2026-03-19
HomeEkintza SindikalaLABek bertze hiru lanuzte deitu ditu apirilean zahar egoitzetan, Nafarroako sektoreko lehen...

LABek bertze hiru lanuzte deitu ditu apirilean zahar egoitzetan, Nafarroako sektoreko lehen hitzarmena behingoz lortzeko

Atzo, martxoaren 26an, LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitza pribatuen sektorean programatuak zituen hiru lanuzteetako azkena egin zuen; gainera, kontzentrazioa egin zuen Iruñeko Foruen Plazan, Misericordia Etxeko zahar etxearen aitzinean. LABek badaki mobilizazio-dinamika horrek deseroso jartzen dituela bai patronala bai Nafarroako Gobernua, eta, beraz, harekin jarraituko du, Nafarroako zahar egoitzen lehenbiziko hitzarmena egia bihurtu arte. Ildo horretan, bertze hiru lanuzte deitu ditu apirilerako.

Duela zenbait hilabete, zahar egoitza pribatuen Nafarroako lehen hitzarmena lortzeko sortutako intersindikalaren pasibotasuna ikusita, LABek borroka sindikalerako bide propio bati ekitea erabaki zuen, eta mobilizazio eta ekintza batzuk egin ditu: errepide-mozketak, patronalen egoitzaren okupazioa, lanuzteak, eta hainbat kontzentrazio Nafarroaren luze-zabalean. Eta bidean jarraituko du patronalak eta Gobernuak behin betiko hitzarmen sektoriala gauzatu arte. Hala, langileei dei egiten die apirilaren 10ean eta 17an 10:00etatik 12:00etara lanuzteak egiteko eta apirilaren 24an, egun osoko greba.

LABek Nafarroako zahar egoitzen hitzarmen propioa nahi du, sektorearen beharrak eta Nafarroako bizi baldintzak jasoko dituena, Nafarroan lantzen dena Nafarroan negoziatzen delako.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.