2026-09-30
HomeIndustriaMetalgintzaLABek kezka erakutsi du Alfa taldeko Mecánica Mallabiaren etorkizunaren aurrean

LABek kezka erakutsi du Alfa taldeko Mecánica Mallabiaren etorkizunaren aurrean

LAB sindikatuan kezkatuta gaude taldeko hainbat enpresen egoera dela eta (batez ere Mecánica Mallabi-rengatik) eta horregatik enpresari informazioa eskatu eta zuzendaritzak informazio hori ez emateak suposatzen duen gardentasun falta salatu nahi dugu. Alfa Taldeari proiektu honekiko erabateko konpromisoa berretsi dezala exijitzen diogu eta bai Bizkaiko Aldundiari zein Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailari bilera bana eskatuko diegu, enpresa honen etorkizunaren alde lan egin dezaten.

2012ko urrian taldeko zuzendaritzak eginiko kudeaketa eskasaren ondorioz, enpresa taldea konkurtso egoeran sartu zen. 

Konkurtsoaren baitan 100 lanpostu baino gehiago suntsitu ziren eta taldeko enpresa gehienetan soldata jaitsiera bat aplikatu zien langileei zuzendaritzak, Madrilgo gobernuak onartu berri zuen lan erreforma aplikatuz. 

2013ko abenduan enpresa konkurtso egoeratik atera zen.

Konkurtsotik atera ondoren ere hainbat lanpostu suntsitu dira, gehienak Bizkaian kokatutako Mecánica Mallabin.

Taldeko empresa guztiak ALFA LAN (enpresa nagusia) deritzon enpresatik kudeatzen dira eta langileen ordezkariek enpresa honi buruzko informazioa behin eta berriz eskatu dioten arren, zuzendaritzak ukatu egin die informazio hau langileen ordezkariei.

LAB sindikatuan kezkatuta gaude taldeko hainbat enpresen egoera dela eta (batez ere Mecánica Mallabi-rengatik) eta horregatik enpresari informazioa eskatu eta zuzendaritzak informazio hori ez emateak suposatzen duen gardentasun falta salatu nahi dugu.

Enpresaren egungo egoera
Alfa Talde osoaren egoera kezkagarria izanik, kezka berezia sortzen digu Mecánica Mallabia enpresaren egoerak. Enpresaren kudeaketa txarra dela eta, azken 4 urteotan, enpresak langileen erdia baino gehiago kaleratu ditu. Zehazkiago, 2011an zituen 181 langileetatik, egun, 86 langile baino ez ditu. Epealdi berean, enpresaren fakturazioa %75a jaitsi da. 2011an 27,3 milloi fakturatzetik 2014an 7,6 milloi fakturatzera pasatu da eta aurtengo 5,2 miloiko aurreikuspena besterik ez dago. Urte hauetan zehar ere, 2009an Alfa Taldeak sortu zuen Errumanian dagoen Rumagol enpresara hainbat makina eta langile bideratu ditu, Mecánica Mallabiaren lehiakidea izanik. Datu guzti hauek ikusirik, oso kezkatuta gaudela aitortu behar dugu.

Gure iritziz, larriena zera da, ez dugula ikusten Alfa Taldearen aldetik enpresa honen aldeko apustu argia eta irmoa egiten duenik. Ez du oraindik orain enpresaren etorkizuna bermatuko duen industria-plan serio bat aurkeztu. Langileok, behintzat, ez dugu ezagutzen.

LABek ez du inongo zalantzarik Mecánica Mallabi bideragarria dela eta etorkizuna duela. Lan merkatua badu, lehiakorra da, langile formatu eta konprometituak dituena. Hau guztia dela eta, LABek aurreikusten duen eszenatoki bakarra enpresa aurrera egitea da. Helburu honekin, LABek bere esku dagoen guztia egingo du. Ez dugu utziko kudeaketa txarrarengatik edota bestelako interesengatik enpresa hau arriskuan jartzea. 

Beraz, Alfa Taldeari proiektu honekiko erabateko konpromisoa berretsi dezala exijitzen diogu. Honetaz hitz egiteko, berriro ere Taldeari bilera bat eskatuko diogu , orain arte bilera hau ukatu diguten arren.

Hori dela eta, bai Bizkaiko Aldundiari zein Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailari bilera bana eskatuko diegu, enpresa honen etorkizunaren alde lan egin dezaten.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak eskatu dizkiogu Osakidetzari

Osakidetzako Zuzendaritzak aurkeztu egin du Mahai Sektorialeko sindikatuei bidalitako proposamena. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborro bat da eta dokumentuak ez du barneratzen sakoneko gaiei buruzko proposamenik, hala nola ordainsariak, lanaldi murrizketa edo lan kargak.Gai horiek sindikatuon aldarrikapenen artean daude.

Ez dugu onartzen patronalek akordioak ez betetzeagatik langileak kaleratuak izatea

2024ko otsailean Greba Amaierako Akordioa (GAA) sinatu genuen. Hurrengo egunean langileok gure lanpostuetara bueltatu ginen. Baina patronalek ez zuten akordioa bete, fede txarrez negoziatu eta sinatu baitzuten, hau da, sinatutako akordioa beteko ez zutela jakinda. Lehenik eta behin, ez zituzten soldatak eguneratu nahi, gero ez zituzten sortutako atzerapenak ordaindu nahi, eta, ondoren, uko egin zioten ordu bateko eskola ordua murrizteari eta lan pertsonalerako ordu bateko igoera aplikatzeari. Horrenbestez, epaitegietara jotzera behartu gintuzten, sinatutakoa bete zezaten. Hiru aldiz jo behar izan dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira (EAEAN), eta hiruretan epaileek arrazoia eman digute, argi eta garbi utziz KEk (Kristau Eskolak), AICE-IZEAk eta ikastetxeek bete behar zuten akordioa urratzen zutela. Epaiek patronalek erabili dituzten argudioak desmuntatzen dituzte, honako baieztapen hauek jasotzen baitituzte: 1. Akordioak hitzarmen maila duela, sinatzaileek nahitaez bete behar dutela eta 2024ko otsailaren 5etik, hau da, sinatu zen egunetik aurrera, indarrean zegoela. 2. Itundutako soldata eta lan-baldintzak ez daude finantzaketa publikoari lotuta eta ez daude finantzaketa publikoaren menpe. Zehazki, eskola-orduak ordubetez murrizteko neurriak, adostua eta sinatua dagoenak, bi helburu zituen: 1. Langileen lan-karga izugarria murriztea. 2. Matrikulazioen jaitsieragatik ikasgelak galtzearen ondorioz hurrengo ikasturteetarako aurreikusitako inpaktua eta langileen kaleratzeak murriztea. Izan ere, horrela ahalbidetuko litzateke ikasgelaren bat ixten den ikastetxeetan kaleratzeak saihestea. Nola? Bada, eskola-ordu murrizketa aplikatzearen ondorioz egin beharko liratekeen kontratazio berriekin konpentsatuz. Gainera, ikasgelarik ixten ez den ikastetxeetan kontratazio berriak egongo lirateke, eta Birkokapen Akordioaren bidez, beste ikastetxe batzuetatik kaleratutako langileek lehentasuna izango lukete. Horrela egin behar zen, baina KEk eta AICE-IZEAk uko egin diote. Publikoki esaten dute kezkatuta daudela ikasgelak ixteagatik, baina ez da horrela, beren ez-betetzeekin eta fede txarrarekin 160 kaleratze baino gehiago eragin baitituzte. Joan den ikasturtean 100 langile inguru kaleratu zituzten, eta ikasturte honetan 160 baino gehiago. Ikasgela galtzearen ondoriozko kaleratze “objektiboak” salatuko ditugu, bidegabeko kaleratzeak direla argudiatuz; izan ere, kaleratzea ez da ikasgela galtzeagatik gertatu, baizik eta ikasgela galtzeagatik eta sinatutako irakastordu murrizketa ez aplikatzeagatik. Hau da, patronalek Greba Amaierako Akordioa bete ez izanaren ondorio zuzena da 160 langile baino gehiago kaleratzea, baita horiek birkokatzea oso zaila izatea ere. Gaur, irailak 30, arratsaldez, ikasturte berria ospatuko du KEk Gasteizko San Viator Ikastetxean. STEILASek, CCOOk, LABek eta UGTk garbi dugu ez-betetzeekin eta kaleratzeekin ez dugula ezer ospatzeko, eta bai asko aldarrikatzeko. Hori dela eta, arratsaldean ospakizunaren atarian esango diegu, argi eta ozen, sinatutako akordioa bete behar dutela eta negoziazio mahaira hitzarmen proposamen bat eraman behar dutela, atzerapausorik gabekoa eta GAAn sinatutako eskubide guzti-guztiak jasoko dituena. Eskola-orduen murrizketa eta lan pertsonalerako bost orduak jaso beharko ditu. Horrek, neurri handi batean, gelak ixteagatiko kaleratzeak murriztuko lituzke. 2026ko maiatzean, berriro ere, patronalek seriotasun faltaz eta fede txarrez jokatu zuten. Negoziazio mahaian hitzarmen-proposamen bat aurkeztu zuten, arreta zuzeneko orduak murriztea eta lan pertsonalerako bosgarren ordua ezartzea jasotzen zituena. Bost egun geroago erretiratu egin zuten, baina zer gertatuko litzateke sindikatuek proposamena sinatu izan balute? Jarrera hori errespetu falta ikaragarria da sektoreko 9000 langileekiko. Patronal serioak behar ditugu, sinatzen dutena betetzen dutenak. Horrenbestez, beste behin ere honakoa exigitzen diegu KEri, AICE-IZEAri eta ikastetxe guztiei, aplikazioaren azken arduradunak baitira: 1. Sinatutako GAA osorik betetzea, eskola-orduen murrizketa barne, dagokion konpentsazioarekin. 2. Atzerapausorik gabeko hitzarmen-proposamena aurkeztea eta GAAn adostutako guztia jasotzea. Bide batez, sektoreko ikastetxeen %20 inguru ari dira aplikatzen eskola-orduen murrizketa, Elizbarrutiko ikastetxe guztiak barne. Egin daiteke, baina ez dago horretarako borondaterik. STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok patronalen ez-betetzeak salatzen jarraituko dugu, GAAn jasotako eta sinatutako eskubide guztiak bete arte.

Enpresaren kudeaketa negargarriak hartzekodunen konkurtsora kondenatu du Olazabal y Huarte

Gasteizko enpresa historikoak itxierari eta 30 lanpostu suntsitzeari egin behar die aurre. Olazabal y Huarte enpresa txarto kudeatua izan da hainbat urtez. Duela urte batzuk,...