2026-07-28
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaBaiezko baldintzatua eman diogu Hezkuntzako Itunari Erregimenaren murrizketak lehengoratu eta berrikuntza programei...

Baiezko baldintzatua eman diogu Hezkuntzako Itunari Erregimenaren murrizketak lehengoratu eta berrikuntza programei bide emateko helburuarekin

Departamentuak eta sindikatuen ia osotasunak sinatutako itunak aintzat hartzen ditu azken hilabeteotan LABek defendatu dituen puntu nagusiak, batez ere aldaketaren indarrek adostutako akordio programatikoa eta negoziazio kolektiboa berrabiarazteko beharrari zegokionez, 2011tik baitaramagu inolako akordiorik gabe. Horregatik, LABek baiezko baldintzatua eman dio itunari.

Lehenik eta behin eskertu eta zoriondu nahi ditugu gurekin batera itun hau lortzeko mobiliazioetan parte hartu duten guztioi. Beraiena da aurrerapauso honen ardura eta meritu nagusia. Horrez gain, aldioro gure oinarriekin kontsultak egin ditugu tarte eta formatu anitzetan (foro digitalak euren ekarpenak jasotzeko, batzarrak, balorazio galdetegiak…), eztabaida aberatsa izan da eta sinaduraren aldeko iritzia ia ahobatekoa izan da, gure eskaeren plataforman bideratu nahi genituen arlorik garrantzitsuenak islatu baitira akordioan:

– Irakastorduak bi ordutan jaistea, Lehen zein Bigarren Hezkuntzan.
– Ordezkapenen bat dagoenean lehen egunetik bideratzen hastea.
– Gelako ikasleen ratioak murrizketen aurreko egoerara jaistea.
– Euskarazko Lanbide Heziketa bermatzea eta ziklo gehiago zabaltzea.
– Landa eremuko eskolen oinarrizko beharrei behingoz erantzutea, ratio berriak ezarriaz eta zuzendaritza ordu gehiago onartuaz, besteak beste.
– Berrikuntza pedagogikoan sakontzeko neurriak hartzea.
– 55 urtetik gorakoei irakastorduak gradualki gutxitzea.
– PAI gainditzera datorren eleaniztasun eredu inklusibo berriari bide ematea.

Puntu horiek guztiak onartuak izan direnez, hezkuntza sistema hezitzaileagoa eraikitzeko bidea urratzen ari garela uste dugu.

Orain irakaskuntzako langileriak erreferentziazko tresna du berriro eta bertatik abiatuta oinarrituko dugu gure ekintza sindikala, eta elkarrekin egin beharreko bide orria. Jukutriak saihesteko begirale-lan zorrotza egingo dugu, baita interes politiko zehatz batzuei erantzunez hainbatek egingo dion erasoen aurrean akordioa babestu ere.

Baina gure lana ez da hemen amaitu. Asko dago egiteko oraindik gure Irakaskuntzaren alde. Jarri dugun “oinarrizo kanpamendu” honek aurrera begira ditugun helburu nagusiak elikatzeko balio behar du. LABen asmoa hemendik aurrera batez ere bi esparrutan zentratzea izango da. Alde batetik gure hezkuntza ereduan gertatzen diren segregazio mota desberdinekin amaitzea (linguistikoa, generozkoa, diruaren araberakoa, behar bereziak dituztenena…) eta Espainiatik datorkigun zentralizazio-estatalizazio ahaleginei aurre egitea izango dira gure bi ildo nagusiak.  

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langabezia jaitsi arren, arrakalak sakonak dira

Lan harremanetan egiturazko ezberdintasunak mantentzen dira.

“Barraskilo operazioa”: Nafarroako Gobernuak errepresioaren eta grebalarien zigorraren alde egin du, lantokietan grebarako eskubidea urratu izanaren aurrean beste alde batera begiratzen duen bitartean

Barraskilo Operazioan parte hartu genuenok, isunak eta errepresioa salatzen ditugu, martxoaren 17an Euskal Herrirako 1.500 euroko LGSren aldeko greba orokorraren testuinguruan egindako ekintza baketsu batengatik.

Babestutako Etxebizitzak esleitzeko kupo berriekin, Denis Itxasok sozialki injustua den eredua ezarri nahi du

Etxebideren araudia aldatzeko prozesuan da Itsasoren gidaritzapeko saila, eta sustapen bakoitzeko etxeen %30 gorde nahi du 20.000 eta 46.000 euro arteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileentzat. Etxebiden izena emanda duten 110.000 herritarren %70 diskriminatuko du araudi berriak.