Alokairu mugagabeen aurka bozkatzea milaka maizterren egonkortasun eta eskubideen aurka lerratzea dela gogorarazi nahi dio LABek EAJri, errentismoaren aldeko politikak egiteari utzi diezaion eskatzearekin batera.
Pasa den astean, Imanol Pradales EAEko lehendakariak azaroaren 11ko greba orokorraren kontra egin zuen, sindikatu deitzaileei etxerako lanen zerrenda jarrita; besteak beste langileen aurrezkiekin zer egin behar den esan zuen. EAEko etxebizitza politikak gidatzeko ardura duen gobernuburuak uko egin zion dagokion erantzukizunari, eta urteotan Eusko Jaurlaritzak egindako etxebizitza politika defendatu zuen, funtsean, etxebizitza eskubide gisa bermatzeak eskatzen dituen politiketatik urrun, higiezinen patronalaren interesak defendatzera bideratua egon dena.
LABek Pradalesi gogoratu nahi dio etxeko lanak ongi eginak dituela, lantokietan nola, etxebizitza eremuan ere langileak antolatzeari ekin diola, eta, hain justu, berak gidatzen duen gobernua dela greba honetako bi aldarrikapen nagusietan dagokion ardurari heldu ez diona: soldatak duintzean eta etxebizitzarako eskubidea bermatzean. Horregatik, gainerakoei kontuak eskatzen hasita, LABek ere badauzka etxeko lanak Pradalesentzat. Batetik, bere gobernuarentzat: utz diezaiola euskal langileriaren prekaritatea betikotu eta gutxieneko soldata negoziatzeari uko egiten ari den patronala zuritzeari. Eta utz diezaiola higiezinen patronal espekulatzaileen interesen morroi izateagatik, euskal langileriaren etxebizitza eskubidea urratzeari.
Bestetik, bere alderdiarentzat, EAJrentzat: utz diezaiola errentisten eta espekulatzaileen aldeko politikak egiteari. Badute nondik hasi. Gaur egun Euskal Herrian bizi diren milaka maizterren baldintzak Madrilen erabakitzen dira, eta bizi duten prekaritatearekin amaitu behar da. Eztabaidagai daude logelen eta aldi baterako alokairuen iruzurrekin amaitzea, etxegabetzeak amaitzea, prezioak jaistea eta baita alokairu mugagabeak ere. Hau da, milaka maizter periodikoki euren etxebizitza utzi behar izateko beldurrez bizi behar ez izatea. Laister, Espainiako Kongresuko Diputazio Iraunkorrean hainbat neurri bozkatuko dira, eta, aurkeztu diren moduan, eraginkortasun mugatuko adabakiak badira ere, EAJk erabaki egin behar du: espekulatzaileen alde egin, edo maizterren eta euskal langileriaren gehiagoaren alde egin. Horregatik, LABek bat egin du EAJren bozka aldatzeko hainbat maizterrek sustatutako online sinadura bilketarekin.
Era berean, LABek euskal langileriaren lan eta bizi baldintzak hemen erabaki behar direla defendatzen du. Etxebizitzaren eremuan eskumen zabalak dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Hamarkadetan errentismoa elikatzeko neurriek gidatu dute hemengo etxebizitza politika, eta norabide berean kokatzen dira berriki aurkezturiko akordio fiskalak.
Egiturazko aldaketak ezinbestekoak dira etxebizitza eskubidea bermatua izan dadin. Espekulazioarekin amaitu eta etxebizitzarekin negozioa egitea ekidin behar da, prezioak jasiteko eta etxegabetze guztiak gelditzeko esku hartu behar da eta espekulatzaileen espropiazioaren bidez langile sektore zabalei etxebizitza sarbidea bermatu behar zaie. LABek badaki eraldaketa horiek eta garaipen guztiak borrokari eta antolaketari esker gauzatuko direla, eta, horregatik, azaroaren 11n greba orokorrarekin bat egiteko deia luzatzen die langile guztiei, pobretze prozesuaren eta errentismoaren aurka eta guztiontzat etxebizitza eta soldata duina lortzearen alde.

