2025-12-15
HomeEkintza PolitikoaMadrilen ez da lan erreforma indargabetu: Euskal Herrian aldaketa posible egiteko garaia...

Madrilen ez da lan erreforma indargabetu: Euskal Herrian aldaketa posible egiteko garaia da

Estatuko Gobernu koalizioak hilabeteak eman ditu lan erreformaren indargabetzeari buruz hizketan, baina gaur argi geratu da PPk inposaturiko erreformaren edukien %95 indarrean mantenduko dela.

Aukera galdu da langileak azken hamar urteotan pairatzen ari diren egoera larriari amaiera emateko: aurrerantzean ere kaleratzeak egitea erraza eta merkea izango da; enpresek mugikortasuna eta malgutasuna inposatzen jarraitzeko aukera mantenduko dute; gure negoziazio kolektiboa zentralizatzen eta estatalizatzen segiko dute, eta enpresak hitzarmenetan adostutakoa ez betetzeko aukerari eutsiko diote. Madrilgo elkarrizketa sozialeko mahaian adostutakoa Kongresuan berrestearekin, 2012an PPk inposatu zituen neurri atzerakoienak zuritu egin dira.

Hori gutxi balitz, behin-behinekotasunari aurre egiteko adostutako neurriak guztiz eskasak dira, orain arte bezala iruzur egiteko aukera izango da aurrerantzean ere eta langileen egonkortasun eza mantendu egingo da.

Langileentzat iruzurra izan da elkarrizketa sozialeko mahaiko akordioa, eta iruzurra, hori bera gaur Kongresuan berretsi izana; patronalari prekaritatea inposatzen jarraitzeko tresna guztiak eskutan izatea bermatuko zaio. Hori da patronala hain pozik egoteko arrazoia.

Lan erreformaren aferari lotuta, LABetik beti esan izan dugu begi bat Madrilen eta hanka biak Euskal Herrian ditugula. Argi genuen Madrilen dagoen indar-korrelazioarekin oso zaila zela lan erreforma bertan behera uztea eta Madrilen lortu ezin zitekeena Euskal Herrian posible egin behar genuela, posible egin behar dugula.

Momentu hori heldu da. Madrilen ez dago zer eginik. Sindikatuek eta ezkerreko alderdiek eskuinak eginiko erreforma atzerakoia berretsi dute.

Euskal Herrian aldaketak bultzatzeko garaia da, lan erreformatik blindatuko gaituzten aldaketak. Hori izango da LABen helburua. Horretarako, Estatu mailan CCOO eta UGT sindikatuek erabiltzen ez dituzten tresnak baliatuko ditugu guk hemen: konfrontazioa, borroka eta greba.

Kaleratzeak badaude, borrokarekin erantzungo dugu. Borrokak sustatuko ditugu, behar diren guztiak, gure lan hitzarmenak berton negoziatzeko, kanpo injerentziarik gabe; eta borroka egingo dugu ere lan erreformari aurre egiten dioten lan hitzarmen eta akordioak lortzeko.

Euskal Herrian egin dezagun posible euskal langileen egoerari irtenbidea emango dion lan araudia.

Lan erreforma honi ez!

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Martxoaren 17an, greba orokorra: LGS hemen erabaki

ELAk, LABek, Steilasek, Hiruk eta Etxaldek greba orokorra deitu dute datorren martxoaren 17an, Hego Euskal Herrian gutxienez 1.500 euroko LGS bat ezar dadin galdegiteko. ELAk,...

LABek astearteko mahai negoziatzailean borrokatuko ditu Arabako adinduen egoitzetako hitzarmeneko proposamenean falta diren edukiak

LABek Arabako adinduen egoitzetako eta etxebizitza komunitarioetako lehen hitzarmeneko proposamenean lortutakoak modu positiboan baloratzen ditugu, izan ere, sindikatuak azken sei urtetan borrokatu dituen aldarrikapenak...

LAB sindikatuak Arabako adinduen egoitzetako hitzarmenaren inguruan jasotako proposamenaren aurrean, gaurko delegatu asanblada deitu du, posizio bat zehazteko

6 urteko borroka eta 60 greba egun ostean, sindikatuak balorazio egoki bat egin behar du, patronalak igorri duen proposamenaren inguruan.  LAB sindikatua sektoreko langileekin batera...