2026-03-19
HomeEkintza SindikalaLABek oso ontzat jo du Nafarroako Ekintza eta Esku-hartze Sozialeko bigarren hitzarmenerako...

LABek oso ontzat jo du Nafarroako Ekintza eta Esku-hartze Sozialeko bigarren hitzarmenerako lorturiko aurreakordioa

Urtebete baino gehiagoko negoziazioen ondoren, LAB sindikatuak, Nafarroako Ekintza eta Esku-hartze Sozialean ordezkaritzaren %70 inguru duenak, gaur akordio bat lortu du patronalarekin sektoreko bigarren hitzarmena sinatzeko. LABek oso positiboki baloratzen du hitzarmen hau, 2025-2028 urteetan indarrean egonen dena, sektoreko langileen lan eta bizi baldintzak nabarmen hobetzen dituelako ‒2.000 inguru dira Nafarroan‒.

Hitzarmenaren berrikuntza nagusietako bat da hitzarmenaren bukaeran orduak parekatuko direla funtzio publikoko txanda normalizatuenekin; izan ere, 2028. urtean Esku-hartze Sozialeko langileek urteko lanaldi efektiboko 1.592 ordu izanen dituzte. LABek Esku-hartze Sozialeko langileak administrazio publikoko langileak izatea aldarrikatzen du, euren lana nahitaezkoa baita zerbitzu publikoak behar bezala garatzeko, baina pribatizatuta daude. Hori dela eta, negoziazio honetan LABek borroka egin du bere baldintzak sektore publikoko langileenekin ahalik eta gehien parekatzeko.

Soldaten taulari dagokionez, 2025 honetarako %2,4ko gutxieneko igoera sinatu da, baina Nafarroako 2024ko KPIa %2,7koa izan denez, KPIaren igoera aplikatuko da. Gainontzeko urteetarako akordioa da urtean gutxienez %2 igotzea, baina Nafarroako KPI altuagoa izanez gero KPI aplikatuko da.

Lortu da, halaber, baja guztiak % 100ean osatzea lehen egunetik kasu guztietan, eta horrek aurrerapen nabarmena dakar aurreko hitzarmenarekin alderatuta.

Era berean, prestakuntza-programetako langileek gehienez 1.408 orduko lanaldia izanen dute urtean, eta plus bat.

Plus berriak eta plusen baten bateragarritasunak txertatzea ere lortu da.

Hobekuntza sozialei dagokienez, langileen legezko ordezkariekin barne-sustapeneko prozedurak negoziatzeko akordioak lortu dira, ordu osagarriak hobeki arautzea, erabiltzaileekin gatazkarik izanez gero langileei orientazio juridikoa ematea, hala adierazten duten eskaera guztiak jaso izana adierazteko betebeharra ezartzea enpresei, opor-egun bat gehiago, langileen (batez ere haurdunen) babesa hobetzea, bertzeak bertze.

Era berean, azpimarratu behar da akordio honekin, 4. taldeko langileek beren soldata-baldintzak administraziokoekin ia parekatuta izanen dituztela, eta gainontzeko taldeek lortzen dutela langile publikoekiko aldea txikitzen joatea.

Hau guztia posible izan da sektoreko langileek irailetik abendura bitartean eginiko mobilizazioei esker, hilabete horietan elkarretaratzeak, manifestazioak, enpresetan ekintza zehatzak eta abar egin baitziren. Hori gakoa izan da sektorean egiten den lanaren garrantzia ikusarazteko orduan, eta modu horretan patronala konbentzitu dute akordio horiek lortzeko.

Gainera, kontuan hartu behar da akordio hori lortu dela, nahiz eta Nafarroako Gobernuak zailtasunak paratu dituen administrazio publikoko langileendako ezartzen zutena baino hobekuntza handiagoen kontra, baldintza-agirietan negoziazio kolektiboaren aurka egiten saiatu diren klausulak sartuta.

LABek jarraitzen du Nafarroako Ekintza eta Esku-hartze Sozialeko sektorean gehiengoa duen sindikatua izaten, eta koherentziaz eta konpromisoz heldu dio negoziazio honi. LAB sindikatuak sektoreko langileen lan baldintzak hobetzeko borrokan segituko du, bertze behin ere antolakuntza kolektibo eraginkorreko tresna dela erakutsiz. LABek eskerrak eman nahi dizkie sindikatuan konfiantza izan duten eta bigarren hitzarmen hau lortzeko kalera atera diren langile guztiei.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.