2026-03-21
HomeEkintza SindikalaLangileentzat autodefentsarako tresnarik eraginkorrena sindikalismo feminista dela aldarrikatu du LABek

Langileentzat autodefentsarako tresnarik eraginkorrena sindikalismo feminista dela aldarrikatu du LABek

Indarkeria matxistaren aurka instituzioak eta patronala bultzatzen ari diren politikek porrot egin dutela ohartarazi du sindikatuak, eta bitartekoak eta politika integralak aldarrikatu ditu. Hego Euskal Herriko hiriburuetan mobilizatu da LAB eguerdian, eta mugimendu feministak arratsaldean Euskal Herri osoan deitu dituen mobilizazioetara batzeko deia egin du.

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean kalera atera da LAB sindikatua, patronalei eta instituzioei indarkeria matxistari aurre egiteko politika integralak exijitzera, batetik, eta antolakuntzarako deia egitera, bestetik. Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean mobilizatu da sindikatua; hain justu, aipatu politiken sustatzaile diren instituzioen aurrean.

Argi mintzatu da Maddi Isasi LABeko idazkari feminista Bilboko elkarretaratzean: “Instituzioak eta patronala bultzatzen ari diren politikek porrot egin dute”. Horren adibide da Nerea Melgosa Berdintasun sailburuak aitortutakoa, Isasiren hitzetan, Melgosak berak adierazi baitzuen bortxa pairatutako andre gehienek ez dutela nora jo enpresaren barruan. Datuek erakusten dute, era berean, indarkeria matxista jasaten duten emakumeen %4k baino ez dutela salatzen.

Egoera horrek erantzuleak dituela oroitarazi du Isasik. Batetik, patronala: “Enpresek, gehienetan, ez dute legez arautua dagoena ere egiten. Protokolo eraginkorrik ez da jartzen, eta ez da prestakuntza plan eraginkorrik garatzen”. Bestetik, instituzioetatik garatzen ari diren politiken “porrotaz” hitz egin beharra dagoela ere nabarmendu du Isasik. Indarkeria matxista lehen mailako arazo politiko eta sozial moduan hartzeko garaia dela uste du sindikatuak, eta, zentzu horretan, politika integralak aldarrikatu ditu Isasik: “Indarkeria matxistaren kontrako politiken aurrean, errekurtsoak eta politika integralak behar ditugu, ez paperean jasotzen diren baino inora ez doazen legeak eta neurriak”. Izan ere, indarkeria matxistari aurre egiteko bitartekorik ez jartzea “hipokrisia” dela salatu du.

Halaber, antolakuntzarako eta sindikalismorako deia ere egin du LABek azaroaren 25ean. Sindikalismo feminista langileek autodefentsarako duten tresnarik eraginkorrena dela uste du sindikatuak, eta LABek horretarako konpromisoa duela berretsi du Isasik. “Ez gara besoak gurutzatuta geratuko, eta enpresaz enpresa borrokatuko dugu instituzioek eta patronalak dagokiten ardura har dezaten”, adierazi du. Hala, indarkeria matxistaren inguruko formazio eta diagnostiko errealak egin daitezen eskatuko du LABek, azaldu duenez, eta, era berean, lantokietan aske izateko ahalik eta espazio seguruenak eraikitzeko lanean jarraituko du.

Arratsaldean Euskal Herriko Mugimendu Feministak mobilizazioak egingo ditu Euskal Herri osoan, eta mobilizazio horiekin bat egiteko deia luzatu die LABek langile guztiei.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Martxoak 21. Arraza diskriminazioaren aurka indar guztiz borroka egitera dei egiten du LABek

Ez dadila egun arrunt bat izan. Balio dezala, benetan, egiteke (asko) dauzkagun batzuetan aurrera egiteko. Erakunde sindikal gisa, LAB, olagarroaren beste tentakulu bat izan gaitezke edo, aitzitik, gure indar guztiekin haren aurka borrokatu.

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...