2026-11-04
HomeEkintza SindikalaEuskaraz negoziatu ahal izateko plana eskatu diogu Lan Harremanen Kontseiluari

Euskaraz negoziatu ahal izateko plana eskatu diogu Lan Harremanen Kontseiluari

LAB EAEko Lan Harremanen Kontseiluarekin (LHK) bildu da negoziazio kolektiboan euskarak izan behar duen presentziaz eta erabileraz aritzeko. Bileran, sindikatuak berretsi du euskarak lan harremanetan eta negoziazio kolektiboan urrats sendoak egin behar dituela, eta horretarako neurri zehatzak hartzea ezinbestekoa dela.

LABek gogorarazi du azken urteotan behin baino gehiagotan proposatu dituela LHKren baitan euskara indartzeko neurriak. Horien artean, bitartekariak euskal hiztunak izatea eskatu izan du, eta egindako lanketaren ondorioz, gaur egun bitartekari ia guztiak euskal hiztunak dira.

Ildo berean, LABek ongi etorria eman dio ELAk negoziazio kolektiboa euskaraz garatzeko egin duen proposamenari, sindikatuak urteotan landu eta defendatu duen norabide berean kokatzen delako. Horrenbestez, LABek, LHK-ren parte hartzaile den heinean, bere tresna eta baliabideak eskura jarriko ditu proposamen hori gauzatzeko bidean.

Helburu horrekin, LABek Lan Harremanen Kontseiluari datorren ikasturterako euskaraz negoziatu ahal izateko plan zehatz bat prestatzeko eskatu dio. Sindikatuaren ustez, plan horrek negoziazio kolektiboko prozesuetan euskararen erabilera bermatzeko beharrezko baliabideak, irizpideak eta antolaketa-neurriak jaso beharko lituzke. Hori aurkezteko, LHK-n ez-ohiko pleno bat deitzeko saiakera egingo dugu. Ez dakigu zein izan den ELAk euskaraz negoziatzeko eskaera 27 negoziazio mahaietara soilik mugatzeko arrazoia, izan ere, 47 dira EAE-n negoziatzen ari diren hitzarmenak. LABek 47 hitzarmen horiek guztietan euskaraz negoziatzeko gaitasuna eta borondatea izanik, negoziazio guztietan neurriak ezartzeko proposamena egingo du.

Era berean, Nafarroan ere hitzarmen ia guztiak gazteleraz negoziatzen direnez, euskara bermatzeko neurriak proposatzea aztertuko dugu datorren ikasturtean.

Azkenik, LABek nabarmendu du euskararen presentzia lan munduan oraindik ere oso urria dela, eta erronka nagusietako bat dela egoera hori iraultzea. Hitzarmenak euskaraz negoziatzeko dugun eskubidea gauzatzeko urratsak garrantzitsuak izanik, ezinbestekoa iruditzen zaigu neurri sakonagoen alde egitea. Negoziazio kolektiboak euskara gehiago behar du. Horretarako, ezinbestekotzat jo du bai sektore mailan bai enpresetan euskara planak sustatzea eta garatzea. LABek iragarri du datozen hilabeteetan lan ildo horri lehentasuna emango diola eta horren aldeko indarrak bilduko dituela, euskarak lan munduan eta negoziazio kolektiboan dagokion tokia izan dezan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Navarrabiomed – Miguel Servet Fundazioko plantillak bertan behera utzi ditu greba eta mobilizazioak, Osasun Departamentuak jakinarazitako aurrerapausoak direla-eta

Joan den ostegunetik, gure hitzarmen kolektiboaren aplikazioaren inguruan Osasun Departamentutik jakinarazi zizkiguten aurrerapausoak eta albisteak ezagutu ondoren, Navarrabiomed - Miguel Servet Fundazioko langileok erabaki dugu garatzen ari ginen greba eta mobilizazioak bertan behera uztea.

Udaltzain batzuk Intxaurrondon jasotako formakuntza ikertzeko eta berriro halakorik ez dadin gertatu eskatzen dugu

Gipuzkoako hainbat udaltzaingotako agenteek Intxaurrondoko kuartel nagusian, Gipuzkoako Guardia Zibilaren Komandantziaren egoitzan, egindako prestakuntza-ikastaro batean parte hartu izana salatzen dugu.

Etxebizitzarako eskubidea bermatu dadin, hiru eraldaketa eta sei ekintza lerro proposatu ditugu

Etxebizitza langileen eta herritarren beharren arabera antolatzeko, parke publikoa ardatz duen planifikazioa egin behar da; etxebizitza politiketan eman beharreko eraldaketak kapitalaren irabazi espekulatiboen bidez ordaindu behar dira; eta, jarduera espekulatiboak debekatuz, negoziorako erabiltzen diren etxebizitzak berreskuratu behar dira.