2024-04-26
HomeEkintza SozialaPolitika publikoakLangileok zergetan 917 milioi ordaintzen ditugu eta enpresariek 194 besterik ez

Langileok zergetan 917 milioi ordaintzen ditugu eta enpresariek 194 besterik ez

Nafarroan indarrean dagoen politika fiskalaren desoreka larria irudikatu du LABek Nafarroako Parlamentuaren parean, Errenta Aitorpenerako Kanpainaren testuinguruan. LABek langileok zergetan 917 milioi ordaintzen ditugun bitartean, enpresariek 194 ordaintzen dituztela salatu du.

Izan ere, pasa den urtean 1054,9 milioi euro jaso ziren PFEZen bidez (horietatik, 917 baino gehiago laneko errentetan dute jatorria), enpresariek ordaintzen duten Elkarteen Zergak 194,3 milioi besterik biltzen ez zuen bitartean. Kontutan hartu beharra dago gaur egun, enpresarien kopurua langileena baino askoz txikiagoa izan arren, sortutako ondasuna (Barne Produktu Gordinean islatuta) kasik erdibana banatzen dela.

Horrela bada, desoreka bikoitza da: enpresariez osatutako gutxiengo batek sortutako ondasunaren erdia eskuratzen du, baina zergetan langileriak ordaintzen duenaren bostena besterik ez du ordaintzen. Premiazkoa da Politika Fiskalan sakoneko aldaketa ematea, ondasuna berbanatu eta egoera sozial larriari buelta emateko.

LAB SINDIKATUAREN IRAKURKETA
Politika fiskala goitik behera aldatu behar da Nafarroan aberastasuna banatuz egoera sozial larriari buelta emateko

«Bizi baldintza duinak izateko hezkuntza, osasun atentzioa eta prestazio sozialak behar ditugu. Enplegua sortu eta banatzeko politikak behar ditugu. Baita zerbitzu publiko unibertsalak eta kalitatezkoak ere. Dena hori behar dugu desberdintasunei aurre egin nahi badiegu.

Hala ere, UPNren politika fiskala kontrako noranzkoan doa. Hona hemen adibide batzuk: pribatizazioak, enplegu publikoaren suntsipena, oinarrizko errentaren murrizketak, osasun atentzioaren kaxkartzea, eskola publikoaren abandonoa,… UPN-ek diseinatu duen politika fiskalak propio dakartza pobrezia eta prekarietatea, babes falta eta desberdintasunen areagotzea.

Nafarroan, kapitalaren errentek gora egiten dute urtez urte, Nafarroako errenta osoaren %43,7 izan arte. Aldiz, Elkarteen Zergak (enpresek ordaintzen dutena) 194,3 miloi euro baino ez zituen jaso, langileok 917 milioi ordaintzen genituen bitartean (2013an, Nafarroako Ogasunak 1.054,9 miloi euro bildu bazituen errenta aitorpenaren kanpainan eta horietatik %87 laneko errentetatik bildu ziren). Hau lotsagarria!

UPNren Gobernuak mimo handiz tratatzen ditu enpresen irabaziak, kapitala eta ondasunak pilatzen dituztenak. Eta nola egiten du? Europan baino gutxiago presionatuz fiskalki. Europan presio fiskala BPGaren %38,8koa da. Nafarroan, aldiz, ia 12 puntu gutxiago, %28. Nafarroako Gobernuak diru gutxiago jasotzen du uzten dielako gehien dutenei ahalik eta diru gutxien ematen denon ongizaterako. Hauxe da haien eredua, gehiengoak ordaindu eta pairatzen dugunok: langabeen erdia babes ekonomikorik gabe, Osasunbidean itxoin zerrenda inoizko handienak, dependentzian murrizketak eta haur eskoletarako gero eta diru gutxiago,…

Baina dena hau ez omen da aski UPNrentzat. Orain, Abiadura Handiko Trena edo Nafarroako Ubidearen dirua lagunen poltsikoetara eramaten dituzten berberek iragarri dute erreforma fiskal are injustuagoa egin nahi dutela. Eta ziria sartu nahi digute: diru gutxiago bilduz, aberatsak diru gutxiago emanez, ekonomia piztuko dela diote. Hau azala! Guztiz kontrakoa da. UPN-ek egin nahi dizkie opari fiskal berriak enpresariei eta dirudunei hondamendian are gehiago amiltzen gaituzte.

Beraz, LABetik politika fiskal hau iraultzea eskatzen dugu egungo egoera sozial eta ekonomiko onartezina irauli ahal izateko. Politika fiskala ezin da geratu elite politiko eta ekonomiko baten eskuetan, bere lagunen amarruak eta interes egoisten alde. Horregatik, LAB-ek eskatzen du:

• Aberastasuna egiazki banatzeko, politika fiskal progresiboa.
• Errenta guztiak, lanekoak zein kapitalekoak, berdin tratatuko dituen politika fiskala. Enpresarien eta dirudunen pribilegioak bukatu behar dira.
• Iruzur fiskala eta iruzurgileen zirrikituen aurkako politika fiskal sendo bat.

Behar dugu politika fiskal burujabe bat, justizia soziala eta enpleguaren sorrera eta banaketa egiteko diru baliabide nahikoak jasotzeko ahalbidetu behar diguna.»

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enpresak Imegarreko grebalarien aurka erakutsitako jarrera onartezina salatu eta borrokaren zilegitasuna aldarrikatu dugu

Egun hauetan mobilizatzen aritu dira Imegarreko langileek, eta enpresari beren lankideak berriz onartzeko eta gatazka konpontzeko eskatu diote. Aldiz, enpresak, jarrera desafiatzailea eta mehatxagarria izan du. Behin baino gehiagotan, kontseiluko kideek aurre egin diete langileei, mehatxatu eta iraindu egin dituzte. Baina ez hori bakarrik; izan ere, salatu nahi dugu pikete batean parte hartzen zegoen LAB-eko kide bati salaketa jarri diotela, akusazio faltsupean. Horregatik, gaur, enpresak bere langileekiko eta langileei laguntzera joan diren pertsonekiko izan duen arduragabekeria publikoki salatu dugu.

Alex Aranzabalek egindako kudeaketa txarra salatu nahi dugu

Informazio-ohar honen bidez, azken hilabeteetan Aguirre y Aranzabal (AYA) enpresan eta Alex Aranzabal gerentearekin izandako gertakariak argitu nahi ditugu. Lehen pertsonan ikusi dugu nola igaro den denbora, eta nabarmenki gertatu da gainbehera kudeaketaren esparru guztietatik.

Bollera izatea, aske egiten gaituen erabakia. Askatasunez bizi nahi dugun erabakia. LANTOKIETAN ASKE!

Lesbiana izateagatik jazartuak eta zigortuak izatea oraindik orain gutako askok bizi dugun egoera da.