2026-08-23
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaOsakidetzak “negoziaziorik gabeko” Mahai Sektoriala egin du

Osakidetzak “negoziaziorik gabeko” Mahai Sektoriala egin du

Gaur ikusi dugun negoziatzeko borondaterik eza ikusita, LABek egoera hau eta bere arduradunak publikoki salatzeko kanpaina abiatuko du hurrengo asteotan.

Uda baino lehen Osakidetzako zuzendaritzak egin zuen proposamena urtetan blokeaturik egon den negoziazioa martxan ipintzeko ameskeria hutsa izan da. Beste behin ere, gaur asteartean, negoziatzeko punturik aurreikusten ez zuen Mahai Sektorial batera deituak izan gara. Izan ere, gai-ordenak martxan dauden prozesuei edota inposaturiko erabakiei buruzko informazioak baino ez zituen jasotzen. Ondorioz, esan dezakegu Osakidetzak ez duela hitza betetzen eta negoziazio baztertzen duela.

LAB sindikatuak azken hilabeteotan behin eta berrio aldarrikatu du negoziatzeko egutegia martxan jartzeko. Egutegi honetan lehentasunez honako gaiak jaso beharko lirateke: langile kopurua eta enplegua sortzea; pribatizazioen errebertsioa; eta lan eskubideak berreskuratzea eta garatzea. Modu zehatzean, Osakidetzari exijitu diogu Lan Baldintzen Akordio berri baten negoziazioa (oraingoan 2009tik prorrogatua izan da) eta Funtzioen Dekretu baterako prozesua ere, kolektibo bakoitzaren funtzio zehatzak zeintzuk diren argi uzteko beti ere, lantaldeko eskemaren barruan. Halaber, Eusko Jaurlaritza eta Osakidetzari osasun sisteman ratioen Lege baterako prozesua abiatzeko gonbitea luzatu diegu. LAB honen inguruko egitasmoa landu du, LOREA izenekoa (Ley de Ordenación de Ratios de Equipos Asistenciales), egunotan publikoki aurkezten ari dena.

Beste aldetik, gaurko bileran inposaturiko gain-ordenako puntuz puntu egin dugun irakurketa honakoa da:

• 2014-15 EPEa: lotsarria da EPE prozesua burutzeko 4 edo 5 urte itxaron behar izatea. Gainera, ondoriorik ez dagoenez, plaza batzuk bete gabe geldituko dira etorkizunerako balizko EPE baten zain. Logikoena plaza guztiak esleitzea izango litzateke, hautagaiak soberan daudelako.

• Leku-aldaketak: izena emateko epea pasatu da, baina oraindik ez daukagu egutegi argirik. Txarrago ezin da egin.

• 2016-17 EPEa: esan behar dugu EPE inposatua eta gutxiengo sindikalarekin adostua izan dela. Ez da plaza nahikorik, ez dago hurrengo EPE baterako bermerik eta, honetan ere, ondoriorik gabe, plaza asko bete gabe geldituko dira. Guk 2011an plazaratu genuen EPEak egiteko eredu berria defendatzen jarraitzen dugu, eta oinarri bezala EPE batetik bestera gainditu dutenen nota mantentzea dago (behin-behinekoen EPEz EPE sufritu behar duten errusiar erruleta hori arindu nahian). Honi buruz Osakidetzak aurkeztu duen zirriborroak ez du jasotzen gure proposamenaren mamia.

• 68 urteko erretiroa: hau ez da pertsonal falta konpontzeko bidea. Neurri ez eraginkorra izateaz gain, denboran zein eskubide sozialetan atzerapauso izugarria dela iruditzen zaigu. Gazteen %16 langabezian egonda, gehienetan enplegu prekarioan eta emigratu behar duten milaka gazterekin, erretiroa atzeratzea lotsagabea da.

• Garapen Profesionalari buruzko sententziaren behin-behineko gauzatzea: LABen jarrera argia da kontu honetan. Garapen Profesional eredu hau inoiz ez dugu ontzat eman, baina Osakidetzak langileei aitortu behar die dagokien maila eta dagokien dirua eta eredu berri bat negoziatzeko bideari ekin.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hirugarren greba zikloari ekingo diote Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek lan baldintzak hobetzearen alde abuztuaren 28tik 30era

Abuztuaren 28ko 22:00etatik abuztuaren 30eko 22:00etara egingo dute greba Moevek Gipuzkoan dituen 16 gasolindegietako 150 langileek. Enpresa batzordea LABeko 5 ordezkarik eta ELAko 3k...

LABek eta ELAk adingabe batzuk balorazio psikosozialik egin gabe Bilbotik Gueñesera lekualdatu izana salatzen dugu

Sindikatuok kritikatzen dugu Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eudes Fundazioak zentro-aldaketa hilabete eskaseko aurrerapenarekin aurkeztu dutela, haren eragina baloratu gabe eta adingabeekin egunero lan egiten...

Bilboko tranbian zezenketen publizitatea jartzea salatu dute Euskotreneko langileek

Mobilizazioa egin dute Arriaga plazan. Euskotreneko enpresa batzordeak bere kezka eta erabateko gaitzespena adierazi nahi ditu, aurten ere Bilboko tranbiaren unitateetan zezenketekin lotutako ikuskizunen publizitatea...