2026-07-21
HomeEkintza SindikalaOsakidetzako mahai sektorialetik altxatu gara, Euskadiko Sendagileen Sindikatuarekin egindako isilpeko negoziazioaren aurrean

Osakidetzako mahai sektorialetik altxatu gara, Euskadiko Sendagileen Sindikatuarekin egindako isilpeko negoziazioaren aurrean

LABen uste dugu langile kolektibo guztien ahotsa entzun behar dela, eta negoziazio kolektiboa ezin dela sindikatu edo kolektibo bakar baten eta administrazioaren arteko aldebiko harremanera mugatu. Udazkenean, lan baldintzak hobetzeko eta osasun zerbitzua indartzeko mobilizazio dinamika bultzatuko dugu.

Duela aste batzuk LABek eskatu zuen Euskadiko Sendagileen Sindikatuak (SME) eta Osakidetzako zuzendaritza isilpean egiten ari ziren negoziazioa mahai sektorialera eramateko, gardentasuna bermatzeko eta gainerako langileekiko zein haien ordezkariekiko errespetuz jokatzeko.

Joan den ostegunean helarazi ziguten LABi aldez aurretik adostutako proposamena. Gainerako sindikatuen iritzia kontuan hartu gabe aurkeztu dute, eta, are larriagoa dena, medikuen oniritzirik gabe; izan ere, SME ez da medikuen ordezkari bakarra. Horrenbestez, mahai sektoriala negoziazio kolektiborako esparru gisa deslegitimatu dute, nahiz eta Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak behin eta berriz adierazi duen Madrilek ezarritako mugak ezin zirela gainditu.

LABen ustez, faltsuki itxitako gatazka honek ondorio larriak izango ditu Osakidetzako zuzendaritzarentzat, erabiltzaileentzat eta negoziazio kolektiboarentzat. Izan ere, osasun sistema publikoaren arazoak egiturazkoak dira, eta akordio honek ez ditu konpontzen; aitzitik, estali egiten ditu.

LABen bat egiten dugu medikuen diagnostiko eta aldarrikapen askorekin, baina uste dugu arazoaren izaera estrukturala dela, eta erantzunak ezin duela kolektibo bakar batera mugatu. Osakidetzako langile guztien lanbaldintzak hobetzea eta erabiltzaileei eskaintzen zaien arreta indartzea dira benetako erronkak. Horretarako, osasun sistema publikoa indartuko duen bestelako eredu baten alde egiten dugu.

LABen iritziz, gaur aurkeztutako akordioak hutsune nabarmenak ditu, eta ez du benetako aldaketa estrukturalik proposatzen.

  • Ez dio guardien sistemaren eta lanaldiaren arazoaren erroari heltzen. Guardiak mantentzen dira, baina beste modu batean antolatuta. Gainera, guardietan, lokalizazioetan eta arratsaldeko jardueretan egindako lanordu guztiak ez dira lanordu gisa aitortzen edo konpentsatzen, eta horrek egungo desoreka mantentzen du.
  • Neurri asko “jarduera asistentziala bermatzearen” baldintzapean utzi dira. Horrek, praktikan, zuzendaritzen eta zerbitzuburuen esku uzten du neurriak aplikatzea, eta arbitrariotasuna eta desberdintasunak betikotzeko arriskua dakar.
  • 24 orduko guardiak 12 ordukoetan banatzea ez da hobekuntza. Plantilla handitu gabe, presentzia egun gehiago eta asteburu libre gutxiago ekar ditzake, lan karga murriztu gabe.
  • Medikuen arazo nagusia ez da soldata, baizik eta lanaldiaren antolaketa, atsedenaren bermea eta lan karga. Horregatik, ordainsariak handitzeak ez ditu benetako arazoak konpontzen.
  • Akordioak ez ditu langileen osasuna, atsedenaldia eta lana eta bizitza pertsonala uztartzeko beharra erdigunean jartzen.

LABen defendatzen dugu medikuen lan antolaketa ez dela aparteko araubide batean mantendu behar; aitzitik, Osakidetzako gainerako langileen lan baldintzetara hurbildu behar dela, salbuespenak eta mediku batzuen pribilegioak gaindituz. Gogorarazi behar dugu gatazka nabarmen areagotu zela ministroak iradoki zuen unetik zerbitzuburuek ezin izango zutela jarduera publikoa eta pribatua bateragarri egin.

Kategoria bakar bati hobekuntzak eskaintzeak ez du Osakidetzaren arazoa konpontzen. Alderantziz, eredu oker bat betikotzen du, eta ez die erantzuten kolektibo horren benetako arazoei ere. Osakidetzako langile guztiek —medikuek barne— soldatak eguneratu gabe dituzte, lanaldi luzeak egiten dituzte, planifikatu gabeko txandak pairatzen dituzte eta giza baliabide eskasiari egin behar diote aurre. Horiei guztiei, besteak beste, erantzun behar die Osakidetzako zuzendaritzak.

Horregatik, LABen ustez mobilizaziorako garaia da. Udazkenean, lan baldintzak hobetzeko eta osasun zerbitzua indartzeko mobilizazio dinamika berri bat bultzatuko du, grebak barne. Helburua mobilizazio ahalik eta zabalena bultzatzea da, gainerako sindikatu eta eragileekin elkarlanean, borroka estrategia eraginkorrena adostu eta aurrera eramateko.

Uste dugu langile kolektibo guztien ahotsa entzun behar dela, eta negoziazio kolektiboa ezin dela sindikatu edo kolektibo bakar baten eta administrazioaren arteko aldebiko harremanera mugatu.

Azkenik, LABetik Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari exijitzen diogu duela 18 urtetik eguneratu gabe dagoen Akordio Arautzailea negoziatzeko eta berritzeko.

Beraz, osasun sistema publikoa indartzeko, pribatizatutako zerbitzuak berriro kudeaketa publikora itzultzeko eta Osakidetzako langile guztien lan baldintzak negoziatzeko benetako prozesua abian jartzea exijitzen dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskaraz negoziatu ahal izateko plana eskatu diogu Lan Harremanen Kontseiluari

LAB EAEko Lan Harremanen Kontseiluarekin (LHK) bildu da negoziazio kolektiboan euskarak izan behar duen presentziaz eta erabileraz aritzeko. Bileran, sindikatuak berretsi du euskarak lan harremanetan eta negoziazio kolektiboan urrats sendoak egin behar dituela, eta horretarako neurri zehatzak hartzea ezinbestekoa dela.

Primafriok greba eskubidea urratzen segitzen du

Atzo, Arabako PRIMAFRIO enpresan bigarren lanuzte deialdia gauzatu zen. Aurrekoan bezala, enpresak berriro ere greba batzordeari lan zentrora sartzea debekatu zion, greba eskubidea urratuz...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Mikel Torres lehendakariordeari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren aldeko konpromisoak eskatzeko

Martxoaren 17ko greba orokor arrakastatsuaren ondoren ELA eta LAB Kongresuan gutxieneko soldata propio baten aldeko ekimena sustatzen ari gara. Greba Orokorraren aurretik Mikel Torresek uko egin zion grebaren deitzaileekin biltzeari;LABek eta ELAk, biltzeaz gain, konpromiso zehatzak eskatuko dizkiogu patronala presionatu dezan