2026-10-01
HomeEkintza SozialaEkosozialismoaLABek elkartasuna adierazi nahi die Urbinako manifestazioaren harira bihar epaituak izango diren...

LABek elkartasuna adierazi nahi die Urbinako manifestazioaren harira bihar epaituak izango diren sei lagunei

Urbinako manifestazioan parte hartzearren bihar epaituak izango diren sei lagunei elkartasuna adierazi nahi die LAB sindikatuak. Manifestazio hartan parte hartu zuen LABek ere, eta beraz, AHT Gelditu!ELKARLANAk martxan jarritako autoinkulpazio kanpainarekin bat egiten dugu.
Langileok gara AHTa bezalako makroproiektuen ondorioz kaltetuenak, izan ere, gure zergen bidez ordaintzen baitira halako obra publikoak, interes pribatuaren alde jokatzen dute lotsa gutxiz administrazio publikoek, beti ere, zementoaren logikapean, gure ondare sozial eta naturalaren kaltetan eta langileoi gure eguneroko lanera biderako garraioaren arazoari inolako irtenbiderik eman gabe, honek izen bat dauka: lapurreta.

Administrazioak gure etorkizuna hipotekatzen ari dira, herritarroi bizkarra emanda, interes orokorraren aitzakiapean, inolako informaziorik eman gabe, isilpean eta propaganda faltsua erabiliz. Dagoeneko, sarritan adierazi du jendartearen gehiengoak AHTa bezalako obra publikoak ez ditugula ez nahi, ez behar, kaltea besterik ez dakartela bai ekonomikoki, bai sozialki eta bai ingurumenari dagokionez ere.

Trena martxan jartzea bideragaitza da, eta beraz, geratu beharrekoa. Tren bidaiak ez badira diru publikoaz subentzionatzen gainontzeko garraio motekin konpetitu ahal izateko, AHTak edukiko lukeen erabilera eskasa kontuan hartuta, garestiegia litzateke eta energetikoki sustenga ezina.

Proiektuaren aldekoen argumentu guztiak erortzen ari dira, Europarekin batuko gaituenaren argudioa kasu: Estatu Frantsesak, bi urteko epea hartu berri du abiadura handiaren beharra berrikusteko, eta berdin gertatzen da Portugalen, aspaldi erabaki baitzuten han abiadura handiko trenaren proiektu bertan behera uztea. Espainiar Estatuan ikusi dugu nola tramu batzuk itxi behar izan dituzten, adibidez Toledo eta Albacete artekoa, egunean bederatzi bidaiari bakarrik zebiltzalako.

Enplegu sorreraren argudioak ere ez da benetakoa, enplegua suntsitu egiten dutela argi baitaukagu. Lan esku merkeena bilatzen dute honek dakarren guztiarekin eta behin lanak bukatuta, ez duelako lanposturik sortuko.

Ez du inolaz ere enplegu lokalik sortzen, jakin berri dugu adminnistrazioak ez dietela ez bertako autonomoei ez bertoko enpresei adjudikaziorik ematen, kanpotik eskaintza merkeegiak egiten badizkiete dumping soziala praktikatuz. Hortaz, edozein baldintza onartu beharrean dauden langileetaz baliatzen ari dira, gaur egungo lan legeriaren azpitik. Prekarietate maila honek dagoeneko bost hildako utzi ditu lan istripuetan, eta horietatik lau atzerritarrak izan dira. Beraz, kaltegarria eta inolaz beharrezkoa ez den gehiegizko inbertsio honek enplegua suntsitzen du. Milioka miloi euro guzti horiek irakaskuntzan inbertituko balirateke kasurako, 1000 irakasleentzako lanpostu duinak genituzke eta hala eskatzen dutenek, 0-3 urte bitarteko hezkuntza doakoa lukete.

Euskal Herrian, 2011ko urriaren 4an 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak eskatu dizkiogu Osakidetzari

Osakidetzako Zuzendaritzak aurkeztu egin du Mahai Sektorialeko sindikatuei bidalitako proposamena. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborro bat da eta dokumentuak ez du barneratzen sakoneko gaiei buruzko proposamenik, hala nola ordainsariak, lanaldi murrizketa edo lan kargak.Gai horiek sindikatuon aldarrikapenen artean daude.

Ez dugu onartzen patronalek akordioak ez betetzeagatik langileak kaleratuak izatea

2024ko otsailean Greba Amaierako Akordioa (GAA) sinatu genuen. Hurrengo egunean langileok gure lanpostuetara bueltatu ginen. Baina patronalek ez zuten akordioa bete, fede txarrez negoziatu eta sinatu baitzuten, hau da, sinatutako akordioa beteko ez zutela jakinda. Lehenik eta behin, ez zituzten soldatak eguneratu nahi, gero ez zituzten sortutako atzerapenak ordaindu nahi, eta, ondoren, uko egin zioten ordu bateko eskola ordua murrizteari eta lan pertsonalerako ordu bateko igoera aplikatzeari. Horrenbestez, epaitegietara jotzera behartu gintuzten, sinatutakoa bete zezaten. Hiru aldiz jo behar izan dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira (EAEAN), eta hiruretan epaileek arrazoia eman digute, argi eta garbi utziz KEk (Kristau Eskolak), AICE-IZEAk eta ikastetxeek bete behar zuten akordioa urratzen zutela. Epaiek patronalek erabili dituzten argudioak desmuntatzen dituzte, honako baieztapen hauek jasotzen baitituzte: 1. Akordioak hitzarmen maila duela, sinatzaileek nahitaez bete behar dutela eta 2024ko otsailaren 5etik, hau da, sinatu zen egunetik aurrera, indarrean zegoela. 2. Itundutako soldata eta lan-baldintzak ez daude finantzaketa publikoari lotuta eta ez daude finantzaketa publikoaren menpe. Zehazki, eskola-orduak ordubetez murrizteko neurriak, adostua eta sinatua dagoenak, bi helburu zituen: 1. Langileen lan-karga izugarria murriztea. 2. Matrikulazioen jaitsieragatik ikasgelak galtzearen ondorioz hurrengo ikasturteetarako aurreikusitako inpaktua eta langileen kaleratzeak murriztea. Izan ere, horrela ahalbidetuko litzateke ikasgelaren bat ixten den ikastetxeetan kaleratzeak saihestea. Nola? Bada, eskola-ordu murrizketa aplikatzearen ondorioz egin beharko liratekeen kontratazio berriekin konpentsatuz. Gainera, ikasgelarik ixten ez den ikastetxeetan kontratazio berriak egongo lirateke, eta Birkokapen Akordioaren bidez, beste ikastetxe batzuetatik kaleratutako langileek lehentasuna izango lukete. Horrela egin behar zen, baina KEk eta AICE-IZEAk uko egin diote. Publikoki esaten dute kezkatuta daudela ikasgelak ixteagatik, baina ez da horrela, beren ez-betetzeekin eta fede txarrarekin 160 kaleratze baino gehiago eragin baitituzte. Joan den ikasturtean 100 langile inguru kaleratu zituzten, eta ikasturte honetan 160 baino gehiago. Ikasgela galtzearen ondoriozko kaleratze “objektiboak” salatuko ditugu, bidegabeko kaleratzeak direla argudiatuz; izan ere, kaleratzea ez da ikasgela galtzeagatik gertatu, baizik eta ikasgela galtzeagatik eta sinatutako irakastordu murrizketa ez aplikatzeagatik. Hau da, patronalek Greba Amaierako Akordioa bete ez izanaren ondorio zuzena da 160 langile baino gehiago kaleratzea, baita horiek birkokatzea oso zaila izatea ere. Gaur, irailak 30, arratsaldez, ikasturte berria ospatuko du KEk Gasteizko San Viator Ikastetxean. STEILASek, CCOOk, LABek eta UGTk garbi dugu ez-betetzeekin eta kaleratzeekin ez dugula ezer ospatzeko, eta bai asko aldarrikatzeko. Hori dela eta, arratsaldean ospakizunaren atarian esango diegu, argi eta ozen, sinatutako akordioa bete behar dutela eta negoziazio mahaira hitzarmen proposamen bat eraman behar dutela, atzerapausorik gabekoa eta GAAn sinatutako eskubide guzti-guztiak jasoko dituena. Eskola-orduen murrizketa eta lan pertsonalerako bost orduak jaso beharko ditu. Horrek, neurri handi batean, gelak ixteagatiko kaleratzeak murriztuko lituzke. 2026ko maiatzean, berriro ere, patronalek seriotasun faltaz eta fede txarrez jokatu zuten. Negoziazio mahaian hitzarmen-proposamen bat aurkeztu zuten, arreta zuzeneko orduak murriztea eta lan pertsonalerako bosgarren ordua ezartzea jasotzen zituena. Bost egun geroago erretiratu egin zuten, baina zer gertatuko litzateke sindikatuek proposamena sinatu izan balute? Jarrera hori errespetu falta ikaragarria da sektoreko 9000 langileekiko. Patronal serioak behar ditugu, sinatzen dutena betetzen dutenak. Horrenbestez, beste behin ere honakoa exigitzen diegu KEri, AICE-IZEAri eta ikastetxe guztiei, aplikazioaren azken arduradunak baitira: 1. Sinatutako GAA osorik betetzea, eskola-orduen murrizketa barne, dagokion konpentsazioarekin. 2. Atzerapausorik gabeko hitzarmen-proposamena aurkeztea eta GAAn adostutako guztia jasotzea. Bide batez, sektoreko ikastetxeen %20 inguru ari dira aplikatzen eskola-orduen murrizketa, Elizbarrutiko ikastetxe guztiak barne. Egin daiteke, baina ez dago horretarako borondaterik. STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok patronalen ez-betetzeak salatzen jarraituko dugu, GAAn jasotako eta sinatutako eskubide guztiak bete arte.

Enpresaren kudeaketa negargarriak hartzekodunen konkurtsora kondenatu du Olazabal y Huarte

Gasteizko enpresa historikoak itxierari eta 30 lanpostu suntsitzeari egin behar die aurre. Olazabal y Huarte enpresa txarto kudeatua izan da hainbat urtez. Duela urte batzuk,...