2026-06-19
HomeEkintza SindikalaEITBko zuzendaritzak eitb.eus eta EITBren Sozial Mediako zuzendari izateko lan-eskaintzaren oinarriak manipulatu...

EITBko zuzendaritzak eitb.eus eta EITBren Sozial Mediako zuzendari izateko lan-eskaintzaren oinarriak manipulatu ditu, hautaketa prozesuan egindako urraketa ezkutatzeko asmoz

Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio omen du. Bada, hor duzue ezkerretan zeintzuk ziren eitb.eus-eko eta EITBren Sozial Media arloko zuzendari izateko ezinbesteko baldintzak 2025eko urtarrilaren 8an -EITBko lan-eskaintzen atarian zegoen deialdian-, Nagore de los Rios, pertsona hautatua lanean hasi zenean. Euskaraz C1 maila izatea zen lehen baldintza.

Alboan, berriz, zeintzuk agertzen diren orain, urtarrilaren 28tik hona, zuzendari berriak euskaraz ez dakielako polemika lehertu eta gero. Jada itxita zegoen deialdi horretatik desagertu egin da C1 euskara eskakizuna. Nork kendu du? Zergatik? Zer ezkutatu nahi dute?

Abenduaren 17an jakinarazi zitzaigun langileon ordezkariei eta Administrazio Kontseiluari pertsona horren izendapena, euskaraz ez zekiela azalduz. Lanpostuaren hizkuntza eskakizuna betetzen ez zuela ikusita, gaitzespen oharra kaleratu genuen LABetik erabakia atzera botatzea eskatzeko eta Andoni Aldekoa EITBko zuzendari orokorrarekin bilera eskatu genuen.

Ondoren, ELAk ere salatu zuen hautaketa eta prozesua errepikatzea eskatu zuen. Euskal Irrati Telebistako Euskara Batzordea, EITBko Erredakzio Kontseilu guztiak eta EITBko Langileen Batzorde guztiak ere jabetu dira urraketaz, eta hautaketa bertan behera utzi eta prozesua errepikatzeko galdegin dute.

Horrez gain, LABetik kexa aurkeztu eta eskuhartzea eskatu diegu Hizkuntz Eskubideen Behatokiari eta Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeari, hautaketa horretan bi urraketa egin direla salatuz: lanpostuaren hizkuntza eskakizuna ez betetzea eta EITBren 2023-2027 Euskara Plana urratzea.

Aldekoa jaunak ez digu bilera eskariari erantzun, eta horren ordez, Behatokiari eman dion erantzun bera igorri digu idatziz: “Hautatutako hautagaia ondoen baloratua izan zen enpresa espezializatu batek egindako hautaketa prozesu ireki batean. (…) Zehazki, hizkuntzen mailari dagokionez, hautagai finalistek antzeko ezagutzak zituzten. EITBko zuzendaritza ziur dago hori ez dela eragozpena izango Interneteko plataformarik aurreratuena eta modernoena garatzeko, Taldeko edukiak eta, bereziki, euskarakoak, Internet ingurunean hazteko”. 

Prozesua deuseztatzeko asmorik ez duela ikusita, EITB Mediako LABek bere zerbitzu juridikoen esku utzi zuen auzia, EITBko zuzendaritzak Auzitegian defenda dezan zergatik hautatu duen baldintzak betetzen ez dituen hautagai bat zuzendari kargu horretarako. Eta hara non etorri den “ezustea”, baldintza hori, euskararena, desagertu egin delako lanpostuaren plegutik. Noiztik? Nork erabakita? Nork ezabatu du? Zergatik? Galdera asko daude eta denak epaitegian azaldu beharko dituzte.

Oso larria da gertatu dena (baldintzak betetzen ez dituen pertsona bat hautatzea) eta gertatzen ari dena (urraketa ezkutatzeko baldintzen-agiria manipulatzea). Zintzotasunak eta zuzentasunak izan behar lukete edozein ardura karguren lehen oinarriak. Zer gertatzen da izendapen honekin? Zergatik ari dira arau hauste hauek guztiak egiten?

Astearte honetan bertan, EITBren Administrazio Kontseiluan gai honi buruz galdetuta, “gu saiatzen gara euskaldunak lortzen zuzendaritzarako, baina beti ezin da”, adierazi zuen Aldekoak, “erabakietan oreka izan behar dugu profil profesionalaren eta hizkuntzaren artean”, gehituz. Alegia, PP, Vox eta ultra-eskuinaren tesiekin bat egin eta “Zer nahi duzu mediku ona ala mediku euskalduna?” teoriari heltzen dio EITBko zuzendari nagusiak ardura postuetan erdaldun elebakarrak jartzea justifikatzeko. Pentsatzen du, antza denez, ez dagoela profesional erdaldun bat baino aukera hoberik euskara eta euskal mass-media unibertsoa bultzatzeko.

Horiek horrela, EITB Mediako LAB azken muturreraino joateko prest dago, EITB osoan hautaketa prozesu guztiak gardenak eta zuzenak izan daitezela bermatzeko. Hau guztia onartezina da enpresa publiko batean. Hau guztia ezin da enpresa publiko batean gertatu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gaur, berriro ere Udalhitzeko mahaia blokeatu dute EAJk eta PSEk, aurrerapausorik ez dutelako eman euskararen gaian zein zerbitzu publikoen kudeaketan

EAJk eta PSEek, Enplegu Publikoaren euskal Legearen moldaketaren eztabaida aitzakiatzat erabiliz, lan-hitzarmen batek jaso ditzakeen klausuletan ez dute aurrera egin nahi izan, eta merkantilizazioa...

HHEEetako zerbitzu orokorretako langileak beharra sortzen denean bertan ordezka ditzaten exijitzen dugu

Dagoeneko bi ikasturte oso daramatzagu Nafarroako Gobernuko haur eskoletako zerbitzu orokorretako langileen ordezkapenak egiteko arazo larriekin. Horrelako kontratazioak, egiten badira, oso berandu egiten dira, zoritxarrez. Eta batzuetan enpresa pribatuetara ere jotzen dute kontratazioak egiteko. Horrek tentsio larria eta gainkarga handia eragiten die langileei, horretarako beharrik izan gabe.

Bilboko udal eraikinetako garbitzaileek udalari exijitu diote behingoz ardura har dezala gatazkan

Lan baldintzak hobetzeko bederatzi greba aste egin ostean, atseden hartzeko unea iritsi zaie, baina ohartarazi dute datorren ikasturtean indartsu berrekingo diotela borrokari.