2026-10-02
HomeEkintza SindikalaLan Harremanetarako Kontseiluaren aurrean mobilizatu gara Bilbon, EAEko kolektibitateetako hitzarmenaren defentsan

Lan Harremanetarako Kontseiluaren aurrean mobilizatu gara Bilbon, EAEko kolektibitateetako hitzarmenaren defentsan

Ekainean jakinarazi genuen LABek erabaki zuela Lan Harremanetarako Kontseiluaren bidez beste bilera bat egitea patronalarekin eta sektorean ordezkaritza duten gainerako sindikatuekin, EAEko kolektibitatetako hitzarmen baterako negoziazio-mahaia eratzeko. Hasiera batean irailaren 8an zen, baina, patronal estatalaren azken uneko ezintasuna ikusita, gaur, irailaren 26an, egitea erabaki da.

LAB sindikatuaren aldarrikapen historikoa da EAEko kolektibitateetako langileek sektoreko hitzarmen propioa izatea eta hitzarmen estatala eta ostalaritzako hitzarmen kolektibo probintzialak aplikatzeari uztea. Orain, Bizkaiko ostalaritza-hitzarmenaren borrokaren buru izan nahi dutenek 6 hilabeteko luzapena sinatu zuten, inolako hobekuntzarik gabe, eta inolako hobekuntzarik esaten dugunean bada ezer ez. Sinatu ez zuen sindikatu bakarra gu izan ginen. Eta zer esan Gipuzkoako ostalaritzako hitzarmenari buruz. 2010. urtean amaitu zen indarraldia. 12 urte Gipuzkoan ostalaritzako hitzarmenik gabe eta patronalak eta gehiengoa duen sindikatuak mahaian blokeatzen.

Gogoratu behar dugu pandemia garaian ostalaritza itxita egon zela, baina kolektibitateetako enpresek, gehienek diru publikoarekin kontratu publikoak kudeatzen dituztenek, beren jarduerarekin jarraitu zuten eta, beraz, dirua irabazten.

Eta zer esan kolektibitateetako hitzarmen estatala aplikatzen duten enpresei buruz. Estatalizazioa prekaritatearen sinonimoa da. 2020az geroztik, CCOOk eta UGTk luzapenak sinatu dituzte, langileen lan-baldintzak hobetu gabe. Orain, bi urtez soldatarik igo gabe egon ondoren, 2022rako %3 adosten dute uztailetik aurrera hitzarmena sinatu zeneko KPIa %10,8koa izanda.

LABek uste du orain inoiz baino beharrezkoagoa dela EAEko langile guztientzako kolektibitateetako hitzarmen propio baten alde borrokatzea. Ezin gara konformatu patronalek eta orain arte ostalaritzako hitzarmenak sinatu dituzten sindikatuetako batzuek eskaintzen dizkiguten apurrekin. Ez gara subrogatzeko eskubidearekin bakarrik konformatzen, gehiago nahi dugu, soldata hobea, lizentzien hobekuntzak, estatalizazioarekin amaitzea, ratioak, parekatzeak… eta hori sektorearentzako hitzarmen propio batekin baino ez da posible.

Gaur, irailak 26, patronal estatalarekin eta ostalaritza elkartearekin izandako bileran, sektorean negoziazio mahai bat irekitzeari uko egin diotela adierazi dute. Estatuko patronalak multinazionalek eta estatuko enpresek (Eurest, Sodexo, Serunion, Garbilan, Sukalgarbi…) estatalizazioarekin jarraitzea nahi du, eta euskal patronalak (Ostalaritza Elkartea, Ausolan, Gasca, Baska, Tamar, Askora, Aibak…), ostalaritzako hitzarmen probintzialak jarraitzea. Bada, argi eta garbi esan diegu LAB sindikatuak ez duela etenik izango kolektibitateetako hitzarmena EAEko langileentzat lortu arte, eta bere esku dauden bitarteko sindikal guztiak erabiliko dituela horretarako.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.