ez baita amaitu eta LABek ez baitu inor atzean utziko.

Igor Arroyoren mezua EAJri eta PSEri: “Euskal langileei bizkarra ematen badiezue, aro politiko baten amaiera azkartuko duzue”

Milaka langile mobilizatu dira Bilbon gutxieneko soldata propioaren alde. EAJri eta PSEri euren jarrera antidemokratikoan atzera egiteko eta herri ekimen legegilearen alde egiteko eskatu diete.

Milaka langile mobilizatu dira gaur Bilbon gutxieneko soldata propioaren alde, ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuek deitutako mobilizazioan, Eusko Legebiltzarrean sindikatu horiek sustatutako herri ekimen legegilea tramitera onartu edo ez eztabaidatu bezperan. Patronalak eta Eusko Jaurlaritzak eragindako blokeoa salatu dute mobilizazioan, eta Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiei 138.495 sinaduraren babesa izan duen herri ekimen legegilearen eztabaidari eta tramitazioari bide emateko exijitu diete.

“Eusko Legebiltzarrak aukera izango du gutxieneko soldata propioaren eztabaida instituzionalari bide emateko. Hori egin behar luke arrazoi sozial, politiko eta demokratikoengatik”, adierazi du Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak mobilizazioaren amaieran, eta gogoratu du afera ez dela azken emaitza, baizik eta ea eztabaidari berari bide emango zaion. Hala ere, “egun historikoa” izan daitekeena “EAJren eta PSEren dekadentziaren mugarri” izateko arriskua dagoela gogoratu du: “Bi alderdi politiko horiek jarrera antisozial, zentralista eta autoritarioa hartu dute gutxieneko soldatari dagokionez”.

Imanol Pradalesen gobernuaren jarrera autoritarioa nabarmendu du lehenik: “Osasun mahaia gogo txarrez ireki eta akordio sindikalik gabe itxi zuen. Gutxieneko pentsioa osagarritzeko eskatzen zuten 150.000 pentsiodunei danbatekoa eman zien. Eta bihar gauza bera egin nahi du gutxieneko soldata propio baten aldeko sinadura eman zuten 140.000 langileekin”.

Subiranotasun handiagoa eskuratzeko herritarren anbizioaren kontrakoa ere bada EAJren eta PSEren jarrera, Arroyoren arabera: “Badirudi EAJri autogobernua enpresa kastari fiskalki mesede egiteko bakarrik interesatzen zaiola, baina ez langileen gehiengoari mesede egiteko. Jarrera horrek erakunde propioei prestigioa kentzen die langileen gehiengoaren aurrean, oso une kezkagarrian, diskurtso antipolitiko eta erreakzionarioen hedapenagatik, autogobernuarekiko inboluzio mehatxuagatik”.

Eta, azkenik, jarrera antisoziala izatea ere aurpegiratu die: “Patronalak aginduta gobernatzen dute. Patronalak pribilegio fiskalak nahi ditu eta haiek ematen dizkiote. Patronalak negozioa egin nahi du aurrekontu publikoen kontura, eta haiek 1.000 milioi euroko txekea luzatzen diote, hori baita aurrekontuetan berariaz kontsignatu duten kopurua; eta hori patronalak osasungintzan, zaintzan edo hezkuntzan pribatizatutako zerbitzu publikoen kontura egiten duen negozioaz hitz egin gabe. Patronalak soldata txikiak eskatzen ditu, eta EAJk eta PSEk ateak ixten dizkiote gutxieneko soldata propioari”.

Horregatik guztiagatik, herri ekimen legegilearen tramitazioari bide emateko eskatu die Arroyok EAJko eta PSEko legebiltzarkideei, eta ohartarazpena luzatu: “Euskal langileei bizkarra ematen badiezue, aro politiko baten amaiera azkartuko duzue. Azken hauteskundeetan ikusi den bezala, euskal langileria nazkatuta dago politika neoliberala eta autoritarioa jasateaz”.

“Gatazka gehiago eragingo ditugu”

Confebaski ere zuzendu zaio Arroyo. Hiru aldiz esan dio ezetz patronalak gutxieneko soldataz aritzeko mahaia eratzeari, eta ezezko horietako bakoitzak “kontraboterezko sindikalismoaren zilegitasuna areagotu” baino ez duela egin nabarmendu du koordinatzaile orokorrak. Kontrara, Confebaskek bere ahultasun komunikatiboa, etikoa eta politikoa agerian utzi dituela salatu du.

Ohartarazpen argia bidali dio Arroyok patronalari: “Gutxieneko soldataren aldarrikapenari eutsiko diogu, bai orokorrean, baita sektore eta enpresa bakoitzean ere. Gatazka gehiago eragingo ditugu datozen hilabeteetan. Euskal Herrian ez da bake sozialik izango. Euskal Herrian borroka sindikala hauspotzera goaz. Sektore prekarioenak sindikalizatzera goaz. Emakume* langileek pairatzen duten soldata arrakala borrokatzera goaz. Langile migratuen esplotazioa salatzera goaz”.

LABek salatu du EAJk eta PSEk elikatzen dituztela Mutualitateek dibertsitate funtzionala duten langileekin dituzten praxi txarrak

Atzo LAB sindikatutik bultzatutako, baina, enplegu zentro berezietako langileei oro har eragiten dien gai baten inguruko ebazpenaren betetze mailaren inguruan aritu ziren Gipuzkoako Foru Aldundian. 

Duela hilabete batzuk enplegu zentro berezietako langileek mutuekin duten arazoa mahaigaineratu genuen Gipuzkoako Foru Aldundian eta ebazpen proposamen bat aurrera atera zen gehiengoz. Aipagarria orduko hartan ere, PNV eta PSEek aurka bozkatu zutela.

Gipuzkoako Foru Aldundia gobernatzen dutenek, Eusko Alderdi Jeltzaleak eta Euskadiko Alderdi Sozialistak, aniztasun funtzionala duten langileak bazterrean utzi dituzte enegarren aldiz. Langileon lan eta bizi baldintzak ez dira lehentasun, eta gure osasuna bigarren mailako kontutzat dute.

Beste behin ere, egunerokoan bizi dugun errealitate anker eta gordinari bizkar eman diote aipaturiko alderdiek, ohiko legez, enpresarien eta mutua pribatuen negozioa lehenetsiz eta bultzatuz. Miserian eta prekarietatean kateatuta nahi gaituzte, eta ezin dugu bestelako ondoriorik atera.

Ulertuko gaituztela aipatuko digute, hitz ponpoxoz beteko zaie ahoa, esango digute kontutan hartzen gaituztela, paternalismo faltsuz eta ardurarik izango ez balute bezala jardunez.

Aniztasun funtzionala dugun langileak, LANGILEAK GARA, funtsezkoak, orotariko ekonomia jardueretan, eta nazkatuta gaude, bigarren mailakotzat hartzeaz eta etengabeko diskriminazioa jasateaz. Lan esku merkea gara, egungo eredua mantendu nahi duten horientzat.

LABetik oso argi dugu, enplegu zentro berezietako langileon alde borrokan jarraituko dugula. Lantokietatik hasita, hitzarmen duinak borrokatuz, baina baita egungo ereduaren arduradun politiko instituzionalak interpelatuz ere. 

Sidenorri zuriketa gehiagorik ez

Bada garaia instituzioek eta komunikabideek behingoz onartu dezaten Sidenorren agintzen dutenen errealitatea.

Aste honetan, Sidenorreko hiru buruzagi, tartean Jose Antonio Jainaga, Entzutegi Nazionalean deklaratzera joan beharko dira ikertu modura, azken hamarkadetan zuzenean ikusi ditugun irudi basati eta beldurgarriekin kolaboratzeagatik eta negozioa egiteagatik.

Jaurlaritza eta hainbat komunikabide tematuta daude Jose Antonio Jainaga euskal industriaren salbatzaile gisa aurkeztearekin. Bada, errealitatea oso bestelakoa da. EAEko Gobernuaren Industria Sailak 45 milioi euro oparituko dizkio (gutxienez) Talgo enpresa erosi ahal izateko. Jaurlaritzaren industria politiken adibide argia dugu hemen: enpresa pribatu bat diruz ureztatuko baitute, enpleguaren eta lan-baldintzen inguruko inongo bermerik eskatu gabe. Jokaldi borobila.

LABek otsailean salatu zuen tamaina horretako operazioaren aurrean langileok oso bestelako iritzia genuela: negoziazio kolektiboa blokeatuta, langileen lan-baldintzak okertzen… Hori guztia, azken bi urteetan enpresak 25 milioi euro banatu dituenean dibidenduetan. Langileen eskubideak etengabe okertzen ari dira: langileon erosahalmena eta kontziliazioa ez bermatzea enpresaren erabakia da. Denon artean sortu dugun aberastasuna gutxi batzuen artean banatu nahi dute.

Hortik gutxira jakin genuen Sidenor altzairua saltzen ari zitzaiola Israelgo enpresa militar bati. Salaketa publikoa egiteaz gain, enpresari operazio horien inguruko informazioa eskatu genion LAB, ELA eta ESK sindikatuok — oraindik jaso ez duguna. Egun gutxiren buruan, enpresak Israelekin zituen harremanak etengo zituela iragarri zuen, azalpen gehiago eman gabe.

Hau ere ez zen nahikoa izan Eusko Jaurlaritzak enpresa honekin zuen egoskorkeria gainditzeko, eta aste gutxiren buruan Industria Errotzean, berrikuntza eta kalitatezko enplegua sortzeagatik eman zitzaion saria. Genozidioarekin negozioa egin duen enpresari bati, hain zuzen. U15ean Euskal Herriko kaleak hartu genituen halako enpresak salatzeko, eta horren gutxira jakin genuen Entzutegi Nazionalak Jainaga ikertzea erabaki duela. Epaileak adierazi du, gainera, Sidenor enpresaren aurka neurririk hartu ez badu, langileek genozidioaren aurka erakutsitako jarrera irmoagatik izan dela.

Bada, oraindik ere ez da nahikoa, eta Industria Sailetik bere izena goraipatzen jarraitzen dute, inolako lotsarik gabe. Bitartean, azken egunotan, Gasteizko Sidenorren lau langile kaleratuak izan dira beren eskubideak aldarrikatzeagatik.

LABek argi dauka: euskal industria babestu nahi bada, langileen lan-baldintzak ere babestu behar dira. Eta Sidenorren ez da horrelakorik gertatzen; kontrakoa gertatzen da. Hau baldin bada ehun industrialaren salbatzailea, jai dugu. LAB bere industria-politikako proposamenean berresten da, inoiz baino gehiago, langileen parte-hartzea bermatuko duena eta horrelako enpresariei dirua oparitzea ekidingo duena. 

Prebentzio Legeak 30 urte betetzen dituen egunean, azken lan heriotza salatu dute LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde, Hiru eta CGT-LKN sindikatuek

Iruñeko Gazteluko plazan egindako mobilizazio sindikal ikusgarri batean LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde, Hiru eta CGT-LKN sindikatuek salatu dute 30 urteren ondoren enpresek ez dutela lan osasuneko araudia betetzen.¡Cada tronco que cae una vida en riesgo! Enpresen arau-hausteak azpian harrapatzen gaitu! Lelopean, joan den asteko azken lan istripu hilgarria Iruñeko erdigunean birsortzearekin batera (langile bat hilda benetako zuhaitz baten azpian harrapatuta), enpresen inpunitatea salatu dute. 

Ordezkari sindikalen arabera, “30 urteren ondoren zerbait azpimarratzerik badago, enpresariek ez dutela araudia betetzen eta inpunitate hori gobernuen utzikeri konplizearekin egiten dutela, da. Hori, langileriak ordaintzen du istripu tasa beldurgarriekin”.

Berriki Nafarroako Gobernuak argitaratu duen enpresen prebentzioa araudiaren betetzearen inguruan dagoen txosten bakarrak argi uzten du sindikatuon etengabeko salaketa zuzena dela. Izan ere, enpresen %80ak ez du prebentzio araudia betetzen, 30 urte indarrean daramatzan araudia, hain zuzen. “Soilik honela ulertu daiteke Nafarroan ematen den istripu eta laneko gaitzen tasa altua”, adierazi dute sindikatuek.

Sindikatu deitzaileen esanetan, “enpresen inpunitate hau administrazioak berak bermatu du, ahalbideratzen du. Ez da ahaztu behar Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluan UGT eta CCOO sindikatuen eta CEN patronalaren artean 1.200.000 euro banatzen dituztela urtero eta plan horietako neurri bakar bat ere ez dela enpresetan derrigortzen”.

Sindikatuek azaldu dute ere, prebentzio faltak eragindako baja guzti horiek absentismo izendatzen dituztela eta gainera langileei egozten dietela ardura. Horri gehitu behar zaio mutualitateek, iruzur eginez, lanak eragindako kalteak ez dituztela onartzen eta baja arrunt gisara izendaturik amaitzen dutela. “Osasuna urratzearen ardura enpresena da, legea betetzen ez duten enpresari horiena, eta absentismoa deitzen dioten hori beraiek eragiten dute”.

Errealitate horren adibidea da, sindikatuek salatu dute, joan zen astean bi istripu larri pairatu zituztela basogintza enpresa bereko bi langilek, Sakanan kokatutako baso batean. 32 urteko langile bat larri zaurituta helikopteroz eraman behar izan zuten. Aldiz, egun batzuk beranduago, 62 urteko langilea adar batek kolpatua hil zen.

Azken urteetan basogintzak hilkortasun tasa altuak erakutsi ditu, urtean bataz beste 2-3 langile hiltzen dira 1.000 langile duen kolektibo batetik Euskal Herrian. Sektorea eraikuntza bera baino 10-15 aldiz hilgarriagoa da. Basogintza sektorearen sakoneko prekarietatea da oinarrizko arrazoietako bat. Adibide gisara, 2018ra arte sektoreak oso langile gutxi zituen alta emanda dagokion jarduera ekonomikoaren erreferentziapean. Inspekzio kanpaina baten ondorioz bat-batean altan emandako langile kopuruak nabarmen gora egin zuen. Horrek ez du esan nahi langile kopuruak nabarmen gora egin zuenik, baizik eta lanean ziharduten langile asko altan eman zituztela legeak agintzen duen moduan. 

“Bistan da aktibitateak berak arriskuak daramatzala berarekin batera. Baina bada arrisku horiek modu esponentzialean areagotzen dituen zeharkako faktore bat, basogintza eredua, hain zuzen ere, basogintza intentsiboa”, sindikatuek gehitu dute. “Lan erritmoek, gehiegizko lanorduak, malkar handiek, tresneria ez egokiak, formakuntza faltak, etab. Horiek guztiak basogintzaren berezko arriskuak esponentzialki areagotzen ditu. Azken 4 urteetan 10 langile hil dira basoan, horietatik 8 aktibitate intentsiboan”.

Eredu intentsibotik haratago, ohiko basogintzak ere arrisku nabarmenak ditu. Bidegarritasun ekonomiko ezak eragiten ditu: lanaldi luzeak, 7:00etatik 19:00etara, larunbatetan ere lan eginez, lan erritmo intentsiboak, eta aldapa zorrotzetan makinaria zahar eta egokigabea erabiltzea. Prebentzio neurriak ez dira aplikatzen, langileak modu isolatuan lan egiten dute, ez dago prebentziozko errekurtsorik, formakuntza falta nabaria da eta, oro har, ez da laneko araudia errespetatzen.

Faktore hauek dira istripu tasa horrenbestekoa izatearen eragileak, lanaren berezko arriskuei gehigarri direnak. “Hau bereziki larria da Nafarroan, non lan hauen gehiengo zabala baso publikoetan burutzen den. Administrazioak beraz, badu zer esana eta zer egina bere basoetan ematen diren lan baldintzen inguruan”.

Sindikatuek eskatzen diote Nafarroako Gobernuari “bere esku dagoena egin dezala baso publikoetan ematen diren lan baldintzak duintzeko”. Horretarako hurrengo neurriak proposatzen dituzte:

• Administrazio ezberdinek esleitutako baso ustiapen kontratuetako pleguek jaso ditzatela lan osasun araudia betetzeko kontratu bidezko konpromisoa eta lanaren arabera ordutegiak mugatzeko neurriak, besteak beste.

• Dagokion departamentutik baliabideak jartzea, lan ikuskaritzarekin koordinaturik, baso ustiatze prozesuak kontrolatzeko, pleguen baldintzak integratuz.

• Baso ustiapenen ordutegia mugatu eta ikuskatu (fitxajea).

• Errekurtso Prebentiboaren presentzia (segurtasun lanetarako zehazki).

• Kontratazio mota ikuskatzea iruzurrik ez dagoela bermatzeko.

• Basozainentzako prestakuntza lan osasunaren arloan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren (NOPLOI) lankidetzarekin eta esku hartzearekin.

LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde, Hiru eta CGT-LKN 

Txanda bakoitzeko 2 orduko lanuzteak hasiko dituzte Añarbeko Urak enpresan

Gure mankomunitateko edateko eta hondarreko uraren araztegiak, ponpaketa-estazioak eta ur-eroanbideak mantentzeaz arduratzen diren langile eta langileak ordezkatzen dituen enpresa-batzordeak herritarrei jakinarazi nahi die hitzarmen kolektiboaren negoziazioek egoera larrian daudela GOM ANSAREO INFRAESTRUCTURAS SL aldi baterako enpresa-elkartearekin, zerbitzuaren titularra den Aguas del Añarbek azpikontratatutako enpresarekin.

Gure lana funtsezkoa da ur-hornidura segurua eta jarraitua bermatzeko. Zerbitzu publiko estrategikoa da, eta eragin zuzena du herritar guztien osasunean, ingurumenean eta bizi-kalitatean.

Erantzukizun hori gorabehera, azpikontratak gure baldintza ekonomikoak okertzea planteatzen du, pertsonala murrizten ari da, lan-karga handitzen eta familia- eta lan-kontziliazioa mugatzen. Horrek gure egoera ez ezik, herritarrek jasotzen duten zerbitzuaren kalitatea ere hondatzen du.

Hainbat bilera egin ondoren, negoziazioak erabat blokeatuta daude. Enpresak ez du langileentzako baldintza duinak bermatzen dituen alternatibarik eskaini.

Horregatik, eta elkarrizketa-bideak agortu ondoren, txanda bakoitzeko 2 orduko lanuzteak hasiko ditugu, benetako aurrerapenik ezean grebak baztertu gabe.

Adierazi nahi dugu Añarbeko Urak, enpresa kontratista nagusia den aldetik, egoera horren eta eguneroko mantentze-lanak kudeatzen dituen azpikontrata egiten ari den murrizketen berri badu. Zerbitzuaren azken arduradunak direnez, ezin dute beste aldera begiratu.

Ezin da funtsezko zerbitzurik bermatu langileak murriztuz, langileak gehiegi kargatuz eta haien baldintzak pobretuz.

UTE GOM ANSAREO INFRAESTRUCTURAS SL (AGUAS DE AÑARBE) Enpresa Batzordea

Perez Iglesias sailburua EHUren finantzazioari buruzko eztabaida nahastu nahian ari da

EHUko finantzaketaren inguruan hainbat mezu zabaldu dira azken egunetan, Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuaren adierazpenetan oinarrituta. LABen ustez, zuzenak ez diren informazio batzuk ematen ari dira, baita datu garrantzitsu batzuk ezkutatu ere. Hori dela eta, honako hauek adierazi nahi ditugu:

Urriaren 29an, LAB sindikatuaren EHUko sail sindikalak Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Batzordean egindako agerraldia eta, egun berean, EHUko errektorearen agerraldia egotea kasuala ez dela adierazi du sailburuak (“casualidades, las justas”). Horrez gain, bere blogean publikatu zuen EH Bilduk eskatu zuela agerraldia (gero informazio hori blogean gezurtatu zuen, oihartzun mediatiko handia izan ostean). Sail horren burua izanda (eta eskaera informazio publikoa izanda) jakin beharko luke LABek batzordean parte hartzeko eskaera ekainaren 9an erregistratu zuela, eta LABek ez dituela jartzen batzordearen saioaren datak. Are gehiago, sail sindikalak agerraldian aipatu zuenez, EHUn lehenengo indarra den LAB sindikatuak bilera eskatu zion sailburuari urtarrilean, bitan, eta azken horrek uko egin zion biltzeari, elkarrizketarako prestasun eza erakutsiz. 

Sailburuak bere blogeko idazkian honako hau dio: “Finantzaketa eskatzen den proposamenetako ia batek ere ez du eduki akademikorik (…), benetan garrantzitsuak diren kapituluak soldata-igoerei (100 M€) eta azpiegitura-obrei (100 M€-tik hurbil, agian) buruzkoak dira”. Irakaskuntza eta ikerketak egin behar dituzten profesionalen soldatak eta aktibitate horiek garatzeko instalazioak ez al daude lotuta akademiarekin? Akademia izate abstraktua da akaso?

Sailburuak adierazi du EHUkoak estatu mailan gehien kobratzen duten unibertsitateko langileak direla, batez beste. Estatistikek EHUn dauden prekaritate egoera asko estaltzen dituzte (Eusko Jaurlaritzak konpondu ditzakeenak, bere esku baitago soldatak ezartzen dituen 41/2008 dekretua aldatzea), baina, datu hori ontzat hartuta ere, ez al da hemengo bizitzaren kostua altuagoa? Ez al dira euskal administrazioko edo hezkuntza ez unibertsitarioko langileen soldatak altuagoak? EHUko langileok asko kobratzen dugula ematen da aditzera, mezu sinplista eta populisten bidez, jendarteak EHUko langileak pribilegiatutzat hartzeko asmoz. Errealitatea beste bat da. EHUko irakasle iraunkorrek, doktoretza titulua lortu eta bi EPE gainditu ondoren, jasotzen duten oinarrizko soldata EAEko DBH/batxillergoko irakasleena baino nabarmen baxuagoa da. EHUn jakintza arlo batzuetan irakasle berriak topatzeko gero eta zailtasun gehiago egoteak argi erakusten du lanbide hori ez dela erakargarria egresatu askorentzat.

Sailburuak adierazi du EHUrako ekarpena inoizko altuena dela. Horrela bada ere, gogoratu behar da euskal ogasunek 2025ean bildutako diru kopuruak ere errekorra hautsi duela, Hezkuntza Sailerako aurkeztutako aurrekontua inoizko altuena dela, eta baita Etxebizitza, Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuna eta Segurtasun Sailakoak ere (igoeraren zati handi bat ertzainen soldatak igotzeko izango da). Bestalde, aipatu behar da Perez Iglesias errektorea izan zen urteetan Eusko Jaurlaritzak EHUri egindako ekarpena oraingoa baino %2,61 altuagoa izan zela (% 2,86-3,05). 

Sailburuak aipatu du EHU munduko 400 unibertsitate onenen artean dagoela, eta munduko ikertzaile aipatuenen % 2ren artean EHUkoen kopurua handitu dela, EHU paralisira ezin dela heldu irudikatzeko. Biologoa den heinean, jakin beharko luke izaki bizidun gehienek, kontrako egoeretan egonda, ingurunera moldatzeko berebiziko gaitasuna dutela, bizirik jarraitzeko eta beren funtzioak betetzen jarraitzeko. EHUn antzeko zerbait gertatzen da. EHU ez dago hilzorian, baina lortzen ari diren emaitzak, ikerketan, formazioan eta transferentzian, langile askoren esfortzuan eta bokazioan oinarritzen dira, eta, maiz, ordaindu gabeko aparteko orduetan. Nahiz eta oinarrizko soldatak baxuak izan, osagarriak izoztuta mantendu eta deialdiak apropos atzeratu, promozioa mugatu, aldi baterako kolektiboei osagarri batzuk ukatzen saiatu, arduraldi partzialeko ordezko irakasleei aktibitate akademiko batzuk ez ordaindu… 

Langile askok adorez egiten dute lan, ikasleekiko eta jendartearekiko duten arduraren jakitun. Horregatik, baliabideen falta tartean, emaitza onak erakusten ditu EHUk. Hala ere, horrek ez du esan nahi, inola ere, bere osasuna ona denik. Behar duen arreta jasotzekotan, bere osasuna askoz hobea izango litzateke, eta euskal jendarteari eta ezagutza munduari emango liokeen zerbitzua eta ekarpena askoz handiagoa izango litzateke. 

Gizarte Integraziorako Teknikarien LEParen epaia: euskara berriro jopuntuan

Beste behin ere, epaitegiek euskara kolokan jarri dute. Oraingoan, Bizkaiko GUFEko Gizarte Integratzaile Teknikarien LEPan. Zenbait ahots oraindik ere euskara oztopo gisa aurkezten saiatzen dira, baina guk argi daukagu: euskara ez da pribilegioa, eskubidea da.

Prozesu honetan, LAB izan gara euskara defendatzeko personatu den sindikatu bakarra. Euskara defendatzea da langileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak defendatzea.

Eta orain galdera argiak dira: GUFEk helegitea jarriko al du edo beste alde batera begiratuko du? Bizkaiko Foru Aldundiak euskara benetan defendatuko al du, ala isiltasun konplizeetan eta aitzakia teknikoetan ezkutatzen jarraituko du? Noiz arte onartuko da euskara arazo gisa tratatzea, justizia sozialaren tresna izan beharrean?

Diskurtso hutsalez nazkatuta gaude. Benetan euskara babestuko duen legeria behar dugu: LEPetan, lanpostuetan eta herritarren arretan euskararen presentzia bermatuko duena.

Euskararen etorkizuna ezin da borondate politiko aldakorren menpe egon: babesa, konpromisoa eta ausardia behar ditu. 

Eusko Jaurlaritzak negoziazio mahaiak inposizioaren irudia garbitzeko erabiltzen ditu

Eusko Jaurlaritzak Mahai Orokorrean ordezkatuta dauden sindikatuei gai zerrendarik gabeko bilera egutegi huts baten proposamena bidali die.

LABek, beste behin, salatu du Jaurlaritza honek ere ez duela negoziatzeko borondaterik, eta langile publikooi eragiten dien neurri guztiak alde bakarrez inposatzen dituela, edota, kasu batzuetan, gutxiengoaren sinadurekin. Horrek negoziazio kolektiboaren logika eta etika guztien kontra jotzen du, aurrez aurre.

Kontua da, hain zuzen ere, administrazio publikoak, legez, «borondate onez negoziatzera» behartuta daudela soilik, baina lan baldintzak ezartzeko ez dutela zertan sindikatuokin akordiorik erdietsi.

Jaurlaritzak beti heldu izan dio irizpide honi, eta Mahai Orokorraren bilerak inposatuko dituen neurriak publikoki iragartzeko erabiltzen dituela soilik, negoziazio luzeen ondorioz hartutako erabakiak bailiran. Egutegi hutsal honen proposamenarekin Mahai Orokorraren argazkia argiago ikusten da: edukirik gabeko bilera dinamikak soilik propaganda instituzionalerako tramite hutsa direla.

LABek argi du, Jaurlaritzarekin akordiorik egon denean, grebei eta mobilizazioei esker lortu izan dela. Gainera, akordio horiek betearazteko ere, langileok aktibatuta jarraitu behar dugu, eta borrokan jarraituko dugu.