2024-04-25
HomeEkintza SindikalaLABen balorazioa eta jarrera erreskatearen aurrean

LABen balorazioa eta jarrera erreskatearen aurrean

Erreskatea sekulan egindako iruzur politikorik handiena, murrizketa berri eta handiagoak ekarriko dituen urratsa eta krisiaren konponbidetik urruntzen gaituen erabaki politikoa da.
Iruzurra: Egoera hau ekiditeko hiru urte murrizketak inposatzen ibili eta gero hau garaipen politiko bat dela eta guztion onerako dela esatea herritarrak iraintzea da. Guzti hau adar jotze ikaragarri bat da, eztabaida politiko bakarra da nola egiten den hau eta nola ezkutatzen zaigu herritarrei egiten ari direna. Krisiaren aurrean egin diren politika guztiak porrot hutsa dira krisian sakontzeko besterik ez dutelako balio izan, langileok behin eta berriro iragarri eta salatu bezala.

Ez da diru publikoaz banketxeak laguntzen dituzten lehenengo aldia, azken hiru urteetan milaka miloi desbideratu dituzte sektore publikotik banketxe pribatuetara (2011ko abenduko datuek diote 141000 miloi desbideratuak zeudela ja modu batean edo bestean. Horregatik egin dituzte egin dituzten murrizketak. Baina ez da horretan bakarrik geratzen sistema finantzieroari ematen ari zaiona. Besteak beste pentsionen erreforma egin zen sistema pribatua bultzatzeko, sistema finantzieroaren negozioa handitzeko beraz.

Politika eta bide guzti honen emaitza ezaguna da: langabezia, bazterketa soziala eta pobrezia neurririk gabe igo dira banketxeak espekulatzen jarraitu duten bitartean. Ez da erabaki bat bera ere hartu sistema finantzieroaren praktika hori debekatzeko ezta kontrolatzeko ere, ez orain arte, ezta orain ere.
Sistema finantzieroaren zuloa jasanezina bilakatu denean eta agerian geratu denean Estatu españolak ez dituela bitarteko nahikorik banketxeen zuloari aurre egiteko, azken urteetako bidea goitik behera aldatu beharrean, gu guztion izenean prestamo ikaragarri bat eskatu dute langileoi eginez zulo horren erantzule zuzenak.

Banketxeek Europako Gobernuei esker gu guztion kontura egiten ari duten negozioa ezin hobea da: irabaziak pribatizatu dituzte, irabazi pribatuak izaten jarraitzen dute eta akzionisten arten dibidendoak banatzen segitzen dute, galerak sozializatzen dituzten bitartean.

Murrizketa berri eta handiagoak inposatzeko urratsa da: Erreskate hau bai ala bai ordainduko dugu langileok. Estatua da diru hori jasoko duena beraz Estatua da diru hori itzuli beharko duena. Estatu españolean pasadan udaran aldatu zuten konstituzioa banketxeei zor zaien dirua ordaintzea lehentasunezkoa izateko herritarren eskubideen gainetik.

Momentu honetan Estatu Españolaren zor publikoa PIBaren %70 da, eta defizita %8ra iristen da. Reskateak bietan eragingo du. Estatuak geroz eta diru publiko gehiago erabiliko du derrigorrezkoak egin dituen obligazio finantzieroak ordaintzeko eta diru hori ekonomia errealetik aterako da, babes sistema publikotik aterako da dirua murrizketa berriak eginez eskuratuko dutelako.

Arazoa ez da ez dagoela dirurik ekonomian eta babes sozialean inbertitzeko, dagoena sistema finantzierora joango dela baizik. Eta geroz eta gehiago behar delarik, murrizketak handiagoak izango dira. HAUEK EZ DIRA NEURRI EKONOMIKOAK, HERRITARRAK BAZTERKETA SOZIALERA ETA POBREZIARA KONDENATZEA HAUTU POLITIKO BAT DA ETA HORI ALDATZEN EZ DEN BITARTEAN EZ DAGO KONPONBIDERIK.

Irtenbide posibleetik urruntzen gaitu: Bide honek ezinbestez eramaten gaitu kolapso ekonomikora ekonomia erreala geroz eta ahulago izango delako eta politika hauen ondorio sozialaren kostu ekonomikoei begiratzen ez zaielako. Epe motz eta ertain batean ez da inolako politika publikorik egongo eredu ekonomikoak dituen arazoak konponduz hazkunde ekonomikoaren bidea hartzeko.

Eta larriagoa dena, bide honek langabezia, bazterketa soziala eta pobrezia arazo estrukturalak bilakatzea ekarriko du.

Irtenbideaz: Euskal Herria Estatu españolak hartutako bideari lotua jarraitzea bide horretan gu ere itotzea ekarriko du. Erreskatea onartzea erreskateak ekarriko dituen derrigorrezko politikak onartzea da, eta hori eraso zuzen bat da bertan politika propioak egiteko dugun beharraren kontra.
LABetik beste behin ere krisiari irtenbide propio eta demokratiko bat ematea aldarrikatzen dugu.

Euskal herritarrei hitza ematea exijitzen dugu gure etorkizuna goitik behera baldintzatuko duen momentu honetan gure etorkizuna goitik behera baldintzatuko duten erabakiak hartzen ari direlako gure borondatearen eta eskubideen kontra.

Euskal instituzio guztiei eskatzen diegu erreskate honen kontra jartzeko eta hasi daitezela erreskateak ekarriko dituen politikak hemen ez aplikatzeko benetako erabaki politikoak hartzen. Euskal jendartearen interesak babestu ditzatela guzti honen aurrean.

Eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikitzea da guzti honen aurrean dagoen alternatiba bakarra. Euskal eragile politiko, sindikal eta sozialen esku dago alternatiba horren eraikuntzan benetako urratsak ematea. Bada garaia Euskal Herriak behar dituen eztabaidak egiten hasteko eta krisi honetatik ateratzeko behar beharrezkoak diren akordioak eraikitzeko. Norabide horretan urrats erabakigarriak emateko garaia da. Akordioak behar dira euskal herritarrak erreskate honen ondorioetatik babesteko, politikak goitik behera aldatzeko eta eredu berri bat eraikitzeko behar ditugun bitartekoak eskuratzeko. Ez bagara eztabaida horiek benetan egiten hasten Euskal Herriak ez du benetako alternatibarik izango.

Erreakzioen aurrean:
Urkulluk Estatu paktu bat aldarrikatzea guztiz okerra iruditzen zaigu, momentu honetan Euskal Herriak behar duen benetako Herri Akordio bat da.
Barcina eta Lopezen hasiera hasieratik uko egin diote euskal herritarren interesak defendatzeko eta babesteko benetako erabakiak hartzeari. Bien dimisioa eskatzen dugu ez badituzte nafarroako eta gasteizeko gobernuetatik benetako erabakiak hartuko erreskate honen ondorioetatik euskal jendartea babesteko.

Euskal herritarron euro bakar bat gehiago ere ez dezatela bideratu espekulatzaileen eta egoera honen erantzuleen eskuetara.

Donostian, ekainaren 12an

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskara baztertzailetzat jo eta hizkuntzaren normalizazio prozesua kolpatzen duen enegarren epaia

Euskal administrazioa euskalduntzeko prozesuaren aurka pairatzen ari garen oldarraldiaren barruko epai berri bat ezagutu dugu. Kasu honetan, Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak Eibarko udaltzain lanpostu baterako euskara-eskakizuna frogatu beharretik salbuetsi ditu hautagaiak ezohiko egonkortze deialdi batean, hautagaietako batek jarritako helegitea partzialki onartuta.

Lan osasuna bermatzeko prebentzioa jorratzea premiazkoa dela aldarrikatu dugu sindikatuok

Gaur, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezperetan gauden honetan, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde, HIRU eta CGT (Nafarroan) sindikatuok osatzen dugun intersindikalak irmoki salatu dugu langileok gure osasuna jokoan ipintzen dugula, bizitza duin baterako diru sarrera nahikorik bermatzen ez duten enpleguetan.

Nafarroako Arartekoak Hezkuntzari gomendatu dio Lanbide Heziketan diharduten PTak ere “saritu” ditzala

LABek eskatuta, Patxi Verak zuzentzen duen erakundeak Hezkuntzari eskatu dio beharrezko neurriak har ditzala Lanbide Heziketako PTei ere aplikatzeko DBHra atxikita daudenek jasotzen duten soldataren %5,45eko osagarria.