2025-12-18
HomeEkintza SindikalaLuzaro borroka egin ostean hitzarmen berria #LortuDugu Tolosaldeko Asunción Klinikan

Luzaro borroka egin ostean hitzarmen berria #LortuDugu Tolosaldeko Asunción Klinikan

Gaur arratsaldean langileen batzarrean bozkatu da enpresaren azken proposamena, baiezkoak irabazi duelarik. Hala, KPIa bermatzen duten igoerak izango dituzte langileek beren soldatetan, eta beste hainbat aurrerapen ere adostu dituzte. Lorpen honek borrokak merezi duela erakusten du.

Inviza enpresa jabe duen Tolosaldeko Asunción Klinikako langileek, borroka ziklo luze baten ostean, ontzat eman dute enpresak mahai gainean jarritako proposamena. Borroka luze bezain gogorra eraman dute aurrera hainbat hilabetetan zehar; izan ere, lehenengo grebekin udaberrian hasi ziren, eta bestelako mobilizazioekin are lehenago.

Hala, greba egun, mobilizazio, pikete, elkarretaratze eta manifestazio ugari egin dituzte Asunción klinikako langileek, enpresako lan hitzarmena berriztu nahian. Tolosaldea goitik behera astindu duen borroka izan da. Gaur, LABek aukera eman die langileei bozkaren bitartez akordioaren aldeko edo kontrako bozka emateko; izan ere, negoziazio hasieraz geroztik oraingoa izan da enpresaren aldetik aldaketarik garrantzitsuenak jasotzen zituen proposamena.

Bada, langileek proposamena bozkatu dute eta baiezkoa eman diote. Gauzak horrela, honako hobekuntza hauek jasoko ditu hitzarmen berriak:

> 2024ko urtarrilaren 1an %11ko igoera izango dute langileek beren ordainsarietan

> Kontzertazio berriekin, enpresak 2022-2023ko atzerapenak ordainduko ditu

> Enpresak 2024ko KPIa hurrengo urtean negoziatzeko konpromisoa hartu du

> 38 orduko murrizketa lan-orduetan, lau urtetan 1592 ordutara helduko delarik orduen kopurua

> Langileek egunero ordaindu beharreko aparkaleakuak %50eko beherapena izango du

Borrokarik gabe akordio hau ez litzateke posible izango. Greben eta mobilizazioen bitartez enpresa estutzea lortu dugu, eta KPIa bermatzen duen eta bestelako hobekuntzak dakartzan akordioa mahai gainean jarrarazi diogu zuzendaritzari.

LABetik Asunción klinikako langile guztiak zoriondu nahi ditugu borroka eredugarria aurrera eraman dutelako, eta inoiz baino indartsuago bukatzen dugu gatazka hau, hurrengo negoziazioan ere onena emateko prest.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Zerbitzu publikoetan euskaraz lan egin eta bizi ahal izateko lege bermeak exijitu ditu LABek Gasteizen

Euskarafoboak diren alderdi eta sindikatuen aurrean, euskaraz lan egitea eta euskaraz artatua izatea eskubide gisa tinko defendatzeko ordua da. Horregatik, LABek gaztelerak dituen eskubide...

IruƱeko lorezaintzako lehen hitzarmenaren kontrako blokeoa salatu dute sindikatuek

LAB, UGT, CCOO, ELA eta Solidari sindikatuek, GORA LOREZAINAK batzarraren babesarekin —IruƱeko Udalak azpikontratatutako OHLA Ingesan, Eulen eta Tasubinsa enpresetako lorezaintzako langileek osatzen dute...

Langileon Donostia eraikitzera goaz!

Donostiar gehienon lan eta bizi baldintzak etengabe okertzen ari dira eta eraiki hitza da azken aldian gure hirian hitzetik hortzera dabilena. Turismoan oinarritutako postalezko hiria da eraikitzen ari direna, hain zuzen ere, gutxi batzuen interesak hiritarron beharren gainetik jarrita.