2026-08-06
HomeEkintza SindikalaGaur, berriro ere Udalhitzeko mahaia blokeatu dute EAJk eta PSEk, aurrerapausorik ez...

Gaur, berriro ere Udalhitzeko mahaia blokeatu dute EAJk eta PSEk, aurrerapausorik ez dutelako eman euskararen gaian zein zerbitzu publikoen kudeaketan

EAJk eta PSEek, Enplegu Publikoaren euskal Legearen moldaketaren eztabaida aitzakiatzat erabiliz, lan-hitzarmen batek jaso ditzakeen klausuletan ez dute aurrera egin nahi izan, eta merkantilizazioa ekiditeko formulak baztertu dituzte negoziazioa blokeatuz, beste behin ere.

Gaur bildu da berriz Udalhitz berria negoziatzeko mahaia, aurreko ostiralean EAJ eta PSEk mahaia zerbitzu publikoen kudeaketaren gaiarekin zein euskararekin blokeatu ondoren. Gehiengo sindikalak babesten ez genituen proposamenak inposatu nahi zizkigutelako mahaitik altxatu ginen orduan.

Aurreko astean gertaturikoa oso larritzat jo genuen, eta mahaian adierazi genien, batetik, adar jotze bat zela hori; eta bestetik, Udalhitz berria negoziatzeko bi gai horiek desblokeatu zitzatela zein negoziatzen jarraitzeko egutegi bat aurkeztu zezatela.

Zerbitzu publikoen kudeaketaren gaian mahaian bertan agertu dira alderdien arteko desadostasunak eta gaiak blokeatuta jarraitu du. Bezperan usteko adostasun zabal batetara heldu ziren EH Bilduren proposamenaren gainean, baina gaur PSEek eta Independienteek atzera egin dute. Horrela, merkantilizazioa ekiditeko formulak adostu gabe jarraitzen dugu.

Euskararen gaian ere blokeoak eta inposaketak jarraitu du. EAJk, PSEk eta Independienteek negoziazio eremua baldintzatu nahi dute. Parlamentuaren eztabaida aitzakiatzat hartuta lan-hitzarmen batek jaso ditzakeen klausula konkretuak negoziatzeari eta adosteari uko egin diote beste behin ere. LABetik adierazi diegu parlamentuan erabakiko dena eta Udalhitzen adostu dezakeguna uztargarriak direla, beste hainbat sektoreetako lan-hitzarmenetan hizkuntza eskakizunei buruzko erabakiak adostu baitira lehenago ere. Hori horrela, EH Bilduren proposamenaren aurrean abstenitu daitezela eskatu die LABek eta haien proposamena atzera botatzeko, langileon ordezkaritzaren gehiengoa, %83tik gorakoa, osatzen dugunon iritzia errespetatu dadin.

Hala ere, EAJ, PSE eta Independienteak ez dira EH Bilduren proposamenean abstenitu eta haien proposamena mahaitik erretiratu gabe jarraitu dute, Udalhitzeko mahaia erabat blokeatuz. Izan ere, puntu horretan aurrera egin ezean LABek adierazi du, bere aldetik behintzat, ez dela Udalhitz berrirako adostasunik egongo eta udalez udal borrokatuko dituela klausula hori jasoko duten neurriak.

Gainerako gaien inguruan, berriz, ez da aurrerapenik egon. Euskararen gaiaren zein zerbitzu publikoen kudeaketaren blokeoa baliatu eta negoziazioa baldintzatzen jarraitu baitute EAJ, PSE eta Independienteek. Aurreakordio hori lortzeko, beraz, oraindik orain hauek dira LABentzat ezinbestekoak diren edukiak:

• Indarraldia: 6 urteko indarraldia oso luzea da eta murriztu behar da, neurri gehienak oso berandu aplikatzea ekarriko baitu horrek.

• Pribatizazioak gelditzea eta publifikazioak egitea bertako langileak subrogatuz (EH Bilduren proposamenarekin bat eginez).

• Enpleguari lotuta: langileen arteko mugikortasuna ahalbidetzea eta lanaldi partzialek %10 ez gainditzea (lehentasunez sektore feminizatuetakoak %100ean osagarrituz). Horrekin batera hautaketa prozesu propioak eta mankomunatuak egitea hauek ordezkari sindikalekin adostuz.

• Gazteberritze planak eta aurrez erretiratzeko neurriak zehaztea, langileei lanera ez joateko askoz denbora gehiago emanez.

• Soldatak berreskuratzeko zorra onartzea eta erosahalmena bermatzeko igoerak egiteko tresna ezberdinak adostea. Horien artean karrera profesionala objektiboa eta langile guztiei aplikatzekoa eta ezartzekoa izan dadila.

• Klausula bat ezartzea azpikontrataturiko langilerik ez dadin egon 1.500 €ren azpitik.

• Euskararen ezagutza eta erabilera bermatzea (EH Bilduren proposamenarekin bat eginez).

Inflexio puntu baten aurrean gaude eta orain da adostasunetara iristeko momentua; Udalhitzen lan-hitzarmen berria lortzeko zein Udalhitzetik kanpo dauden udalen negoziazioetan eragiteko unea da. LABek udako etenaren aurretik negoziazioan aurrera egiteko lanean jarraituko du, maiatzaren 14ko eta ekainaren 4ko grebetan langileek erakutsitako indarra baliatuz eta grebetan atera diren langileen aldarrikapenak mahaian borrokatuz.

Gainera, LABek adierazten du beharrezkoa balitz mobilizazio berriekin zein greba dinamikarekin jarraitzea ez duela inondik inora baztertzen. Alderdiek egiten dituzten mugimenduen eta mahaira ekarriko dituzten edukien araberakoa izango da hori.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Navarrabiomed kalera atera da bere lana ezagutarazteko eta Nafarroako Osasun Sistema Publikoaren ikerketa ahalmena indartuko duen hitzarmen duin bat exijitzeko

Fundazio publikoko Langileen Batzordeak borondatea eskatzen du hitzarmen propiorik gabeko 40 urte luzeko epealdiari amaiera emateko. Behin eta berriz aldarrikatu du ezinbestekoa dela ikerketa...

Greba egingo dute abuztuaren 14tik 16ra Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek lan baldintzak hobetzearen alde

Abuztuaren 14ko 22:00etatik abuztuaren 16ko 22:00etara egingo dute greba Moevek Gipuzkoan dituen 16 gasolindegietako 150 langileek. Enpresa batzordea LABeko 5 ordezkarik eta ELAko 3k...

Afiliazioaren jaitsierak eta langabeziaren igoerak sistemaren narriadura erakusten dute

Iazko uztailean baino 902 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian, horrela, 134.433 langabe daude izena emanda. Ekainarekin alderatzen badugu ere langabeziak gora egin du,...