2024-05-02
HomeEkintza SindikalaMiguel Servet Fundazioko enpresa-batzordeak salatu du Nafarroako osasun-ikerketa publikoa IdiSNA fundazio pribatuaren...

Miguel Servet Fundazioko enpresa-batzordeak salatu du Nafarroako osasun-ikerketa publikoa IdiSNA fundazio pribatuaren bidez kudeatu nahi dutela

Navarrabiomed ikerketa biomedikoko zentroaren jarduera kudeatzen duen Miguel Servet Fundazioko enpresa-batzordeak, sortu berria denak eta LABeko 9 kidek osatzen dutenak, agerraldia egin du gaur Iruñean. Bertan salatu dute Nafarroako osasun-ikerketa publikoa IdiSNA fundazio pribatuaren bidez kudeatu nahi izatea, eta ez Miguel Servet Fundazio publikoak. Alderdi politikoekin bilerak egitea eskatuko dute, Nafarroan erabat publikoa den osasun-ikerketako institutu batekin konpromisoa har dezaten eta konpromiso politiko hori hurrengo Nafarroako Gobernuaren akordio programatikoetan jaso dadin eskatzeko.

Guztia, IdiSNA Carlos III.a Osasun Institutuak osasun-ikerketako institutu gisa egiaztatzeko aitzakiarekin izan dela adierazi dute, eta asmo honek ekarriko lukeela lanpostuak galtzea, egiturak bikoiztea, gastu publikoa handitzea eta, horrela, ikerketa publikoaren kontrola publikoa izaten jarraitzea saihestea.

Adierazi dute 2018tik, Osasunbidearen estatu mailako 72 ikerketa proiektu eta Nafarroa mailako 44 Miguel Servet Fundazioak (Navarrabiomed) kudeatu dituela eta 28 IdISNAk. 2019tik aurrera, estatu mailako proiektuak ez ezik, Osasun Saileko Nafarroa mailakoak ere aurkeztu ditu IdiSNAk, betiere ikertzaile nagusiak IdiSNAri atxikitako langileak baziren. 2022an, 95 proiektutatik 55 kudeatzen zituen Miguel Servet Fundazioak eta 40 IdISNAk.

2023tik aurrera, IdiSNAri atxikitako ikertzaile nagusia duten unitateetako giza baliabideetako laguntza-espediente guztiak (ikertzaileak kontratatzeko aukera ematen duten laguntzak) IdiSNAk eskatu eta kudeatzen ditu, eta, ondorioz, 18 espediente publiko kudeatzen ari dira erakunde horretan.                               

IdiSNAk bere gain hartzen badu estatu eta Nafarroa mailako ikerketa-proiektu guztien kudeaketa, hari atxikitako ikertzaile nagusiarekin, gaur egun Miguel Servet Fundazioak kudeatzen dituen proiektuen % 50 IdiSNAra igaroko dira, eta horri gehitu behar zaizkio jada IdiSNAk kudeatzen dituen giza baliabideen espedienteen % 90. Beraz, 2023an Miguel Servet Fundazioa eta Navarrabiomed-etik egin diren finantzazio publikoko 57 eskaeretatik 32 IdiSNAk eskatu ditu.

Miguel Servet Fundazioak bi txosten objektibo eskatu zizkien institutuak egiaztatzen adituak ziren bi aholkularitzari, Nafarroako testuinguruan kudeaketa-eredurik onena zein izango zen identifika zezaten. Bi txostenek ez dute gomendatzen IdiSNAk kudeatzea proiektuak, saiakuntza klinikoak eta berrikuntzaren eta teknologia-transferentziaren kudeaketa.

Hala ere, Osasun Departamentuak eta Nafarroako Unibertsitate (NUO) Gerentziak erabaki dute, adituen gomendioei entzungor eginez, nazioarteko saio klinikoak eta proiektuak ere IdiSNAtik kudeatzea.

Horrek guztiak finantza-baliabideak eta lan-karga nabarmen murriztea dakar, eta horrek arriskuan jartzen ditu Miguel Servet Fundazioaren bideragarritasuna eta bertako langileen lanpostuak.

Horregatik guztiagatik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak eta bere erakundeek egindako ikerketa Miguel Servet Fundazioak kudeatzen jarraitzea defendatzen dute bertako langileen ordezkariek.

Joan den astean, Madrilen egin zen Osasunaren Informatikako Espainiako Elkartearen Kongresu Nazionalean, Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak esan zuen osasunerako eskubidea babestu beharreko ondasun publikotzat hartzen bada bakarrik duela zentzua. Hau da defendatu nahi dutena. Eta Miguel Servet Fundazioaren patronatuari eskatzen diote horrela ager eta defenda dezala ondasun komun hori eta ikerketa publikoa Nafarroako osasun-sistema publikoaren aurrerabide-eragile gisa.                                       

NUPeko errektorearen inbestidura-ekitaldian, Nafarroako Gobernuko presidenteak berak hurrengo urteetan aurre egin beharreko erronkak aipatu zituen: Osasun Zientzien Fakultate berriko laborategiak eta ekipamendua, NUOrekin eta Navarrabiomedekin batera, ekosistema biosanitario publiko bat dira, ikerketa sustatzen, teknologia berriak ezartzen eta asistentzia-teknika berriak garatzen lagunduko duena, eta Osasunbideko pazienteak izango dituzte onuradun nagusi.

Langileen ordezkariek Nafarroako Parlamentuko indar guztiei eskatu diete: arlo publikoa babes dezatela, konpromisoa har dezatela eta lan egin dezatela Nafarroako osasun-ikerketa publikoa % 100ean kudeatzen jarrai dadin, bidegarritasuna eta nafar guztien interesak bermatzeaz gain, Miguel Servet-Navarrabiomed Fundazioan lan egiten duten pertsona guztien enplegua berma dezan, baita IdiSNAk giza baliabideen laguntzak ematen dizkien lankideena ere, Miguel Servet Fundazioak eurak bezala kontratatu beharko lituzkeenak.                                         

Horren guztiaren ondorioz, lehenbailehen alderdi politikoekin bilerak egitea eskatuko dute, Nafarroan erabat publikoa den osasun-ikerketako institutu batekin konpromisoa har dezaten eta konpromiso politiko hori hurrengo Nafarroako Gobernuaren akordio programatikoetan jaso dadin eskatzeko.

Navarrabiomed ikerketa biomedikoko zentroa

Navarrabiomed zentro mistoa da NUPekin batera, ikerketa biomedikoa sustatzeko eta Nafarroako sektore biosanitarioaren lehiakortasuna bultzatzeko. Halaber, lotura bat sortzen da ikerketa-zentroaren, ospitalearen eta unibertsitatearen artean, funtsezkoa baita hiru eragileen artean sortzen den ezagutza asistentzia-praktikara eraman dadin.

Osasun Departamentuaren antolaketa orokorraren barruan, Miguel Servet Fundazioa Foru Komunitateko Osasun Administrazioaren laguntza zientifiko eta teknikorako erakundea da, osasun-arloko ikerketa eta berrikuntza sortu, sustatu, bultzatu eta garatzeko eta prestakuntza-jardueretan laguntzeko (269/2019 Foru Dekretuaren 3. artikulua).   

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Sindikalismotik askapen nazionala eta soziala sustatzera goaz

Krisi ekosozialak alternatiba baduela berretsi eta enpleguaren, lanaren eta ondasunaren banaketaren alde egiteko garaia da, eta hala azpimarratu dugu gaur Anaitasunan, aldarrikapenerako ez ezik ospakizunerako ere tartea utzi duen Maiatzaren Lehen honetan.

Basogintza intentsiboak 22 urteko langilea hil du Artzentalesen

Joan zen astean Artzentalesen basogintza lanetan larriki zaurituriko M.A.A, 22 urteko langilea, azkenean hil egin da zauri larrien ondorioz.

Akordio historikoa #LortuDugu Ranzari Enplegu Zentro Berezirako, langile gehienek berretsita

Joan den martxoaren 22an, LAB sindikatuak aurreakordioa lortu zuen Santurtziko lantokiko gerentziarekin, eta apirilaren 19an langileen batzarrean berretsi zen. Bada, orain hitzarmena sinatu dute.