2024-04-28
HomeEkintza SindikalaLangileen eskubideak defendatzea ez dela delitua aldarrikatu dugu Bilbon

Langileen eskubideak defendatzea ez dela delitua aldarrikatu dugu Bilbon

Bizkaiko Metalgintzako hitzarmenaren alde greba egitea eta lan eta bizi-baldintza duinak izatearen alde borrokatzea erabaki zuten 3 langile epaitu dituzte, eta haiei babesa emateko mobilizatu gara Bilboko epaitegien aurrean, “Langileen eskubideak defendatzea ez da inoiz izango delitua” lemarekin”.

Bizkaiko Metalgintzan 10 greba egun egin ziren, baita hainbat mobilizazio ere. Borroka horren ondorio gisa, gaur egun 7 langile daude inputatuta.

Hauxe da LAB, ELA, CCOO, UGT, ESK, CGT, CNT eta USO sindikatuok eginiko ohar bateratua, gaurko epaiketaren harira:

Gaur, epaitegi honetan, greba egitea eta lan eta bizi-baldintza duinak izatearen alde borrokatzea erabaki zuten hiru langile epaituko dituzte. Denok gogoratuko duzuen moduan, Bizkaiko metalean 10 greba egin ziren, baita hainbat mobilizazio ere. Borroka horren ondorio gisa, gaur egun  7 langile daude inputatuak, guztira 15 langile inputatu dituzte, baina horietako 8 absolbitu egin dituzte honetaz gain hainbat isun eta zigor ekonomiko jarri dira, kasu batzuetan Mozal Legea aplikatu delako. Gaurkoa ez da azken epaiketa izango, urriaren 4an beste bi langile epaituko dituzte eta kasu honetan Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridikoek 23 hilabeteko kartzela-zigorra eskatu dute.

  • Salatu nahi dugu akusazio horien guztien atzean dagoena (kasu batzuetan espetxeratzeko eskaerak barne): grebarako eskubidea kriminalizatu nahi da, lan eta bizi-baldintza duinak babesteko borroka guztiak kriminalizatzeko nahia dago. Kolektibo oso baten, sektore baten, borroka eredugarria gauzatu duten langileen borrokari aipua kendu nahi diote. 

Argi eta garbi aditzera eman nahi dugu kriminalizatzeko saiakera hori erabaki politiko baten ondorioa dela. Erabaki hori instituzioen eskutik etorri da, bereziki, Urkullu lehendakaria buru duen Eusko Jaurlaritzatik. Izan ere, gatazkan zehar patronalaren alde jarri zen zalantzarik gabe, adibidez, Ertzaintza bidali zuenean grebalariak beldurtzera. Azkenean, zenbait langile jipoitu, atxilotu eta salatu egin zituzten. Greba egun baten ondoren, Bilbon egin zen manifestazio baten ostean, greba deitu genuen sindikatuok indarkeriaren erabilera neurrigabe hori salatu genuen prentsa-ohar baten bidez. Orduan Eusko Jaurlaritzari eta FVEMri ohartarazi genien poliziaren bidea eta bide judiziala ez zirela erabili behar. Hala ere, gaur, irailaren 16an, 7 inputatu ditugu. 

Halaber, ez ditugu ikusi lehendakaria eta Eusko Jaurlaritza greba egiteagatik kaleratuak izan diren metaleko langileak babesten, greba egin ez dezaten mehatxatuak izan diren langileak defendatzen, egunero euren lan-eskubideak urratuak ikusten dituzten langileen ondoan edo prekarietatean murgilduta bizi diren langileekin, batzuetan osasuna galtzen dutenak eta gehiegitan bizitza ere. Horrez gain, enpresariak ez ditugu ikusi epaiketei aurre egiten, espetxeratzeko eskaerei aurre egiten, oraintxe aipatu duguna bezalako eskubide urraketak gauzatu badituzte ere. Erabateko inpunitatearekin jarduten dute norbaitek ahalbidetzen duelako, sistema osoak ahalbidetzen duelako. 

Bizkaiko metala ez da salbuespen bat, ordea. Jaurlaritzak berrikusi beharra dauka euren lanpostuen defentsan ari diren langileen aurka, azken hilabeteetan poliziak izan duen jarduera salagarria, euren artean ITP-PCB edo Tubacex-eko langileen kontrako erasoak. Azken bi gatazka hauetan, gutxienez 8 dira epaitegietan deklaratu behar izan dutenak eta litekeena da inputazio gehiago heltzea. Inork ezin ditu ahaztu Ertzaintzak ITP-PCBko ateetan jipoitutako langileen irudiak edo Tubacex-eko langileenak, Eusko Jaurlaritzaren aurrean poliziak erasotuak.

Langileen eskubideak, gure eskubideak defendatzea ez da sekula delitu izango. Hori dela eta, salaketek, isunek eta errepresioak ez dituzte lan eta bizi-baldintza duinen alde borrokatzea erabakitzen duten langileak geldituko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enpresak Imegarreko grebalarien aurka erakutsitako jarrera onartezina salatu eta borrokaren zilegitasuna aldarrikatu dugu

Egun hauetan mobilizatzen aritu dira Imegarreko langileek, eta enpresari beren lankideak berriz onartzeko eta gatazka konpontzeko eskatu diote. Aldiz, enpresak, jarrera desafiatzailea eta mehatxagarria izan du. Behin baino gehiagotan, kontseiluko kideek aurre egin diete langileei, mehatxatu eta iraindu egin dituzte. Baina ez hori bakarrik; izan ere, salatu nahi dugu pikete batean parte hartzen zegoen LAB-eko kide bati salaketa jarri diotela, akusazio faltsupean. Horregatik, gaur, enpresak bere langileekiko eta langileei laguntzera joan diren pertsonekiko izan duen arduragabekeria publikoki salatu dugu.

Alex Aranzabalek egindako kudeaketa txarra salatu nahi dugu

Informazio-ohar honen bidez, azken hilabeteetan Aguirre y Aranzabal (AYA) enpresan eta Alex Aranzabal gerentearekin izandako gertakariak argitu nahi ditugu. Lehen pertsonan ikusi dugu nola igaro den denbora, eta nabarmenki gertatu da gainbehera kudeaketaren esparru guztietatik.

Bollera izatea, aske egiten gaituen erabakia. Askatasunez bizi nahi dugun erabakia. LANTOKIETAN ASKE!

Lesbiana izateagatik jazartuak eta zigortuak izatea oraindik orain gutako askok bizi dugun egoera da.