2025-12-18
Blog Page 10

Lan ikuskaritzak zigor oso larria igorri dio Gasteizko Udalari, Gasteizko lorezainen grebarako eskubidea urratzeagatik

Olarizuko egunaren bezperan, greban zeuden ENVISEReko langileak ohartu ziren traktore bat belarra zapaltzen ari zela zelai horietan, udaltzaingoaren bi patruilek lagunduta.

Bertaratutakoek emandako alarma-ahotsari esker, LAB sindikatuak Lan Ikuskaritzako probintzia-ordezkaritzara deitu zuen gertatzen ari zena salatzeko eta ikuskatzaile bat berehala bertaratu zedin eskatzeko, grebalariak ordezkatzen ari zirela uste baikenuen.

Traktoreak soropila zapaltzen jarraitzen zuen bitartean, lan-ikuskatzaile bat bertaratu zen, eta hark, kautelazko neurri bezala, traktorera igotako bi langile egiten ari ziren jarduera geldiarazteko agindu zuen.

Bada, duela egun gutxi ikuskapen-jardunaren ebazpena jaso dugu, eta hau ezin da irmoagoa izan. Lan Ikuskaritzak egiaztatu duenez, Vitoria-Gasteizko Udalak bi langile kontratatu zituen eta traktore bat alokatu zuen Espazio Publiko, Auzo eta Landa Eremuko zuzendari nagusiaren bitartez. Hala, langile horiek ordeztuz ENVISEReko langileek greba egiteko duten oinarrizko eskubidea ez zuen bete, eta, beraz, lan-harremanen arloko hainbat lege eta araudi urratu zituen.

Horregatik, Lan Ikuskaritzak OSO LARRITZAT jo du Gasteizko Udalak egindako arau-hauste hori. Arau-hauste horrek, Lan Arloko Arau-hausteei eta Zehapenei buruzko Legearen arabera, Udalari 7.501 € eta 225.018 € arteko zehapen ekonomikoa ekar diezaioke.

Gertaera larri horrek agerian uzten du, Beatriz Artolazabal zinegotziak zuzentzen duen Espazio Publikoaren Sailak gatazka osoan erakutsi zuen ezintasun politikoa eta arduragabekeria. Alternatibak eta elkar ulertzeko formulak bilatu beharrean, enpresaren alde jarri zen, plantillaren borondatea makurrarazteko eta amore emateko asmo bakarrarekin.

Ezarritako zerbitzu minimo bidegabeak eta Olarizuko traktorearen gertaeraren gisako maniobra lotsagarriak gorabehera, plantillak ez zuen amore eman; sinesten zuen guztiaren aldeko borrokari eutsi zion, eta azkenean urriaren hasieran Hitzarmen propioa lortu zuen, hobekuntza izugarriekin, eta are garrantzitsuagoa dena: negoziazio kolektiboa Euskal Herrira ekartzea.

Ebazpen honen ondoren, ESK eta LAB sindikatuen ustez, Gasteizko Udala bezalako agintari publiko baten jokabide hori benetako mespretxua suposatzen du bai ENVISEReko langileekiko, bai azken batean delitu-egitate larri horien biktima direnekiko: alegia herritarrentzat.

Horregatik, ESK eta LAB sindikatuetatik eskatzen dugu Lan Ikuskaritzak zigortu duen grebarako eskubidea urratzearen eta grebalariak ordeztearen ardura duen zinegotziak adierazpen bat publiko egin dezala, bere sailak egindako akats larria onar dezan, eta barkamena eskatzeko bai plantillari bai herritarrei oro har eragindako kalteagatik. Bestela, berriro ere bere gaitasunik eza frogatuko luke eta, ondorioz, bere kargua utzi beharko luke, bere jarduera arduragabeak dirua balio baitie gasteiztar guztiei; eta horregatik, ez luke beste minutu batez ere karguan jarraitu beharko.

Sindikatu biak, gainera, enpresak zigorgabetasunik gabe jokatzen jarraitzen duela kezkaz ikusten ari gara; duela aste batzuk inolako justifikaziorik gabe grebalari bat kaleratu zuen, gure lankide den Juan hain zuzen. Bere lanpostuan berronartzea eskatzen dugu; bestela, grebaren ondoren lan-harremanak normalizatu nahi ez dituztela dirudien enpresa bat eta udal bat salatzeko kalera ateratzera behartuta ikusiko gara berriro.

Greban zehar esaten genuen, eta gaur are ozenago esaten dugu: modu basatian eraso zaio greba eskubideari, eta adibide honek Gasteizko Udalari gogoeta eginarazi beharko lioke eta bere politikak aldaraztea.

ESK-LAB

LABek BetiOn telelaguntza zerbitzuaren publifikazioa eskatu du Eusko Legebiltzarrean

BetiOn telelaguntza publikoaren zerbitzuko LABeko ordezkariek, enpresa-batzordeko gainerako kideekin batera, langileek bizi duten egoera azaldu dute Eusko Legebiltzarreko Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Batzordean.

Egindako hitzaldian, azken hilabeteetan hiru langilek jasan dituzten erasoak gogorarazi dituzte, eta Giza Baliabideen Departamenduko lankide baten kaleratzea salatu dute, zerbitzuaren kudeaketa pribatuaren ondorioz funtzio batzuk Madrilera deslokalizatu direlako izan diren kaleratzeak.

LABeko ordezkariek langile faltari ere erreparatu diote: gaur egun, 117 langilek 80.000 pertsona erabiltzaile baino gehiago artatzen dituzte. Hau da, langile bakoitzeko 709 erabiltzaileko ratioa dago, Espainiako Estatuko beste telelaguntza publiko batzuen bikoitza. Egoera horrek kontratuaren pleguetan jasotako baldintzak ez betetzea dakar, deien arreta atzeratzea, erabiltzaileen jarraipen falta eta akats teknikoen pilaketa eraginez; gainera, estresa, lan-karga gehiegizkoa eta bajen igoera handitu dira, eta dagoeneko %20ra iritsi dira.

Horregatik guztiagatik, LABek Eusko Legebiltzarrari eskatu dio plegu guztiak bete daitezela, langile eta baliabide tekniko gehiago kontrata daitezela, deslokalizazio bidezko kaleratzeak eten daitezela, gizarte-langileen aitortza profesionala bermatu dadila, erasoen aurkako protokolo eraginkor bat ezar dadila eta, neurri giltzarri gisa, BetiOnen publifikazioa gauzatu dadila, kalitatezko zerbitzua eta lan-baldintza duinak bermatzeko.

Noel d’Anjou Ogasun Sailburuak Confebasken neurrira egindako aurrekontuak defendatu ditu Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean

Noel d’Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun Sailburuak EGAB Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetako Batzordean gaur egin duen agerraldia baliatu du Pradalesek Confebasken neurrira egin dituen aurrekontuak azaltzeko. Alabaina, LABek salatu du sailburuak hurrengoa ezkutatu duela:

Jaurlaritza, zerga erreformari uko egin eta gero, 1000 milioi eurotan zorpetu da, eta diru hori patronalari mesede egiteko baliatzen ari da; azken adibidea, dirua zuzenean Talgora bideratzea.

Aurreko urteko aurrekontuekiko diru igoera dagoela esaten badu ere, alderaketa hori iruzurtia da; izan ere, aurrekontuak ez dira igo BPG hazi den gisan.

Gogora dezagun 1.000 milioi euroko zorpetzea kapital errentei presio fiskala igotzeari uko egin ondoren gauzatu dutela. Hortaz, hurrengo urtean langileok interesak ordaindu beharko ditugu Confebaski injektaturiko dirua ordaintzeko. Guztiz injustua den diru-bilketaren ondorioa da hau, langileon ekarpenetan oinarritzen dena eta ez kapital errenten ekarpenetan.

Euskal Herrian bertan baditugu erreforma fiskalarekin hasitako adibideak. Nafarroan gobernuak eta EH Bilduk adostutako aldaketa fiskalak progresibitatea indartzeko balio du. EAEn, ordea, kontrako norabidean ari direla adierazi dio LABek sailburuari: bankuek zergarik ez ordaintzeko neurriak hartu dituzte, langileak babesteko baldintzarik ez duten onura fiskalak eman dizkiete, eta ez dute progresibitatean sakondu.

Hortaz, LABek salatu du Confebasken neurrira egindako aurrekontuak direla, hiru eskaera nagusi egin baititu Confebaskek eta Pradalesek azken asteotako erabakiekin (gutxieneko soldataz nahiz pentsioaz eztabaidatzeari ezetz esan eta gero) hiruei egin die men: bat, enpresarientzat zerga baxuak; bi, langileentzat soldata baxuak eta hiru, diru publikoa negozioa egiteko bideratzea, izan nagusiki langileon errentekin ordainduko den zorpetzea enpresen errentagarritasuna bermatzeko erabiliz (Talgo horren adibide) edota zerbitzu publikoen pribatizazioaren bidez, enpresek Osakidetzaren edota zaintzaren kontura negozio egiten jarraitzeko.

Pradalesek Urkulluren Gobernuarekiko distantzia irudikatu nahi izan du baina azkenean ildo bera hartu du, bai formari dagokionez, baita funtsari dagokionez ere. Formari dagokionez, gutxieneko soldataz eta pentsioaz eztabaidatzeari ezezkoa eman dio Jaurlaritzak, kasik 300.000 herritarren babesa zuten bi herri ekimen legegileri muzin eginez; osasun mahaian muzin egin die sindikatuok egindako publifikazio eskaerei; eta aurrekontuetan ez dira aintzat hartuak izan azken hilabeteetako eskaera sozialak. Funtsari dagokionez, politika neoliberalei eutsi die Pradalesek, bai aurrekontu politikan baita osasungintza edota zaintza bezalako eremuetan.

Bukatzeko, LABek Ogasun sailburuaren agerraldia probestu du erreforma fiskalaren beharra azpimarratzeko eta EAEko aurrekontuei begira gure lehentasunak diren hurrengo eskaerak helarazteko: 

  • Gutxieneko pentsioa gutxieneko soldataraino osagarritzeko 310 milioiko diru partida.
  • Jaurlaritzaren menpeko langile guztiek, zuzenak zein azpikontratatuak, bizitzaren garestitzearen dinamika betean, 1.600 euroko gutxieneko soldata jasotzeko partida sortzea (Osakidetzako zerbitzuetako langileen artean zelariak zein administrari laguntzaileak, Jaurlaritzako “Laguntzako Langileen Talde Profesionala” zein Enplegu Zentro Berezietako langile guztien %70 baino gehiago —esaterako, Katea Legaiako, Gureak Laneaneko, Lantegi Batuakeko, Ilunion Lavanderia Euskaldunako edota Centro de Ayuda Especialeko langileak—). 
  • Etxeko langileen kontratazioaren jarraipenerako, jardunaldiaren erregistrorako eta lan osasuneko neurrien kontrolerako ikuskaritza eta kontrol publikorako unitate espezifikoa sortzeko diru partida. 
  • Enplegu Zentro Berezietako langileen sektoreko lehen lan hitzarmenerako diru partida.
  • Telelaguntza zerbitzua publifikatzeko diru partida. 
  • Gizarte zerbitzuen legearen baitako zaintza zerbitzuetan azpikontrataturiko langileen ratioak bateratzeko eta hobetzeko finantzazioa. 
  • Osasun sistema publikoa indartzeko finantzazioa, lehen mailako arretara eta publifikazioak egitera bideratua, eta ez pribatizaziora. Horrez gain, behin-behinekotasuna jaisteko salbuespenezko egonkortze neurrietarako finantzazioa, ezkutuan dauden 7000 lanpostu estrukturalak sortu eta langileak egonkortzekoa, plantilla dimentsionatzekoa, mediku-erizain ratioak gutxitzekoa eta zerbitzu-zorroa baliabide publiko eta propioekin zabaltzekoa. 
  • Osasun mentaleko zerbitzua publikotik indartzeko baliabide gehigarrietarako eta Osasun Mentaleko Sarea egituratu eta publifikatzeko finantzazioa. 
  • Anbulantziak publifikatzeko planerako eta zerbitzurako behar den diru partida. 
  • Eskola publikoa eta Haurreskolak Partzuergo Publikoa sistemaren ardatz izateko inbertsioaren gehikuntza. Azpiegituretan inpaktuzko inbertsioa behar da, eta lan hitzarmenak betetzeko eta garatzeko finantzazio nahikoa behar da: zerbitzuetako langileen ratioak betetzeko, plantillak esleitzeko irizpideen ondoriozko lanpostu eta neurri berriak ezartzeko haurreskoletan eta heziketa berezian; eta irakasle funtzionarioen kolektiboan ordu lektiboaren jaitsieraren ondoriozko konpentsazioak sortu ditzakeen lanpostu berrien sorkuntzarako. 
  • Ikastoletako langileak eta Gizarte Ekimenekoen soldatak langile publikoenekin 2027rako ekiparatzeko, urte honi dagokion finantzazioa. 
  • Hezkuntzan azpikontrataturik dauden eremuetan publifikazio planak egiteko diru partida (jangela, garbiketa eta garraioa). 
  • Trantsizio ekosozialean eragin asmoz, krisian dauden enpresetan edota langile batzordeen eskariz eraldaketa produktiboa gauzatzeko, erosketa publikoa gauzatzeko funtsa. 
  • EAEn babes publikoa galdu eta merkatu pribatuan sartuko diren etxebizitzak lehentasunez erosteko eskubidearen bidez erosteko funts berezia. 

LABek hezkuntza publikoan lortutako lan hitzarmenak betetzeko eta garatzeko exijitu dio Hezkuntza Sailari

LABek elkarretaratzea egin du Bizkaiko Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzan, pasa den ikasturtean irakaskuntza publikoan sinatu zituen lau hitzarmenenak balioan jarri eta Hezkuntza Sailari bete eta garatu ditzan exijitzeko.

LABek akordio garrantzitsuak erdietsi zituen iazko ikasturtean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako unibertsitateaz kanpoko hezkuntza publikoan aritzen diren zerbitzuetako langileen, heziketa bereziko hezitzaileen, irakasleen eta Haurreskolak Partzuergoko kolektiboetan. Urteetan egindako lanari, mobilizazioei eta grebei esker lortu ziren akordiook. 30.000 langile baino gehiagoren lan baldintzak hobetzea ahalbidetu zuten, eta sektore osoan aurrerapauso nabarmenak ekarri zituzten.

Hala ere, LABek adierazia duenez, Hezkuntza Sailak ez ditu konpromiso horiek behar bezala bete, ez du akordioak garatzeko urrats errealik egin, eta, hainbat kasutan, sinatutako hitzarmenak ez ditu osotasunean bete. 

Zerbitzuetako langileen kasuan, 2025eko apirilean, 16 urteren ondoren, hitzarmena adostea lortu zen. Saileko lan baldintza prekarioenak eta kolektibo feminizatuena izanik; besteak beste, lanaldiak jaisteaz gain, administrazioan dauden langileekin kategoriak eta soldatak ekiparatzea lortu zen, kategoriak berriak sortu ziren eta ratioak jaitsi. Hala ere, Hezkuntza Sailak ez du akordioa bete: sukaldeetako ratioak eta garbiketako metro jaitsierak ez dira gauzatu. Horrez gain, hitzarmenaren garapena geldirik dago. Are gehiago, 2023ko lanpostuak sortzeko mekanismoa adosteko sinatutako akordiotik eratorri diren 15 lanpostu sortzeko lanpostuen zerrenda modifikatzeko dekretuan, fusionatu diren zentroetarako zeuden bi lanpostu amortizatu ditu Hezkuntza Sailak, eta hirugarren bat beste zentro batean sortzeko erabili du, lan hitzarmena eta akordioa bera urratuz.

Heziketa bereziko hezitzaileentzat, 20 urteren ondoren aurrerapauso garrantzitsuak jasotzen dituen akordioa erdietsi zen 2024ko abenduan, lan baldintzak hobetuz eta hezitzaileen soldata Haurreskolak Partzuergoko hezitzaileen soldatarekin ekiparatuz, dagokien aitortza lortuz. Hezkuntza Sailak ez du negoziazio errealik ireki adosteke dituen plantillak esleitzeko irizpideei dagokionez, LABek proposamen zehatzak aurkeztu dituen arren. Are gehiago, sailak alde bakarreko irizpideak aplikatu ditu esleipenetan eta ordezkapenak betetzeko garaian zailtasunei aurre egiteko, eta LABetik proposatutakoak onartzeko gaitasun falta erakusten ari da, ez baitu aurrerapausurik egiten konponbideetako bat izan daitekeen jardun erdian dauden 400 baino gehiago lanpostu osora pasatzeko plana adosteko. 

Haurreskolak Partzuergoko langileen kasuan, otsailean lan hitzamena sinatu zen 16 urteren ondoren. Besteren artean, honako hauek sinatu ziren: lan orduen jaitsiera, kudeaketa alorreko soldatak administraziokoekin ekiparatzea, arreta zuzeneko denboraren murrizketa… Hezkuntza Sailaren inplikazioa eskasa ari da izaten plantillak esleitzeko irizpideen negoziazioan. Hori dela eta, hainbat eta hainbat hezitzailek ezin dute hitzartu zen eguneko lanaldia egin. Haurrekin 6 orduko arreta zuzena hitzartuta badago ere, denbora hori gainditzen da pertsonal faltagatik. Era berean, 2024an sinatutako akordioa ere ez da behar bezala betetzen ari. Sortu behar diren 63 lanpostuk sortu gabe jarraitzen dute momentuz, eta 63 urteko langileen jardunaldi murrizketaren gainean —heren bateko murrizketa— interpretazio interesatua egiten ari da. LABek bi akordio horiek judizializatu behar izan ditu. 

Irakasleen kasuan, maiatzean sinatutako akordioak 15 urteren ondoren lan baldintzak nabarmen hobetzea eta hezkuntza kalitatean urrats garrantzitsuak egitea ekarri zuen. Lan orduak murriztu, soldata igo eta lan kargak arintzeaz gain, baliabidez hornitzea lortu zen. Herri gisa ditugun erronkei erantzungo dieten eta LABentzat estrategikoak diren baliabideak lortu ziren: euskalduntzeari eta aniztasunari erantzuteko eta sindikatuak ezinbestekotzat zituenak. Irailetik hitzarmena aplikatzen ari bada ere, oraindik orain Hezkuntza Sailak ez du hitzarmena bere osotasunean bete. Izan ere, etapa bakoitzean aurreikusitako ordu jaitsieretatik sortu beharreko lanpostuak ez dira txertatu. Are gehiago, hainbat ikastetxetan ez dira ordu murrizketak eta Hedatze programa orduen barruan aplikatu. Ondorioz, hainbat eta hainbat irakasle behar baino ordu gehiago ari da egiten, eta, beste batzuetan, ikastetxeko orduekin baliabide falta hori konpentsatzera behartu dituzte.

LABek adierazi duenez, akordioei esker hezkuntza kalitatean eta lan baldintzetan urrats garrantzitsuak egin dira, baina Hezkuntza Sailari dagokio adostutakoa bere osotasunean betetzea eta garatzea. Bestalde, hezkuntza publikoan inbertsio handiagoa egiteko eskatu dio, azpiegituretan eta baliabideetan gabeziak konpontzeko. Europako estandarretan kokatuko gaituen BPGren %6ko inbertsioa egin behar du.

LABek, beraz, lanean jarraituko du langileekin batera hezkuntza publikoa indartzeko helburuz. Zentzu horretan, asanbladak deitzen jarraituko du afiliatuekin, baita zentroetan ere. Era berean, bide mobilizatzailea zein juridikoa aktibatuko ditu. Zentzu horretan, gainontzeko sindikatuei dei egin die elkarlanean aritzeko. Bestalde, Hezkuntza Sailari erabakiak hartzeko aldebakartasuna, itxurakeriak eta ez betetzeak baztertzeko eskaera egin dio LABek, eta, negoziazio mahaiak deitzeaz gain, edukiz bete eta adostutakoa garatu dezan exijitu. 

ELA eta LABek ez dute parte hartuko Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak deituriko bilera errondan, azaroaren 17an

Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten bi alderdiek gutxieneko soldata propioaren aldeko herri ekimen legegileari Eusko Legebiltzarrean emaniko ezetzaren ostean dator erabakia

ELA eta LAB sindikatuek jakinarazi dute ez dutela parte hartuko Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak deitutako bilera errondan, datorren azaroaren 17an. Bi sindikatuek erabaki hori hartu dute EAJk eta PSEk Eusko Legebiltzarrean gutxieneko soldata propioaren aldeko Herri Ekimen Legegilearen (HEL) aurka bozkatu ondoren. 

Eusko Legebiltzarraren gehiengoak langileen eta demokraziaren aurka bozkatu du. Denbora laburrean HEL baten aurka egiten duten bigarren aldia da; herritarrek politika publikoetan eragiteko duten tresna blokeatu dute; pentsiodunena lehenik, eta gutxieneko soldatarena ondoren. 138.495 sinadurari ezezkoa eman eta patronalaren interesen aldeko erabakia hartu dute, Eusko Jaurlaritza osatzen duten EAJ eta PSEren botoekin.

EAJk eta PSEk gutxieneko soldata propio baten aldekoak direla esaten dute, Euskal Autonomia Erkidegoko langileek bertako errealitate sozioekonomikoaren araberako soldatak behar dituztela. Hala ere, euren ekintzek kontrakoa erakusten dute: patronalarekin lerratu dira, Confebasken aginduei men eginez. Badakite herri ekimen legegileari atea ixteak gutxieneko soldata propioa lortzeko bi bideak blokeatzen dituela.

ELA eta LABen ustez, Eusko Jaurlaritzak ez du benetako elkarrizketan sinesten. Benetan sinetsiko balu, eztabaidari legebiltzarrean bide eman eta bakoitzak bere posizioa defendatzeko aukera ziurtatuko luke. Horren ordez, eztabaidari atea itxi diote. Eta orain, sindikatu eta patronalekin elkarrizketa “bultzatu” nahi dutela diote bilera erronda honen bidez. Bi sindikatuen iritziz, hori aurpegia zuritzeko ariketa da. Legebiltzarrean eztabaidari atea itxi diotenek ezin dute orain elkarrizketa irudikatu.

Horregatik, ELA eta LAB ez dira izango fikzioa irudikatzeko erronda horretan. Eztabaidari Confebaskek itxi dio atea lehenik, eta Jaurlaritzak ondoren. Bi aldeei jarrera aldatzeko eskatzen diegu, langileen eskaerak mahai gainean jartzeko borondate politikoa erakusteko. Eta, zehazki, Imanol Pradales lehendakariari eta Mikel Torres lehendakariordeari eskatzen diegu jarrera aldatu eta gutxieneko soldata propioaren defentsa egin dezatela, eta egin diezaiotela interpelazio zuzena patronalari, hark ere posizioa mugitu dezan.

ELAk eta LABek lanean jarraituko dute gutxieneko soldata propioaren alde posizioak mugiarazteko helburuz:

  • Batetik, mobilizazioak indartuz, azaroaren 12an egin bezala.
  • Bestetik, mahai negoziatzailearen defentsan, epaitegien bidea ere arakatuz, patronalak negoziatzeko duen betebeharra betearazteko. Zentzu horretan, datorren astean Confebasken aurkako demanda aurkeztuko dute, mahai negoziatzailea eratzeari uko egin izanagatik. 

EUDEL elkarteari seriotasuna exijitzen diogu, UDALHITZ berria benetan negoziatu nahi badu

15 urteren buruan, EUDELi eskatzen diogu udal langileekiko arduraz eta begirunez joka dezala. Izan ere, bada sasoia Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udal erakundeetan ezinbesteko erreferentzia dugun UDALHITZen edukiak berritzeko.

Azaroaren 7an UDALHITZen mahai negoziatzailearen 5. bilera izan genuen, baina, EUDEL erakundearen utzikeriaren ondorioz, hasiera-hasieratik agerian geratu zen oinarri sendorik gabeko mahai baten inguruan eseriko garela, EAJk (presidentetza dagokio) negoziazioa oztopatzeari utzi, eta elkarrizketa dinamizatzeari heltzen ez badio. Denbora gehiegi galdu dugu dagoeneko, eta LABek ez du horrelakorik onartuko. 

Azaroaren 7an UDALHITZen hainbat gai nagusi jorratzea zegokigun: besteak beste, euskararen normalizazioa eta lege-babesa. EAJk (alderdi honi dagokio negoziazio-mahaiaren lehendakaritza) ez zuen proposamenik aurkeztu; EH BILDUk, ordea, udal erakundeetan euskara eta gaztelania benetan parekatzeko, hau da, maila berean jartzeko ekimena azaldu zuen.

Bestetik, errelebo-kontratuari dagokionez, EAJk eragindako blokeoa gainditzeko (sindikatuok irailaren 26ko bileran eskatu genuen elkartearen posizioa argitzea), EH BILDU eta PSEren proposamenaren berri izan genuen. LABek positibotzat joko luke EUDELek erretiro partzialak gauzatzeko irizpideak eta argibideak helaraztea Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalei; izan ere, txanda-kontraturako eskubidea sistematikoki urratua izaten ari da. 

Amaitzeko, lehengo asteko bileran, EUDELek lau sindikatuoi (ELA, LAB, CCOO eta UGT) UDALHITZ berrirako akordio-zirriborro integral bakarra igortzeko konpromisoa adierazi zuen, baina, tamalez, LABek hala eskatu arren, ez zuen eperik zehaztu.

LABek argi du UDALHITZ ezinbesteko erreferentzia-markoa dela EAEko toki-administrazioan. Hori dela-eta, LABek arduraz eta irmotasunez heldu zion negoziaketari. Horrela jarraitu nahiko genuke, beti ere mahai gainean eduki errealak badaude, eta ganoraz lantzen baldin badira.

LABentzat, besteak beste, toki-administrazioko negoziazio-marko propioaren aitortza, pribatizazioen aurkako borroka, gazteberritze-planak, eros-ahalmenaren defentsa, eta hizkuntza-normalizazioa ezinbestean jorratu beharreko ildoak dira.

Eta, zerbitzu publikoak sendotu eta langileon eskubideak bermatuko dituen UDALHITZ berria lortzeko asmoz, mobilizazio dinamikak sustatuko ditugu sektore osoan. 

LAB-ek Arabako zurgintza industriaren hitzarmenaren aurre akordioa sinatu du

KPI-aren gaineko igoerak eta lanaldi jaitsiera jasotzen ditu akordio berriari argi berdea eman diogu.

Gaur, azaroak 12an, LAB-ek Arabako Zurgintzaren hitzarmenaren aurreakordioa sinatu dugu. Horrela, ia bi urtez luzatu den negoziazioari amaiera ematen zaio, eta sektoreko langileek beren lan harremanak arautzen dituen hitzarmena izango dute.

Gogoratu behar da aurreko hitzarmena, 2021-2023 urteen bitartekoak, KPIaren berrikuspen klausulari esker, 2024 hasieran %10.8-ko taulen eguneraketa izan zuela, bertan 2023ko KPI jasotzen zuelarik. Akordio berriak, 2025-2027 urteko iraunaldia izango duenak, hurrengo edukiak jasotzen ditu: KPI-aren gaineko igoerak; lanaldi jaitsiera (2008tik ukitu gabea zegoena); lan kontingentzietako osagarrien hobekuntzak; gaixo onkologikoak tratamendura laguntzeko baimen berri bat, eta abar. Gainera, eta herri honetan jaso diren ia 140.000 sinadurei erantzunda, sektoreko soldata minimoa 21.000€tan ezarri da. Atzera pausu bakar bat ere eman gabe.

Akordio hau lortzeko ezinbestekoa izan da 2024 udazkenean LAB-en aburuz hasitako sinadura bilketa sektorean. Blokeatuta zegoen hitzarmenari aterabidea emateko, Intersindikalak enpresaz enpresa sinadurak bildu genituen. Horrela, momentu hartan eskatzen zena bete dugu: eros ahalmena bermatzea eta jardunaldia jaistea.

LAB-etik uste dugu asko duela oraindik hitzarmenak hobetzeko. Aldi berean, ia hamarkada batez desagertuta egon zen hitzarmena dela kontuan izanda, giltza garenetik aurrera pausu nabarmena izan ditu. LABek sinatu dituen bi hitzarmenak kontuan hartuta taulak %25 igoko dira gutxienez, eta hamarkadetan ukituak izan ez diren arloak hobetu dira, eskubide bakar bat galdu gabe. 

Azkenik, sektoreko langileak zoriondu nahi ditu LAB-ek. Gogoratu nahi dugu ere langileen aktibazio eta borrokarik gabe ezinezkoa izango dela eduki duinak jasotzen dituen hitzarmenak lortzea. 

Aniztasun funtzionaleko eta helduen egoitzen sektoreen bigarren mobilizazioa, patronalen eta Nafarroako Gobernuaren gelditasunaren aurrean

Aniztasun funtzionaleko eta zahar egoitzen sektoreetako langileek elkarretaratzea egin dute gaur Nafarroako Parlamentuaren aurrean, LAB sindikatuak deitutako beste mobilizazio batean, lan-hitzarmenen negoziazioan aurrerapenak egitea eta lan-baldintzak hobetzea eskatzeko.

Bigarren mobilizazio honek urriaren 29ko elkarretaratzearen aldarrikapenei eusten die, denbora honetan ez baita negoziazioan aurrerapausorik egin. Ez patronalek ez Nafarroako Gobernuak ez dute bilerarik deitu sektoreen eskaerei heltzeko.

Sektoreko langileek salatu dutenez, nahiz eta haien lana funtsezkoa izan pertsona ahulenei arreta emateko, enpresen jarrera tematiak lan-baldintzen hobekuntza ekiditen du, eta horrek erosahalmena galtzea ekarri du zenbait kasutan.

Gainera, Nafarroako Gobernuari bere erantzukizuna bere gain hartzeko eskatu diote. Salatzen dute enpresa horiek diru publikoarekin finantzatzen diren arren, ez dela bermatzen laguntza horiek langileentzat hobekuntzak dakartzatenik, eta agerian uzten dute enpresen onurak zainketa-sistemari eusten dioten langileen ongizatearen gainetik daudela.

Elkarretaratzean mezu sendoa helarazi dute: “Nahikoa da, langile publikoak gara!”, azpimarratuz ematen dituzten zerbitzuak diru publikoarekin finantzatzen direla eta langile publikoen lan-baldintza duinak eta parekoak izan behar dituztela.

EAJ eta PSEren dekadentzian beste mugarri bat: bizkarra eman diote gutxieneko soldata propioaren aldeko ekimenari; bizkarra 140.000 herritarri

Gutxieneko soldata propioaren aldeko borrokari eutsiko dio LABek, bai maila orokorrean eta baita sektore eta enpresa bakoitzean ere.

Gaurkoa egun historikoa izango zen, Eusko Legebiltzarrak gutxieneko soldata propioaren eztabaida instituzionalari bide eman izan balio. Ez da horrela izan: PSEk eta EAJk ezezkoa eman dio ia 140.000 herritarrek babestutako eskariari, eta hala, demokrazioaren aurkako bidegabekeria gauzatu da. Eusko Legebiltzarraren gehiengoak bizkar eman die langileei eta demokraziari. Aurretik gauza bera egin zuten pentsioak osagarritzeko pentsiodunen mugimenduak aurkeztutako HELarekin ere. Biak izan dira erabaki politikoak, argudio juridio edo teknikoekin jantzi nahi izan badituzte ere. Jarrera antisozial horrekin EAJren eta PSEren dekadentzia agerian geratu da.

Euskal gehiengo sindikaleko ordezkariek parte hartu dute eztabaidan, eta han izan da Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra. Langile eta kapitalaren arteko arrakalak handitzeko politikak egitea leporatu die Aranburuk, eta ohartarazi du politikagintza horrek balore erreakzionarioak, neomatxismoa, xenofobia edo homofobia elikatzen eta indartzen” laguntzen duela: “Argudio hipokritak baliatu dituzte milaka langileen soldatak duintzearen aurka egiteko, eta horrek dakar arrakala matxista eta arrazistetan sakontzea”.

Gutxieneko soldata propioaren alde ildo bikoitza ari da lantzen gehiengo sindikala, HELarena bata eta patronalaren negoziazio mahaia sustatzea, bestea. Hipokrita da ere gobernuak esatea patronalaren eta sindikatuen artean negoziatu behar dela, Confebaskek negoziazioari ezezkoa eman eta hura babestu duenean, presionatzeko ezer egin gabe.

Era berean, LABek hipokritatzat jotzen du EAJk gutxieneko soldata propioaren auzia estatus politikoa eguneratzeko eztabaidarekin lotu nahi izatea, “noiz eta 40 urtean autogobernuan sakondu Autonomia Estatutuan gutxieneko soldata propioaren eskumena bere gain hartzeko inolako borondaterik azaldu ez duenean”. Zentzu horretan, LABek eskatzen die EAJ eta PSEri estatus poltiko berriaren eztabaidan aldarrikapena txertatzeko konpromisoa har dezaten. “Euskal langileen erabaki ahalmena handitu eta Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua bermatzeko eskatzen diegu”, adierazi du koordinatzaile orokorrak.

Jaurlaritza eta Confebasken arteko aliantza sendotu egin da. Pradalesen gobernua “patronalaren morroi” bihurtu dela gogorarazi du Aranburuk, izan ere, patronalak markatzen du markatzen du gobernuaren politika, “gero eta eskuinerago dagoena”. Aurrekontuek ere erakusten dute hori, aberastasuna banaketa gero eta desorekatuagoa sustatzen ari dira, politika birbanatzaileei uko egiten, zerbitzu publikoak etengabe ahultzen eta kolaborazio publiko-pribatua deritzaionarekin enpresarien aberastasuna handitzen, baita horretarako etxebizitzarekin eta zaintzarekin negozioa egitea onartu behar badute ere.

HELari bizkar eman izanak agerian utzi du gobernuaren izaera autoritario eta neoliberala. Horren aurrean, gobernua eta patronala presionatzeko mobilizatzen jarraitzeko konpromisoa du LABek, borroka ez baita amaitu eta LABek ez baitu inor atzean utziko.