2024-05-01
HomeEkintza SindikalaOsakidetzaren kontratu txikietara 8.000.000 euro irregularki esleitu izana salatu dugu

Osakidetzaren kontratu txikietara 8.000.000 euro irregularki esleitu izana salatu dugu

Osakidetzan, obra esleipenetan, irregulartasunak atzeman eta frogatzeko aukera izan du LABek.  2022an egindako kontratu txikien esleipen prozedurak aztertu eta hortik ondorio argia atera du: 8.000.000 euro esleitu dituzte legez kanpoko kontratazio prozedura bidez. 

“Osakidetzaren ibilbidean izandako jarrera desegoki eta irregulartasunekin liburu mardula idatzi daiteke” adierazi du LABeko koordinatzaile orokor Garbiñe Araburuk. Oraingoan ere praktika orokortua izan da, Araba, Gipuzkoa zein Bizkaiko OSIetan; guztietan atzeman ditu LABek kasuak eta ESIrik zipriztinduenak bi dira: Arabako ESIa eta Gurutzetako Ospitala.

Guztira 380 kontratutik gora (381 zehazki) dira lehiaketa publikorako behar zuketenak eta atera ez direnak (atxikita eranskina) eta esan bezala  8.000.000 euro izan dira zuzenean enpresa jakin batzuri  emanak.

Modu batera edo bestera zatikatuak izan dira kontratu txikien laburpena:

Iruzurrezko praktikaren oinarria

LABen Osakidetzako ordezkari den Jesus Oñatek eman ditu zehaztapenak: “Obra, zerbitzu eta horniketarako kontratu txikietan ezarritako kopuruak gaindituz gero, lehiaketa publikoa deitu beharra dago. Esleitu beharreko kopuruak zatituz, lanak lehiaketara ateratzea saihesten dute. Horrek bi ondorio ditu: nahi duten enpresari eman diezaiokete kontratua zuzenean, eta enpresen arteko lehia ekiditzen da kontratuak garestituz. Legez kanpoko kontratazio prozedura horrek arindu eta azkartu egiten du kontratazio lana, baina guztiz legez kanpokoa da eta gainera zuzenean kontratatutako enpresen eta zipriztindutako OSIko zuzendarien eta arduradunen arteko erlazioa ere susmopean jartzen du”.

Iruzurra egiteko bide ezberdinak erabili dira: kontratuak/obrak zatikatuz, obra gremiotan banatuz, zerbitzu diren kontratuak obra gisa bideratuz; jabe berdina duten izen ezberdineko enpresak kontratatuz, eginbehar bererako; xede bera duten kontratuak bata bestearen atzetik kontratatuz…

Legeak ezartzen duena

Kontratazio prozedura horrek kontratazio legearen (9/2017 legea LCSP) sarreraren II. puntuan adierazten diren legearen bi oinarriak hankaz gora jartzen ditu:

“Lege honetan jasotako erregulazioaren oinarri diren helburuak, lehenik eta behin, kontratazio publikoan gardentasun handiagoa lortzea eta, bigarrenik, kalitatea-prezioa erlazio hobea lortzea dira”.

Iruzurrezko praktika batez ari gara, beraz. “Legez debekatua dago argi eta garbi. LCSPren 99.2 artikuluak adierazten du; kontratazio legearen (LCSP) 13.3 artikuluaren aurka egindako obrak dira, hau da, “obra completa” kontzeptua hausten dute eta kontratazio legearen 28.4 artikuluaren aurka egindako kontratuak dira (urtero berritzen diren kontratu txikiak eta batzuetan urte berean berritzen direnak)”, zehaztu du LABeko bozemaleak.

Enpresa eta enpresari berak errepikatzen dira kontratu txiki horien esleipen askotan. Bizkaiko Gurutzetako eta Arabako OSIetan bereziki nabarmena da hori.

“Ikuspuntu ekonomikotik, enpresen arteko lehia ekiditen da, horrek euskal zerga ordaintzaileentzako dakarren galerarekin, eta agerian uzten du Osakidetzako zuzendari eta arduradun jakin batzuren kudeaketa eredua zein den. Gardentasun ezak, gainera, Osakidetza ustelkeriaren susmopean uzten du”, gehitu du Jesus Oñatek.

Kontratu publikoen legeak argi uzten du obra esleipenak zatikatzea ez dela legala. LABek aztertutako kasuetan zatikatzearen beharra arrazoitzen duen zio ekonomiko, organizatibo edo teknikorik ez dago. “Arrazoia bakarra da, enpresa batzuk mesedetzea eta saritzea; gainera, egiteko modu horrek kontrol publikoa saihestea dakar, opakua da, honelako lanak esleitzerakoan beharrezkoak diren publizitate baldintzak saihesten ditu. Hori oso larria da. Larria da, helburu argia duelako”, kritikatu du Aranburuk.

“Ingeniaritza politika da” obrak zuzenean esleitzeko prozedura,  “ez dira kudeaketan gertatzen diren hutsuneak, erabaki politikoak baizik”, LABeko arduradunen hitzetan, eta gogor kritikatu du EAJren eredu neoliberal eta klientelarra. “Neoliberala da osasun sistema publikoa ahuldu eta pribatua indartzea duelako helburu. Ez da behar adinako inbertsiorik egiten, eraisten ari dira, bistakoak dira lehen arretan hitzordua lortzeko ditugun zailtasunak, ebakuntzetarako edo espezialistek artatzeko dauden itxaron zerrenda luzeak… Eta, gainera, Osakidetza bertako langileek egin ahal dituzten lanak kanpora ateratzen ari dira”. Eta klientelarra da eredua, “alderdiaren inguruko enpresak saritzen direlako”.

Aranbururen hitzetan, “osasun zerbitzu publikoaren prestigioa, irudia eta zerbitzua kaltetzen ari dena EAJren gobernua da. EAJ kudeatzaile eta zaintzaile ona da negozio pribatuak babestea denean helburua, baina ez zerbitzu publiko indartsuak defendatzerakoan”.

Kontrara, Osakidetzako profesionalek egiten duten lana aitortu eta txalotzen du LABek. “Euren lan baldintzak etengabe kaskartuz joan badira ere, eurak ari dira benetan osasun publikoaren defentsan”.

Urkullu eta Sagarduiri zuzendu zaie Aranburu: “Lehendakariari eta Osasun sailburuari agortu zaie denbora. Alferrik saiatuko dira gertatzen ari denaren ardura langile eta sindikatuon higadura estrategia bati egozten; kritika hori ez da sostengatzen. Langileok eta herritarrak gara osasun zerbitzu publiko duin baten alde egiten dugunak. Aspaldi salatu dugu hau langileok; greba eta mobilizazioak egin ditugu, enplegu publiko gehiago sortzea eta enplegua egonkortzea eskatuz, osasun sistema publikoa indartzea eskatuz, langileen lan baldintzak hobetzea eskatuz”.

Irregulartasunak atzematean horiek salatzen eta osasun sistema publikoaren defentsan jarraituko du LABek.

.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Sindikalismotik askapen nazionala eta soziala sustatzera goaz

Krisi ekosozialak alternatiba baduela berretsi eta enpleguaren, lanaren eta ondasunaren banaketaren alde egiteko garaia da, eta hala azpimarratu dugu gaur Anaitasunan, aldarrikapenerako ez ezik ospakizunerako ere tartea utzi duen Maiatzaren Lehen honetan.

Basogintza intentsiboak 22 urteko langilea hil du Artzentalesen

Joan zen astean Artzentalesen basogintza lanetan larriki zaurituriko M.A.A, 22 urteko langilea, azkenean hil egin da zauri larrien ondorioz.

Akordio historikoa #LortuDugu Ranzari Enplegu Zentro Berezirako, langile gehienek berretsita

Joan den martxoaren 22an, LAB sindikatuak aurreakordioa lortu zuen Santurtziko lantokiko gerentziarekin, eta apirilaren 19an langileen batzarrean berretsi zen. Bada, orain hitzarmena sinatu dute.